2013/06/26

Estaragne (3006m)

EGUNA: 2013/06/26

IRTEERA: Val d'Estaragneko aparkalekua (2071m)

ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S4. Bai igoeran eta baita jaitsieran ere aldapa tenteak (40 gradu ingurukoak) ditu eta pausu konprometituak harresi malkartsuen gainetik. Kontu handiz ibili beharrekoa elur gogorrarekin edo elur-jausi arriskuarekin.
- Alpinismo zailtasuna: PD.

DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu.
- Jaitsiera: Ordu bat.

NOLA IRITSI: Euskal Herritik A64 autobidean barrena aterako gara eta bertatik segiko dugu Saint Lary Soulan herrirako irteera ikusi arte. Herri honetara iritsi beharko dugu hain zuzen ere, Aureko bailara zoragarria osorik zeharkatuz. Saint Larytik hegoaldera, Bielsa-Aragnouet tunel aldera, doan errepidetik segiko dugu Fabian auzogunean eskuin biratu arte. Hemendik igoko gara Neouvielleko erreserba Naturalean sartuko gaituen bide ederretik. Oredongo lakura iristen garenean Cap De Long lakura doan bidea hartuko dugu. Urtegi honetara iritsi baino kilometro inguru lehenago, Val d'Estaragneko bailaratxoaren sarreran dagoen aparkaleku ttikian utziko dugu autoa.

DESKRIBAPENA:
Aurtengo elurte ikaragarriak aprobetxatzeko azken aukeretako bat bilan nenbilen eta eski denboraldia bukatzeko asmoz irteera bat egitea zen asmoa. Azken asteetan Anetora joateko plana pare bat aldiz zapuzturik, udan gauden honetan porteorik egin behar ez den leku gutxietako bat dugu Neouvielleko mendigunea, beharbada Maladeta eta Gavarnierekin batera. Honela ba, laguna aurkitu eta bertara abiatu ginen aste tarteko eguraldi antizikloniko ederraz disfrutatu asmoz. Hasiera batean, Cap de Long lakutik atera eta Campbieil mendia egitea zen asmoa, beharabada estaragnerekin lotuz eta Val d'Estaragneko jaitsiera bertikala eginez. Bertara ailegatzean ordea, Estaragne aldea elurrez primeran zegoela ikusi genuen eta igoera bertara egitea erabaki genuen. Gainera, distantziaz eta denboraz ere askoz laburragoa zen aukera hau eta horrek jaitsieran elurra ez oso astuna harrapatzea ahalbidetuko zigun. Hala ba, bidea itxita egon arren, Val d'Estaragneko aparkalekuan pasa genuen gaua, era pixka bat klandestinoan. Entzunda geneukan itxita dagoen bideetatik igotzean 1500 euro arteko isunak jartzen dituztela. Arriskatu egin ginen hala ere eta suertez ongi atera zen apostua.

6:40 : Val d'Estaragneko aparkalekua (2071m).
Bertze behin ere hala moduzko gaua pasa ondotik, seietan ernatu ginen. Justu onenean geundenean. Horrela gertatzen da beti. Lauretan abiatzeko ideia ere ibili genuen bezperan, baina ordu horretan izugarrizko lainoak estaltzen zuen ingurua. Gainera hotza egiten zuen eta beraz elurrari goxatzen utzi beharko genion jaisteko. Ez zuen merezi goizegi abiatzea. Zerbait jan, trasteak prestatu eta eskiak motxilatik zintzilik abiatu ginen bailaratxo politean goiti.


Eguzkiak jadanik lanean hasteko asmoa zuela zirudien. Egia erran goiz freskoa zegoen eta eskertuko genituen lehen printzak. Gero bertze kontu bat izanen zen...


Lehen metroak bidexkatik eginda segidan iritsi ginen elurrera. Hala ere, hasieran ez zuen jarraipenik elur horrek eta eskiak motxilan eramaten segitzea erabaki genuen.


Ilargiak markatzen zigun helmuga.



Atzekaldean berriz, azken lainoak temati Oredongo lakuaren gainean.


Minutu guttiren buruan, elur jarraira ailegatu eta eskiak eta kutxilak jarri genituen. Gogor zegoen elurra gaueko tenperatura zeropetik ibili baitzen.


Lehen metrotik malda tenteei egin beharko genien aurre. Parean Grand Pic des Alharisses eta Col d'Estaragne lepoa genituen.


Elurretik metro batzuk eta lehen aldapak gainditu ondotik, korridore ttiki batera ailegatu ginen. Eskiak berriz bizkarrera eta kranpoiak zangoetara! 40 bat gradu izanen zituen korridore honek.


Korridorearen irteeran...


Harrizko harresia gainditzen zuen korridorea pasata berriz eskiak jantzi genituen. Hemendik goraino maldak ez zigun atsedenik emanen. Hala ere, eguzkiak bere lana egin zuen ipar-ekialdeko malda hauetan eta elurra goxo zegoen.


Malda tentean goiti arrasto zahar bati jarraika igoko ginen.


Eskiekin igoko ginen Estaragneko ekialdekoertzeko (Crete de Cintes Blanques) lepotxo bateraino. Hemen eskiak utzi eta gailurreko harkaitzak iparraldetik inguratuz iparraldeko ertza harrapatu genuen.


Azken metroak iparraldeko arista errazetik. Gibelean, hurbil, Grand Pic des Alharisses eta urrunago Turon de Neouvielle, Trois Consellers, Neouvielle, Ramougn eta Midi de Bigorre mendi ezagunak.


Mechant eta Bugatet mendiak Estaragnerekin lotzen dituen Crete des Cintes Blanques ertz ederra.


9:34 : Pic d'Estaragne (3006m).
Gailurrera iristean igotako bailaratxoari begiratua eman genion. Jaitsiera ederra genuen zai. Oredongo lakua ikusten da behean eta atzean Bastan, Portarras eta Arbizon mendiak.


Campbieil, Badet eta Pic Long mendiak ezkerretik eskuinera. Lehenengoa ez da sobera urrun gelditzen, baina bertze baterako utzi genuen igo beharreko malda ikusita.


Iparraldean lehen aipatutako Grand Pic des Alharisses, Turon de Neouvielle, Trois Consellers, Neouvielle, Ramougn eta Midi de Bigorre bertzeak bertze.


Kamararekin arazoren bat izanda gailurreko argazki pila galdu genituen, tartean gu agertzen ginenak. Erdipurdiko argazki sesioa beraz. Ezin berdina erran jaitsierari buruz. 1000 metro bertikal eta dena guretzat! Gainera elurra ere primerakoa aurkitu genuen.


Jaitsieraren zatirik malkartsuena gaindituta atzera begirada egindakoaz harro. Gorriz ikusten da eskiekin egin genuen igoera eta jaitsieraren ibilbidea.


Oraindik ere malda ederrak genituen aitzinetik. Hauek ordea ez ziren eguzkitan aski egon eta elur gogorragoa aurkitu genuen azken zati honetan.


Eta horrela iritsi ginen elurraren bukaerara.


Errekak urturako elurra garraiatzen. Azkenean uda ate joka dago gure Pirinio maitean ere.


Eskiatzaileek lekua utziko diete ibiltariei eta eskalatzaileei...


Elur malda hauek, behi eta ardiz betetako belardi bilakatuko dira...


Baina mendi eta erreka hauek urte osoan gordetzen dute beraien xarma. Xarma horrek eramaten gaitu behin eta berriz beraietara. Ongi etorri uda!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina