2013/06/05

Gabiedou (2809m)

EGUNA: 2013/06/05

IRTEERA: Hotellerie le Maillet (1837m), Gedre

ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S5
- Alpinismo zailtasuna: PD

DENBORA:
- Igoera: 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu bat

NOLA IRITSI:
Baionatik A64 autopista hartuta Tarbeseko irteeraraino joko dugu eta behin autopista utzita Lourdesera. Lourdes hiria zeharkatuta hegoaldera Luz Saint Sauveur herrira eramanen gaituen errepidetik igoko gara eta behin hona iritsita Gavarniekoa hartuko dugu. Errepide honetatik goazela, Gedre herrixka zeharkatu bezain laister ezkerretara desbiazio bat dagoela ohartuko gara. Troumouseko zirkura igotzen den errepidea da. Hemendik igoko gara, errepidea akitu baino 3 kilometro lehenago ikusiko dugun hoteltxora iritsi arte. Neguan normalean errepide zati hau itxita egoten da Gedretik gora.

2009ko udan ateratako argazkia.


DESKRIBAPENA:
Azken asteburuetan gauza bat dela edo bertzea dela atera gabe egon ondotik, denboraldia akitzeko zerbait egiteko gogoz nenbilen eta astetarteko eguraldiaren su etentxoa aprobetxatzea erabaki genuen. Berez intentzioa asteazken eta ortzegunean zerbait egitea zen, lehen egunean aterpera igo eta bigarrenean mendia eginez. Iragarpenak ordea ortzegunerako eguraldi nahasia iragartzen hasi ziren eta asteazkenean eguneko mendi bat egitea erabaki genuen. Hautagaien kastina egiten hasi eta porteoak txikiak izateko Gavarnie eta Neouvielleko inguruak bertzerik ez zitzaizkigun bururatzen. Errepide hauek ordea itxita jarraitzen zuten elurte handiengatik eta bertze zerbaiten bila hasi ginen. Hor atera zen gure ideia. Estaubeko eta Troumouseko zirkuen artean bada mendi lerrotxo bat, ezezagun xamarra eta bakartia. Horra joanen ginen!!
Egindako ibilbidearen krokisa. Argazkia 2013ko maiatzaren 5ean Soum des Salettes menditik ateratakoa da.


6:47 : Hotellerie le Maillet (1837m).
Bezperan gauez iritsi ginen irteera puntura eta ez genuen gau arras ona ere pasa. Hori bai, bakardadea erabatekoa zen. Inor ez inguruetan. Seietan, ordu batzuz iratzargailuak jotzeko zai egon eta gero, altxatu eta gauzak prestatuta martxan jarri ginen. Eguzki printzek gailurrak argitzen zituzten jadanik.


Lehen metroak zelai berde eta erosotik eskiak bizkarrean genituela egin genituen.



Ondotik eskuinerantz altuera irabazten hasi ginen elur-jauzi zaharren gainetik.


Horrela iritsi ginen harkaitz harresiaren azpikaldera. Hemen malda nabarmen handitzen da eta leku arriskutsu xamarra da. Alde batetik, maldan eroriz gero harresitik behera erortzeko arriskua dagoelako. Bertzetik, elur jausi guztiak hemendik kanalizatzen direlako. Guk gainera elurra nahiko egoera txarrean aurkitu genuen zati honetan eta ez zuen segurtasun handirik ematen.


Harresia gaindituta, jadanik eskiak hanketan, malda pixka bat etzaten da. Irudian bertze elur jausi bat zeharkatzen. Seinale ona da denak erorita egotea.


Malda gehiago etzan zen eta elurra ere egoera hobean aurkitu genuen hemendik gora.


Coumbe de Grand Gabiedouko zirkuan sartzen...


Parean Estaube mendia.


Eta gibelean hilabete lehenago igotako Soum des Salettes ederra.


Atsedenaren ondotik berriz malda goiti.


Mendizalearen bakardadea. Ez genuen inor ikusiko egun guztian.


Azken zatian hegoaldera biratu ginen elur gogorreko malda tenteago batetik kontu handiz lepora ailegatzeko.


Azken metroak...


...eta eguzkitara atera ginen lepoaren ondoan.


9:17 : Col 2783m.
Izenik gabeko lepora ailegatuta La Munia eta Robiñera mendietara ihes egiten zigun begiradak.


Puntu honetan utziko genituen eskiak.


Eta gailurreko azken metroak igotzeari ekinen genion.


Malda tente baina errazetik pioletaren laguntzaz igo ginen.


Gailurra dastatzear...


9:23 : Pic de Gabiedou (2809m).
Lehen begirada Pinetako haran berdera erortzen zen. Atzean Añiscloko lepoa eta Las Tres Marias mendiak.


Monte Perdidoko mendigunea lainoak tapatzen zigun.


Gailurreko argazkiak!!!



Gailurraz pixka batean disfrutatuta beherakoari ekin genion. Igotako bidetik jaitsi ordez, azpitik ikusi genuen kanal batetik jaistea erabaki genuen lepoaren bertze aldera pasata. Lehen metroak Gabiedouko ipar ekialdeko korridoretik eginen genituen. Korridore hau motza da, 50 metro ingurukoa eta malda zabalago batean uzten zaitu. Hala ere, kontuz pasatu beharrekoa da 45 graduko malda baitu. Nik oinez jaitsi nituen lehen metro horik eta Urkik aldiz eskiak jantzita. Elurra pasatzen hasia zegoen jadanik. Irudian Gabiedou mendia eta bere korridorea.


Korridorea eta lehen malda jaitsita Bouneuko zirkuan behera jaitsi ginen. Jaitsiera mundiala da, erabat gomendagarria. Guk ez genuen elur onegia aurkitu baina elur onarekin ikaragarria izan behar du. Txarrena tita batean ailegatzen zarela beheraino.


Kanale zabaletik behera Plateau de Maillet helmuga puntua begibistan genuela une oro.


Atsedenalditxoa jaitsieraren erdia eginda.


Azken metroetan elur txarra zela eta kanaletik atera eta Troumouseko zirku aldera jaitsi ginen malda zabalagoetatik. Eskiatzeko marko bikaina!!!


Berriz ere kanalera bueltan...


Behin Troumouseko zirkura igotzen den errepidera ailegatuta eskiak kendu eta azken metroak oinez eginen genituen.


11:00 : Hotellerie le Maillet (1837m).
Egunari bukaera emateko merezitako saria!!


Garagardoa edan eta gero etxerako bidea hartu genuen ikaragarri gustatu zitzaigun inguruari behin eta berriz atzera begiratuz.

4 iruzkin:

  1. Erreportai ederra! itzelezko paisaia eta eguna.
    Mila esker elkarbanatzeagatik artista, ondo segi!

    ErantzunEzabatu
  2. Izugarria benetan!!!!!M

    Hau da hau oraindik gelditzen den elurra, ea berriro ere noiz hurbiltzen garen.

    Erreporra primerakoa ta argazkiak ederrak. A ze enbidie eskiekin ibiltzen zaretenak ematen didazuena baina eskien asuntoa oraingoz ez da nerea.

    Emaneurreeeee!!!!!!!

    ErantzunEzabatu
  3. Gu arratsaldean hurbildu ginen bertara, eta bertan geundela urjauziaren gaineratzeko elur guztia jauzten ikusi genuen, ikaragarria. Zuen igoerako zetak zeuden elur guztia erori zen.

    ErantzunEzabatu
  4. Aupa!

    Giroa: Eskerrik asko!!!

    Smithy: Ba elur pila bai oraindik! Zer da hau!!! Neri zure erreportaiek eski erreportaia gehienek baino enbidia gehiago ematen didate ba!!! Jeje. Beti ez duguna nahi izaten dugulako izanen duk! Agur bat!

    Anonimo (Jeje, xelebrea duk horrela deitzea): Ossstiiiiiaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!!!!!!!! Justu harresitik igotzen ari ginela ez dakit zenbat aldiz komentatu niola Urki nire lagunari: "Hau dena gaur eroriko duk!!!!". Egia erran ez naiz batere espertoa baina pinta hori zeukan eta begira. Zona horretan harrizko plaka handi bat dago azpian eta gu pasatzean, 7ak pasatxoan, jadanik elurra oso biguina zegoen. Nik oinez igo zuen zatitxoa eta sentsazioa nuen edozein momentutan elur guztiarekin behera joanen nintzela. Zalantzak ere sartu zitzaizkidan segitzeari begira. Eskerrak arratsalderaino aguantatu zuen... Agur bat.

    ErantzunEzabatu