EGUNA: 2009/08/19-2009/08/20
IRTEERA: Pla de Boet-eko aparkalekua
EGURALDIA: Eguzkitsua
ZAILTASUNA: Errexa (F)
DENBORAK(Geldialdiak barne):
- Pla de Boet-Estany d'Estats (2h 50min)
- Estany d'Estats-Pica d'Estats (2h 00min)
- Pica d'Estats-Verdaguer (0h 30min)
- Verdaguer-Pla de Boet (4h 00min)
NOLA IRITSI: Sort (Katalunia) herritik haranean gora jarraituko dugu Llavorsi herriraino, hemen errepide nagusia utziz eta eskuineko bidegurutzea hartuz, Alins eta Areu herrietara. Azken herri honetara jo behar dugu, bertatik abiatzen baita Pla de Boeteko aparkalekura iristen den 11 km-ko pista. Pista hau bukaeraraino jarraitu behar da. Hori bai, poliki-poliki igotzekoa da, ez baitago batere egoera onean. 4x4 batekin igoz gero askoz hobe, ez badugu gure autoak sufritzea nahi. Pistan zehar nonahi ikus zitezkeen olio putzuak, autoek behea jo eta gero utzitakoak.
SARRERA:
Pica d'Estats mendi mitikoa da. Kataluniako punturik altuena izanik, urtean zehar bixitari asko hartzen dituen mendia. Zaila izanen da tontorrean jendearekin ez topo egitea. Bere bide normala, Vallferrera aterpetik pasatzen dena da. Hala ere, iparraldetik ere, Pinet aterpetik jende asko igo ohi da.
DESKRIBAPENA:
Katalunia aldean pasatzen ari ginen egun batzutan, Pica d'Estats igotzea bururatu zitzaigun, eta igoeraren ezaugarriak aztertzeari ekin genion. Ikusi genuen igoera zaila ez zela, egingarria zela, baina luze xamarra izanik bi egunetan egitea erabaki genuen, egun baterako gehiegitxo izanen zelakoan. Bertako aterpea aparkalekutik arras hurbil egonik, jende gehienak Estany de Sotllo eta Estany d'Estats lakuen bazterrean pasa ohi du gaua eta guk ere berdina eginen genuen. Hala, kanpin denda arin bat lortu (joan den mende hasierakoa beharbada), beharrezko materiala eta elikagaiak prestatu eta Bartzelonatik Cadiko tunelean barna La Seu d'Urgell herriraino joan ginen. Hemendik, Sorten bazkaldu eta Areu herritik goiti Pla de Boeteko aparkalekura ailegatu ginen autoak behea hiru edo lau aldiz jo ondotik.
Abuztuko arratsalde sargoria zen eta ekaitzak lehertzeko arrisku dexentea zegoen. Autoa aparkatu genuenean hodei ilun xamarrek estaltzen zuten zerua. Hala ere, abiatzea erabaki genuen.
2009/08/19
0h 00min: Pla de Boet-eko aparkalekua (1860m)
Pista ixten zuen barrera arratsaldeko bostak eta laurden zirenean gurutzatu genuen. Astia soberan genuen beraz bigarren lakuraino (Estany d'Estats) ailegatzeko ilundi baino lehen. hala ere, gure kezka ekaitza zen. Izan ere, bidean ekaitzak harrapatuz gero... Honela, pistari oinez jarraitu eta segidan Vallferrera aterpera eramango gintuen bidexka hartu genuen ezkerretara. Minutu guttiren buruan ikusi genuen aterpea.
0h 18min: Vallferrera aterpea (1905m)
Aterpera ailegatu eta barnera sartu nintzen bertako zaintzaileren bati eguraldiari buruz galdetu asmoz. Bere erantzunak ez gintuen askorik lasaitu. Azken egunetan, egunero, ekaitz zaparradak izan omen ziren arratsalde partean. Hori entzunda, aterpearen atzekaldetik aldapa dexenteko bidexkan gora abiatu ginen, pinu tartean lehen izerdi tantak botaz. Laister batean bidegurutze batera ailegatu ginen. Aurreruntz Vall d'Arestera joateko bidea ateratzen zen eta ezkerretara gurea, Sotlloko bailarara. Hemendik bideak nahiko zelai, haranaren goiko partea zeharkatzen du eta gero iparreldera biratzen da Sotlloko bailaran sartuz. Bertze bidegurutze batek, pausu delikatu edo zail bat ekiditeko aukera ematen zigun eta guk gomendioari jarraiki saihestu egin genuen, metro batzuk jaitsiz. Honela, Sotlloko bailara berde eta politean sartu ginen.
Zelaitxoaren ondotik malda bat igo eta lehen lakua aurkiti genuen aurrez aurre. Hemen jadanik lehenengo kanpindendak ikusi genituen baina gure helburua bigarren lakura iristea zen , biharamunean bide motzagoa izateko, beraz aurrera segitu genuen.
Lakua ezkerraldetik pasatu eta Sotllokp txabolara iritsi ginen. Gaua pasatzeko leku aproposa izan daiteke, baita ekaitz batek harrapatuz gero babesleku ona ere.
Txabolaren atzekaldetik beste malda bat igo eta erreka berriz gurutzatu ondotik bigarren lakura ailegatu ginen. Bertan lo egiteko tokirik onena bilatzen hasi eta lakuaren beste alderaino pasatzea erabaki genuen, han zenbait kanpin ikus zitezkeen eta. Hala ba, zelaitxo polit bat aurkitu genuen, lakuaren ertzean, justu Sotlloko lepora iritsi aurreko malda harritsuaren azpian eta bertan jarri genuen gure denda. Egunak ez zuen gehiagorako ematen. Beraz, afaldu eta ohera. Dendan geundela, gauen tximista batzuk ikusi genituen urrunera, baina zorionez ekaitzak ez zigun bixitarik egin.
0h 00min: Estany d'Estats (2465m)
Oso lo gutti egin eta gero, goizeko zazpiak aldera atera ginen dendatik eta eguraldi zoragarria zegoela ikusi genuen. Azkar zerbait jan eta aldapa gora hasi ginen goizeko freskurak kentzeko asmoarekin. Igo beharreko lehandabiziko malda ez zen nolanahikoa. "La tartera" famatuan metro guttiko tartean desnibel dexentea gainditu behar da, beraz hobe lasai hartzea.
0h 50min: Port de Sotllo (2893m)
Aldapa harristua uste baino errexago gainditu genuen eta lepoaren bertze aldera pasatu ginen. Eskuinetan Verdaguer-eko arista genuen baina pausu zailegia zen guretzat eta nahiago izan genuen bide segurutik jotzea. Lepotik gure vivac gunea honela ikusten zen.
Iparraldeko aldera Cometa d'Estatseko lakuak ezkerretan utzi eta berriz ere aldapa gora zenbait elur lauso gurutzatu eta gero Riufred lepora ailegatu ginen. Hemendik hurbil ikusten genituen Pica d'Estats eta Verdaguer.
Lepoaren bertze aldean berriz hau ageri zen.
Sobera gelditu gabe aurrera jo genuen, atzean utziz Riufred lepoa eta bere gainean Montcalm mendia, beste 3000ko famatu bat.
Bertze esfortzu bat egin eta Pica d'Estats eta Verdaguer mendien arteko lepora igo ginen, hemendik ezkerrera biratuz eta tontorra zapalduz. Gure bigarren hirumilako mendia. Gainera bakarrik geunden, eta tenperatura ederrarekin gailurraz gozatu genuen, argazkiak ateraz.
Gailurretik Verdaguer mendia eta jendea bertan. Denbora gehiegirik egon gabe Picatik jaitsi eta ti-ta batean Verdaguerreko gailurra zapaldu genuen.
2h 30min: Pic Verdaguer (3131m)
Eguneko bigarren tontorra nahiz eta meritu gutxiko izan.
Gailurrean ikusmiraz gozatzen...
Jaitsieran berriro Cometa d'Estats lakuen ondotik pasa eta Port de Sotllora igo ginen.
Betan atsedenalditxoa hartu eta estany d'Estatsera jaitsi ginen, gure hotelera. Kanpina desmontatu, motxilak bete eta zerbait jan ondotik behera.
Estany d'Estatseko beheko aldetik Pica d'Estats dotore gu agurtzen.
Eta Estany de Sotllotik ere berdin. Behin eta berriro begiratzen genuen atzera.
Sotlloko lakutik Plans de Sotlloko tartean ez genuen igoerako bide bera egin eta destrepe konplikatu batetik jaitsi ginen, motxila pisuekin. Parajea bikaina benetan!
Jadanik, nekatzen hasiak ginen, beroa, ordu gutxiko loa eta jaitsiera luzea zirela medio eta Pla de Boeteko zelaiak ikusi genituenean poz txiki bat hartu genuen, baikenekien ibilbidearen amaiera hurbilago genuela.
Jaitsieraren azken zatian. erran beharra dago gu jaisten ari ginela jende mordoa gurutzetu genuela gorako bidean blai eginda. Beharbada gu sobera goiztiarrak izanen gara, baina ez nuen haien lekuan egon nahi horrelako beroarekin eta gorako bidean...
Eguerdiko biak aldera ailegatu ginen autora. Hala ere, okerrena gelditzen zen oraindik, autoz pista madarikatua jaistea Areuraino. Areuko kanpinean bazkaldu genuen ibilaldi bikaina egin izanaren pozarekin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina