EGUNA: 2009/09/26-2009/09/27
IRTEERA: Barrage d'Ossoue
EGURALDIA: Eguzkitsua
ZAILTASUNA: Errexa+ (F+). Glaziarra zeharkatzeko beharrezkoak dira kranpoiak eta pioleta; azken trepada erraza da (I), baina kontuz ibili behar da erortzen diren harriekin.
DENBORAK (Geldialdiak barne):
- Barrage d'Ossoue-Baysellance aterpea (2h 05min)
- Baysellance aterpea-Petit Vignemale (0h 55min)
- Baysellance aterpea-Vignemale (2h 30min)
- Vignemale-Barrage d'Ossoue (3h 30min)
NOLA IRITSI: Lourdes (Frantzia) hiritik iparralderuntz Argelesera joan behar da eta hemendik Luz Saint Sauveur herrian barna Gavarniera. Gavarnie herria gurutzatu eta eski estazioko errepidea hartu behar da, baina lehenengo bihurgunean errepide hau utzi eta eskuinera jo behar dugu Ossoueko urtegi aldera, hasmentan asfaltatuta eta gero nahiko zakar dagoen pista batetik (Gavarnietik 9 km-tara).
SARRERA:
Vignemale Pirinioetako mendi mitikoenetako bat da. Berez mendi multzo osoaren izena izanda ere, bertako punturik altuenak, Pique Longue edo Comabichosa, izen hau hartzen du gehienetan. Frantziako Pirinioetako mendirik altuena da, eta bere magalean Pirinioetako glaziarrik osasuntsuena (Ossoue glaziarra) edukitzeak izakera alpinoa ematen dio mendiari. Honez gain, ezaguna da oso bere ipar aurpegi ikusgarria eta bertatik igarotzen den Gaubeko korridorea, klasikoetan klasikoena.
Korridore honetatik igotzeaz gain, glaziarretik (nahiz Ossoueko urtegitik edota Pon d'Espagnetik aterata) edo Moskowa korridoretik (Bujaruelotik gora) igarotzen dira bide ezagunenak.
Niretzat Vignemale mendirik kuttunenetarikoa da. Txikitatik ezagutzen nuen izenez eta noizpait bertara igotzearekin amesten nuen.
DESKRIBAPENA:
20 egun lehenago, Taillon mendira igo ondotik, lagun batekin Vignemaleko tontorrera igotzen saiatua nintzen eta aldi horretan, lainoa zela eta buelta ematea erabaki nuen. Hala ere, saiakera honek Vignemalera betiko erakarri ninduen eta arantza uda bukatu baino lehen ateratzea jarri nuen helburu. Horrela, abuztu bukaeran Baysellance aterpean erreserba egin eta Pirinioetara abiatu ginen gogotsu eta ilusio haundiz. Lehen gaua Lourdesen eman ondoren, biharamunean goizean Gavarnie aldera abiatu ginen, hemendik pista zakarrean barrena Ossoueko presara igotzeko.
2009/08/26
0h 00min: Barrage d'Ossoue (1840m)
Eguerdiko ordu bata inguruan autoa aparkatu eta gauzak prestatuta goraka abiatu ginen. Motxiletan pisu handirik gabe, aterpean erreserba egiteak vivac egiteko materialik ez eramatea suposatzen du. Beraz ez kanpindendarik, ez lo-zaku lodirik ezta esterilarik ere. Aurrekoan lagun batekin saiakera egin nuenean, Bellevueko kobazuloak baino beheraxeago dagoen zelaitxoan jarri genuen denda. Bidea beraz ezaguna nuen bertaraino eta baita glaziarreraino, hemen eman bainuen buelta. Horrela, bixi-bixi ekin genion urtegiaren ondoko zelaitxoa gurutzatzeari marmota eta behi tartean.
Ikaragarria da eremu honetan dagoen marmota kopurua.
Zelaitxoa gurutzatu eta maldaren hasieran glaziarreko izotzak urtuta sortzen den erreka gurutzatu genuen zubi honetatik.
Hemendik aurrera ez dago atsedenik. Irudian bidean gelditzen diren elur lausoetako bat.
Eta eskuinean ur-jauzo zaratatsu hau genuen.
Metroak azkar irabazten dira bidexka zabalean gora. Segidan Pont de Neige elurrezko zubia delakora ailegatu ginen.
Aurrean igo beharreko bide zatia zigzagean.
Erritmo bizian laister ikusi genuen Ossoueko glaziar ederra, laino tartean. Biharamuneko eguraldi ona iragartzen zuten baina momentuz ez zeukan itxura onegirik. Kezkatzen hasi nintzen berriz ere ez ote zidan eguraldiak huts egingo.
1h 45min: Bellevue kobazuloak (2400m)
Russell kondeak, 100 urtez mendi hau alokatuta izan zuenak, zulatzeko agindutako lehen kobazuloetara iritsi ginen. Berez gaua pasatzeko toki aproposak izango lirateke gizakiaren zabarkeriagatik izango ez balitz.
Zuloak zabalak dira baina erabat kakaztuta daude.
Bellevue kobetatik hurbil, glaziarrerutz doan bidea zuzen utzi genuen eta guk marka txurigorriei jarraitu genien eskuinera. Seinale batek Baysellance aterpera 30 minutu baino ez zaizkigula gelditzen adierazten digu puntu honetan.
Gibelera begiratuta igo dugun desnibel zatia ikusten genuen.
2h 05min: Baysellance aterpea (2651m)
Bertze estutu bat hartu zigzag batzuk egiten dituen bidexkan barrena eta aterpera iritsi ginen. Bertan erreserba baieztatu eta gure logela erakutsi ziguten. Bikaina aterpea barrutik! Logela txiki bat tokatu zitzaigun, 6 tokikoa edo. Aterpean bueltatxo bat eman genuen eta zerbait jan genuen kanpokaldean arratsaldeko 3ak pasata baitzeuden eta gu oraindik bazkaldu gabe.
2h 25min: Hourquette d'Ossoue (2734m)
Malda etzanean barna doan bidetik azkar iritsi ginen leporaino eta txundituta geratu ginen Vignemaleko ipar aurpegiari begira. Hala ere, erran behar da, ipar aurpegiaren irudirik onena Oulettes de Gaube aterpetik lortzen dena dela, lepotik beste aldera Gaube haranera jaitsita. Gu noski beheraka ez baina... Petit Vignemalera igoko al gara? Hemen egonda goazen!
Baysellanceko lautada eta aterpea Hourquette d'Ossoue lepotik.
Lepotik ezker aldera malda pikoan gora hitoei segika, laster batean eta uste baino lehenago Petit Vignemaleko gainera iritsi ginen.
3h 00min: Petit Vignemale (3032m)
Ipar-Ekialdera Baysellance aterpea eta Labas eta Sede mendiak.
Berriz Gaubeko lakua...
Biharamunean eguraldi txarra eginda ere behintzat hona gora igotzeak merezi izan zuenaren poza genuen tontorrean.
Ekialdean Ossoueko harana eta urtegia.
Lainoak eta hodeiek paisaia politak uzten zizkiguten. Denbora pixkat egonda, erdi laisterka jaitsi ginen berriro aterpera, 7etan afaria emango ziguten eta.
Afaldu ondotik (afaria earra benetan), kranpoiak puntuan jarri eta hamarretako zakuan sartu ginen, biharamuna ailegatzeko irrikitan, baina aldi berean kezkatuta. Gauza batengatik edo bertzeagatik, gaua oso txarra (hori bai oheak oso erosoak dira mendiko aterpea izateko).
2009/08/27
0h 00min: Baysellance aterpea (2651m)
Seiak eta erdietan iratzargailua. Hala ere, ez zegoen horren beharrik ni behintzat aspaldi nengoen eta erne ohean bueltaka. Salto batean zutitu eta leihora joan nintzen. Bingo! Hodei bakar bat ere ez zeruan! "Vignemalera igotzeko egun aproposa duzue" aterpeko zaindarietako batek. Zazpietan zerbait jan, motxilak prestatu eta kanpora atera ginen, gorputz nahiko txarrarekin baina gogotsu. Lehenengo ikuspegia Gavarnieko mendietara.
Petit Vignemale erdian, Montferrat ezkerrean eta Vignemale (Pique Longue) eguzkitsu zeuden jadanik ordu horietan. Goazen ba!
Aterpea atzean utzi eta bezperan igotako bidetik metro batzuk galdu genituen 2550 metroko kotaraino, Petit Vignemaleko ertza inguratuz eta glaziarraren behekaldera helduz. Hemen GRko markak utzi eta glaziar aldera jo genuen pauso horizontal espuesto batean barrena. Pauso hau bidexkaren bihurgune itxi batetik zuzen jotzen duen bidexka txikiago bat hartuz pasatzen da. Berez arriskutsua izan daiteke izotzarekin eta izotzik gabe ere kontuz ibili behar da despistatu gabe. Bidexkaren hasieran harritxo batzuk daude bidea itxiz GRa ez dela hortik joaten adierazi asmoz baina Vignemalera joateko bide horretati jo behar da. Nahu izanez gero, altuera gehiago gal daiteke Bellevueko kobetaraino gero handik bertze bide bat hartzeko, baina horrek berriro malda gehiago igotzea suposatzen du.
Pausua gaindituta glaziarreko morrenara heldu ginen. 20 egun lehenago puntu horretan jadanik glaziarra hasten zen eta kranpoiak janzten ziren, gero diagonalean glaziarraren gainetik Montferrat mendiaren azpiraino joanez. Egun horretako aldiz, elur asko urtuta zegoen jadanik eta Montferrateko oinera hitoei segituz joan ginen harkaitzetan barrena. Argazkian eskuinean Petit Vignemale ikusten da eta ezkerrean Montferrat. Gu glaziarraren behekaldetik Montferrat azpiraino joan ginen erran bezala.
Glaziarraren sarreran, Montferrat azpian, kranpoiak jarri genituen.
Hemendik aurrera hasi zen gozamena. Glaziarra, nahiz eta pitzadura askotxorekin egon uda bukaera izanda, errez igarotzen zen.
Lehenengo aldapa tente bat pasa eta gero glaziarreko lautada zabalean sartu ginen, 3000 metro inguruan. Hemendik Vignemaleko oinera diagonal bat marraztu genuen.
Gorakoan konzentratuta igo ginen, inguruaz gozatuz. Behin Vignemaleren oinera iritsita, kranpoiak kendu genituen eta azken trepadari heltzeko prestatu ginen. Niri hemen ikara pixkat sartu zitzaidan, trepadak ez baitzirudien oso errexa, baina azkenean horraino iritsita ez igotzea tontakeria zela pentsatu eta goraka abiatu nintzan ziztu bizian.
2h 30min: Vignemale (3298m)
Azkenean I mailako trepada igaro ostean gailurra! Gailurra baino beheraxeago zegoen Paradis kobazuloan geldialdia egin genuen gorakoan. Hau ere Russell kondeak aginduta egindakoa. Berez ez da toki horretatik pasatzen trepadako igoera normala, baina gu harri solte gutxien zegoen tokitik igo ginen nahiz eta tenteago izan.
Goian ikaragarrizko poza! Vignemalen nengoen. Nolabait hau izan zen niretzat kontsolidazio antzeko bat. Glaziarraren ikusmira gainetik zoragarria. Atzean Ossoueko urtegia eta haran berdea ere ageri dira.
Ez du ematen baina pozik nengoen! Jeje.
Glaziarretik gora igotakoa goitik ikusita.
Bertze argazki bat glaziarrari.
Azken zatia jaitsi ondoren berriz glaziarrera iritsi ginen .
Eta beheraka abiatu ginen lasai-lasai, oraindik goiz baitzen. Irudian Gaubeko korridorearen irteera beldurgarria.
Elurra biguntzen hasia zen eta lautadako glaziar zatia kranpoia jantzi gabe pasa genuen. Hala ere, malda tentetzen zen tokian jantzi genituen, seguru janzteko.
Malda tentearen hasieran, izotza begi bistan zegoen zenbait puntutan. Irudietan gora doan bikotea kranpoi bana jantzita zihoan goraka. Neskari izotz plaka bat pasatzen lagundu genieon. Gu ere horrelatsu ibili ginen zenbait hilabete lehenago Auñamendin. Enfin!
Glaziarreo beheko maldan.
Glaziarretik atera, kranpoiak kendu eta morrenan barna jaisteari ekin genion. Intentzioa Petit Vignemaleren baseraino diagonala egin beharrean bidea laburtzea izan zen eta ez genien hitoei segitu nire instintoari baizik. Azkenean, harri tartean denbora gehiago pasatu genuen bide normaletik joanda baino. Luzea egin zitzaigun zati hau eta poza hartu genuen Bellevuera iristean. Irudian Bellevuetik behera.
Montferratetik jaisten den errekatxora iritsi ginen.
Batzuk oraindik goraka zihoazen nahiz eta berandu izan. Aldapa ederra dago e!
Gu berriz, gure hasierao puntura iristen.
Jadanik beheko zelaian atzera begirada.
Azkenean, eguerdiko biak aldera, laku bazterrean pixkat etzanda egon ondoren, kotxera iritsi ginen eta Gavarniera abiatu zerbait bazkaltzeko intentzioarekin. Bueltatu gara Vignemale! Bikaina!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina