2019/02/09

Ballonque (2285m), Pene Lounque (2275m)

EGUNA: 2019/02/09

IRTEERA: Artigues (1250m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Artigues - Ballonque : 3 ordu
  • Ballonque - Pene Lounque : Ordu bat
  • Pene Lounque - Artigues : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
A64 Pirinioetako autopistan zehar joango gara Tarbes hiriraino. Hemen utziko dugu autopista eta Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleak jarraituko ditugu. Herri hau gibelean utzi, Campan herritik pasa eta Sainte Marie De Campan herrian eskuinetara biratuko gara Tourmalet mendate ezaguneko errepidean gora. La Mongieko eski estaziora ailegatu baino lehen, Artigueseko errepidetxoa ezkerretara utzi eta hortik goiti ahal dugun lekuan utzi behar da autoa. Bide bazterrean utzi behar da eta ez da erraza lekuak harrapatzea.



KRONIKA:
Urtarrileko elurteen ondotik panorama aldatu zaigu eta Pirinioak aukera anitz eskaintzen digu eskiaz gozatzeko. Aitzinekoan ipar aurpegien bila ibili baginen hauts bila, honetakoan udaberriko elurra izan dugu helburu eta baita harrapatu ere. Ballonque eta Pene Lounqueko hego aurpegi zabalek opari goxoa utzi digute.

9:14 : Artigues (1250m)
Autoa bide bazterreko leku guttietako batean utzi eta gauzak prestatuta, irudian ikusten den seinalearen ondotik goiti abiatu gara, eski eta erraketa arrastoei segika.


Lehen zatian pista bat laburtzeko lasterbideak bilatu ditugu zuhaitz artean.


Zelaitxo honetara atera gara segidan. Hor bistaratu dugu lehen aldiz egun osoan presente izanen genuen Midi de Bigorre ikusgarria. Haren azpian antzematen den bailararantz segitu dugu.


Gibelean Pla de les Penes mendia, Payolle aldetik igotzen den mendi ezaguna erraketazale eta eskiatzaileendako.


Honenbertzez elur gogorraren gainetik Arizes bailaran sartzen hasi gara. Lehen zatian pasabide esturen bat gainditu behar, kontu ibili beharrekoa elur gogorrarekin. Jaitsieran susto txiki bat izan dut puntu honetan...


10:05 : Pont des Vaques (1560m)
Zatirik estuena pasata, harantxoa ireki eta zati politean barneratu gara. Igoera bailarari segika egitea erabaki dugu, nahiz eta luzeagoa izan arras polita baita.


10:35 : Cabane d'Arizes (1700m)
Erran bezala, bailararen sakonetik altuera poliki irabazita, etxola honetara ailegatu gara. Gibelean Taoulet d'Aouet mendiak itxura ederra zuen, baina gure eguneko helbura Ballonque mendia zen eta hortaz, iparraldeko norbadiea utzi eta ipar-ekialdera biratu gara malda tenteagoen bila.


Egun ederra izan arren, goi-laino finek eguzkia traba pixka bat egiten zioten eta elurra ez zen gehiegi transformatzen. Geroago ordea, eguzkiak indarra hartu eta udaberriko elur goxoa oparitu digu.


Lasai-lasai goiti Midi de Bigorre handiaren "itzalean"...


12:04 : Ballonque (2285m)
Erritmo lasai baina konstantean eguneko lehen gailurra zapaldu dugu. Pirinioen ipar-iparrean, duela aste batzuk igotakpo Haboura eta Casque du Lheris mendiak parez pare ikusten dira.


Hegoalderantz, aipatutako Midiz gain, Neouvielle inguruko 3000koak nabarmentzen dira, Bastan eta Quatre Termesez gain.


Gailurreko argazkitxo bat eta beheiti abiatu gara.


12:56 : Col de Ballonque (2154m)
Jaitsiera motz batek Ballonqueko lepoan utzi gaitu. Hemen, berriz foka-larruak jarri eta irudian ezkerretan ikusten den Pene Lounquera eramanen gintuen gandorrari segik hasi gara. Hasmentan eskiak zangoetan genituela...


...baina 2229 metrora dagoen izenik gabeko kota eta gero gandorra estutu eta eskiak bizkarrera eraman behar izan ditugu.


Pasabide estuenak gaindituta, eskiak bizkarrean genituela segitu dugu bugarren gailurrreraino.


13:50 : Pene Lounque (2275m)
Eguzki goxoaren azpian eguneko bigarren tontorra zapaldu dugu. Irudian, gailurretik Midi eta eskuinean minutu batzuk lehenago zapaldua genuen Ballonqueko kaskoa.


Ikuspegia Ballonquetik genuenaren iduritsua izan arren, Payolle eta Aspin inguruetakoa ere gehitzen da gailur honetatik,


La Mongie estazio ingurua eta Neouvielle eta enparauak gainetik... 


Bigarrena sakelera... Onena ondotik zetorren ordea, gailurretik Arizeseko bailararen sakoneraino 700 metroko malda zabal eta zuzena eskiatu baitugu. Gainera, eguzkiak bere lana egin eta elur bikaina izan dugu jaitsiera guzian...


14:41 : Pont des Vaques (1560m)
Puntu honetan itxi dugu ibilbide zirkularra. Oraindik jaitsiera gehiago genuen baina onena hemen akitzen da.


Zati estuagotik lehendabizi eta pista leunetik gero, autorainoko bidea segitu dugu gaur deskubritu dudan sektore oparo hau agurtuz.


15:10 : Artigues (1250m)
Pistari segika, autoa utzia genuen puntua baino 500 bat metro beheitiago atera gara errepidera. Eguna akitzeko errepidetik eski botekin paseo deserosoa tokatu zaigu beraz...

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina