EGUNA: 2011/07/30-2011/07/31
IRTEERA: Lac de Gloriettes (Gedre)
ZAILTASUNA: Errexa (F). Elurrik gabe ez dauka inolako zailtasunik. Elurrarekin Tucarroyako korridorea oso tentea da eta Astazu Occ.-eko ertza estua, beraz kontuz ibili behar da. Egun batean egin daiteke igoera.
EGURALDIA: Eguzkitsua.
DENBORAK (Geldialdiak barne):
- Lac de Gloriettes-Tucarroya aterpea: 3 ordu eta 12 minutu
- Tucarroya aterpea-Astazu Occ.: 1 ordu eta 32 minutu
- Astazu Occ.-Lac de Gloriettes: 4 ordu eta 55 minutu
NOLA IRITSI: Lourdes hiritik iparraldera joanez Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara herrietara iritsiko gara hurrenez hurren. Hemen, Gavarnieko norabidea hartuko dugu. Gedre herria pasa eta gero, ezkerretara Troumouseko Zirkura igotzen den errepidea hartuko dugu eta kilometro batzuk egin eta gero eskuinetara biratuko gara Lac de Glorietteseko lakura. Bertako aparkalekuan utziko dugu autoa.
SARRERA:
Astazuak Gavarnieren gainean, zirkua ixten duten mendi ikusgarriak dira. Beren itxuragatik hala ez badirudi ere, bertara igotzea ez da batere zaila, bide normaletik egiten badugu behintzat. Normalena, agian, Pinetako haranetik atera eta Balcon de Pinetara igota Astazuetara heltzen dena da. Honez gain, iparraldetik doazen bideak ere errexak dira, Lac de Gloriettesetik Estaubeko haranean barrena Tucarroyako bretxara igoz edota Gavarnietik Espuguetteseko aterpean barrena toki berdinera igoz. Hala ere, dudarik gabe, bertara igotzeko biderik ikusgarriena eta famatuena Swan korridorean barrena iparraldetik igotzen dena da.
DESKRIBAPENA:
Aspaldian nenbilen Astazuetara igo nahiean, eta gauza bat zela edo bertzea zela beti atzeratzen zen. Azkenean, uztaila bukaeran hara joateko aukera sortu zen eta bi aldiz pentsatu gabe egin genuen plana. Itxaroteak merezi izan zuen. Dudarik gabe, orain arte eginadako irteera gustokoenetako bat izan da.
Joatekotan argi nuen Estaubeko haranean gora, Lac de Gloriettesetik abiatuta egin nahi nuela bidea. Izan ere, Estaubeko haran honetara joateko gogoz nenbilen, txikitan bertan izana bainintzen.
Ostiralean atera ginen eta Lourdeseraino hurbildu ginen A64 autopistatitik. Bertan gaua pasatuta, biharamun goizean, ez oso goiz, gosaldu eta Lac de Glorietteserako bidea hartu genuen. Mendietan hodei batzuk zeuden sartuta baina nahiko eguraldi polita zegoen eta biharamunerako ere hala zegoen iragarrita. Autoa aparkalekuan utzi, gauzak prestatu eta abiatu ginen. Gauza dexente eraman genuen, Tucarroyako aterpe librean lo egitekoak baikinen, beraz zakua, janaria... ezinbertzekoak ziren. Egun batean egin ahal den igoera da, baina Tucarroyako aterpea ezagutzeko gogo handia nuen. Izan ere, aterpe hau paraje ikaragarrian kokatuta, Pirinioetako zaharrena eta altuena da.
2011/07/30
0h 00min: Lac de Gloriettes (1668m)
Goizeko hamaiketan abiatu ginen lakuko presa zeharkatuz. Haranaren atzean zegoen gure helburua, nahiz eta hodeiez tapatuta egon.
Lakua atzean utzita Estaubeko haran berde eta politean barneratu ginen.
Atzera begirada, irteera puntura.
Eta hodei artean, tarteka, Tucarroyako bretxa ikus zitekeen, aterpea dagoen tokia.
Hasierako metroak belardi goxo eta etzanetan erraz egin genituen.
0h 35min: Estaubeko Txabolako bidegurutzea (1720m)
Bidegurutze honetan eskuin hartu genuen, Hourquette d'Alans eta Espuguetteseko aterpe aldera.Tucarroyako aterpea ez zegoen markatuta, baina zati batean bi bideek elkarrekin segitzen dute. Ezkerretara doan bideak Cabane d'Estaubera eramango gintuzke, Estaubeko haranaren sakonean.
Hemendik aurrera poliki-poliki bidea tentetzen hasiko zen.
Erabat tentetu arte. Atzean Hourquette d'Alanseko lepoa ikus zitekeen.
1h 33min: Hourquette d'Alanseko bidegurutzea (2150m)
Puntu honetan aipatutako lepora doan bidea, bide nagusia dena, eskuinetara utzi genuen eta gu pixka bat ezkerretara biratu ginen Estaubeko Zirkuaren gainaldera. Hito batzuk gidatzen gintuzten hasieran. hala ere, erne ibili behar da bide hau hartzeko.
Bideak berriro inklinazioa galtzen du zirkuaren goialdea inguratuz eta Pic Rouge de Pailla mendiaren pareten azpitik pasatzen da.
Parean Port Neuf de Pinedeko lepoa, Pinetako haran aldera jaisten dena.
Hala ere, ez gara lepo horretara joango hitoek eskuin (hegoaldera) birarazten baikaituzte Borne de Tuquerouyeko piramide erreferentzialaren aldera. Bidea jadanik tentea da oso.
Pic Rouge de Pailla atzean utzi genuen.
Eta Estaubeko harana eta Glorietteseko lakua berriz oso behean.
2h 29min: Borne De Tuquerouyeko lepoa (2431m)
Estaubeko Zirkua ixten duen mendi lerroaren azpian kokatuta dagoen piramide hau erreferentzia garrantzitsua da, Tucarroyako korridorea aurkitzeko bere gainean dagoen lepora igo behar baita.
Irudian Borne de Tuquerouye eta bere hegoaldeko lepoa.
Hortik gora etenik gabeko aldapa latzean gora igo ginen Tucarroyako korridorean barrena. Elurrik gabe errexa da, baina malda.
Atzera begirada Tucarroyako korridorean.
3h 12min: Tucarroya edo Tuquerouye aterpea (2667m)
Esfortzu ederra eginda korridorea igo eta Tucarroyako Bretxara igo ginen aterpera iritsiz. Parean Monte Perdidoko iparralde ikusgarria, gure hurrengo bi egunetako gozagarri.
Aterpea, erran bezala librea da, baina oso egoera onean dago. Frantziarrek eraiki zuten hemeretzigarren mendean, Monte Perdido edo Mont Perdu (izena hau ere berek jarri baitzioten) igotzeko. 12 pertsonak lo egin dezakete hiru mailatako literetan, koltxoi eta mantekin. Literen azpian egurra dago eta parean zenbait apal gauzak uzteko eta soka bat arropa edatzeko.
Bertze zatian jantokia dago bi mahai, lau banku, emergentzietarako janaria, gasa, estufa bat eta egurra mozteko materialarekin.
Aterpea bretxa ikusgarrian dago kokaturik, bi aldeetara aldapa izugarria duelarik. Hori dela eta, ura lortzeko malda jaitsi behar da lakura iritsi arte. Honez gain, jendeak behera ez jaisteagatik bere eginbeharrak aterpearen eta paretaren arteko txoko batean egiten ditu, oso hurbil.
Hala ere, tokia kategoriakoa da. Lasai bazkaldu eta eguzkitan deskantsatzen egon ginen denbora batez.
Arratsaldean, denbora pasa, bueltatxo bat ematea erabaki genuen eta Marbore lakura jaitsi ginen, bretxaren beste aldera.
Monte Perdido eta Marbore lakua.
Ura hartu genuen, gure biharamuneko helburuei begiradatxo bat bota bitartean.
Ondoren, Pinetako harana ikustera hurbildu ginen. Erorketa ikaragarria behera!
Freskura Pinetako Balkoian, honela deitzen zaio toki honi.
Bueltatxoa eman ondotik aterpera itzuli ginen eta goiz afaldu genuen, ilundu baino lehen. Menua makarroi hotzak tomate hotzarekin eta urtzen ez zen gasnarekin. Gasa etxean uztearen ondorioak! Aterpean hiru madrildar, aita-seme frantziarrak eta bertze frantziar bat zeuden gutaz aparte. Denera 8 pertsona beraz. Afalostean arrats politaz disfrutatu genuen.
Behe-lainoa Estaubeko haranean. Eta ondoren lotara!
2011/07/31
0h 00min: Tucarroya edo Tuquerouye aterpea (2667m)
Egun on! Ederra zegoen eta!
Gustoa ematen du toki horietan ernatzeak. Monte Perdido eta Cilindro de Marbore goizeko eguzkitan.
Gosaldu, prestatu eta behar genuen bakarrik hartuta abiatu ginen hegoaldera malda jaitsiz.
Bi aukera genituen, presaren eskuinetik igo biderik gabeko tokitik Swan lepora eta Astazu Oriental edo Ekialdeko Astazu igo lehendabizi, edota lakua ezkerretik zeharkatuta bidexka erosoan barrena Astazu Occidental edo Mendebaldekoa igo. Bigarren aukera hartu genuen, segurura joanez.
0h 27min: Lago de Marbore edo Marmoreseko urtegia (2592m)
Geldialdi tekniko bat egin ondoren, hitoei segika barrerara heldu eta gainetik zeharkatu ondoren goraka hasi ginen.
Tucarroyako Bretxa ikusgarria. Gezurra ematen du hor aterpe bat dagoenik.
Bidea oso erosoa da momentuoro eta ez dauka ia aldaparik.
Monte Perdido eta Cilindro atzean utzi genituen.
Eta parean genuen Astazuko lepo zabalera joan ginen.
1h 24min: Cuello de Astazu (2955m)
Azken malda tenteago batetik lepora iritsi ginen...
...eta panorama eder hau agertu zitzaigun begibistan: El Casco, Taillon eta Vignemale ezkerretik eskuinera.
Lepotik eskuin biratuta, malda bat igo eta segidan harrapatu genuen ertza. Ertzetik dagoen ikuspegia Pirinioetako onenetarikoa izanen da. Argazkian Pimene.
Ertzean egon ginen denbora guztian flipatzen egon ginen inguruaren edertasunarekin. Argazkiak atera eta atera.
1700 metro beherago Gavarnie. Uff!
Eta parean Vignemaleko mazizoa.
Ertzean hain gustora egonik, ia ia ahaztu egin zitzaigun gailurrera joatea ere nahiz eta metro gutxi batzutara egon.
Monte Perdido, Cilindro eta Marbore mendiak.
1h 32min: Astazu Occidental (3012m)
Ertzeko bertze argazki bat.
Eta azkenean pausu batzuk emanda gailurra! Puntan ertza asko estutzen da eta inpresio handia eragin zigun.
Horregatik, Swan lepora ez segitzea erabaki genuen, ertza nahiz eta segurua izan estua baitzen eta gainera, irakurrita nuenez, iparraldeko amildegi aldera destrepe bat egin behar baitzen lepora iristeko. Zaila baino ikusgarriagoa, baina nahikoa gu atzera botatzeko. Igotako bidetik jaistea izanen zela onena erabaki genuen, marroietan sartu gabe. Aristatik azken begirada bota eta behera...
Mendebaldeko Astazu inguratuta bidexka batetik Swan lepora igotzea badago, Ekialdeko Astazu igotzeko, baina jaitsiera luzea genuen esperoan eta segitzea erabaki genuen Ekialdeko Astazu bertze baterako utzita. Swaneko korridoretik igoko dugu! Jajaja.
Berriro Tucarroyara hurbiltzen.
Azken begirada bota genien bi hauei. Ze pinta duen Monte Perdidoko ipar aurpegiak!
3h 11min: Tucarroya edo Tuquerouye aterpea (2667m)
Berriz aterpera bueltan, gauzak bildu, hamaiketakoa egin eta argazki gehiago egin genituen. Itzuli beharreko tokia da.
Baina ona beti bukatzen da eta behera abiatu beharra zegoen.
Berriz ere Tucarroyako korridorea genuen zain. Autoa zegoen lakua ere ikusten zen urrunean.
Poliki eta kontu handiz, korridorea jaitsi genuen destreperen bat tarteko. Tentuz ibili behar da harriak bota gabe! Neguan ongi egonen da toki hau!
Borne de Tuquerouyeko lepora ailegatu ginen berriro.
Behera Port Neuf de Pinede atzean genuela.
Estaubeko Zirku ederra.
Pirinioetako txoko handi horietako bat da!
Behin haranaren behekaldean, igoerako bidea utzi eta Estaubeko txabola ikustera joan ginen.
Haranaren behekaldean, goian zegoen jadanik Tucarroyako bretxa.
5h 39min: Cabane d'Estaube (1765m)
Txabola haranaren sakonean dago. Barrura sartu ginen kotileatzeko. Bi zati ditu, bat artzainarena eta bertzea mendizaleena (gainera atean jartzen du hala dela). Mendizaleen zatiak bi gela ditu, batean mahai nat bi bankurekin eta bertzean bi litera bikoitz. Gaua pasatzeko toki aproposa da.
Txabola atzean utzita beheraka segitu genuen, baina ezin ginen leku honen argazkiak egitetik gelditu.
6h 27min: Lac de Gloriettes (1668m)
Azkenean kotxera ailegatu ginen eta asteburu bikainari amaiera eman genion. Merezi izan zuen hainbertze itxaroteak! Primerako irteera!
Oso polita, ideia bat eman didazu urrengoan nik ere eginen dut
ErantzunEzabatu