2020/05/06

Iparla (1044m), Tutulia (987m), Astate (1016m), Buztanzelai (1029m), Aintziaga (905m)

EGUNA: 2020/05/03

ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Erratzu - Iparla : 3 ordu eta erdi
  • Iparla - Aintziaga : 2 ordu
  • Aintziaga - Erratzu : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik bertatik abiatzen da ibilaldia. Sarrerako pisuetako aparkalekuetan uzten ahal da ibilgailua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Erratzuko mendi tontor guziak herritik beretik aterata igotzeko udaberri honetan jarri dudan helburuaren hirugarren ateraldia. Kasu honetan Iparlako gandorretan ibili gara, amildegiaren ertzean. Normalean Izpegitik abiatuta igotzen den mendia da, baina Erratzutik abiatuta paraje gehiago eta ezberdinagoak bisitatzeko aukera ematen du; hori bai ibilaldi aise luzegoa eginda.

8:10 : Erratzu (285m)
Egun ederra lagun eman genituen lehen pausuak herria gibelean utziz.


Herritik atera eta Landabehereako bordara doan zementuzko bidea hartu genuen.


Idaborroa eta gibelean herria, goizeko lehen orduetako lasaitasunean.


Idaborroaren paretik pasatu eta segidan eskuinetara ateratzen den bidexka bat hartu genuen. Hortik ailegatuko ginen Landabehereara eta handik Epelemendira doan bidea hartu genuen.


Bidean Kastoneko bordaren ondotik pasatu ginen.


Baita Maistrueneko bordatik ere...


Altuera gehiegirik irabazi gabe zuhaitz artean doan bidexka da. Bueltatxo bat emateko polita.

Bidexka Epelemendin akitzen da eta hemendik Okinen bordara doan pista hartu genuen.


Pistan beheiti Okinen borda aldera...


Xoko bakartian dago Okinen borda eta bertan jendea bizi da oraindik. Erratzuko azken mohikanoa!


Bordaren ondotik apsatu eta azpiko aldean dagoen zubi honetatik erreka gurutzatuta Mehakako leporantz abiatu ginen.


Hasmentan bidetik abiatu ginen baina berehala galdu eta ote eta iratze artetik egin genuen zati bat.


Ondoren belagi honetara sartu gineneta bertatik egin genuen zati bat, kasik leporaino.



9:20 : Mehaka (717m)
Behin lepoan Ubedo aldera doan pista erosoa hartu genuen.


Otsameakako lepotik pasatu ginen...



Baita Lizarlepotik ere, Auza alderako ikuspegi bikainaz gozatu bitartean...


Ibiltzeko zati erosoa da, altuera gutxi hartzen du bideak eta ingurua ederra da.


Pagadiak berde-berde...


Lizarlepo inguruko pagadiak gibelean utzi eta Ubedotik hurbil larre zabaletara atera ginen. Parean genituen geroago igoko genituen Astate eta Buztanzelai mendiak.


Aitzineko ibilaldian zeharkatutako kaskoak ere parean genituen: Gorramendi, Gorramakil, Alkaxuri...


9:58 : Ubedo (845m)
Bidegurutze honetara ailegatuta, Izpegi aldera jaisten den bidea eskuinetara utzi eta ezkerretara hartu genuen Arieta aldera.


Orain artekoa ederra bazen, zati hau zer erranik ez... Nahiko laua den bidexka da, baso zatiak eta larreak tartekatzen dituena Astateko gandorrak inguratuz.


Lasterka pixka bat egiteko aprobetxatu genuen zati hau.


Alfonbra berdean...


Pagadi zoragarriak!


Arietako lepo inguruan dagoen iturri honetan ura hartu genuen, oraindik bide luzea baikenuen aitzinetik eta ura hartzeko aukera gutxikoa.


10:14 : Arietako lepoa (813m)
Lepo honetan GR10 bidea hartuko genuen Iparla aldera...


Basoak utzi eta Tutulia mendia inguratuz Iparlako amildegi ederrak begibistan genituen jadanik. 


Bide harritsua, baina ederra...


Gandor luzearen gainetik ibilita eguneko lehen kaskoa izanen zen Iparla hurbil genuen.


11:02 : Iparla (1044m)
Gailur ezagun honen gainean atsedenalditxoa hartu genuen zerbait jan eta eguraldi bikainaz gozatzeko.


Azkeneko ibilaldian igotako Alkaxuri mendia Urritzateko errekaren bertze aldean. Urrunean aldiz, Larrun, Aiako Harriak eta Donibane Lohizuneko badia ederra. A zer ikuspegia!


Iguzkimendi eta Artzamendi... Urrunean Landetako hondartzak...


Hegoalderantz jarraian ibiliko ginen gandorra... Dotorea!


Gailurreko argazkia aitzinera segitu baino lehen...


...eta itzulerari ekin genion.


11:28 : Tutulia (987m)
Iparlara joaterakoan gailur hau beheitiagotik inguratu genuen baina itzulera GR10aren markak segituz egin genuen, gailur guziak igoz.


Panoramika ederra...


Marka zuri-gorriei segika...


11:35 : Arietako lepoa (813m)
Berriz Arietara bueltan, bertara ailegatzeko goizean ibilitako bidea eskuinetara utzi eta GRari segitu genion Astate aldera.


Lehen zatia aldapatsua da, baina pago arteko freskuratik egiten da.



Pagaditik aterata Iparla eta Tutulia inguruak utzi genituen gibelean...


Aitzinean berriz Ubedoko larreak Astate eta Buztanzelai mendiekin... Harat gindoazen!


Zati hau ere aproposa da lasterka egiteko...


11:58 : Astate (1016m)
Eguneko hirugarren gailurrean gelditu ere ez ginen egin.


Astateko lepora jaitsi ginen eta bertatik Buztanzelai salto batera genuen.


12:08 : Buztanzelai (1029m)
Honetan bai egin genuen geldialdia. Lau ordu generamatzan gutxi geldituz eta nekea nabaritzen hasiak ginen.


Zerbait jan ondotik eta indarrak berrituta Buztanzelaiko leporantz jaitsi ginen lasterka.


12:23 : Buztanzelaiko lepoa (845m)
Lepo honetan utzi genuen GR10a. Honenbertzez azken gailurrera igotzea bertzerik ez zen gelditzen.


Aintziagako kaskora igotzen gibelean Buztanzelai eta Astateko gailur ikusgarriak genituela.


12:31 : Aintziaga (905m)
Ez da gailur ezaguna Aintziagakoa eta jende gutxi igotzen da bertara. Hala ere, ikuspegiak merezi du. Argazkian Baztango bailara...


...eta lehenago igotako gailur guziak. Gandor ikusgarria da Iparlakoa!


Eguneko azken gailurra utzi eta izen bereko lepora jaitsi ginen Izpegiko lepoa eta Auza parez pare genituela.


12:43 : Aintziagako lepoa (777m)
Lepo eder honetan parean ikusten den Izpegirako bidea utzi eta eskuinetara ikusten den belagia inguratuz eskuinetara biratu ginen.


Bertatik bide zahar hau hartu eta beheiti segitu genuen.


Segidan atera ginen Soropilera jaisten den pistara. Pago artetik lasterka gustura ibili ginen zati honetan.


Soropiletik beheiti Untxide auzoan errepidetik metro batzuk egin genituen.


Auza eta Olateko Ttutturrua Untxidetik. 


Berriz bidexketatik...


Araneako errekara jaitsita, berriz goraka zati bat egin genuen Epelemendiko pistatik Etxegaineko bordaraino.


Eta bertatik herrira doan bidexka hartu genuen.


13:41 : Erratzu (285m)
Bortz ordu eta erdi pasatxoren ondotik abiatutako lekuan ginen berriz ibilbide ikusgarria burututa. Ateraldi bat bertzerik ez da falta gailur guzien proiektutxo hau hesteko!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina