2013/05/05

Soum des Salettes (2976m)

EGUNA: 2013/05/05

IRTEERA: Piau Engaly eski estazioa (1850m)

ZAILTASUNA: Igoera (PD). Jaitsiera (S2).

DENBORAK: Igoera: 3 ordu. Jaitsiera: Ordu bat (Eskiekin, bertzela bi ordu).

NOLA IRITSI:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Bidean goazela, eskuinetara Piau Engaly eski estaziora igotzen den bidea hartu beharko dugu. Estazioaren goiko partean dauden aparkalekuetako batean utziko dugu autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (6 km) eta Piau Engalyko bidea hartuko dugu.

DESKRIBAPENA:
Jadanik eski denboraldiaren bukaeran gauden honetan bi eguneko  zeharkalditxo polita diseinatu eta Bielsa-Saint Lary ingurura abiatu ginen gogotsu. Berez zeharkaldia larunbatean eta igandean egitekoa genuen, baina larunbatean abiatu eta igo beharreko bi lepoek ekialdeko orientazioa izaki elurra laister zopatu zen eta arriskutsua zela ikusirik buelta hartu genuen lehen lepoan. Bertze batean itzultzeko aitzakia badugu behintzat.

Hasierako arantzatxoa ordea, igandean egin genuen ateraldi ederrean atera ahal izan genuen.

7:27 : Piau Engaly (1850m).
Bielsan gaua pasa ondotik, bezperan baino lehenago ernatu ginen elurrak maiatzean transformazio azkarra duela ikusi eta sufrituta. Piau Engalyra hurbildu, gauzak prestatu eta gora abiatu ginen. Estazioaren gaineko aparkaleku batean utzi genuen autoa eta Badeteko bailara hartu genuen eski pista batetik jaitsita. Mouscades teleaulkiaren azpiko zatira jaitsi eta harantxoan gora abiatu ginen eguneko helburua bistan genuela. Eguzkia Port de Campbieil lepoaren ekialdeko maldak berotzen hasia zen jadanik.




Badet harantxoan metro batzu eginda  gure eskuinetara metroak irabazten hasi ginen Estargne eta Campbieilen paretatzarrak inguratuz. Elur-jauzi arriskuarekin hobe da haranetik segitzea eta gero biratzea Port de Campbieleko lepo aldera. Bitartean, ekialdetik lainoak etorri eta zerua tapatzen hasi ziren. Egun honetan ongi etorriak izan ziren elurraren transformazioa pare bat orduz gibelatu baitzen.



Gora egin ahala pasatu beharreko Port de Campbieil lepoa ikusten hasi ginen Soum des Salettes eta Lenquo de Capo mendien artean.



Gibelean igotako bailaratxoa eta Mechant eta Bugateteko pareta beldurgarriak.



Campbieilen beheko zatia erabat inguratu ondotik eskuinetara biratu eta mendebaldeko norabidean Port de Campieileko azken malda igo genuen.



9:30 : Port de Campbieil (2598m).
Lepora ailegatzean haize freskoak egin zigun ongi etorria. Ez zegoen han geldi egoteko girorik, beraz azken malda igotzeari ekin genion.



Aitzinetik hala ere Vignemale eta enparauen ikuspegi eder honekin gozatu genuen. Goian izanen genuen ikuspegiaren aperitibotxoa bertzerik ez zen hau.



Soum des Saletteseko azken malda itxura hau zeukan. Elur dexente eta gailur nahiko hurbil ikusten da. Hala ere, efektu optikoa bertzerik ez zen ia 400 metroko desnibela gainditu beharko baikenuen oraindik.



Denborarik galdu gabe bada metroa irabazten hasi ginen poliki-poliki. Lainoek ere atseden bat eman ziguten zati honetan eta haizea erabat gelditu zen. Atzera begirada lepo aldera Campbieil mendia laino tartean zegoela.



2800 metro inguruan ezkerreko foka-larrua hautsi eta eskiak utzi behar izan nituen. Dena den azken metroak oinez egin behar dira nahi eta nahi ez.



Gailurrera iristen...



10:44 : Soum des Salettes (2976m).
Hiru milako maila guttigatik ez gainditzea bertze mendi asko baino aise lasaiagoa izatea ekartzen du. Gailurrean egon ginen momentuan ez zegoen inor gehiago, nahiz eta gero bertze batzuk agertu.







Eguzkiak ere ongi etorria egin zigun eta ederki egoten zen bertan. Mendebaldean gailurreko ertz polita eta urrunean Vignemaleko mendizerra.



Añisclo, Monte Perdido, Cilindro de Marbore, Marbore, Torre, Casco eta Taillon mendiak bertzea bertze hegoaldean. Behean berriz Troumouseko zirkura igotzen den errepidea oraindik elurturik.



La Munia eta inguruko mendiak laino tartean gordeka zebiltzan. Hurbilago Gela eta Gerbats mendiak eta beraien elur malda bikaina. Eskiatzeko aproposak.



Ekialdean Aureko bailara. Zenbat aukera duen inguru honek. Nik uste ondoan 3000ko mendigune gehien dituen ingurua dela. 11 mendiguneetatik 5 Aragnouet-Bielsa tunelaren bi aldeetatik arras hurbil daude: Neouvielle, Ordesa-Monte Perdido, Bachimala, Posets eta La Munia.


Ipar mendebaldean Gedre herrira eramanen gintuen harana.


Iparraldean Neouvielleko erreserbako hiru mendirik enblematikoenak: ezkerretara Pic Long, erdin urrunago Neouvielle bera eta eskuinean Campbieil.



Gailurreko panorama argazki sesioa akitzeko.





Goitiko ikuspegiarekin gozatu ederra hartu eta gero beherakoari ekin genion. Gailurraren azpiko harresitxoa jaistean eskiatzaile kuadrila batekin gurutzatu ginen.


Harresitik behera elurra eskietaraino.


Jaitsieran ere inguruaz ederki gozatu genuen. Ardiden mendia urrunean.


Lehen metro horiek jaitsira eskiak jantzi nituen eta behera. Elurra denetarikoa: lehen zatitxoan hautsa, lepora iristeko gogorxeagoa, lepotik behera udaberriko elur goxo-goxoa eta azken zatian kaka zaharra. Bi eskiatzaile Gela mendiari begira azken zatian.


Soum des Salettes atzean jadanik...


Jaitsitako azken malda harrizko harresiaren arteko maldatik.


Eta honaino ailegatu zen eguneko jaitsiera, askotan bezala erreka bateraino.



13:18 : Piau Engaly (1850m).
Azken metroak eski pista batetik egin genituen garai honetan hutsik eta abandonatuta dagoen Piau Engaly ingurura.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina