EGUNA: 2012/07/15
DISTANTZIA: 13,18 km.
DESNIBELA: + 1029 m , - 819 m.
DENBORA TOTALA: 6 ordu et 48 minutu.
DENBORA ERREALA: 5 ordu eta 4 minutu.
DENBORA PARTZIALAK:
- Estany de Sant Maurici - Refugi de Amitges: 1 ordu.
- Refugi d'Amitges - Refugi de Saboredo: 1 ordu eta 40 minutu.
- Refugi de Saboredo - Refugi de Colomers: 2 ordu eta 20 minutu.
SARRERA:
9 aterpe, 60 kilometro, 5000 metroko desnibel positiboa, 10 lepo, 36 laku... Carros de Foc Kataluniako Aigües Tortes parke nazionalean barrena doan zeharkaldi ezagunaren zenbaki batzuk bertzerik ez dira. Duela 4 urte parkea lehendabiziko aldiz bisitatu genuenean egunen batean zeharkaldi hau egin behar nuela pentsatu nuen. Azkenean, aukera suertatu, aterpeetako erreserbak egin eta Val d'Aran aldera abiatu ginen ametsetako bat burutzera.
DESKRIBAPENA:
Uztailaren 14ean, arratsaldez atera ginen, Baionan A64 autopista hartuz Val d'Aran bailaran barrena. Port de la Bonaigua mendatea zeharkatu eta Aneuko bailarara jaitsi ginen, Espot herriraino. Aigües Torteseko parke nazionaleko sarreretako bat da Espot. Bertan, aparkatu eta biharamunean Sant Mauricira eramango gintuzten 4x4 taxien ordutegiak begiratu genituen.
Uztailaren 15ean, zortzietan ernatu ginen, taberna batean gosaldu eta bederatzietan hartu genuen taxia. Taxi hauek Espot herritik hainbat puntutara eramaten dute jendea. Guk, zeharkaldiaren hasierako puntuetako batera, Sant Maurici lakura, joateko erabaki genuen hartzea, horrela autoa herrian utzi ahal izateko.
9:32 : Estany de Sant Maurici (1930m).
Behin lakuan, zeharkaldiaren hasierako argazkia egin eta martxan jarri ginen. Bost egun bikain genituen aintzinetik eta eguraldia ere ederra oso. Laku hau leku aproposa da zeharkaldia hasteko, bertaraino taxia izateaz gain, Parke nazionaleko lakurik ezagunena eta bisitatuena delako. Honez gain parkeak bere izena ere badarama.
Lakutik gora seinale batek iragartzen digi Amitges aterpe aldera jarraitu beharreko bidea. Lehen metro hauek pista eroso batetik egingo genituen Els Encants mendi ikusgarriak begira genituela. Urrunago, azken egunean igoko genuen Peguera mendia ere ageri zen.
10:02 : Estany de Ratera (2130m).
Pistan gora ibilbidean aurkitu genituen ehundaka lakuetatik lehenengora ailegatu ginen.
Puntu honetan pasako genuen lehen aterpea ikusten hasi ginen urrunera.
Metroak irabazi ahala ikusmira gero eta ederragoa zen.
10:36 : Refugi d'Amitges (2370m).
Uste baino azkarrago eta pistaren erosotasunak lagunduta lehen aterpera iritsi ginen. 66 lagunentzako lekua du eta ederra da. Atsedenalditxoa hartu genuen aterpea bisitatzeko eta ogia erosteko.
Ordu erdiko geldialdia eta gero, bidean gora segitu genuen. Aterpetik atera eta minutu gutxira pista bukatzen eta punta gorridun estakek seinaleztatutako bidexkan gora segitu genuen Port de Ratera lepo aldera. Estany Gran d'Amitges, Estany dels Barbs eta Estany de la Munyidera lakuen tartetik pasa ginen.
Bide markatuan gora eginez.
Lepotik hurbil, Estany del Port de Ratera lakua gure ezkerretara utzi eta GR 11 bidexkarekin bat egin genuen.
Port de Ratera hurbil zegoen jadanik.
11:56 : Port de Ratera (2590m).
Lepo zabal honetatik ikuspegi ederra ikuskatzen da iparraldera Saboredo mendia buru dela.
Pixkat aurrerago seinale honek iparraldera birarazi gintuen Saboredoko aterpe aldera. Aurrera segituz gero GR 11 bidexkan barrena Colomers aterpera iritsiko ginetekeen zuzenean baina Carros de Foceko ibilbidea aterpe guztietatik pasatzen da.
Bidexkak behera egiten du Saboredoko zirkuan sartuz.
Lac Major de Saboredo lakua bistan genuela eta marka zuri gorriak jarraituz apurka-apurka jasiten jarraitu genuen.
Segidan Saboredoko aterpearen teilatu gorria bistaratu genuen Lac de Naut eta Lac deth Miei lakuen ondoan. Hala ere, oraindik pixka bat falta zen bertara iristeko.
Lac de Naut polita eskuinetara utzi genuen.
Eta berehala iritsi ginen aterpe txikira.
12:46 : Refugi de Saboredo (2310m).
Gure zeharkaldiko bigarren aterpea. aurrekoa baino zaharragoa eta txikiagoa, baina xarma gehiagorekin eta leku oso ederrean kokatuta. 21 lagunentzako lekua du eta neguan ia aterpe osoa uzten dute irekita. Bertan, lo egitera gelditzeko gogoa ematen zuen, baina erreserba Colomersen genuen. Hala ere, geldialdi luzea egin genuen bazkaltzeko eta kafe bana hartu genuen amaieran. Bakoitzak 2,50 euro! Enfin!
Ordu bat baino gehiagoko geldialdi luzea egin ondotik, pereza sartu baino lehen, aurrera segitu genuen. Lac de Baishera jaitsi eta hemendik Gran Sendrosa mendia inguratzeari ekin genion.
Bidetik, Saboredoko zirkuaren eta ordu batzuk lehenago pasatako Port de Rateraren ikuspegi ederra genuen.
Gran Sendrosa inguratuta, ekialdeko norabidea hartu eta parean genuen Coth de Tuc Gran de Sendrosa lepoa igotzen hasi ginen.
14:48 : Coth de Tuc Gran de Sendrosa (2450m).
Igoera motza da eta laister batean iritsi ginen gora. Bertatik Colomerseko zirkuaren ikuspegi zabala aurkitu genuen, baita Colomerseko aterpearena ere.
Jaitsiera gogorragoa egin zitzaigun eta eguneko nekeak nabaritzen hasi ginen. Bidea zenbait bidetan zatitzen da zenbait momentutan baina beti elkartzen dira. Beherago aldiz, guk jarraitu beharreko bidea eskuinetara biratzen da nabarmen jaitsiera bukatuz. Meatze zahar honetara iritsi gine eta arte bat hartu genuen bertan sartzeko.
Aurrera jarraituz, muino bat zeharkatuta Lac de Cloto lakura iritsi ginen.
Oraindik zertxobait falta zen ordea aterpera heltzeko eta bertze muino batera igo ginen. Bertatik urtegiko paretak eta Colomerseko aterpe zaharra bistaratu genituen.
16:07 : Lac Major de Colomers (2130m).
Urtegira iritsita aterpe berria ikusi genuen lehen aldiz. Gutxi falta zen lehen etapa amaitzeko.
Urtegiko pareten gainetik pasa ginen, aterpe zaharra atzean utzi eta berrira heltzeko.
16:20 : Refugi de Colomers (2135m).
Hirugarren aterpea eta lehen egunaren bukaera. Erran bezala lehengo aterpe zaharraren ondoan egin dute berria. Aterpe modernoa da eta handia. 60 lagunentzako lekua dauka. Komunak eta ur hotzeko dutxak ditu.
Behin aterpean, aldatu eta afaltzeko orduaren zain egon ginen lasai ederrean. Afariak aterpe guztietan 7etan izaten dira eta orokorrean ongi ematen dute. Hiru plater eta postrea. Afalondoan, lainoak estali zituen aterpea eta inguruak eta tenperatura asko jaitsi zen. Horrela ba, bertze egitekorik gabe, lotara sartu ginen, zeharkaldia hasi bertzerik ez baitzen egin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina