2019/02/17

Soum d'Aas (2427m), Ayous (2288m)

EGUNA: 2019/02/15-17

IRTEERA: Gabas (1067m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Gabas - Cabane de Bious Oumette : Ordu bat
  • Cabane de Bious Oumette - Soum d'Aas : Hiru ordu
  • Soum d'Aas - Cabane de Bious Oumette : Ordu bat
  • Cabane de Bious Oumette - Pic d'Ayous : Hiru ordu eta erdi
  • Pic d'Ayous - Cabane de Bious Oumette : Ordu bat eta erdi
  • Cabane de Bious Oumette - Gabas : 20 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Artoustera ailegatu baino lehen Gabas herrira ailegatuko gara. Herria osorik gurutzatu eta goiko zatian, bihurgune itxi batean aparkaleku bat dago, justu Bious Artigueseko urtegira ateratzen den errepidetxoaren ondoan. Aparkaleku honetan utziko dugu autoa. Hemendik Biousera doan errepidea itxita egoten da negu osoan zehar nahiz eta elurrik ez izan.

KRONIKA:
Elurra ausarki dagoelarik eta eguraldi ona iragarrita dagoelarik jende lepo betetzen dira eski pistez gain mendi-eskiko ibilbiderik klasikoenak. Egun horietan zaila izaten da jaitsierako arrastoak ukitu gabeko maldetan egitea. Bious-Artigues inguruko sektore "gordea" leku aproposa da jende artetik urrun eskiatu nahi duenarendako. Mendi ibilbide anitz, orientazio gehienak aukeran eta oinarrizko kanpamendua muntatzeko etxola erosoa.


2019/02/15
18:08 : Gabas (1067m)
Lanetik hiruretan atera eta ziztu bizian Piriniorako bidea hartu genuen. Bious-Artiguesera errepide elurtua abiatzen den puntura ailegatu orduko arratsaldeko seiak jotzear zeuden. Gauzak bizi-bizi prestatu eta hesia zeharkatuta goiti abiatu ginen.


Eguzkiak onenak emanak zituen ordurako eta gailurrak bakarrik ukitzen zituen...


Errepide elurtua segitzeak ordea ez du misterio handirik. Duela bi negu bertatik eskiak parrilan jarri eta bizikletaz igoak ginen eta bagenekien ilunduz gero ere erraz ailegatuko ginela etxolara.


Bidea pare bat elur-jausik zeharkatzen dute eta horietan eskiak kendu behar izan genituen momentu batez.


Midi d'Ossau handia bistaratu genuenerako etxola hurbil zegoela bagenekien. Ondoko bi egunetan presente izanen genuen erraldoi hau...


19:07 : Cabane de Bious Oumette (1302m)
Hala ordubete eskasean gure etxetxoan ginen. Lehen lana sua pizteko egurra biltzea. Horretan jardun ginen inguruko basoetan kopetako argiaren laguntzaz ordubete inguruz.


Ondotik afaldu eta su-bazterreko egonaldi goxoaren ondotik lotara...


2019/02/16
8:44 : Cabane de Bious Oumette
Zazpi eta erdietarako jarri genuen iratzargailua. Lasai gosaldu eta prestatu ondotik goiti abiatu ginen. Eguneko helburua duela bi negu etxola honetan izan ginen aitzineko aldian igo ezin izan genuen Soum d'Aas mendia.


Etxola utzi eta errepide elurtik Bious Artigueseko lakurantz abiatu ginen.


9:06 : Lac de Bious-Artigues (1422m)
Lehen malda gaindituta urtegitxo honen bazterretik segitu genuen mendebalderanzko norabidean lakua inguratuz.


Laster gure eskuinetara abiatzen den basoko pista batetik Aaseko harantxoan barneratu ginen. Lehen zatian zuhaitz artetik ibiliko ginen...


Basoa gibelean utzita Soum d'Aas eta Auliou mendien hego magal zabal eta ederretan barneratu ginen.


Mendi-eskirako txoko bikaina udaberriko elurra bilatu nahi dugularik...


Bertze sektore batzutan ehundaka lagun ibiliko ziren bitartean, Soum d'Aaseko hego malda zabala zortzi lagunek eskiatuko genuen, gu biok eta bertze bi hirukotek. Luxu bat garai honetarako!


Malda errazetatik 2050 metro inguruan dagoen lakutxora ailegatu ginen. Hortik gure eguneko helburua zen Soum d'Aas (erdiko tontorra) ikusi genuen lehendabiziko aldiz. Bertara ailegatzeko bi tontorren arteko izenik gabeko lepotxora igoko ginen eskiekin eta handik ezkerretara biratuta gailurrera ertz errazetik.


Lepotxora ailegatzeko azken metroetan malda dezente tentetzen da eta hego haize biziaren ondorioz elurra guritu ezinean zebilenez, azken zatitxoan eskiak bizkarrera eraman genituen.


Arestian erran bezala, lepotxoan eskiak utzi eta azken zatia oinez eginen genuen.


2406 metrora dagoen sasigailurretik gandor zabala zehazkatzea bertzerik ez zen gelditzen benetako gailurrera ailegatzeko. Zati honetan haizeak bolada gogorrak zituen, baina ongi ibiltzeko moduan.


12:14 : Soum d'Aas (2427m)
Hala ailegatu ginen ikuspegi ikaragarri ederra duen mendi ezezagun honetara.


Iparraldean Sesques ingurua...


Hego-mendebaldean Aspe eta Bisaurin inguruak...


Mendebaldean gure Lescun maiteko mendiak...


Ekialdean tontor erraldoiak: Ger, Lurien, Palas, Balaitous, Frondella, Arriel, Picos del Infierno, Garmo Negro, Vignemale... eta nola ez Midi ederra.


Mendiaren bertze aldean berez biharamunerako helburu ziren Gazies eta Auleko hego malda politak genituen. Azkenean haize gogorra iragarrita zegoenez ez ginen haietara igoko eta plana aldatuko genuen.


Inguruaz gozatu ondotik ttipi-ttapa eskiak utziak genituen lepotxora itzuli ginen.


Eta eskiak oinetan hego malda zabaletan "galdu" ginen, udaberriko elur goxoaz gozatuz.


Aas bailara bikainak zapore ezin hobea utzi zigun.


14:31 : Lac de Bious-Artigues (1422m)
Basoa ahal bezala eskiatuta, urtegiko pareten gainetik lakua zeharkatu genuen Midiren begiradapean...


...eta Bious-Oumettera azken maldak eskiatu genituen.


14:44 : Cabane de Bious-Oumette (1302m)
Sei orduko ibilaldiaren ondotik lehen egunekoak eginda genituen.


Eguzkitan eman genuen arratsaldean etxolako atarian atseden hartzen.


Ilunabarra etxola barnetik...


Afaldu eta goiz sartu ginen lo zakuetan...


2019/02/17
9:06 : Cabane de Bious-Oumette (1302m)
Hirugarren eguna paradisuan. Egun honetarako asmoa Auleko bailaran barneratzea zen, baina haize gogorra iragarri zuten eta Ayous aldera joatea pentsatu genuen baso artetik leku babestuagoa iruditzen baitzitzaigun.


Gazies bertze aldi baterako utzi genuen.


9:26 : Lac de Bious-Artigues (1422m)
Helburu zehatzik gabe Bious-Artigues lakura igo eta bazterreko pistatik Ayouseko aterpe alderako norbaidea hartu genuen. Handik bezperan ibilitako Aaseko bailara (ezkerrekoa) eta eguneko hasmentako helburua zen Aulekoa (eskuinekoa) bistan genituen.


9:58 : Pont de Bious (1538m)
Pista luzeari segika Biouseko zelai zabalera ailegatu ginen. Hemen eskuinetara biratu eta basoan sartuko ginen.


GRko marka zuri-gorriak segituz zeharkatu genuen basoa.


10:27 : Col Long d'Ayous (1704m)
Puntu honetan atera ginen basotik eta elur malda ederretatik mendebalderantz jo genuen berez udako bideak Roumassot eta Mieyko lakuetara segitzen duen arren.


Gu erran bezala lakuak baino iparralderago pasatu ginen, bi lakuen arteko ur-jauzitxo saihesteko.


Ayouseko aterpe inguruetara atera ginen honela. Laugarren aldia nuen leku honetan, baina bertze guzietan bezala aho zabalik gelditu nintzen. Gainera, udan ez bezala, lasaitasuna zen nagusi eta ia inor ez zebilen inguruan. Jarraian, metro batzuk galdu eta eskuinetara ikusten den Ayouseko lepora igoko ginen.


Gentauko lakua gibelean utzi eta malda tenteagoetatik goiti segitu genuen.


12:07 : Col d'Ayous (2178m)
Lepo zabaleraino ailegatu ginen eskiak oinetan genituela. Handik erabakia hartu eta izen bereko gailurra igoko genuela erabaki genuen.


Eskiak utzi eta oinez segitu genuen ertza ipar-mendebaldeko maldetatik inguratuz eta azken malda igoz.


12:41 : Pic d'Ayous (2288m)
Hiru ordu eta erdi ibili ondotik gailurrean ginen. Handik bezperan eskiatutako Aaseko malda eguzkitsuak parez pare genituen.


Oinetan aldiz, Ayouseko aterpetxea paraje liluragarrian.


Bakar-bakarrik egon ginen gailurrean eta ia ez genuen inor ikusi egun osoan. Gailurra utzi eta igotako bide beretik eginen genuen etxolarainoko bidea.


15:03 : Cabane de Bious-Oumette (1302m)
Behin etxolara bueltan, gauzak bildu eta etxola garbitzeko momentua ailegatu zen.


Lurreko sua, koltxoiak, ura eta egurra hurbil, behar den guzia du etxolatxo honek. Makurrik ezean itzuliko gara!


15:55 : Gabas (1067m)
Etxola utzi eta errepide elurtutik autora itzuli ginen. Nekatuta baina asteburu bikaina pasa izanaren pozarekin.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina