EGUNA: 2017/10/08
IRTEERA: Lendoño Goikoa (441m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
DENBORAK:
- Igoera (La Barrerillatik): Ordu bat eta erdi
- Jaitsiera (Menerdigatik): Ordu bat eta erdi
NOLA AILEGATU:
Mendi honen ibilbide ezagunena den hau egiteko Lendoño Goikoa herrixkara igo behar da. Bizkaiko Urduña herri historikotik goiti, seinaleei segituz, ailegatuko gara herrixka honetara. Bortz edo sei baserriz osatutako auzo bat bertzerik ez da. Bertara ailegatu baino 300 bat metro lehenago, ezkerretara ateratzen den bide bat ikusiko dugu, "Iturrigorriko Bidea" jartzen duena. Bide hau hartu eta segidan dagoen aparkaleku ttikian utziko dugu autoa.
KRONIKA:
Duela lau urte, Urduñan izan nintzen aldi bakar hartan, atentzioa deitu zidan Salbadako mendizerrak, Gaztelako meseta bat-batean amildegi bihurtzen den puntu honek. Mendizerra ikusgarrian punta batek bertze guzien gainetik deitzen du: Iturrigorri edo Tologorri izenez ezagutzen den mendia da. Orduan sortu zitzaidan mendi honetara bisita egiteko nahia eta nahi hori betetzeko aukera izan dut oraingoan.
9:44 : Lendoño Goikoa (441m)
Bezperan Gorbeia igota, arratsaldean bertan hurbildu ginen Urduñara eta han afaldu ondotik, Lendoño Goikoako aparkalekuan pasatu genuen gaua. Bezperan ez bezala, autorik ez eta lasaitasuna aparkaleku ttikian. Hasmentatik ikusi genuen honek ez zuela Gorbeiako jende uholdearekin deus ikustekorik izanen. Goizean ernatzean, Iturrigorrik dotore eman zizkigun egun onak.
Prestatu eta aparkalekutik bertatik abiatzen den pistatik pagadi trinkoan sartu ginen. Lehen metroak pistatik egin daitezke, baina bidexka batzuk pistaren "S"ak laburtzen laguntzen dute, malda handikoak izan arren. Oihaneko zati honetan garrantzitsua da harri seinaleei erne segitzea bidea ez galtzeko.
Altuera azkar irabazten da basoan zehar eta irteeran Iturrigorrik bertze aurpegi bat erakusten digu, aise eztiagoa. Hasmentan igoezina zirudien menditzarrak, malda guttiko alfonbra berdetik igotzeko gonbidapena egiten digu.
Lekuak dena den ez du ikusgarritasuna galtzen eta basoaren irteeratik bertatik ikuspegi ederrez gozatzeko aukera dago.
Eta zer erran Bidexka Beltza edo Senda Negra izenez ezagutzen den bideaz. Harresi zaharkaezinen azpian, belardi malkartsuan, maisuki zizelkatutako bide polita da.
10:57 : Barrerillako Ataka (850m)
Bidexka Beltza eta inguruko amildegiak utzi eta Barrerillako Ataka zeharkatuta Burgoseko mesetan sartu ginen.
Paisaia erabat aldatzen da goian, malda malkartsuek zelai berdeei uzten diete lekua. Gailurra hurbil ikusten da hemendik.
Pagadi dotoreak, leku hau oraindik eta ederrago bihurtzen du. Merezi du bertara joatea.
11:46 : Tologorri / Iturrigorri (1073m)
Mendiari izena ematen dion iturrian bertako batzukin itzulerako bidearen inguruan solasaldi luzea izanda, lasai ederrean azken metroak egin eta gailurra zapaldu genuen. Bertze aldean, Urduña, Amurrio eta Laudio herriek osatzen duten bailara zabala ireki zitzaigun parez pare.
Kaskoko egonaldi luzearen ondotik, jaitsiera bertze bide batetik egitea erabaki genuen, ingurua gehiago ezagutu asmoz. Iparraldera, amildegiaren ertzetik abiatu ginen Menerdigako etxolen bila.
Gibelean berriki igotako Tologorri mendia, itxura arras ezberdina du hemendik ikusita edo autoa utzi genuen lekutik ikusita.
Nehin Menerdigako etxolak bistaratuta, amildegiaren ertzean kokatuta dagoen ataka bilatu bertzerik ez da egin behar, mesetatik bailararako pasabidea aurkitzeko.
12:45 : Menerdigako Ataka (1060m)
Erran bezala, ataka hau zeharkatu eta amildegian barneratu ginen berriz ere.
Kasu honetan, kaitsieran erabiliko genuen bidexkak, zeharkaldi luze bat egiten du harresiaren azpitik metroak galduz juxtu Tologorriren oinean kokatu arte.
13:31 : Garondoko lepoa (538m)
Lepora honetara heltzean, hesia bertze ataka batetik zeharkatu eta seinale batean ongi adierazita dagoen Venta Fria baserrira doan bidea hartu behar da hasierako puntura ailegatzeko.
Tologorri berriz ere ikusgarri ageri zaigu hemendik...
13:53 : Lendoño Goikoa (441m)
Venta Fria baserriaren ondotik pasa eta errepideak segidan eraman gintuen ibilaldia hasi genuen leku berera. Ezusteko polita eskaini zigun Tologorrik eta Salbada mendizerrak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina