2009/07/29

Taillon (3144m)

EGUNA: 2009/07/29

IRTEERA: Col de Tentes (2208m)

EGURALDIA: Eguzkitsua

ZAILTASUNA: Errexa (F)

DENBORA: Igoera 2:45 ordu. Denetara 6:10 ordu.

NOLA IRITSI: Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere atzean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).

SARRERA: 
Taillon mendi ezaguna da. Bere edertasunak eta batez ere, Pirinioetako 3000 metrotik gorako mendirik errexena izateak urtero jende oldea eramaten du bere tontorrera. Seguraski hau izanen da Pirinioetako mendietatik jende gehiena igotzen dena. Gavarnieko zirkuak, Brecha de Roland famatuak eta Ordesako Paarke Nazionalak postal paregabea osatzen dute mendiaren inguruan. 
Guretzat ere berezia izan zen, lehenengo 3000koa izan baitzen. Igotzeko erabili genuen bideaz gain, hegoaldetik ere (Gorizeko aterpetik) jende asko igo ohi da. Neguan ezaguna da bere Ipar Aurpegia, dudarik gabe Pirinioetako eskalada klasikoetako bat.

DESKRIBAPENA: 
Bagenuen gogoa Pirinioetako 3000 metrotik gorako mendi bat igotzeko. Honela internetez aukera ezberdinak ongi aztertu eta gero gure hautua Taillonen aldekoa izan zen. Zonaldearen edertasuna ezagutzeak eta batez ere, errezenetarikoa izateak animatu gintuen saiakera egitera. Horretarako, udako egun libre batzuk hautatu eta Gavarnie aldera joan ginen egun batzuk pasatzera. Troumouseko zirkuan eguna pasa ondotik, hurrengo egunerako eguraldi ona ematen zutela ikusita saiatzea erabaki genuen.
Goizean goiz jeiki, kanpinean gosaldu eta kotxean abiatu ginen Tentes leporaino. Bertako aparkalekua jadanik kotxez betetzen hasia zen eta bidean gora jende andana ikus zitekeen oinez jadanik. Honela, gauzak prestatu eta zortziak eta hogei aldera abiatu ginen.

0h 00min: Col de Tentes (2208m).
Ilusio handiz ekin genion bideari, marmotaz betetako zonaldean.

Aurrean Taillongo Ipar Aurpegi ikusgarria...

Tenteseko lepotik, Bujaruelo edo Boucharo leporainoko errepide zatian ibiltzen hasi ginen. Zati hau nahiz eta asfaltatuta egon, trafikoari itxita dago, harri-jausiak direla eta. Gure ezkerretara Pouey d'Aspeko haran berdea ageri zitzaigun, atzekaldean Pimene mendia duela.

0h 20min: Bujaruelo edo Boucharo lepoa.
Ti-ta batean leporaino ailegatu ginen eta gelditu gabe ezker hartu genuen, bidexka zabalean gora, Sarradets aterpe aldera.

 Taillon eta Gabietouseko Ipar pareten azpitik ibili ondotik, bidea goraka hasi zen eta segidan ondoko errekatxora iritsi ginen. Hemendik jaisten da Taillon glaziarretik urtzen den ura. Pausua gainditzeko kate batzuk daude hemen baina ez du inolako zailtasunik. Hori bai jendea askotan bertan pilatzen da.

Kateen zatia gainditu eta gero Taillon glaziarraren ondotik pasatu ginen. Hor ikusten da baita El Dedo izeneko harkaitza famatua.

Atzera begiratuta Vignemaleko mendiak azaltzen zaizkigu dotore, baita aparkalekua ere.

Segidan ailegatu ginen Sarradetseko lepora. Hemen ikuspegi zoragarriak gure bista alaitu zigun. Sarradets aterpeaz gain, Casco, Torre eta Picos de la Cascada mendiek Gavarnieko zirkua ixten dute.

 Eta eskuin begiratuz gero, Brecha de Roland liluragarria.

1h 25min: Sarradets aterpea (2587m).
Aterpera heldutakoan gelditu gabe aintzinera segitu genuen, horrela aurrean genuen jende pila aurreratuz. Beherakoan bixitatuko genuen aterpea.

Lehen malda pikoa gainditu eta Brechak gehiago liluratzen gaitu. Izugarria da bere tamaina.

1h 50min: Brecha de Roland (2807m).
Brechako glaziarra gainditu eta Brecharaino igo ginen. Beste aldean Ordesako Parke Nazionalak ongi etorria egin zigun, baita haize finak ere.

Ordesako Parke Nazionala.

Brecha atzean utzi eta hegoaldetik altuera hartzen segitu genuen, minutu gutxiren buruan El Dedo harkaitzera iritsiz. Harkaitza iparraldetik gainditzen momenturen batean eskuez lagundurik eta azkeneko malda bertzerik ez da gelditzen Tailloneko gailurrera iristeko.

2h 45min: Taillon (3144m).
Poliki-poliki indarrak gordez uste baino errexago ailegatu ginen Tailloneko gailurrera. Uste baino errexago eta uste baino lehenago! Gure lehen hirumilakoa! Ze poza! Bistak ere ederrak oso!

Hau da igo duguna. Atzean Marbore, Cilindro eta Monte Perdido.

Gailurreko argazkia Vignemale atzean dugula.

Zenbait argazki atera ondoren beheerakoari ekin genion. Azken malda jaitsi ondotik hau da Taillonek eskaintzen duen ikuspegia.

Eta berriz ere Brechara hurbiltzen. Aurrean Casco de Marbore mendia.

Hor dago Brecha berriz ere.

Sarradets aterpean zerbait jateko geldialdia egin eta bertze bide zatia disfrutatuz baina geldialdi askorik gabe egin genuen. Errepide zatia nahiko astuna egin zitzaigun. Hala ere, poza hain zen handia, arazorik gabe heldu ginela kotxera.

Honela, kotxea hartu eta azken begirada bota genion Tailloni. Dudarik gabe buruan gordeko dugun mendia!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina