EGUNA: 2014/01/02-2014/01/03
IRTEERA: Central Electrica Poqueira (1550m.)
ZAILTASUNA:
F. Ez dauka inolago zailtasun teknikorik. Hala ere, kontutan hartu behar da altuera dexentea duela eta baldintza fisiko egokian egon behar da. Bertzetik, igoera neguan eginez gero, beharrezkoak dira kranpoiak eta pioleta.
DENBORAK:
- Central Electrica Poqueira - Refugio Poqueira: 2 ordu eta erdi.
- Refugio Poqueira - Mulhacen: 2 ordu eta erdi.
- Mulhacen - Central Electrica Poqueira: 4 ordu.
NOLA IRITSI:
Granadatik Motrileko norabidea hartu behar da Las Alpujarras zonaldeko bidegurutzea aurkitu arte. Lanjaron herrira bidaltzen gaituen seinalea lagungarri izanen dugu horretarako. Lanjaron eta Orgiva herriak gurutzatu eta gero, Trevelez eta Pampaneira herrietara doan errepidea hartuko dugu. Pampaneira herria pasa ondotik, Capileira herrira joanen gara. Herri hau behetik gora zeharkatuko dugu Poqueirako Zentral Elektrikora doan pista segituko dugu. Zentralaren ondoan utziko dugu autoa.
DESKRIBAPENA:
Eguberrietako oporrak aprobetxatuz, aspalditik ezagutzeko gogoa neukan Granada hirira abiatu ginen. Asmoa turismoa eta mendia konbinatuz oporraldi eder bat pasatzea zen eta dudarik gabe lortu genuen. Abenduaren 30ean abiatu eta urteko azken eguna Granada eta Alhambra ospetsua bisitatzen eman genuen.
Urtea behar bezala akitu eta berriaren sarrera ordu ttikietaraino ospatu ondotik, urteko bigarren egunean Alpujarras zonaldera abiatu ginen. Helburua Iberiar Penintsulako gailurra den Mulhacen mendia zapaltzea zen. Horretarako aukera guztien artetik, guk Poqueirako aterpetik pasatzen den bidea hautatu genuen, izen bereko zentral elektrikotik abiatuta.
2014/01/02
11:30 : Central Electrica Poqueira (1550m).
Motxilak prestatu eta zentraletik gora ederki seinalizatuta dagoen bidexka hartu genuen. Eguna ilun xamar zegoen baina nahiko epel. Eguneko asmoa Poqueira aterpera iristea zen, bertan gaua pasa eta biharamunean gailurrera igotzen saiatzeko.
Lehen malda gaindituta etxola batzuetara iritsi ginen. Bertatik, laino tartean urrunean aterpea desberdindu zitekeen.
Etxola desberdinak gibelean utzi genituen...
...eta metro batzuk galdu genituen errekaren ondoko ibiliz zati batean.
Egunak aitzinera egin ahal eguraldia okertuz joan zen eta haizea eta euria bihurtu ziren protagonista. Ziztu bizian egin genuen hortaz bidea, geldialdirik ia egin gabe, ahal bezain fite aterpera iristeko.
14:00 : Refugio Poqueira (2485m).
Azkenean, hainbertze desiratutako aterpera iritsi ginen. Goititik beheiti bustita, aldatu, zerbait jan eta arropa idortzen utzi genuen. Aterpea lujo bat da. Egoera onean dago eta tratua ere ona da. Zerbitzu piloa eskaintzen ditu, horien artean aipatzekoak dira mendiko materialen alokairua edota denda. Wifia ere badauka... Horretaz gain, gela eta komun erosoak eta janari asko eta ona!
Biharamunean eguraldia hobetu zen esperantza askorik gabe arratsaldea aterpean eman genuen lasai ederrean. Aurreikuspenak txarrak ziren eta beraz, seguraski igoera bertan behera utziko genuen. Hala ere, badaezpada mendira joateko ernatuko ginen...
2014/01/03
8:30 : Refugio Poqueira (2485m).
Goizeko zazpieta jo zuen iratzargailuak, eta gure zorionerako zerua ia erabat garbi zegoen. Haizeak nahiko gogor jotzen zuen, baina eguraldi on eta epelarekin gailurrera abiatu ginen.
Aterpea gibelean utzi eta igoeran haizetik babesteko Rio Mulhacen ibai ondotik goiti igotzen den bidea hautatu genuen.
Bideak ez dauka galbiderik. Ibaiak sortzen duen bailaratxoan goiti igotzen da, bukaeran Mulhaceneko mendebaldeko malda igotzeko.
Gibelean itsasoa ikusten hasi ginen.
Aitzinean berriz, Sierra Nevada mendikateko bertze mendiak.
Rio Mulhacen gibelean utzita Refugio de la Caldera aterpe librera ailegatu baino lehen, eskuinetara biratu ginen mendebaldeko malda tentean goiti. Luzea egin zitzaigun benetan...
10:53 : Mulhacen (3483m).
Azken metroak bakoitzak bere erritmoan igota, poliki-poliki gailurreanelkartu ginen denak.
Haizeak ere su-etena eman zigun eta gailurraz gozatzen ordubete inguru eman genuen. Irudian kostaldea Mulhacen gailurretik.
Veleta mendia eta ipar aurpegiko amildegia...
Taldeko argazkia... Gora gu ta gutarrak!!!
Mulhaceneko gailurra eta txabolen hondakinak.
Jan, edan, argazkiak egin eta bistez gozatuta beherantz abiatu ginen, bide luzea baikenuen kotxeraino. Igoeran hainbertze kostatako maldatzarra lau saltotan jaitsi genuen. Argazkian Veleta mendia ageri da eta baita pistaren ondoan Caldera aterpe librea ere. Aterpe hau oso basikoa da, baina toki ona da gaua pasatzeko gailurretik hurbil dagoelako.
Rio Mulhacenen beheiti, eguzkia berotzen hasia zen eta elurra biguin zegoen jadanik.
Urrunean hodeiak ageri ziren baina guk egun ederraz disfrutatu ahal izan genuen.
13:17 : Refugio Poqueira (2485m).
Ordubete pasatxoan berriz ere aterpean plantatu ginen. Takiletan utzitako materiala jaso, garagardo bana edan, zerbait jan eta zorrak kitatu ondotik behera segitu genuen.
Ahuntz batzuk ikusteko aukera izan genuen beherakoan.
Presarik gabe egin genituen kotxerainoko metroak, bezperan ez bezala inguruaz eta eguraldiaz gozatuz.
Elur gutxi gauden garairako...
Cortijo de las Tomas txabola.
16:32 : Central Electrica Poqueira (1550m).
Horrela, eta helburuak betetzeak uzten duen zapore onarekin berriz kotxera ailegatu ginen.
Oraindik bi egun genituen oporraldia akitu aitzinetik Granadaz gozatzeko. Laburbilduz, oporraldi bikaina, toki politean eta konpainia hobean!
Akitzeko oporraldiko bideo muntaiatxoa (klikatu ahalik eta kalitate handienean):
Artista !!!!
ErantzunEzabatuErakutxi beharko didazu video onak egiten...
Zorionak!!!!!!
aio!!!!
Bideoak egiten zuri??? Bai hoixe!!!! Oraindik aunitz dut hobbetzeko zureak bezalakoak egiteko!! Jeje.
EzabatuIbili mantxo Neouvielle aldean!!!!
Ederra koadrila, zorionak denoi!!!
ErantzunEzabatuArgazkiak ederrak benetan, baina bideoa izugarria gelditu zaizu. Egunen batean Mulhacen aldera joaten bagara badakit noren erreferentzia jarraitu.
Eman eurre!!!!!!!
Eskerrik asko Xabi!
EzabatuBai egia erran arras gustora gelditu nintzen bideoarekin. Argazkiekin baino gehiago...
Zuentzat ipar aurpegiak bide politak ditu! Guk egin genuena errazegia da! Jajaja.
Ongi izan!!