EGUNA: 2017/10/12-13
IRTEERA: Cabane de l'Araille (1733m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Zailtasunak 2345 eta 2657 metro artean daude kokatuta, gehienbat gainditu behar diren hiru tximinietan. Tximiniez aparte hainbat trepada ere egin behar dira zati horretan.
- Lehen tximinia: 15 bat metro izanen ditu eta II+ gradukoa da.
- Bigarren tximinia: 20 bat metro izanen ditu eta II gradukoa da.
- Hirugarren tximinia: 30 bat metro izanen ditu eta I gradukoa da.
DENBORAK:
- Cabane de l'Araille - Refuge de Pombie : Ordu bat eta laurden
- Refuge de Pombie - Midi d'Ossau : Bi ordu eta erdi
- Midi d'Ossau - Cabane de l'Araille : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena, Jacara ailegatu behar da eta hemendik Formigal eski estaziora segitu behar da. Eski estazioa atzean utzi eta gero Pourtaleteko mendatera ailegatuko gara. Mendatetik kilometro bat iparralderago dago irteerako aparkalekua.
KRONIKA:
Altueraz Pirinioetako erregea Aneto baldin bada, itxura eta presentzia aldetik, Midi d'Ossau izan daiteke gure mendilerro kuttuneko erregeetako bat inolako zalantzarik gabe.
Ayouseko lakuetatik, 2017ko ekainean |
Edozein xokotatik ikusgai, bere itxurak ezagutzeko errazenetarikoa egiten du eta pirineista ororen jomuga bihurtu da.
Anayeteko lakutik, 2010eko uztailean |
Hori gutxi balitz, bere ibilbideak ere hainbat zailtasun ditu eta gailurrera igotzeko egin behar den esfortzu horrek plus bat ematen dio Midi handiari.
Montagnon d'Iseyetik, 2014ko urrian |
Soba ingurutik, 2016ko abuztuan |
2017/10/12
17:35 : Cabane de l'Araille (1733m)
Lan ondoan autoa hartu eta Pourtalet aldera zuzendu ginen ilundu baino lehen Pombieko aterpera ailegatzeko asmoz. Berez egunean bertan egin daitekeen gailurra da, aterpean lo egin beharrik gabe, baina esfortzua gutxitzeko eta gehienbat tximinietara lehenago ailegatzeko bi egunetan egitea erabaki genuen.
Motxilan betiko gauzez gain, arnesa, zortzia, 30 metroko soka eta kaskoa eramanen genituen, tximiniak jaisteko rapelen bat muntatu beharko bagenu ere.
Hala abiatu ginen Aneouko zirku ederretik arratsalde epelean.
Lehen helburua Soum de Pombieko lepora igotzea da. 400 metro inguruko desnibela du igoera honek baina bide sigisagatsutik erraz egiten da.
Pourtalet ingurua igoeratik...
Bidea zabala da, autopista bat...
16:28 : Col de Soum de Pombie (2129m)
Lepotik Midi d'Ossauren ikuspegia bikaina da. Behatz puntekin gailurra ukituko bagenu bezala...
Ekialdea, Palas eta Balaitous ere agertzen hasi zitzaizkigun...
Lepotik aterperako jaitsiera gozoan egiten da...
18:47 : Refuge de Pombie (2031m)
Autotik ordubete pasatxoan ailegatu ginen aterpe klasiko honetara. Midiren paretatzarraren azpian kokatuta, urtero milaka mendizale eta eskalatzaile hartzen ditu aterpe txiki politak. Logelan kokatu eta zazpi eta erdietan afaldu ondotik goiz sartuko ginen lotara. Aterpea erdu hutsik zegoen eta gau ona pasatu genuen.
Egunaren azken eguzki izpiak, hurrengo egun handian zain...
2017/10/13
8:05 : Refuge de Pombie (2031m)
Egunsenti ederrak Midi d'Ossauren pareta gorrixkaz margotzen zuen. Gosaldu eta lehengoetarikoetatik izan ginen aterpea uzten.
Pombie aterpea eguneko lehen argitan.
Raillere de Pombieko zonalde harritsua zeharkatuta zeharka igotzen den bidexkak Suzoneko lepora eramanen gintuen.
8:33 : Col de Suzon (2127m)
Lepora uste baino lehenago ailegatu ginen. Bertze aldean, Magnabaigteko bailaratxo polita agertu zitzaigun.
Gu ordea, ezkerretara biratu eta belarrezko ertza igotzen hasiko ginen paretaren azpian kokatu arte.
8:58 : Paretaren hasiera (2345m)
Behin lehen tximiniaren azpian kokatuta, kaskoa jantzi eta bi aldiz pentsatu geba igotzeari ekin genion. Lehen erran bezala, 15 bat metrokoa da, nahiko estua eta punturik zailena azken zatian dauka, ezkerretara biratu eta plaka leun bat gainditu behar da. Iltze batek laguntzen du pausu hau gainditzen.
Tximinia gaindituta bidexka zatietatik segitu genuen aitzinera.
Berehala agertu zitzaigun bigarren tximinia ere. Bi aukera daude, pitzaduratik bertatik igotzea edo pixka bat eskuinerago irudian mendizalea igotzen ari den bidetik. Guk ere eskuineko aukera hautatuko genuen.
Oro har, helduleku onak ditu tximinia honek eta erraz gainditu genuen.
Hemendik goiti berriz ere bidexka zatiak agertu ziren hirugarren eta azken tximiniarako bidean.
Tximinien artean I graduko hainbat pausu gainditu behar dira. Erne egotea eskatzen duen mendia da Midi.
Eta azkenik hirugarren tximinia gainditu genuen, 30 bat metrokoa eta errazagoa da.
9:50 : Croix du Portillon (2657m)
Ordubete eskasean gainditu genituen mendiaren zailtasunik handienak. Handik aitzin Rein de Pombieko aldapa harritsu baina errazak gailurrean utziko gintuen.
Igo ahala ingurua gero eta ikusgarriago ageri zitzaigun, ikuspegi urrun ailegatzen zen.
Behin ertzera ailegatuta, arrail pare bat gainditu eta gailurrera ailegatu ginen.
10:19 : Midi d'Ossau (2884m)
Bidean jende guzia aitzinatuta, lehendabizikoak izan ginen tontorrera ailegatzen. Bidean ikaragarri gozatu genuen eta azkenean gurea zen Midi. Kristoren poza!
Ayouseko lakuen ingurua gailurretik.
Iparraldeko tontorra eta gainditutako ertz zatia. Erraza da.
Aspe eta inguruaak...
Gailurrean ordubete inguruz egon ginen inguruaz gozatzen. Jende uholdea ailegatzen hasi zenean abiatu ginen beheiti. Beheitirakoan ateratako argazki honetan ikusten da tontor honen handitasuna.
11:53 : Croix du Portillon (2657m)
Jaitsieran tximinien hasiera markatzen duen gurutzera ailegatu eta tximiniak jaisteari ekin genion.
Goitiko tximinia kontuz baina arazorik gabe destrepatu genuen, erdikoan ere ez genuen soka erabili nahiko ongi ikusi baikenuen jaitsiera.
Tximinien arteko zatian...
Beheitiko tximinian jendetza harrapatu genuen goiti zihoala. Soka bat jarrita zuten eta bertatik rapelatzen utzi ziguten. Honenbertzez, zailatsun teknikoak gaindituta, materiala gorde eta beheitirakoari segitu genion.
13:16 : Col de Suzon (2127m)
Goiz aterata tximietako jende ilarak saihestea lortu genuen. Suzoenko lepo ingurutik tximinietan ordu horretan zeuden tapoiak ikusteko aukera izan genuen etxeko lanak ongi egindako sentsazio goxoarekin.
Ziztu bizian Pombieko garagardo freskoaren bila segitu genuen.
13:40 : Refuge de Pombie (2031m)
Berriz ere aterpean, zerbait jan eta garagardo bana edanez atsedenaldi zabala hartu genuen.
Leku zoragarrian dago Pombieko aterpea, izen bereko lakuaren ondoan.
15:08 : Col de Soum de Pombie (2129m)
Atseden luzearen ondotik, autorako itzulerari ekin genion Midi d'Ossau handia agurtuz.
Aparkalekua begibistan.
15:39 : Cabane de l'Araille (1733m)
Hasmentako puntuan akitu zen Pirinioetako klasiko handi honetara egindako ateraldi bikaina. Dudarik gabe merezi izan zuen!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina