2016/08/10

Artubi (1265m), Balerdi (1193m)

EGUNA: 2016/08/10

IRTEERA: Azkarate (450m)

ZAILTASUNA: F+. Balerdira joaten den azkeneko ertz zatian eskuekin lagunduz gainditu beharreko bloke batzuk daude, errazak (I) baina bi aldeetara amildegiarekin. Kontuz ibili beharrekoa bustia edo izoztua badago.

DENBORAK:
  • Azkarate - Artubi (Urdilletik) : 2 ordu
  • Artubi - Balerdi : Ordu erdi
  • Balerdi - Azkarate (Astunaldetik) : 2 ordu eta erdi
NOLA IRITSI:
Azkarate herria Araitz bailaran (Nafarroa) kokatuta dago. Bertara Tolosatik edota Lekunberritik pasata iritsiko gara. Behin Araitz bailaran sartuta errepidea segituko dugu Atallu herrira ailegatu arte eta hemen Azkaratera igotzen den errepidetxoa hartuko dugu.

DESKRIBAPENA:
Anitzetan Pirinioetara edo bertze lekuetara joan ohi gara ertz zorrotzetako emozioen bila, baina Euskal Herrian bertan ere baditugu zenbait harribitxi. Horietako bat da Aralar ezagunean kokatzen den Balerdi mendia. Ez da bere altueragatik nabarmentzen, baina Araitz bailaratik ikusi orduko atentzioa deitzen du bere ekialdeko aurpegi tenteak eta zer erranik ez bere gailurrera ailegatzeko pasa behar den ertz zorrotz eta politak.

9:38 : Azkarate (450m).
Autoa Azkarateko elizaren ondoan dagoen aparkaleku ttikian utzi dugu. Bertatik ikusgarri altxatzen da Balerdi mendia.



Herriaren goiko zatira doan zementuzko bidetik egin genituen lehen metroak.


Bide hau ordea fite akitzen da eta pista batean bihurtzen da. Une oro, Balerdi mendia begibistan dugu. Parean ikusten den lepora igoko gara hasteko.


Azkarateko eliza behean gelditzen hasten da. Gibelean Araitz bailara polita.


10:04 : Urdilleko lepoa (718m).
Laster batean ailegatu ginen lepo zabal honetara. Hemen hesi bat zeharkatu eta marka zuri-gorriak jarraitu genituen.


Hasieran pinudi baten artetik...


...tarteka larre berdeetatik pasatuz...


...eta akitzeko lokatzez betetako pistatik. Irudian ikusten den puntuan utzi genuen pista ezkerretara Larrondoko larreetara ateratzeko.


Larrondoko larreetan Txindoki mendia agertu zitzaigun parez pare. Hemen erne egon behar da ezkerretara ateratzen den bide harritsu eta maldatsua hartzeko.


Pinudi baten ondoan hasten da bidexka hau eta atsedenik gabe irabazten ditu metroak.


Laster zuhaitzak gibelean utzi eta Tolosaldeako eta Goierriko herrixkak bistaratzen dira.


11:13 : Zabalegi (1060m).
Malda hau Zabalegiko belardietan akitzen da. Aralarreko mendigunerako sarreretako bat da Zabalegi. Hemen hego-ekialdera biratu eta bide nabarmenik gabe larre berdeetatik igoko ginen.


Gibelean Txindoki eta Aralarko larre eta etxolak utzi genituen.


Hesi hau zeharkatu behar izan genuen eguneko lehen gailurrera ailegatzeko.


Azken metroak Uakorri mendia eskuinean genuela.


11:40 : Artubi (1265m).
Lehen gailurra autotik atera eta bi ordura.


Askorik gelditu gabe bertze hesi bat zeharkatu eta bidexka nabarmenetik eguneko helburu nagusia zen Balerdi mendira hurbildu ginen.


Bertara ailegatzeko 100 bat metroko ertz zorrotza gainditu behar da. Leku ikusgarria benetan!


Eguraldi onarekin ez du zailtasun handirik. Kontuz ibili eta kitto!! Haizearekin edo harkaitzak bustita badaude atentzio handiagoa jarri beharko da.


12:10 : Balerdi (1193m).
Arazo handirik gabe harrapatu genuen Balerdiko gailurra, ertzean inguruaz disfrutatuz. Urdilleko lepoa, ordu batzuk lehenago pasatua, gure oinetan genuen.


Baita Araitz bailara osoa ere. Atalaia aparta da Balerdi Araitz aldera.


Azkarate herria 800 metro beheitiago. Elizaren ondoan genuen autoa.


Eguneko bigarren gailurrean...


Argazki sortaren ondotik ertza berriz zeharkatu eta Artubira itzuli ginen merezitako hamaiketakoa hartzera.


Artubira ailegatzen eta gibelean Txindoki.


13:19 : Astunaldeko lepoa (1216m).
Gosariaren ondotik Artubiko kaskoa utzi eta Astunaldeko lepora jaitsi ginen. Hemen ezkerretara biratuko ginen kanal zabal eta aldapatsutik Azkarate aldera jaisteko.


Argazkian ez badirudi ere kanala aldapatsua da eta belar luzeagatik irristakorra ere bai. 400 metroko desnibela jaisten da metro guttitan.


Kanalearen beheko aldetik Azkarate herria begibistan genuen berriz. Hurbil geundela zirudien. Hala ere azken metroak sasi eta oihan itxitik egiten dira eta bidea ez dago batere argi.


Zonalde basatia da, jende gutti ibiltzen dena eta sasiz estalia dago.


Oihanean noraezean ibili ondotik iratzeleku batetik Balerdi ikusi genuen.


Baita Azkarate ere. Hurbilago, baina oraindik oihan eta sasi dosi ederra falta zen.


Azkenean Azkarateko hilerrira ailegatu ginen, uste baino gehiago kostata azken zatian.


15:01 : Azkarate (450m).
Eta bortz ordu eta erdiren buruan berriz ere hasierako puntuan ginen, ibilbide zirkular ederra burututa.


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Earra artista!!!

    Hori dek, pixkanaka gure terrenoetara hurbiltzen. Txindokiko aristan ez azaldu gu abixatu gabe, eh? Jejeje

    Eman eurreeeee!!!!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Jeje...

      Ba ikusi dut xerpa lanak doan egiten dituzuela eta kasualitatez aurten egiteko asmoa daukat. Ea irailan edo...

      Ezabatu