2019/02/24

Aiguillette (2517m)

EGUNA: 2019/02/24

IRTEERA: Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera (iparraldetik): Bi ordu 
  • Jaitsiera (hegoaldera): Ordu bat
NOLA AILEGATU:

Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.

Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

KRONIKA:
Bezperan Louron haran politeko Balencouseko sektorea eski aritaldi ederra egin ondotik, inguruko bertze hego magalak elurrez eskasten hasiak zirela ikusita eta berriz leku berean ez genuela eskiatu nahi erabakita, altuera irabaziz Aragnouet-Bielsa tunel ingurura zuzendu ginen. Udaberriko elurra bilatzen segitu asmoz, tunelaren ipar ahoan hasi eta hegoan akitzen den ibilbide polita diseinatu genuen.

9:23 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Gaua Pirinioen hego isurialdean pasatu genuen, Bielsan hain zuzen ere. Presarik gabe Parzango gasolindegiko tabernan gosaldu eta tunela bertze behin zeharkatuta iparraldera duen aparkalekuan utzi genuen autoa. Leku honetan beti bezala mugimendua ugaria zen. Alde batetik, izotz-eskaladatzaileak eta bertzetik, eskiatzaile eta erraketazaleak.


Aparkalekua utzi eta hego-mendebalderantz igotzen hasi ginen malda eztietatik.


Beheitiko zati honetan fresko egin arren, elurra ez zegoen gogorregi eta kutxilarik gabe egin genuen zati gehiena.


Aiguilletteko lepora hurbiltzen garlitz mendia gibelean genuela.


10:52 : Col IGN 2392m. (2392m)
Aiguillette mendiaren iparraldera kokatua dagoen izenik gabeko lepora ailegatzeko azken malda tenteagoan kutxilak jarri genituen seguruago igotzeko. Lepora ailegatuta ikuspegi ikusgarriaz gozatu ahal izan genuen. Barroudeko zirku ikusgarria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.


Lepotik eskiak motxilara eta elurrik gabeko ertz erraza igotzeari ekin genion Barroudeko harresi tenteen parean. Aipatu zati hau elurrik gabe erraza dela, baina elurrarekin arriskutsua izan daitekeela mendebalderantz dituen amildegiengatik.


11:46 : Pic de l'Aiguillette (2517m)
Ertza eta mendebaldeko aurpegia astira igo ondotik gailurrean ginen. Bertatik hurbil ikusten dira Port Vieux eta Barrosako mendiak.


Eta nola ez Barroudeko zirkuko tontor altuak. Irudian ezkerretik hasita Port Vieux, Munia, Troumouse, Heid, Gerbats, Gela, Soum des Salettes eta Campbieil bertzeak bertze.


Iparraldean Cintes Blanqueseko gandorra, Campbieil, Estaragne, Mechant eta Bugatet malkartsuekin.


Abiapuntua ere ikusten da tontorretik. Eskuinean berriz Garlitz mendia.


Asteburuko bigarren tontorra...


Lau ezagun zahar: Gela, 2018an igoa; Soum des Salettes, 2013an; Campbieil, 2017an; eta Estaragne, 2013an.


Gailur ingurua elurrik gabe zegoen baina metro eskas batzuk beheitiago eskiak jarri ahal izan genituen. Udaberriko elurra bilatuz Pinarrako bailararantz jaitsiko ginen, hegoaldeko maldetatik beraz.


Kaskotik Pinarraren sakonean dagoen etxola honetaraino malda zabal eta ederretatik eskiatu genuen. Hemendik oraindik bertze zatitxo bat eskiatu ahal izanen genuen.


1900 metro ingururarte jaitsi ginen eskiatuz. Bailararen bertze magaletik gehiago jaisteko aukera genuen, baina badaezpada udako bide aldera jaitsi ginen ingurua ez genuelako ezagutzen.


Hortik aitzin eskiak motxilara eta ttipi-ttapa Bielsako tunelaren hegoaldeko sarreraraino...


13:49 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Hegoaldeko sarrera (1664m)
Tunelaren hegoaldeko sarreran akitu genuen ibilbidea, Pinarrako ur-jauziaren azpian. Hortik autoaren bila joateko auto-stop egin genuen.


BIDEOA:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina