2013/10/18

Bizourtere (2311m)

EGUNA: 2013/10/18

IRTEERA: Chiroulet (1062m)

ZAILTASUNA: Errexa (F). Ez dauka inolako zailtasun teknikorik.

DENBORA:
- Igoera (Lac d'Ourrecetik): 3 ordu eta erdi
- Jaitsiera (Lac Bleutik): 2 ordu

NOLA IRITSI: Baionatik A64 autopista hartu eta Tarbeseraino joko dugu bertatik. Tarbeseko irteera hartuta Bagneres de Bigorre herriko norabidean jarraituko dugu momentu oro. Herri honetara iritsita, Campan aldera joko dugu, baina bertara iritsi aitzinetik, Beaudean herriaren irteeran eskuinetara atertazen den errepidetxo bat ikusiko dugu. Lesponne haranean gora Chirouleteraino igotzen den bidea da. Bide hau hartuko dugu bukatzen den arte.

DESKRIBAPENA:
1993ko uztaila. Nire lehen oporrak Pirinioetan. Gurasoekin aste bat pasa genuen kanpin dendan lo egiten. Lehen egunean gauez iritsi gine Chirouletera eta kanpina montatu genuen bertako akanpada gunean. Biharamunean, Lac d'Ourrec lakura igoko ginen. Nire lehen ibilaldia izan izan zen Pirinioetan eta gauza askotaz oroitzen naiz 7 urte bertzerik ez izan arren. 

2013a. 20 urte pasa dira eta urteurren borobila den honetan, nire lehen ibilaldi hari nire omenalditxo partikularra egitea erabaki nuen. Lehen lana, laku hura zein zen bilatzea izan zen. Non zegoen banekien, beraz, mapak ikusita aukera bakarra zegoen: Lac d'Ourrec zen. Behin lakua aurkituta, inguruan ibilaldi luzeagoren bat diseinatzen hasi nintzen, lakura joan etorria (orduan hori egin genuen) eskasegi gelditzen baitzen. Lac d'Ourrec eta Lac Bleuren artean ibilbide zirkular polita topatu nuen eta hori gutti balitz, gailur bat egiteko aukera: Bizourtere mendia. Kasu honetan gailurra ez zen garrantzitsuena izanen, eguna biribiltzeko oparia baizik.

Plana pentsatua zegoen beraz, baina berandu pentsatu nuenez eta urteurren den urte hau bere hondarrera ailegatzen denez, lehenbailehen egin nahi nuen. Laister zurituko dira gailurra eta asmoa elurrik gabe egitea zen, lakuen edertasunaz gozatzeko. Hala, ortzirala libre hartu eta ibiladi kidea bilatu ondotik ortzegun gauen Chirouletera joan ginen.

8:18 : Chiroulet (1062m).
Berezia izan niretzat bertara iristea. Gauez, Bagneres de Bigorre gibelean utzi eta eskuinetara biratuko ginen Lesponne haraneko errepide hestutik. Hala, gaueko 10:30ak baziren Chirouleten aparkatu genueneko. Oilo larru batek inguratu ninduen. 20 urte georago, abiapuntuaren izenaz bakarrik oroitzen nintzen eta han nengoen. Ez dakit oroitzapen onak ekartzen dizkidalako den, baina leku zoragarria iruditu zitzaidan. Hiru aterpe daude bertan, baina aste tartea izanik inor gutti ikusten zen inguruan. Afaldu eta ohera.

Iratzargailuak 7ak pasatxoan joko zuen. Gau ona pasa genuen furgonetan, haize hegoak ez baitzien urriko gau luzeetan tenperaturei beheregi joaten utzi. Gosaldu, gauzak prestatu eta seinale horiak erakusten duen bide zabaletik Lac d'Ourrec lakurantz abiatu ginen.


Lehen metroak pista batetik egiten dira.


Errekaren ondotik, pista goxo-goxo goraka egiten du. Lehen zabalune batera atera ginen oihanpetik.


Eremua ikaragarria da...


Bertze oihan zati bat pasa eta bigarren zabalune batera atera ginen. Bertan, etxola polit pare bat daude. Frantses hauek bai ongi zaintzen dituztela beren bordak.


Gibelera begiratua...


Bigarren zabalunean pasata, pista bukatu egiten da. Bidexka bat hartu eta malda handitzen da, Adour de l'Esponne erreka behetian utziz.


Bidexka hestu eta tenteak amildegitik gora eramanen gintuen. Hemendik aitzin, marka horiak izanen ziren gure gidari ibilabide osoan zehar.


Amildegiaren bukaera ikusi zitekeen tarteka. 20 urte pasa arren, primeran oritzen nintzen ibilbidearen gora beherez, hasierako pistaz erreka ondoan eta geroko oihaneko maldez.


Bapatean zuhaitz artetik, lehen momentu berezia iritsi zen. Cascade d'Ouscouaou ur-jauzia bistara agertu zen.


Berriz ere, nire buruak iraganera egin zuen ihes. Oroitzen nintzen orduan ur gehiago zekarrela. Hala ere, ikusgarri zegoen...


Ur-jauzia gibelean utzita bertze malda tente bat pasa eta oihanetik ateratzen da bidexka. Gibelean, Montaigu mendia udazkeneko bere jantzi ederrarekin jantzita.


Ibilbidea arras polita izaten segitzen du. Oihan ederraren ondotik, amildegiaren goikaldean lautada honetara iritsi ginen.


Errekaren meandroak inguratzen genituen bitartean oilo ipurdiarekin segitzen nuen.


Azken metroak lakura iristeko.


9:53 : Lac d'Ourrec (1667m).
20 urte geroago bertan nengoen. Emozio ikaragarria. Pirinioetan egin ditudan gailur gehienetan baino handiagoa...


Paisaia zoragarrian dago lakua. Errekatxoa, lautada berdeak, laku ttiki eta polita eta etxola zaindu hau. Barnean denetarik zuen. Lurreko sua, armairu bat janari, xaboi, tresna eta bertzelakoekin, mahaia eta aulkiak, 3-4 pertsonendako lo egiteko egurrezko oheak... Dena garbi eta txukun.


Laku inguruan tartetxo batez egon ginen, inguruaz, bakardadeaz eta egunaz disfrutatzen.


Argazki bat aitzinera segitu baino lehen.


Bideak poliki egiten du gora lakutik aurrera.


10:26 : Cabane d'Ourrec (1747m).
Bertze lautadatxo batera ailegatu ginen eta bertan bertze bi etxola ikusi genituen.


Handiena, nahiko egoera onean, estufa eta guzti. Gainera kokatua dagoen zirkua ikaragarria da...


Etxola hauek ere gibelean utzi eta irudian ikusten den zubia gurutzatuta malda handitzen joaten da Bareilles lepora iritsi arte.


Jadanik malda tenteagoetan solas gutti.


Baina beti egoten da tarte bat inguru hauetaz disfrutatzeko.


Etxolen zirkuaren beheko partea behean gelditzen zen jadanik. Lepoa hurbil genuen seinale.


11:30 : Col de Bareilles (2238m).
Lepora iritsita Lac Bleu eta inguruko mendien edertasunak inguratu gintuen.


Lepotik gailurrera malda bat bertzerik ez zen gelditzen.


Gailurrera bidean.


Azken metroak gibelean lepoa genuela.


11:44 : Pic de Bizourtere (2311m).
Behin gailurrean, Montaigu mendia eta igotako bailararen ikuspegiak aho zabalik uzteko moduko irudia eskaintzen du,


Haizeak nahiko gogor jotzen zuen baina ederki disfrutatu genuen gailurraz.


Lesponneko haran ederra gailurretik. Gibelean Frantziako lautada zabalak.


Iparraldera daukan jauzia ikaragarria da, ia mila metro bertikal ditu.



Gailurraz disfrutatu eta zerbait jan ondotik beherakoari ekin genion. Lepora iritsita, Lac Bleu lakurantz jaitsiko ginen, hemendik ibilbidea ixteko Chirouletera itzuliz. Lakuaren gainean, zirkua itxiz, Merlheu, Bedera eta Barbe mendiak bertzeak bertze.


12:53 : Lac Bleu (1967m).
Eguneko bertze leku zoragarrietako bat. Pirinioetako lakurik sakonena omen da. Ez dakit hala den, baina polita behintzat bada.


Lakuaren ondoan aterpe bat dago. Kasu honetan egoera oso kaxkarrean. Jendeak utzitako zaborrez beteta eta hondatuta. Pena da, bi pisuko aterpe bikaina baita berez. Aterpearen gainean Bizourtere mendiaren sasigailurra dotore ageri da.



Lakutik behera, 900 metroko desnibela falta zitzaigun autora iristeko. Dena den, bidea oso erosoa da eta errez egiten da. Behean iksuten zen Chiroulet.


Amildegian behera, parajea udazkeneko koloreak hartzen...


Bizourtere mendi ederra.


Pasarela polit honetatik erreka gurutzetu genuen.


Eta bide zabalagoan behera segitu.


Beti inguruaz disfrutatuz.


Montaigu mendia agurti eta berriz oihana hurbil genuen.


Lainoak zerua estaltzen hasiak ziren ordurako.


Zentral elektrikorako ura biltzeko putzua pasata oihanean sartzen da bidea azken metroak egiteko. udazken koloreez ederki gozatuko genuen zati honetan ere.


14:24 : Chiroulet (1062m).
Sei orduko itzuli ahaztezina eginda, berriz ere abiapuntuan ginen. Garagardo bat hartu, zerbait jan eta etxera itzultzeko prest.


Nire Pirinioetako lehen ibilaldiaren 20.urteurrena ospatzeko marko hoberik ezin harrapatu. Zinez, inguru honek bisita bat merezi du. Chiroulet, Lac d'Ourrec, Lac Bleu eta Lesponne harana bera eremu liluragarriak dira.


Egun ahaztezinari bukarea emateko, Ezpeletan eguzki sartze polita izan genuen opari. Hurren arte Chiroulet!


Akitzeko hemen duzue eguneko bideoa (klikatu kalitate handieneko aukera ikonoetan):

2 iruzkin:

  1. Ederra pareja,

    Erreporra elegantea benetan eta parajeak paregabeak, ez dut leku hori ezagutzen. Bideoa zer esanik ez, oso polita.

    Eman eurre!!!!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Kaixo Xabi!

      Baduzu aitzakia bada alde horretara joateko. Aukera zabala dago inguruan ibilaldi desberdinak eta mendi desberdinak egiteko. Ze pasada den Pirinioa ezta? Zenbait txoko dituen... Bizourtereko gailurrean Poitierseko (Frantzia) mendizale batekin egin genuen topo eta erran zigun Pirinioetan lehen aldia zuela, Alpeak gehiago ezagutzen zituela. 4-5 egun omen zeramatzan oporretan bertan eta harritu nintzen erran zigunean gehiago gustatzen zitzaizkiola Pirinioak. Gusto kontua izanen da noski, baina kristoren altxorra daukagu ondo ondoan!
      Ongi izan!

      Ezabatu