2020/04/08

Aizpitza (959m), Gorramendi (1071m), Otanarte (1064m), Gorramakil (1087m), Barda (949m), Alkaxuri (967m)

EGUNA: 2020/04/08

ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:

  • Erratzu - Aizpitza : Ordu eta erdi
  • Aizpitza - Gorramendi : 15 minutu
  • Gorramendi - Otanarte : 15 minutu
  • Otanarte - Gorramakil : 15 minutu
  • Gorramakil - Bardakomendi : 20 minutu
  • Bardakomendi - Alkaxuri/Irubelakaskoa : Ordu erdi
  • Alkaxuri/Irubelakaskoa - Urritzate : 45 minutu
  • Urritzate - Inzpideko lepoa : Bi ordu
  • Inzpideko lepoa - Erratzu : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Ibilbide honen hasiera puntua Erratzu herrian berean dago. Herri sarrerako pisuen inguruan uzten ahal da ibilgailua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Udaberri honetarako herriko mugak inguratzen dituzten gailur guziak igotzeko helburua jarri diot nire buruari. Behe Nafarroarekin ditugun mugez gain, Arizkun, Amaiur eta Elizondoko lurrak mendiz bereizten dira Erratzukoetatik eta zerrenda osatuta haietaraino igotzeko lau ibilbide prestatu ditut. Lehenengoan Auza herriko mendi nagusi eta ezagunena igo genuen Arizkun eta Elizondotik bereizten gaituzten mendilerrotik hasi eta Behe Nafarroako mugetatik gailurreraino igoz. Bigarren honetan Gorramendiko sektoreari eman genion, Aizpitza eta Alkaxuri lotzen dituen lerroko sei gailurrak igo eta Urritzateko erreka basatitik ibilbide bikaina hetsiz.

6:02 : Erratzu (285m)
Goizean goiz egin genuen hitzordua. Erratzutik Etxoria deitzen den etxearen ondotik goiti abiatu, lehen bidegurutzean ezker hartu eta pista bati segika Azkarate auzoan goiti abiatu ginen.



Ilargi betearen argitan egin genuen lehen zatia, Baztango bailara osoa gibelean genuela. Azkarate auzora igotzen den errepidetxoa zeharkatu eta lehen gailurrerantz zuzen jo genuen.


7:13 : Aizpitza (959m)
Ordubete eskasean eta egunaren lehen argi izpiak lagun, eguneko lehen gailurrera ailegatu ginen. Bertatik Iparlako sektorea begibistan genuen parez pare.


Aizpitzako tontortxoa bere antenekin gibelean utzi eta aitzinera segitu genuen kaskoz kasko Alkaxuriraino eramanen gintuen bidetik.


7:25 : Gorramendi (1071m)
Di-da batean ailegatu ginen bigarren gailurrera. Lerroko altuena izan ez arren (Gorramakil da altuena), Gorramendi da sektore honetako mendirik ezagunena. Agian Baztango bailaratik ikusteb dena delako, bertzeak ezkutatuta gelditzen baitira.


Haize freskoak ez zuen gelditzera animatzen eta egun luzea genuen oraindik aitzinetik. Hurrengo helburua argazkian ikusten den Otanarte Gaina.


Malda bat jaitsi, bertze bat igo eta gailurrean ginen.


7:34 : Otanarte Gaina (1064m)
Hirugarrena sakelara eta ondokoa ere parez pare genuen: Gorramakil.


7:43 : Gorramakil (1087m)
Gorramakil bere garaian AEBetako soldaduek eraiki zuten errepide zaharretik harrapatu genuen. Goizeko ordu horietan, bakardadea inguruko behorrek bakarrik hausten zuten.


Tontorra eta errepide zaharra gibelean utzi eta belardi berdeetatik iparraldera segitu genuen Alkaxuriren punta lehen aldiz ikusiz. Bertan akituko ziren eguneko gailurrak, baina ez ibilaldia...


Alkaxuriren aitzinetik ordea, Bardako Kaskoa ere igoko genuen. Horretarako Gorramakilgo malda jaitsi eta aldapatxo bat igotzea bertzerik ez genuen egin behar.


8:03 : Bardako Kaskoa (949m)
Herritik atera eta bi ordu eskasean gailurreko apaingarri moduan joare polit bat duen tontor ezezagun honetan ginen. Gorramendi eta Alkaxuriren artean atzendua dago tontortxo hau, baina hain hurbil egonda merezi du igotzea.


Gorostiko lepora jaitsi eta azken tontorrerantz abiatu ginen.


Azken zatian ertza pixka bat zorroztu eta ikusgarritasunean irabazten du bideak. Leku bikaina da, lasaia.


8:28 : Alkaxuri / Irubelakaskoa (967m)
Batzuen ustez Euskal Herriko tontorrik ederrena omen den honetan bakar-bakarrik ginen. Argazki batzuk atera eta beherakoari ekinen genion...


Iguzkimendi eta Artzamendi Alkaxuritik...


Alkaxuriko ertzaren zatirik estuena jaitsi eta belardira ailegatuta Gorostiko lepora eramanen gintuen bide arrunta utzi eta ezkerretara biratu ginen Urritzateko errekara eramanen gintuen bidea harrapatzeko.


Irudian ikusten den bizkarretik doa bidea. Ederra!


Jaitsi bitartean inguruaz gozatzeko aukera ederra izan genuen, Urritzateko errekaz gain, igo berria genuen Gorramakil eta Auza ere begibistan genituelarik.


Unalarko bordaren ondotik pasatzen da xenda. Inguruko bertze zenbait ez bezala, zutik eta egoera onean irauten du borda polit honek.


Jaitsieraren azpiko zatian larreak utzi eta oihanean barneratu ginen. Urritzate udaberriko kolorez jantzita zegoen jadanik...


9:06 : Urritzateko erreka (335m)
Jaitsiera zuzen eta azkarraren ondotik atsedenaldi bat hartu genuen zubi honen ondoan.


Ondotik Urritzateko bide zaharrean goiti abiatu ginen...


Berezia da paraje hauetan ibiltzea, denbora gelditu izan balitz bezala...


Lasaitasuna eta bakea errekaren bazterretik poliki-poliki igotzen den bide politean.


Garai batean erreka bazterreko bordetan jendea bizi bazen ere, poliki-poliki husten joan da ingurua eta honakoa da orain jendea bizi den baserri apurretako bat.


Bideko bertze altxor bat zubi hau da. Harrizko artelan honek urteak eta urteak daramatza tente, berriagoak diren aunitz urak eraman dituen bitartean.


Zubitik metro batzuetara pista bat ailegatzen da, baina guk hori hartu ordez eskuinetara biratu, metro batzuk galdu eta errekaren bazterretik segitzen duen bide zahar bat hartu genuen.


Ia inor ibiltzen ez den bideak pagadi ederretan goiti eramanen gintuen Inzpideko leporaino.


Inzpideko etxolan akitu zen bidexka eta hemendik pista bat hartuko genuen, izen bereko lepora lehenik eta Erratzu aldera gero.


Urritzateko erreka eta Iparlako mendilerroa, hurrengo asteetarako helburua.


Eta hemen ordu batzuk lehenago ibilitako mendiak...


10:29 : Inzpideko lepoa (782m) 
Ordu eta erdi inguruko igoera puntu honetan akitu genuen. Honenbertzez, Erratzura jaistea bertzerik ez zen falta eguna akitzeko. Horretarako gure eskuinetara beheiti abiatzen zen pista hartu genuen...


Bidetik Izpegiko lepoa eta Pirinioetako mendi elurtuak ikusten ahal genituen...


Inzpideko lepotik Azkarate auzora jaisten den pista zabaletik, hankak kargatuxeak genituen ordurako.


Helmuga bistan, baina oraindik jaitsiera dezente falta zen.


Azken zatia pista utzi eta Erratzura zuzenean jaisten den bidexka honetatik eginen genuen.


10:57 : Erratzu (285m)
Eta kaltzada zahar honetatik sartuko ginen bortz ordu lehenago ateratako bide beretik. Ibilbide ederra!







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina