EGUNA: 2025/03/09
ABIAPUNTUA: Astun (1730m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Astun - Pico de Astun Occidental : 2 ordu
- Pico de Astun Occidental - Pic d'Astu : Ordu eta erdi
- Pic d'Astu - Astun : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara ailegatuta, Candanchu eta Astungo eski estazioetara igotzen den bidea hartuko dugu. Somporteko lepoan Astunera eskuin hartuko dugu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Batzuetan hasmentan bururatutako planak ez dira nahi bezala ateratzen eta dagoena hartu behar izaten da. Horrelako zerbait gertatu zitzaigun joan den asteburuan Astunen. Gure asmoa eski estaziotik abiatu eta Moines, Bersau eta Astungo lepoak zeharkatuz zirkularra egitea zen. Eguraldia iragarritakoa baino eskasagoa izan zen ordea eta hasmentako plana alde batera utzita inprobisatuz aritu ginen.
8:34 : Astun (1730m)
20 bat zentimetroko elur geruza freskoarekin ernatu ginen eski estazioan gaua pasatuta. Gosaldu, kafea hartu eta estazioko pisten ondotik abiatzen den bidetik hasi ginen igaten.
Lakura ailegatuta komeriak hasi ziren. Ordura arte amildegiko harkaitzekin erreferentzia bisualak genituen, baina lakutik goiti lainopean dena zuri ikusten zen. Geldialdi luzea egin genuen aitzinera segitu edo ez erabakitzeko, eta azkenean Moineseko leporaino igatea erabaki genuen.
Mantso-mantso, kasik deus ikusten ez genuela eta GPSaren laguntzaz lakutik leporainoko egin genuen.
9:59 : Col des Moines (2168m)
Lepoan zeharkaldia egiteko aukerarik ez zegoela ikusita, fokak kendu eta gibelera eginen genuela erabaki genuen, Escalar eta Truchas lotzen dituen pista hartu eta gero Astu mendia igaten saiatzeko.
10:27 : Ibon del Escalar (2078m)
Hala, elur hautsetan lehen jaitsieratxoa egin genuen lepotik lakura. Bertan eguna pixka bat argitzen ari zela ikusi genuen eta berriz Moines aldera itzultzea erabaki. Hortaz, foka larruak paratu eta gure arrastoetatik goiti egin genuen.
Lepora bueltan, eskuinetara biratu eta Trampolingeles menditxoa iganen genuela erabaki genuen. Bertatik gero Ossau bailara aldera jaitsiera bat egin eta Astungo lepotik zirkularra burutzea zen plan berria.
11:00 : Trampolingeles / Pico de Astun Occidental (2278m)
Ostarte batzuk lagun genituela zapaldu genuen eguneko lehen gailurra, Astun mendiaren mendebaldeko punta. Hala ere, pozak ez zuen luze iraun eta berriz lainoak ugaritzen hasi ziren. Hala, behingoz iparralderantz jaistea baztertu eta Escalar lakura itzultzea erabaki genuen, gero Astungo isurialdetik Astu mendia igaten saiatzeko.
12:00 : Ibon del Escalar (2078m)
Bigarrenez escalar lakura jaitsi eta bertatik Truchas lakura doan pista hartu genuen.
Bi lakuen arteko pista Astun mendiaren azpitik pasatzen da.
Hego orientaziodun malden azpitik zeharkaldia egiten du, altuerarik irabazi eta galdu gabe.
12:42 : Ibon de Truchas (2119m)
Behin bertze lakura ailegatuta, eski estazioko teleaulki baten ondotik pasatu eta mendi eskiatzaile batzuk irekitako arrastotik ekialderantz jo genuen.
Astu mendiaren ekialdeko bizkarrera ateratzen malda tente bat gainditu genuen eta behin bertatik zailtasunik gabe ailegatuko ginen kaskora.
13:20 : Pic d'Astu / Pico de Astun Oriental (2177m)
Lehenago Astun mendiaren mendebaldeko tontorrean baldin baginen, oraingoan ekialdekora ailegatu ginen. Erdikoa eta altuena dena baino metro batzuk apalagoak dira biak ala biak.
Elurra hezeago harrapatu genuen jaitsiera honetan, baina aitzinekoak baino bertikalagoa zen eta niri eguneko onena iruditu zitzaidan. Kasik 200 metroko jaitsiera eginda, pistetan sartu eta estaziora bertatik jaitsi ginen.
Berriz bizkarrera atera ginen puntura itzuli eta bertatik jaitsiera zuzena eginen genuen estazioko pistetaraino.
13:49 : Astun (1730m)
Hala akitu zen misterio handirik gabeko eski ateraldi hau, paisaiarik ikusi gabe, hasmentako plana egin gabe, baina eskiatzeak beti uzten digun alaitasunarekin.