2012/07/17

Refugi Ventosa i Calvell - Refugi d'Estany Llong

EGUNA: 2012/07/17

DISTANTZIA: 9,62 km.

DENBORA TOTALA: 6 ordu eta 29 minutu.

DENBORA ERREALA: 5 ordu eta 20 minutu.

DENBORA PARTZIALAK:
- Refugi Ventosa i Calvell - Collet de Contraix: 2 ordu eta 10 minutu.
- Collet de Contraix - Refugi d'Estany Llong: 3 ordu eta 10 minutu.

DESNIBELA: + 683 m , - 901 m.

DESKRIBAPENA:
3. etapa. Aurreko biak baino motzagoa zen distantziaz baina tartean zeharkaldiko leporik zailena eta ezerosoena gurutzatu behar genuen: Contraix lepoa. Hala ere, eta nahiz eta fama txarra izan, lepo hau gainditzea ez da bertze munduko ezer. Nahiko igoera deserosoa du harrizko bloke erraldoiz josita baitago, eta jaitsiera ere luzea eta astun xamarra da. Hori bertzerik ez.

7:28 : Refugi Ventosa i Calvell (2173m).
Gaua aterpeko jantokian pasa eta gero, goizeko seietan ernatu gintuzten zaindariek gosariak emateko. Lo gutxi eginda, gosaldu eta martxan jarri ginen eguzkiak gogor jo baino lehen lepoa gainditzeko asmoz. Aterpeari eta Besiberri mendiei agur erran genien.


Eta gure eguneko lepoa bistaratu genuen urrunean.


Lehenengo metroak malda behera dira, bidexka nabarmenean, Colietoko lakuetara iritsi arte.


Contraixko lepoa une oro aurrean, bertara iristeko aunitz falta zela gogoraraziz.


Lakuen tarteko bidea erosoa eta laua zen eta azkar aurreratu genuen bertatik.


7:58 : Estany Gran de Colieto (2180m).
Laku heldu ginen oraindik goiz freskoan.


Lakua gure eskuinetara utzi eta atzekaldeko azken belardi erosoak gainditu genituen. Hortik aurrera maldak goraka egingo zuen nabarmen eta harrizko bloke handien tartean galduko ginen.


Bidean gora ikuspegia gero eta zabalagoa zen.


Zenbait malda eta atseden gune tartekatu, parez pare genuen lepoa. Oraindik bloke kuadrila geratzen zen zeharkatzeko, baita bukaeran kanal tentea ere.


Eguzkitik ihesi jarraitzen genuen eta tenperatura freskoa zen oso.


9:38 : Collet de Contraix (2760m).
Azken kanale tentea eta trepada txiki bat gaindituta lepora ailegatu ginen. Harri solteek pixkat zailtzen dituzte azken metro hauek, baina bertzerik gabe.


Lepoaren bertze aldean Contraixko lakuak ongi etorria egin zigun.


Eguzkitan tarte zabala egon ondoren, jaitsiera luzeari ekin genion. Lehenengo harrizko bloke ezerosoetan barrena Contraixko lakura jaitsiz eta lepoa atzean utziz.


Ondoren, bideak bortizki jaisten zen beherako bailararen bila. Bailararen behekaldean aurkituko genuen aterpea.


Tarteka atseden gune batxuk ere eskaintzen zizkigun bidexkak.



Eta bapatean Estany Llongeko lakua eta izen bereko aterpea bistaratu genituen. Hori zen gure eguneko helmuga.


13:44 : Refugi de la Centraleta (1905m).
Bailararen sakonean, neguan (Estany Llongeko aterpea itxita dagoenean) bakarrik irekitzen den aterpe libre honetara iritsi ginen. Hemendik, malda bat gainditu eta pista batean barrena Estany Llongera iritsiko ginen.


13:57 : Refugi d'Estany Llong (2005m).
Honela eman genuen bukatutzat etaparik motzena. Estany Llong aterpera pista bat heltzen da Boi herritik eta bere irisbide erraza dela eta jende askok bertatik hasten du zeharkaldia. Oro har aterpea ongi dago. 49 lagunendako tokia gela bakarrean, janari ona eta dutxa beroak 2 euroren truke. Ogia ere saltzen dute nahi izanez gero.


Bapo bazkaldu eta gero arratsaldea atseden hartzeko aprobetxatu genuen. Horretarako, aterpetik 10 minutura dagoen Estany Llong lakura hurbildu ginen. Zeharkaldiaren erdia baino gehiago eginda genuen dagoeneko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina