EGUNA: 2014/02/21-23
IRTEERA: Parking d'Aumet (1138m)
ZAILTASUNA:
-Alpinismo zailtasuna: PD
-Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
- Parking d'Aumet - Cabane det Caillau: 1 ordu
- Cabane det Caillau - Pic Rouge: 2 ordu eta erdi
- Pic Rouge - Parking d'Aumet: 2 ordu
NOLA IRITSI:
Aumeteko aparkalekua Lhers auzogunetik gora dago. Lhersera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira doan bidea segidan utziko dugu ordea Lhers herrixkara doan desbideraketa hartuz. Bide horretatik Lhers pasa eta aitzinera segitzen duen errepide bakarretik Aumeteko aparkalekura iristen da.
DESKRIBAPENA:
Baziren jadanik 2 hilabete baino gehiago eskiak aparkatuta nituela eta Pirinioetara itzultzeko gogoz nenbilen. Baldintza guztiak beteko ziren asteburua aurkitu eta azken ibilaldia zirraratuta utzi ninduen zonalde berera abiatu ginen ortziral eguerdian. Kasu honetan, Lescungo zirkuaren amaieran aurkitzen den Lhers herrixkatik goiti jarrita genuen helburua. Hala arratsalde euritsu batean, Aumeteko aparkalekurainoko bidea egin genuen. Intentzioa hortik goraxeago dagoen etxola batean asteburua pasatzea zen, mendiren bat edo bertze eginez ahal bazen.
2014/02/21
16:39 : Parking d'Aumet (1138m)
Autoa aparkaleku desertuan utziko genuen. Berez hortik aitzin baldintza onean dagoen pista batek segitzen du baina pasatzea debekatuta dago bertakoak ez direnentzat. Hala ere, elurrik ez zegoela ikusirik tranpa pixkat egitea erabaki genuen. Autoz igo ginen elurra hasten zen arte eta bertan utzi genituen motxilak, eskiak eta bertzelako material guztia. Pisu ederra egia erran, bi egun etxolan pasatzeko gauza dexente eraman baikenuen. Berriz, autoz aparkalekura itzuli eta zapatilak jantzita motxilarainoko metroak eroso eta arin egin genituen.
Motxilak, zakuak eta bertzelako materiala utzi genuen puntura ailegatzen. Jokaldia ederki atera zitzaigun! Ez egin horrelakorik!
Hortik aitzin azkar batean ailegatuko ginen gure eguneko helmugara.
17:19 : Cabane de Pourcibo (1319m)
Presarik ez genuenez bidean eskuinetara utzi genuen etxola honetan kuxkuxeatu genuen. Egoera bikainean dago hau ere. Tximinia txiki bat, mahaia, bankuak eta zurekin solairua lo egiteko. Biharamun gauean frantziar talde batek pasako zuen gaua bertan.
Gu ordea, bertzeraino ailegatu nahi genuen beraz aitzinera segitu genuen. Eguna triste zegoen...
17:27 : Cabane det Caillau (1456m)
Uste baino lehen ailegatu ginen gure asteburuko bortz izarreko hotela izanen zenera.
Ingurua ederra eta zer erranik ez etxola! 15 bat lagunek lo egiteko tokia du. Bi gela beheitian eta egurrezko gaineko solairua. Lurreko su itxia eta egurra ere bai!
Lasai ederrean etxolan instalatu ginen. Ez zen inor gehiago etorriko beraz lekua soberan genuen. Parrilada ederrak egin genituen bi egunetan! Gora Gamioko zerriak!
Afaldu ondotik, sutondoan denbora pasa egon eta 11ak inguruan ohera. Biharamunean ez genuen presa handirik egia errateko.
2014/02/22
9:00 : Cabane det Caillau (1456m)
Egun ederra atera zen biharamunean. Hotz handia hori bai! Zortzietan ederki kostata zakutik atera eta bederatzietan jarri ginen martxan. Helburua Pic Rouge mendia igotzea zen.
Goranzko bidea kostatzen ari zitzaigun, gu baikinen lehenak elur freskoan arrastoa irekitzen. Goiti egin ahala mendebaldetik laino ilunak ikusten hasi ginen. Hasmentan urrun, gero Auñamendi estaltzen eta azkenean zeru urdina erabat estali zuten. Elur pinporta batzuk erortzen ere hasi ziren. Eguraldi aldaketa ikusita, arratsalderako iragarrita zegoen frontea sartzen hasi zela pentsatu genuen eta buelta hartzea erabaki.
11:00 : Pic Muzzjal (1800m)
Elur hauts arina jaitsieran ahal bezain bertze aprobetxatzeko Rougera doan bidea utzi eta Table de Souperret mendiaren harresiaren oinean dauden bi izenik gabeko menditxotara abiatu ginen. Izenik ez dutenez hoietako bat bataiatu genuen gure lagun baten omenez! Hemendik aitzinera Pic Muzzjal deituko da mendia inork kontrakoa erraten ez badu. Gora gu!!
Hortik beheiti eskiatu dudan elur onenetako batean eskiatu nuen. 5-10 zentimetroko elur hauts arin geruza elur gogorraren gainean. Etxolara bueltan zerua berriz argitzen hasi zen. Kaka zaharra! Dena den ez ginen berriz abiatuko berandu baitzen jadanik. Hortaz eraman genuen aizkora hartu eta egur bila joan ginen. Ondotik, sua piztu eta bigarren parriladarekin ederki bazkaldu genuen. Gero, paseo bat eman genuen patxaran botilarekin hidratatuz.
Iluntzean ustekabeko bixita izan genuen! Bi lagun etorri ziren motxila ederki beteta. Ardoa, garagardoak... Hirugarren parrilada eta afaldu ondoko egonaldia bikainak izan ziren. Egun ederrari eman genion bukaera horrela, tontorrik zapaldu gabe baina ederki jan eta edanez konpainia onean.
2014/02/23
9:10 : Cabane det Caillau (1456m)
Hirugarren egunerako eguraldi ona zegoen iragarrita. Hego haizea, antizikloia eta tenperaturak goiti. Hortaz zazpi eta erdietan jarri genuen iratzargailua. Iratzartzean ordea, haize zakarrak astintzen zuen etxola eta zakuan egon ginen tarte batez goiti abiatu edo ez erabakitzen. Azkenean probatuko genuela erabaki genuen eta eskerrak!
Etxola gibelean utzi eta goiz freskoan goiti abiatu ginen. Ez genuen goiti iristeko esperantza handirik egia erran.
Goiti igo ahala haizea gutxitzen joan zen eta tenperatura igotzen. Egunaz disfrutatzen hasi ginen. Argazkiak, Dani eta Xukel Burcq mendi ederra gibelean dutela.
Gaineko lautadetara atera ginen eta Saoubathou leporantz abiatu. Egun ikaragarria mendirako!
Nahi gabe, Saoubathou lepoa baino pixka bat hegoalderago dagoen izenik gabeko lepo batera ailegatu ginen. Bertze aldean Aspeko bailara eta erdialdeko Pirinioa agertu zitzaizkigun.
Lepo honetatik gure helbururaino azkeneko malda bertzerik ez zen gelditzen.
Azken metroak eskiak bizkarrean, gozatzen...
Tontorra baino 5-10 metro beherago eskiak utzi eta azken metroak tximiniatxo tente batetik egin genituen.
Ondoren arista errazetik gailurra!!!
11:58 : Pic Rouge (2177m).
Gailurretik Arleteko aterpe aldera bista. Zonalde ederra hori ere!
Eta gailurreko argazkia!
Midi d'Ossau eta konpainia...
Tontorrean...
Iparraldean Table de Souperret eta Labigouer...
Hegoaldean Bisaurin...
Bertze argazki bat jaisten hasi aitzinetik...
Jaitsi aitzinetik eguneko anekdota etorri zen ordea. Jadanik jaisteko prest nuen eski bat, gailurraren azpian geunden balkoitxo hestutik erori eta maldan beheiti joan zen beheraino. Jaistear nengoen 200 metroko malda ederra oinez jaitsiko nuen beraz. Eskerrak ez zen beheitiago joan, eskirik gabe geldituko bainintzen...
Handik beheiti jaitsiera ederraz disfrutatu ahal izan genuen... Elur hautsa leku gehienetan...
Inguruneaz gozatzen...
Berriz etxolara bueltan, bazkaldu, trasteak bildu, etxola garbitu eta beheiti abiatu ginen.
Paisaia eder hau utzi genuen gibelean...
15:20 : Parking d'Aumet (1138m)
Horrela akitu zen zonalde honetan pasa dudan bertze asteburu bikain bat!
Irteeraren bideoa (klikatu kalitate handieneko aukeran):
Ederra koadrila!!!!!
ErantzunEzabatuZuek bai gogorrak botatzen ari zen euriarekin goruntz jarraitzea, naparrak izan behar noski jeje. Bufffff!!!! Bisaurinen ipar horma nola dagoen, hortzak luze-luze jarri dizkidazue.
Ondo segi eta eman eurreeeeeee!!!!!!
Aupa Xabi!!!
ErantzunEzabatuZer moduz?
Bai gora igo ginen eguna ez zen onegia baina badakizu, gustoko tokian aldaparik ez!!!! Jakitera zoomari emanen nion Bisaurineko kanalak hobe ikusteko!! Jajaja...
Ongi izan!