2022/10/18

Torre (3009m), Espalda de Marbore (3073m), Cascada Occidental (3095m), Cascada Central (3106m), Cascada Oriental (3161m), Marbore (3248m)

EGUNA: 2022/10/15

ABIAPUNTUA: Pradera de Ordesa (1320m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (PD-):
  • Ibilbidearen zailtasun handiena Cotatueroko zirkura ateratzeko gainditu behar diren iltzeen zatian dago. Amildegi handia duen zatia horizontala da, baina paretean sartutako iltzeek eta jarrita dagoen kableak segurtasunez pasatzeko aukera ematen dute. 
  • Torretik Marborerako gandorra gehienean oinez ibiliz gainditzen ahal da. Espalda de Marborera igateko balkoi estu batzuetatik ibili behar da eta esposizio pixka bat duen eskaladatxo (I) bat edo bertze egin behar da.
DENBORAK:
  • Pradera de Ordesa - Torre (Cotatuerotik) : 4 ordu eta erdi
  • Torre - Marbore : 3 ordu
  • Marbore - Pradera de Ordesa (Gorizetik) : 4 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakara joan eta hemendik Formigal eski estazioko bidea hartzen da. Biescasera ailegatutata Ordesako Parke Nazionalerantz nondik joaten den erakusten digun seinalea ikusiko dugu. Bide hori hartu behar da Cotefabloko gainean barrena Brotoko haranera helduz. Hemen, Brotora ailegatu baino lehen ezkerretara biratuko dugu Torla herrira. Torlatik aurrera Pradera de Ordesako aparkalekura doan errepidea hartuko dugu. Garai jendetsuenetan hetsia egoten da errepide hau, Torlatik autobusez joan behar delarik.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
1997a izanen zen, 11 urtetxo bertzerik ez nituen oraindik. Udako oporraldia Pirinioetan ari ginen pasatzen eta egunetako batean Gavarnieko zirkua bisitatzera hurbildu ginen. Pareta haiek harrituta utzi ninduten herriko errepidetik ikusi orduko. Haien handitasuna, zintzilik zituzten elur-lauso eta glaziarrak, ur-jauzia... Torre menditik Marboreraino luzatzen da Gavarnietik ikusten den zirku zatia eta hain justu ere zati hori da gainez gain asteburuan lotu duguna. Nekez pentsatuko nuen orduan harresi erraldoi haien gainean noizbait ibiliko nintzenik...

7:30 : Pradera de Ordesa (1320m)
Ilunpetan abiatu ginen Ordesako aparkaleku zabaletik. Metro lau batzuen ondotik, Cotatueroko zirkuko bidea ezkerretara biratzen da...


Zuhaitz artean igaten da bidexka, ezker eta eskuin biratuz, malda tenteegia izan gabe. Arbola artean ilun zegoen oraindik, baina eguna argitzen hasia zen ordurako.


Pago eta izei artean gindoazela harrapatu gintuen egunak. Gauez ohartu gabe irabazten da altuera.


Ordesako bailara hesten duten pareta bertikalak ikusgai genituen zirkuaren goitiko partetik.


Haien azpiko oihanak, berriz, udazken kolore zoragarriz margotuta erakutsi zizkiguten lehen argiek.


Harresi artetik ateratzeko puntu ahularen bila jotzen du bideak. Cotatueroko zirkuaren goitiko aldean ginen.


Bidexka erosoak harkaitz arteko eskaladatxo errazei uzten die lekua. Iltze famatuak hurbil genituen jadanik...


Cotatueroko zirkutik ateratzeko pasabidea iltzez eta kablez osatua dago. Zati hori gainditzeko arnesak, zintak eta mosketoiak paratu genituen eta goiti abiatu ginen. Bi zati nagusi ditu pausoak: lehena, iltzez hornitutako tximinia bat; eta bigarrena, eskuinetarantz egiten den zeharkaldia, iltzeak eta kablea dituena.


Bigarren zati hau da ikusgarriena hain zuzen ere, hankapean amildegia irekitzen baita.


Zati bat eskuinetara egin metro batzuk irabazi behar dira azken zatiari ekiteko.


Azken metroetan harkaitzak ez du zangoendako pausalekurik eta iltzeen gainetik pasatu behar da.


Pasabidearen goitiko aldean trasteak bildu eta oinez segitu genuen Rivereta errekaren ondotik.  Erreka eskuinean utzi eta bidexka ahuletatik bertze harresi baten gaineko aldera aterako ginen.


Mailakatuak dauden harresi guziak iganda Breche de Roland ezaguna bistaratu genuen. Alde hartara zuzenduko ginen...


Bidean zelai polit bat zeharkatu genuen. Gezurra iduri du altuera honetan halako zelai zabalak izateak...



Lautadatxotik Casco mendia eta bere oinean dagoen Sarrioseko lepoa begien bistan genituen. Lepo hartara zuzenduko ginen...


Zelaia utzi goiti egiten du bide nabarmenak...



10:51 : Cuello de los Sarrios (2744m)
...eta Breche de Roland ezkerretara utzita eskuinetara biratu ginen harri tartean Sarrioseko lepoa harrapatzeko.



Lepotik eguneko lehen kaskoa izanen zena begien bistan genuen. Harri arteko arrasto nabarmenetik gailurrera igaten den kanalaren azpiraino joanen ginen diagonal luzea marraztuz.


Eta Casco mendia gibelean genuela kanal bertikala igateari ekinen genion. Zati honetan haizeak dezente jotzen zuen eta hala izanen zen gailurrez gailur eginen genuen zeharkaldi guzian.


11:29 : Torre / Tour (3009m)
Kanalaren goitiko partetik ezkerretara eginda tximinia erraz bat eskalatu eta tontorrera ailegatu ginen. Han ginen, Gavarnieko zirku guzia azpian genuela. Hala izanen genuen ondoko pare bat orduetan...


Ekialdera Marbore inguruak ikusten genituen tontorretik. Alde hartara zuzenduko ginen segidan...


Zailtasunik ez duena gandorra da Gavarnieko zirkuaren gainekoa. Zabala eta harri xehez osatua, lasterka egiteko aproposa.


Ezkerretara momentu oro zirkuaren zulo ikusgarria izanen genuen...


11:46 : Col de la Cascade (2931m)
Marbore, Cascada eta Espalda mendiek osatzen duten mendigunera laster batean ailegatuko ginen, uste baino fiteago. Bertan akitzen da Torren hasten den bizkar zabala.


Espalda edo Epaule mendiaren paretatzarrek bidea moztu zigutelarik, hura hegoaldetik inguratzeari ekin genion.


Espalda mendiaren hego aurpegia harresi bertikal batek mozten du mendebaldetik ekialdera. Ekialdera segituta harresi hau akitzen den punturaino joaten ahal da; edo, guk egin genuen bezala, harri-mukurei segituz zuzenean igaten den bide bat hartu. Eskaladatxo erraz baten ondotik mantso-mantso estutuz joaten den balkoitxo batera atera ginen.


Zati bat balkoitxotik eginda eskuinetara biratu eta bertze eskaladatxo (II) batek bizkarraren gainean utziko gintuen. Pasabidea ez da zaila, baina esposizio pixka bat badu.


Behin harresia gaindituta oinez ibiltzea bertzerik ez da...


12:22 : Espalda de Marbore / Epaule (3073m)
Torretik abiatu eta ordubete baino lehen eguneko bigarren gailurrean ginen. Bertatik Marborera lau gailur gehiago zapalduko genituen.


Luzatu gabe Espalda utzi eta Cascada mendietara abiatu ginen.


12:30 : Pico de la Cascada Occidental (3095m)
Minutu gutian lehen Cascada mendian ginen.


Kasko hau ere utzi eta ekialderantz segitu genuen. Gandor zabala pareta bertikal batek mozten du.


Paretaren gainetik hegoalderantz egin genuen harri-mukuru batek hura jaisteko punturik ahulena den tximinia markatu zigun arte. Arazorik gabe jaitsi ginen...


12:48 : Pico de la Cascada Central / Pic Brulle (3106m)
Lepo batetik bertze malda erraz bat igan eta eguneko laugarrena sakelara!


Hurrengo Cascada mendian harria kolorez aldatzen da. Gandorretik beretik segituko genuen bertaraino.


Goitiko zatian eskalada pauso batzul egin behar dira helduleku onak baina harri kaskarra duen zatitik.


Zati hau hegoaldetik inguratzen ahal da...


Hirugarren Cascadara ailegatzen...


13:06 : Pico de la Cascada Oriental (3161m)
Azken aitzinekoan...


Hirugarren Cascada menditik Marborera malda erraz bat iganda ailegatuko ginen. Hau izanen zen eguneko punturik altuena.


13:25 : Marbore (3248m)
Gailur zabala da Marborekoa, arras zabala. Gavarnieko zirkua hesten duten gailurretatik altuena izan arren, ez da jende aunitz ibiltzen den lekua. Gu eguneko sei tontorretan bakar-bakarrik izan ginen, gandor osoan inor ikusi gabe.


Zirkurako ikuspegi zoragarria Marboretik...


Haize babesean bazkaldu eta beheitirakoari ekin genion. Mugarriei segituz hegoaldera eginen genuen hasmentan...


2900 inguruan Cilindro mendia hegoaldetik inguratzen duen terraza zabaletik ezkerretara segitu eta Monte Perdido mendira igaten den bide ezagunera batu ginen. Hortik Gorizeko aterpera "autopista" eta jendetza...


15:18 : Refugio de Goriz (2200m)
Aterpe inguruan ohikoa den bezala jendetza zebilen. Atsedenaldi bat hartu bidenabar terrazan egonaldia egin genuen. Berritze lanetan dago aterpea eta barnetik aldaketa handia jasan du duela 12 urte bertan gaua pasatu nuenetik.


Kafe eta freskagarrien ondotik, GR11ren bideari segituko genion Pradera de Ordesako aparkalekuraino.


Ordesako bailara ederrean barneratuko ginen...


Bertara jaisteko Soasoko iltze eta kate famatuak zeharkatu behar dira. Harresia jaisten laguntzeko ezarrita daude.


Zailtasun handirik ez du pasabideak, baina harria gastatua dago eta kasu eman behar da.


Behin bailaran sartuta Cola de Caballo izenez ezagutzen den ur-jauzia gure eskuinetara utzi genuen.


Ederra da ingurua, arras ederra, baina ibiltzen den jendetzak xarma kentzen dio egia erran.


Handik beheiti bide zabal eta erosotik laster eginen genuen, Bederatzi kilometro luze gelditzen zitzaizkigun oraindik, baina nahiko fite eginen genituen.


Ur-jauzi politak bidean...


...eta kolore zoragarriak basoetan. Urteko garairik politena da Ordesan ibiltzeko.


Baso laranjen artetik lasterka azken zatia...


17:30 : Pradera de Ordesa (1320m)
Hamar orduz bete genituen bidearen 31 kilometroak eta 2300 metroko desnibela. Ordesako arroiletatik Gavarnieko zirkuko gainetara ibilbide zirkular zoragarria lotu genuen.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina