2020/03/21

Soralar (827m), Burga (872m), Argañeta (1004m), Ixtauz (1024m), Antxola (1119m), Auza (1306m)

EGUNA: 2020/03/21

ABIAPUNTUA: Erratzu (280m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Erratzu - Soralar : Ordu eta erdi
  • Soralar - Burga : Ordu erdi
  • Burga - Basagar : Ordu erdi
  • Basagar - Argañeta : Ordu bat
  • Argañeta - Antxola : Ordu bat
  • Antxola - Auza : 45 minutu
  • Auza - Erratzu : Ordu bat eta laurden
NOLA AILEGATU:
Ateraldi honen abiapuntua Erratzu herrian berean dago. Herri sarrerako pisuetan ibilgailua uzteko lekua egoten da.

KRONIKA:
Auzaren hegoaldean dagoen Iñarbegi auzoa inguruz inguru mendiek hesten dute. Zirku itxurako mendigune hau ibilbide polit eta erraza eginez osorik zeharkatzen ahal da Auzako kaskoraino ailegatuz. Merezi duen ibilbidea dudarik gabe.

8:10 : Erratzu (280m)
Goizeko 8etan egin genuen hitzordua etxe azpian eta herria alderik alde zeharkatu ondotik, Gorostapolo auzora igotzen den errepidea hartu genuen. Herritik ateratzean jadanik bistan genuen Auzako mendia, ordu batzuk geroago ailegatuko ginena.



Errepidetik 500 metro inguru eginda, eskuinetara ateratzen den pista bat hartu behar da. Iñarbegira eramaten gaituen seinaleari eginen diogu kasu.


Irudian ikusten den ikuiluaren ondotik ateratzen da pista. Beheitiago herria ikusten ahal da.


Pista honetatik eginen genuen zati eder bat, belagi eta larre artean...


Eguneko lehendabiziko helburua Soralarko kaskoa zen, irudian zuhaitz batzuk gainean dituela ikusten den menditxo borobila. Erreferentzia baliagarria da pistaren bidegurutzeetan beti goiti segitzeko.


Azken zatian ezker eta eskuin bereizten diren bi pista utzi eta guk erditik doan bidexka bat hartu genuen.


Bi belagiren arteko bide politetik egiten dira azken metroak.


Ikuspegi ederra puntu honetatik...


9:09 : Soralar (827m)
Lehen gailurrean ia gelditu gabe aitzinera segitu genuen. Begibistan genuen hurrengo kaskoa, goraino pagadiz estalia. Bertara ailegatzeko metro batzuk galdu behar dira lepotxo batetara...


...eta behin pago artean sartuta, bidexka polit batetik igotzen da.


9:31 : Burga (872m)
Ez du gailurra denik ere ematen, asteon erran bezala zuhaitzez estalia baitago. Argazkitxo bat eta lasterka malda beheiti abiatu ginen Basagarko lepo aldera.


Antsoneko borda inguruan geldialdia arropa kendu eta ura edateko.


9:43 : Basagar (684m)
Lepo honetan pista bat gurutzatu eta zuzen goiti segitu genuen ekialdera doan mendilerroaren gainetik.


Urruska mendia gure eskuinetara utzi eta parean ikusten den Pagozelaiko lepora zuzenduko ginen.


Pagozelain, pagadiak momentu batez gibelean utzi eta larreetatik goiti eguneko hirugarren tontorrerantz igo ginen.


Tontor ingurutik Auzako mendia eta bertarako bidean igoko genituen Antxola eta Ixtauz oraindik urrun ikusten ziren.


Azken metroak Argañetaren bizkarretik...


10:07 : Argañeta (1004m)
Argañetatik Aldudeko ibarrera ikuspegi bikainaz gozatu ahal izan genuen.


Segidan bide argirik gabeko zati bat jaitsi eta GR ibilbidean sartu ginen. Marka zuri-gorriei segituko genien Auzaren magaleraino, Antxola eta Ixtauz mendiak igotzeko bakarrik utziz.


10:40 : Ixtauz (1024m)
Pagadi artean bizkarrez bizkar goiti eta beheiti ibili ondotik, arbolak utzi eta larre berdeetatik Ixtauzko lepoan goiti izen bereko mendian plantatu ginen.


Berriz Ixtauzko lepora itzuli eta argazkian ikusten den malda gaindituta Antxolan izanen ginen.


10:56 : Antxola (1119m)
Bigarren aldia mendi honetan, duela urte batzuk eskiz igo eta gero.


Bertatik Lezetako lepoa deitzen denera jaitsi eta eguneko gailur nagusirantz abiatuko ginen. Zati hau da agian ibilaldiko politena, ikusgarria da!


Lezetako lepotik eguneko azken igoera bertzerik ez zen falta.


Azken metroak gibelean Antxola mendia genuela...


11:18 : Auza (1306m)
Kasko honetan zerbait jatea eta geldialditxoa egitea aurreikusia genuen, baina haize fina zebilen eta oraindik ongi geundenez jaisten hastea erabaki genuen.


Gailurretik mendebaldeko norabidean metro batzuk egin...


...eta ipar-mendebaldeko bizkarretik lasterka zuzen jaitsiko ginen.


Erratzu begibistan. Jaitsiera zuzena eta azkarra da, gehienbat lasterka eginez gero.


Beheitiko zatian larreak utzi eta pistatik Xorroxin ur-jauzi aldera egin eta bertako bidetik herrira itzuli ginen.


12:19 : Erratzu (280m)
Herrian bertan hetsi genuen ibilbide zirkular eder hau. Primerakoa Auzaren hegoaldeko mendiak ezagutzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina