2017/10/07

Gorbeia (1482m), Aldamin (1373m)

EGUNA: 2017/10/07

IRTEERA: Pagomakurre (883m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Igoera: Ordu bat eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Bizkaiko Areatza herrira joan behar da lehenik eta hemendik ateratzen da seinale bidez ongi markatuta dagoen Pagomakurreko aparkalekurako zementuzko bidea. 

KRONIKA:
Euskal Herriko klasiko handi bat Gorbeia inolako zalantzarik gabe. Uda guzia alferkerian pasatu eta gero, gure Pirinio maitatuetara joan ordez, asteburu ederra Bizkaia eta Araba tarteko mendietan egitea erabaki genuen.

9:51 : Pagomakurre (883m)
Ortziralean aparkaleku beterainoko bidea egin eta bertan gaua pasa ondotik presarik gabe altxatu ginen, goizeko freskura saihestu nahiean. Hamarrak baino pixka bat lehenago abiatu ginen aparkalekutik bertatik ateratzen den pistan goiti.


Nahiko laster hasi ginen gure eguneko helburua zen Gorbeia mendia ikusten.


3 kilometro inguruko pista da hasierako zatian ibili beharrekoa.


10:35 : Arraba (1073m)
Pistak hain ezaguna den Arrabako zelai ederrean uzten gaitu. Leku zoragarria da, nahiz eta pista bertaraino ailegatzeak xarma pixka bat kentzen dion. Guk jakin ez arren, egun horretan bertan Gorbeia Suzien mendi lasterketa egin zen eta jendetza aurkitu genuen bide osoan zehar.


Arrabako zelaian dago Angel de Sopeña aterpea, leku bikainean kokatuta. Itzuleran hartuko genuen hura bisitatzeko tarte bat.


Arraba utzi eta magal bat zeharkatuta Egiriñao izeneko paraje ederrean barneratu ginen. Xoko ederra da hau ere, nahiz eta egun horretan hainbertze jende izateak edertasuna tapatzen zuen.


11:06 : Egiriñao (1083m)
Arrabatik Egiriñaoraino bideak ez du ia altuerarik irabazten eta malda handienak puntu honetan hasten dira. Hemendik gailurreraino ez dago atsedenik...


Lehenik Gorbeia eta Aldamin mendien arteko lepora igoko ginen, gibelean Arraba eta Egiriñaoko zelai berdeak utzita.


11:28 : Aldamiñosteko Lepoa (1321m)
Behin lepora ailegatuta, eskuinetara biratu eta azken malda ezaguna igoko genuen.


Kaskoko gurutze famatua begibistan genuen jadanik.


Azken metroak Aldamin mendia gibelean genuela...


11:40 : Gorbeia (1482m)
...eta gailur zabala zapaldu genuen.



Tontorreko postontzia...


Goian zegoen lasterketako anoa-postu bat ere... Lehen erran bezala jendetza mendiaren bazter guzietan.


Alluitz eta Anboto lotzen dituen ertz ikusgarria gailurretik.


Ipar-ekialdeko haize hotzak sentsazio termiko baxua eragiten zuen gailurrean eta hortaz, nahi baino denbora guttiago pasa genuen bertan.


Behitirakoan, lepoaren bertze aldean dagoen Aldamin mendia ere bisitatuko genuen.


Lepotik harri arteko bidexkak segidan utzi gintuen Aldaminen. Gorbeiaren ikuspegi polita dago mendi honetatik eta kontraste handia eragiten du gailur harritsuak Gorbeiako zelai berdeekin. gailur hau ere jendez lepo harrapatu genuen dena den, lasterketa handik ere pasatzen baitzen.


12:06 : Aldamin (1373m)
Bigarren gailur honetan, tenperatura goxoagoa lagun, zerbait jateko eta bertatik pasatzen zen lasterketa ikusteko tarte luzea hartu genuen. Ordubete inguru egon izanen ginen lasai ederrean.


Ordu bata pasatxoan hartu genuen itzulerako bidea.


Egiriñaoko xoko polit eta jendetsua agurtuz...


Autora itzuli baino lehen aterpean garagardo fresko bat hartzeko geldialdia egin genuen.


14:38 : Pagomakurre (883m)
Eta horrela akitu genuen klasiko handi honetara egindako bisita jendetsua.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina