2023/11/28

Geougue d'Arre (2619m)

EGUNA: 2023/11/19

ABIAPUNTUA: Eaux-Bonnes (714m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Eaux-Bonnes - Col de Lurde : Hiru ordu
  • Col de Lurde - Cabanes de Cezy : Ordu erdi
  • Cabanes de Cezy - Geougue d'Arre : Hiru ordu
  • Geougue d'Arre - Eaux-Bonnes : Lau ordu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Eaux-Bonnes herriraino. Herri honen erdian dagoen parkearen goitiko aldetik herriaren gaineko partera igaten den karrika bat hartuko dugu eta bertan utzi autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Gouretteko eski estazioaren gainean Ger mendia altxatzen da modu ikusgarrian. Iparraldera dituen pareta bertikalek laster deitzen dute atentzioa. Mendi honek eta ingurukoek osatzen duten mendiguneko punturik altuena ez da Ger ordea. Pixka bat hegoalderago dagoen Geougue d'Arre ezezagunak du "ohore" hori. Ibilaldi honetan mendiguneari itzuli osoa emanen genion, bide batez bertako punturik altuena zapatuta.

6:53 : Eaux-Bonnes (714m)
Udaletxe eta elizaren artean dagoen aparkaleku handian pasatu genuen gaua. Goiz ernatu, gosaldu eta goiti abiatu ginen.


Herria goitiraino zeharkatu eta pista batetik egin genituen lehen metroak. Gouretteraino doan bidetik gindoazen. Ezkerretara biratzen den bihurgune batean pista zabalagoa utzi eta paretik mugarriz markatutako bidexka bat ateratzen zela ikusi genuen. Hari segituko genion.


Bidexka baso trinko batetik goiti igaten da. Marka horiek lagunduko gintuzten zati honetan; baina egia erran ez da zaila bidexka segitzea, nabarmena baita.


Zati batean pago eta izei artean ibilita soilgune batera aterako ginen.


Artigue de Balour izeneko zelaitxo toki miresgarri horietako bat da. Harresi bertikal eta baso trinkoen artean halako zelai berde bat egotea...


Etxola ttipi bat dago zelaitxoan...


Zelaiotxoa osorik zehakatu eta goiti segitu genuen...


Bertze baso zati bat gurutzatuko genuen zuhaitzak gibelean utzi aitzinetik.


1600 metro inguruan atera ginen basotik. Balourreko zirkuan ginen. Hasmentan hegoaldeko norabidean segituko genuen, beranduago mendebaldera  biratzeko. Oraindik ere marka horiei segitzen genien, baina laster elkartuko ginen Eaux-Bonnesetik beretik igaten den GRarekin.


Parean ikusten den lepotxoaren azpiko aldean hartuko genuen GRa.


GR10a hartuta, Balourreko zirkua gibelean utzi eta Anouilhas lautada aldera zuzenduko ginen. Ger mendiaren hegaoldean kokatuta dauden Amoulat eta Arcizette mendiak agertu zitzaizkigun parez pare.


Inguru eder honetan hartu genituen eguneko lehen eguzki izpiak ere. Lurdeko lepoa ez genuen urrun ordurako...


Belardi erosoetatik malda gutiko zatia zeharkatu genuen Cezy mendia parean genuela.


Anouilhaseko lautadak gibelean uzten...


Lurdeko lepoa begien bistan agertu zitzaigun. Igoera motz bat eta bertan izanen ginen.


Montagnon d'Iseye eta Mardas inguruak...


9:21 : Col de Lurde (1948m)
Lepo honetan akitu genuen eguneko lehendabiziko igoera. Parean Ossau bailarako erraldoia agertu zitzaigun...


Eguzkitan zerbait jateko geldialdia egin eta hegoaldera jaisten den GRtik segitu genuen, kasu honetan lasterka...


Fite sartuko ginen Cezyko etxolak kokatuta dauden zelaira. Jaitsiera eroso eta azkarra da, lasterka egiteko aproposa...


9:47 : Cabanes de Cezy (1665m)
Etxola handienaren atarian arropa kentzeko geldialdia egin genuen eta bide batez barrenera ere sartu ginen. Zati bat irekia du mendizaleek erabiltzeko.


Segidan etxolak utzi eta ekialdera biratzen da GRa. Harkaitzean zizelkatutako zati lau batetik ibiliko ginen hasmentan.


Gure eskuinetara Soussoueou-ko lautada zabala utzi genuen. Bertara jaisten dira Artousteko eski estazioko pistak. Urrunean Palas ikusgarria ere ikusgai genuen.


Gu zati lauagoa utzita mantso-mantso altuera irabazten hasi ginen berriz. Kasik 900 metroko igoera genuen Hourquette d'Arre izeneko leporaino, eta 160 metro gehiago irudian ikusten den Geougue d'Arre mendira.


Artousteko eski pistak elurraren esperoan...


Hourquette d'Arre-ko lepoa argazkian ikusten dena da. Oraindik lanak genituen hura harrapatzeko!


Malda ez da tenteegia, baina bai luzea...


Midi handia...


11:57 : Hourquette d'Arre (2465m)
Azken metroetan elur-lauso batzuk zeharkatu behar izan genituen. Zapatilekin gindoazen, baina kasu emanez arazo handirik ez genuen izan hauek gainditzeko.


Lorea lepoan geldituko zen nire esperoan eta nik Geougue d'Arre mendiraino joan-etorri azkarra egitea erabaki nuen. Eskuinetara biratu eta lehen orratza argazkian ikusten den bidexkatik inguratzen da.


Bigarren orratz bat ere ezkerretara utzi eta mendiaren iparraldeko bizkarretik sasigailurrera aterako nintzen.


Sasigailurretik egiazko kaskoa begien bistan nuen. Gandor polit eta erraza zeharkatzea bertzerik ez zitzaidan gelditzen.


12:14 : Geougue d'Arre (2619m)


Gailurrean egonaldi motza egin nuen ingurua pixka bat begiratzeko. Hegoaldera Palas inguruak...


Hori Lurien, oker ez banago...


Iparraldean Arre Sourins, Ger, Amoulat...


Lepora bueltatu eta berriz GRa hartuta Gourette aldera jaisten hasi ginen. Lehen zatian goi-lautada gisako bat zeharkatu behar da. Leku polita da, gaua pasatzeko etxola eta guzi!


Goi-lautada utzi eta bidea Anglaseko laku aldera jaisten hasten da. Zati honetan elur dezente harrapatu genuen, baina nahiko aise pasatu ahal izan ginen.


Anglaseko lakua gainetik ikusita. Bertara jaitsiko ginen.


13:17 : Lac d'Anglas (2068m)
Elurrak gibelean utzita, laku bazterrean eguzkitan bazkaltzeko geldialdi luzea egin genuen. Oraindik bide pixka bat genuen ibilaldia akitzeko, baina zailena egina zegoela erraten ahal zen.


Geldialdiaren ondotik GRtik beheiti jaisten segitu genuen. Duela hilabete inguru eskalatutako Pene Sarriereren mendebaldeko paretaren ikuspegi ederra genuen bidetik.


Bidexka magal tentetik goiti jaisten da Valentin izeneko errekaren bazterreraino.


Pene Sarriereren pareten azpian kokatuta, ordu batzuz segitutako GRa utzi genuen azkenean. Paretetaik hurbilen gelditzen den pista hartu behar da, ahalik eta altuera gutien galduz pareta inguratzen lagunduko diguna.


Gourette puska bat beheitiago gelditzen da.


Pene Sarriere azpitik inguratu eta eski pista horizontalean zeharkaltzeari ekinen genion.


14:10 : Telesiege de Bezou (1603m)
Bezouko teleaulkia ailegatzen den puntutik pasatu eta mendebalderantz segituko genuen pistaz pista.


Elur artifiziala egiteko erabiltzen duten ur-depositua inguratu...


...eta Gouretteko pistak agurtu genituen. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu, baina zer ederra izanen zen leku hau pistak egin baino lehen.


Pistak utzi pagadi trinkoetan barneratuko ginen. Hemendik Eaux-Bonnesera berriz ere marka zuri-gorriak eta horiak izanen genituen lagun.


Toki polit eta bakartia da, estaziotik hurbil egon arren.


Altuera aunitzik galdu gabe baso artean dagoen Bouyko lautadatxora ailegatu ginen. Ipuinetakoa iduri du.


Bouyko etxola eta urrunean Col d'Aubisque ezaguna...


Bouyko lautadatik beheiti bai. malda tentetu egiten da eta berriz baso artean "galtzen" da bidea. 


15:21 : Eaux-Bonnes (714m)
GRP bideari segituz hetsi genuen ibilbidea berriz ere Eaux-Bonnes ilunean. Udazken koloreekin eta arratsalde apalean, beldurrezko pelikula batekoak iduri duten irudiak utzi zizkigun garai batean izan zenetik guti duen herri honek. Guk helburua beteta, kontent akitu genuen eguna Larunsen gofre eta kafe banarekin.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina