EGUNA: 2012/05/09-2012/05/10
IRTEERA: L'Artigusse (1591m).
ZAILTASUNA: Errexa (F). Elurrarekin zailtasunen bat egon daiteke azkeneko ertzean baina oro har igoera errexa da.
EGURALDIA: Eguzkitsua.
DENBORAK:
- L'Artigusse - Refuge de Bastan: 3 ordu eta 22 minutu
- Refuge de Bastan - Pichaley: 1 ordu eta 25 minutu
- Pichaley - L'Artigusse: 2 ordu
NOLA IRITSI:
Pirinioen paraleloa den A64 autopistan barrena joango gara 15. irteeraraino, hau da, Lanemezango irteeraraino. Hemen hegooalderantz, Arreau eta Saint Lary herrietara joango gara Vallee d'Aure haran ederrean gora. Saint Lary herria atzean utzi eta Aragoira eramanen gaituen errepidea hartuko dugu, baina kilometro gutxi batzuetara, eskuinetara biratuko gara Fabian herrixkan, Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuz. Hem,endik igoko gara zabalune batean dagoen lehen aparkalekuraino: L'Artigusseko aparkalekua.
SARRERA:
Elur gutxiko negua eta gero, apirilak elurra ekarri du Pirinioetara eta eskiak gorde aintzinetik azken ibilaldiak egiteko egun egokiak emango ditu maiatzak. Hori dela eta, egun pare bat libre hartu eta hala abiatu ginen Saint Lary aldean, jadanik ezagutzen genuen Bastan aterpe politeraino igo eta handik zerbait errexa egiteko asmoz. Dena den, hainbat motibogatik azken orduan igoeraz aldatu behar izan genuen eta Pichaley mendi ezezaguna igo, uste baino bista ederragoak utziko zizkiguna.
DESKRIBAPENA:
Asteazken gauean abiatu ginen kotxez, baita aldrebes abiatu ere. Autopistako obra batzuek, autopistatik ateratzera behartu gintuzten eta ondoren bidez nahasita, Behe Nafarroa eta Lapurdiko bideetatik galduta ibili ginen autopistara ezin berriz sartuz. Honela, goizaldeko biak aldera ailegatu ginen Saint Laryra bertan gaua pasatzeko asmoz. Horrela, biharamunean ez goizegi ernatzeko erabakia hartu genuen, kanpin gasa ere erosi behar baikenuen dendaren batean.
Bederatziak aldera jeiki ginen eta erosketatxo batzuk eginda L'Artigusseko aparkalekuraino igo ginen gauzak prestatu eta handik Bastan aterpera igotzeko asmoz. Elur gutxi ikusten zen inguruan, baina hala ere, eskiekin eta erraketekin igoko ginen, gorago elurra izatea espero baikenuen. Usteak erdia ustel! Motxila pisuak eskiak eta guzti bizkarrean hartuta Ouleko lakuraino eramango gintuen pista igotzen hasi ginen. Ia ordubete goraka eginda ailegatu ginen uste baino lehenago bertara eta iristean sorpresa... Elurrik ez zegoen ia-ia inguruetan. Horrela aurrera segitu edo ez erabaki beharrean ginen. Eskiak nonbait gorde eta segitzea pentsatu genuen, baina azkenean eskiko botak ere uztea hobe zela erabakita berriro kotxeraino jaitsi ginen. Aldatu, eskiak, botak eta polainak (gerora ederki botako nituen falta) autoan utzi eta berriz goraka. Lehen eguneko plana aterpera igo eta zerbait egitea bazen ere, azken orduko aldaketengatik aterpera igotzea bakarrik pentsatu genuen.
2012/05/09
0h 00min (0 km): L'Artigusse (1591m)
Hala ba, ordu bata inguruan berriz ere goraka abiatu ginen. Pistatik egiten dira Ouleko lakura arteko metroak.
Igo ahala lehen mendi elurtuak bistaratzen hasi ginen.
Pista oihan batean sartzen da eta irteera Ouleko aterpea agertu zitzaigun zuhaitz artetik. Garai honetan itxita zegoen, neguan eta udan soilik irekitzen baitute. Aterpea baino gehiago mendiko hotel bat da, turistentzat eta ez mendizaleentzat.
0h 40min (3 km): Lac de l'Oule (1821m)
Azken zigzag batzukin urtegiko pareta handia gainditu eta Ouleko laku edo urtegi ederrera ailegatu ginen. Atzealdean Bastan mendia agertzen zen tente.
Lakua gure eskuinean utzita aurrera segitu genuen pistatik. Parean Bastan momentu oro.
Etxola zahar honen ondotik pasa ginen.
Lakuaren beste aldean Ludeko txabola aurkitzen da. Bere atarian geldialdia egin genuen bazkaltzeko. Etxola nahiko berrituta dago, baina itxita dago mendizaleentzat. Bazkalostean, aurrera segitu genuen, etxolaren ondotik ateratzen den bidexka tentea hartuz. Seinale batek adierazten zigun bidexka horretatik Bastan aterpera iritsiko ginela.
Bidexkan gora abiatu eta berehala sugegorri honekin topatu ginen. Pirinioetako Aspid sugegorria da, oso pozoitsua.
Ouleko lakua behean gelditzen zen bidexkan gora gindoazen heinean.
Eta paisaia gero eta ederragoa zen..
Bidexka Bastaneteko pinudian barrena igotzen da.
Pinuditik ateratzean Bastango artzain txabolara ailegatu ginen. Hau ere, itxita. Hala ere, itxura ederra dauka eguzki-plaka eta guzti.
Artzain etxola pasatu eta berehala Col de Portetetik datorren bidearekin elkartu ginen. Bidegurutzean, aterpera segitu beharreko bidea adierazten digu seinale batek.
2h 29min: Lac Inferieur de Bastan (2141m)
Erritmo onean Bastango zonaldeko lehen lakura iritsi ginen. Lekua zoragarria da! Lakuaren inguruaren elur dexente aurkitu genuen jadanik eta polainak autoan utzi nituenez bidetik atera behar izan genuen aurrera segitzeko.
Elur gutxiko lekuak bilatzen saiatu ginen.
3h 01min: Lacs du Milieu de Bastan (2197m)
Bastango bigarren lakura ailegatu ginen ahal genuen bezala. Tarteka izterretaraino sartzen ginen elurretan eta momenturen batean buelta hartzea ere pentsatu genuen, baina aterpea hurbil zegoela jakinda bertaraino iristea erabaki genuen.
Laku izoztua zeharkatzen...
Bastan eta Portarras mendiak parez pare, tartean Bastanet lepoa dutela. aterpea ikusten hasi ginen pinu tartean.
Hirugarren lakura ailegatzen...
Hirugarren lakua atzean utzita azken malda bertzerik ez zen falta aterpera iristeko.
3h 22min (9 km): Refuge de Bastan (2255m)
Azkenean eta ederki kostata iritsi ginen ipuinetakoa dirudien aterpe honetara.
Lac du Milieu de Bastan.
Aterpea ikaragarria da eta bertan gaua pasatzeagatik bakarrik merezi du ibilaldiak. Guardarik ez dagoenean (ekainetik irailera soilik egoten da guarda), aterpe ia guztia irekita uzten dute. Behean, sarreraren ondoan gauzak uzteko tokia dago eta aurrerago jantoki txiki baina polit su eta guzti. Goiko pisuan berriz, bi logela daude, horietako bat irekita uzten dutelarik (12 pertsonak lo egiteko tokia dago). Udan erran bezala zaindua dago eta otorduak ematen dituzte, 20 pertsonentzat tokia izateaz gain. Aterpearen kanpokaldean mahai eta aulki ugari daude, metro gutxitara iturri bat eta beheraxeago dutxa, nahiz eta neguen ez duen funtzionatzen. Pixka bat urrunago egurrezko komuna dago, dena ongi zaindua eta oso atsegina.
Aterpe inguruak.
Arratsaldean inguruak arakatzen aritu nintzen, jostailu berria eman dioten umea bezala. Bota urez beteta nituen baina inguruak merezi zuen. Zortziak inguruan, jantokian afaria prestatu eta kanpoko terrazan afaldu genuen.
Biharamuneko plana aldatu behar izanen genuela adostu genuen. Izan ere, azkenean uste baino elur gehiago zegoen inguruetan eta horrek asko zailduko zigun Portarras edo Bastan (hasieran horiek ziren gure helburu) mendietara iristea. Lehen aipatu bezala erraketak eta eskiak autoan utzi genituen eta nik polainak ere bai. Beraz, inguruan elur gutxien zuen mendia igotzea erabaki genuen. Pichaley mendia zen, eta gainera bertatik Saint Laryko eski estazioko pistetara jaisten ahalko ginen Ouleko lakura ibilbide zirkular bat burutuz iristeko. Horrela ba, sutondoan gustora egon eta gero lotara joan ginen. Argazkian, Bastan eta Portarras ilunabarrean.
2012/05/10
0h 00min (0 km): Refuge de Bastan (2255m)
Bakarrik egonda ez genuen aterpeetan ohikoak diren zurrunken soinurik entzun eta oso ongo egin genuen lo! Zazpiak aldean ernatu ginen, presarik gabe gosaldu, aterpea garbitu eta gauzak prestatu ondotik abiatzeko.
0h 05min: Lac Superieur de Bastan (2260m)
Egunsenti ederra zegoen oso eta tenperatura ere nahiko altua izan zen gauean zehar. Horrek elurra nahiko bigun egotea eragin zuen eta oinez ibiltzea asko kosta zitzaigun. Lakua eta Bastan mendia ezkerretan utzita Bastan lepora igotzea zen asmoa, bertatik Pichaleyko ipar arista igotzeko.
Atzekaldean Neouvielleko mendi ederrak agertzen hasi ziren.
0h 50min: Col de Bastan (2481m)
Elurretan nekez aurreratu eta gero, azken metroak garbi zeuden eta horrek lagundu zigun lepora iristen. Lepoaren iparraldera Bastan d'Aulon mendiko arista ederra ageri zen.
Hegoaldean berriz guk igoko genuena, askoz ere errazagoa, nahiz eta elur gehiago izan.
Ekialdean Arbizon mendia ikusten genuen, Aureko haran zabalaren zaindari. Alde horretara jaitsiz gero Aulon herriraino iritsiko ginateke. Hala ere, egun horretan kornisa handia zegoen lepoan eta oso zaila zen alde horretara jaistea.
Horrela, lepoan atseden pixkat harti eta gero arista errazean gora abiatu ginen inguruaz gozatuz.
Lehen metroak oinez, atzean Bastan d'Aulon genuela.
Aurrerago trepada erraz batzuk egin genituen elur zatiak mendebaldera pasatuz ekidinez.
Hala, uste baino azkarrago gailurrera atera ginen.
Hegoaldera Saint Laryko eskimpistak bistaratu genituen, sasoi honetan itxita noski. Bertatik jaitsiko ginen bakardadean.
1h 25min (1,5 km): Pichaley (2626m)
Gailurra atzean Bastan, Portarras eta Bastan d'Aulon mendiak daudela ezkerretik eskuinera.
Gailurra nahiz eta oso altua ez izan, begiratoki aparta da, gehienbat Neouvielleko Erreserba Naturalaren bista ederrak eskaintzen dituelarik.
Argazkia bai, gailurra bai!!!
Gailurretik ateratako argazki panoramiko bat, hego mendebalderantz. Ezkerretik eskuinera, bertzeak bertze: Garlitz, Bataillence, Bugatet, Mechant, Campbieil, Pic Long, Turon de Neouvielle, Trois Consellers, Neouvielle, Bastan, Portarras...
Hegoaldera, ezkerretik eskuinera, bertzeak bertze: Perdiguero, Gourgs Blancs, Posets, Lustou, Culfreda...
Goian argazkiak ateratzen, jaten, edaten eta atseden hartzen ia ordubetez egon eta gero beherakoari ekin genion, hegoalderantz aldapa tentean jaitsiz.
Lehen metroak nahiko tenteak ziren, baina elurra bigun zegoenez seguru jaisten zen.
Atzera begirada Pichaley mendiari.
Eski estazioan bidexkatik jaisten.
Berriro Bastango lakuetara eta aterpera eramango gintuen bidexka eskuinetara utzi eta Ouleko lakura jaisten hasi ginen zuzenean belardietatik. Parean Mechant mendia.
Beherago pista honetatik segitu genuen.
Ouleko laku ederrera hurbiltzen. Ikusgarri zegoen Pirinioa egun hauetan.
Elurra urtzearekin batera erreka indartsu jaisten ziren.
3h 56min: Refuge de l'Oule (1821m)
Berriz ere lakura bueltan Ouleko aterpearen ondotik pasatu ginen. Bertan, bezperan igotako pistara bueltatu ginen.
4h 28min: L'Artigusse (1591m)
Berriz ere autora bueltan Neouvielle mendia parean genuela.
Aldatu eta laster batean Saint Laryra jaitsi ginen bazkaltzeko toki bila. Ongi aprobetxatutako irteera izan zen, nahiz eta elurrak azpijoko ederra egin zigun. Pirinioak ikusgarri daude egun hauetan! Argazkian Fabian herrixka. Bertze bat arte!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina