2015/08/26

Atxarre (312m)

EGUNA: 2015/08/26


IRTEERA: Allika (203m)


ZAILTASUNA: Errexa (F)


DENBORA: Ordu erdi (Igoera)


NOLA IRITSI: 
Urdaibai inguruan kokatuta dagoen Ibarrangelu herritik Lagako hondartza ezagunera doan errepidea jarraituko dugu. Herritik atera bezain laster, ezkerretara Akorda herrira doan bidea ikusiko dugu. Bide estu horretatik segiko dugu eta Akordara ailegatu aitzinetik, Allika deitzen den auzotxoan utziko dugu autoa.


DESKRIBAPENA:
Urdaibai inguruko bertze ibilaldi motz eta erraz bat. Kasu honetan, gailurrak biosferaren ikuspegi paregabea eskainiko digu.

10:19 : Allika (203m).
Auzotik bertatik ateratzen den zementuzko pista batean, Atxarreko gailurrean kokatuta dagoen San Pedro baselizara eramanen gaituen bidea zein den erraten duen seinalea ikusiko dugu. Zemeztuzko pista hori hartu behar da beraz. Lehen metroetatik gure helburu den gailurtxoa bistan genuen, Akorda herritxoaren gainean.


Zementuzko bidetik metro batzuk igota, seinale hau ikustean, bidexka bat hartu genuen. Hemendik jarraitu behar da gailurreraino. Ez dauka inongo misteriorik bideak.


10:46 : Atxarre (312m).
Bertzerik gabe plantatzen zara gailurrean eta hor hasten da ikuskizuna. Urdaibai guztia gure oinetan!


Mundaka eta erdi ezkutuan, Bermeo.


Laidako hondartza eta kanpina.


Gailurreko baseliza.

2015/08/25

Ogoño (305m)

EGUNA: 2015/08/25


IRTEERA: Elantxobeko hilerria (147m)


ZAILTASUNA: Errexa (F)


DENBORAK:
  • Elantxobe - Talaia : 20 minutu
  • Talaia - Ogoño : 20 minutu
  • Ogoño - Elantxobe : 20 minutu

NOLA IRITSI:
Bizkaiko Ibarrangelu herrira ailegatuta, Ogoñoko lurmuturra markatzen duen bide bat hartuko dugu. Errepide estu batek Elantxobe herriaren goiko partean dagoen hilerrian utziko gaitu. Hemen utziko dugu ibilgailua.


DESKRIBAPENA:
Foruko barnetegian egindako egonaldia, Urdaibaiko ingurune ederrak ezagutzeko profitatu genuen. Kasu honetan, Lagako hodartzaren eta Elantxoberen artean kokatuta dagoen Ogoñoko lurmuturrean ibilaldi polita egin genuen.

18:42 : Elantxobeko hilerria (147m).
Autoa hilerriaren ondoan utzi eta zementuzko bide batetik goiti abiatu ginen. Malda tentea hasieran, lehen malda igota bidea pista batean bihurtzen da.



Pista horretatik jarraituko genuen bidegurtze hau aurkitu arte. Eskuinetara, Ogoñoko lurmuturreko ertzera eramaten duen bidea hartu genuen.


Bidea une oro oihan artetik doa.


Momentu batzutan oso trinkoa da oihana.


19:03 : Talaia (276m).
Oihanaren irteeran maldatxo bat gainditu eta Ogoñoko lurmuturreko labarraren ertzera ailegatu ginen. Leku honetan egoten ziren aitzina balea noiz ikusiko zai. Ikusgarria da benetan, Lagako hondartza 276 metro beherago duela.


Hegoaldean geroago igoko genuen Ogoño edo atxurkuluko gailurra.


Talaian tarte batez egon ondotik ibilitako bidea desegin eta bidegurutze honetaraino itzuli ginen. Hemen hartzen da lurmuturreko punturik gorenera eramaten gaituen bidexka.


19:35 : Ogoño / Atxurkulu (305m).
Oihan artetik trepada erraz batzuk gaindituta gailurra zapaldu genuen.


Gailurreko argazkia, batzuk falta diren arren...


Eta iluntzen hasi baino lehen behera, parean aitzinetik igotako Talaiako punta genuela.


Ogoñora begirada pistatik...


Elantxobeko plazan.


20:24 : Elantxobe (0m).
Jaitsieran Elantxobeko beheko zatiraino jaitsi ginen arrantzale herri berezi honetaz gozatzera eta ibilalditxoa garagardo eder batekin bukatzera.

2015/08/20

Anboto (1331m), Urkiolamendi (1009m)

EGUNA: 2015/8/20

IRTEERA: Urkiola (713m)

ZAILTASUNA: Errexa (F). Azken arista arriskutsua bilaka daiteke elurra edo euriarekin.

DENBORA: 2 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI: Bizkaiko Durango herritik Gasteizera doan errepidea hartu behar dugu. Errepide honek Urkiolako mendate ezaguna zeharkatzen du. Mendatera ailegatzean, ezker biratu behar da Santutegiraino eta pixka bat aurrerago dagoen aparkalekuan utzi behar da autoa.

DESKRIBAPENA:
Euskal Herriko klasiko handienetariko bat da Anbotoko igoera. Mitologia eta kondairez betea, milaka mendizaleren joan-etorriak hartzen dituzte bertako ertz zuriek urtero. Nire aldetik, aspalditik buruan nuen mendia, Foruan barnetegi bat dela eta egiten ari naizen egonaldia aprobetxatuz igotakoa.

10:12 : Urkiola (713m).
Gosaldu eta gero, Foruatik Urkiolarako bidea egin genuen eta hamarrak pasatxoan jarri ginen martxan... Leku ezaguna da Urkiola. Bai erlijio aldetik eta baita ziklismoagatik ere. Duela urte batzuk arte, bertan bukatzen zen Urkiolako Igoera deitzen zen proba ezaguna. 


Aparkalekua eta santutegia gibelean utzi eta Urkilamendi inguratzen duen pista erosoa hartu genuen.


Aldapa gutxiko bidea da, erraz egiten dena.


10:48 : Asuntze (870m).
Bat-batean hasieran zeharkatzen den pinudia bukatu eta zelai eder batera ailegatu ginen. Iukspegia irekitzen da puntu honetatik aitzinera.


11:05 : Pagozelaiko lepoa (970m).
Bertze pista zati bat pasatuta lepo polit honetara ailegatu ginen. Hemen hasten da benetako igoera.


Pista gibelean utzi eta Anbotoko azken malda igotzen hasi ginen.


Lehen zatia pagadi batetik egiten da, bide oso harritsuan hori bai.


Tarteka pagadiak inguruaz gozatzeko tarteren bat uzten zigun. Jadanik Gasteizeraino irekitzen zen ikuspegia.


Pagaditik aterata, Anboto eta Alluitz lotzen dituen ertz ederrak ikusten hasi ginen.


11:33 : Agindiko lepoa (1227m).
Ertzean kokatzen den lepo batera ilegatuta Durangaldeko bistak zabaldu zitzaizkigun. Hemen eskuinetara biratu eta arista igotzeari ekin genion.


Aristak ez dauka zailtasun handirik, baina jendearen joan-etorrien ondorioz harria nahiko gastatuta eta leun dago puntu batzutan. Gainera hegoaldera amildegi dexentea dauka. Kontuz ibili beharrekoa da beraz, gehienbat bustita edota elurtuta badago.


Zabalaundiko lepoa (896m) aristatik. Bertatik bertze bide bat igotzen da Anbotoko gailurrera.


11:41 : Anboto (1331m).
Aizkora eta enbor honek egin zigun ongi etorria gailurrean.


Durango inguruak eta itsasertza gailurretik.


Ekialdera berriz, Aizkorri, Txindoki eta Pirinioak ere ikus zitezkeen. Eguraldi eta tenperatura bikainak genituen gailurrean egoteko.


Aupa ekipo!!!


Ordubetez gailurrean gozatu ondotik behera...


Azken begirada bat gailur klasiko eta eder honi...


Pagozelaiko lepoan berriz ere.


13:49 : Agindiko lepoa (870m).
Pol-pol deitzen den iturrian atsedenalditxoa hartu eta Agindiko lepotik gora, Urkiolara doan pista hartu ordez, Urkiolamendi mendia igotzea erabaki genuen.


Igoera erraza da, belardi berde eta politetatik gailurreraino.


14:20 : Urkiolamendi (1009m).
Gailur xume honek ere ikuspegi ederra eskaini zigun.


Mugarra eta Aitz Txiki iparraldean.


Kuadrilako argazkia.


Urkiolamenditik Urkiolarako jaitsieran putre batzuek entretenitu gintuzten.


14:52 : Urkiola (713m).
Berriz Urkiolara bueltan, bazkaldu eta harri famatuari itzuli batzuk eman genizkion, hondartzara joan aitzinetik. Goiz ederra pasa genuen, giro bikainean...