2013/05/11

Aspe (2645m)

EGUNA: 2013/05/11

IRTEERA: Rigüeloko aparkalekua, Aisa (1470m)

ZAILTASUNA:
- Alpinismo zailtasuna: PD-
- Eski zailtasuna: S3

DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu bat

NOLA IRITSI: Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena Jaca aldera eginen dugu. Jacara ailegatu aitzinetik, Puente La Reina de Jaca herrian, ezkerretara hartuko dugu Hecho aldera doan errepidetik. Bide horretatik segiko dugu Aragües del Puertoko desbiazio ikusi arte eta jarraian Jasa herrikoa hartuko dugu. Jasa herritik pasatzen da Aisa herriraino doan errepidetxoa. Aisara ailegatu aitzinetik ezkerretara hartuko dugu Rigüeloko amildegian gora igotzen den bidean barrena eta bertatik segiko dugu burdinezko balengo batek bidea moztuko digun arte.

DESKRIBAPENA:
Aspalditik buruan nuen mendi hau eta duela hilabete inguru lainoagatik buelta eman ondotik itzulltzea erabakia nuen, ahal bazen eski denboraldia akitu aitzinetik. Hala, larunbaterako iragarrita zeuden baldintza onak aprobetxatuz eta lagun batzukin aspalditik aipatutako ateraldia egin bidenabar, Aisa aldera abiatu ginen gogotsu.

Gaua Rigüeloko aparkalekuan pasako genuen eta biharamunean seietan ernatuta gora abiatuko ginen.

7:20 : Rigüeloko aparkalekua (1470m).
Zakutik ateratzea dexente kostatu ondotik, nahi baino beranduxeago atera ginen azkenean balengo berdea zeharkatuta. Dena den ipar haizea iragarrita zegoen eta ez zirudien elurrak arazo handirik emanen zigunik. Pistatik gora minutu gutxitan Rigüeloko zirku ederra gure aitzinean genuen tontor zuriak zaindari zirela. Uste baino elur gehiago zegoen gainera.


Errekaren ondoan akitzen da pista.


Hortik elurretara ailegatu arte oraindik zatitxo bat gelditzen zen eskiak porteatuz.


Azkenean ordubete inguruz eskien zama bizkarrean eraman ondotik, hainbertze desiratutako elurretan.


Gure pozak gutti iraun zuen ordea. Enbudora iritsi ginenean elur gogorra zela eta eskiak berriz kendu eta kranpoiak jarri behar izan genituen. Igoeraren 3/4ak eskiak bizkarrean egin nituen azkenean.


Enbudoa eta berari jarraitzen dion malda tenteak dira eta desnibel handia igotzen da metro gutitan.


Behin malda horiek gaindituta eguzkiak eta malda goxoagoek pozalditxoa eman ziguten. Gogorrena egina zegoen! Zati honetan berriz eskiak jantzi nituen.



Gailurra begi bistan genuen jadanik.


Baina aitzinetik irudian ikusten den lepora ailegatu beharra zegoen.


11:19 : Brecha de Aspe (2425m).
Lepora iristean iparralderantz ikuspegi ederra ireki zitzaigun behelaino eta guzti. Zoragarri zegoen!


Oraindik ordea azken malda gelditzen zen gure helburura ailegatzeko, beraz denbora gehiegirik galdu gabe berriz gora. Hemendik aitzin malda berriz tentetzen da eta kutxilak autoan utzi nituenez berriz ere kranpoiak jantzi nituen.


11:49 : Sasigailurra (2599m).
Sasigailurrera iritsita azken maldatxoa bertzerik ez zitzaigun falta. Eskiak bertan utzi eta gora!


Azken metroak...


11:56 : Aspe (2645m).
Ez ginen nahi orduko ailegatu gailurrera, baina espektakuluak merezi zuen benetan. Berez, lehenago iristen da, baina kranpoi-eski transizioetan denbora anitz galdu genuen eta horretaz gain lasai igo ginen.


Gailurrean argazki besta hasi zen. Irudian ipar-ekialdeko ikuspegia Midi nagusi dela. Ondoan Arista de los Murcielagos ezagunaren bukaera ere ikusten da.


Igotako bidea lepoa eta sasigailurrarekin. Urrunean berriz Bisaurin.


Lescun inguruko mendiak lainotik salbu.


Eta hegoaldetik hasita lehen erregea Collarada. Horrek ere eskiada ederra omen dauka. Urrunago berriz Gavarnieko zirkuko menditzarrak, Infiernos, Vignemale...


Eta nola ez gu! Gora Moder Mendi Taldea!!!!!!

Gailurrean egonalditxo labur xamarra egin ondotik, beherakoari ekin genion. Elurra baldintza onetan harrapatzea zen asmoa, bai eskiatzeko eta baita oinez jaisteko ere. Eta primerakoa aurkitu genuen, gogorra hasieran eta udaberrikoa gero, dena eskiatzeko primerakoa. Hemen jaitsierako bideo txiki bat. Bertan Brecha de Aspetik elurra akitzen zen lekura arteko jaitsiera osoa dago. Igotzen 2 ordu pasatako zatia 9 minututan jaisten da eskiekin!


 Behin eskiak kenduta berriz ere Rigüeloko zirku ederraren beheko partean geunden. A ze parajea eta ze eguna!
Kotxera berriz porteoa genuen, nahiz eta motza izan. Gainera inguruaz gozatzen segitzen genuen.
Urko eta Javi. Hemendik Himalaiara!
Urkoren afiziorik handiena, mendia baino gehiago, eskiak eta eskiko botak porteatzen ibiltzea da. Jejeje.
Jadanik etxerako bidean autoa gelditu genuen Asperi azken argazki bat egiteko! A zer nolako mendi puska eta konpainia onean gainera!!! Bertze bat arte!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina