2019/02/23

Lion (2102m)

EGUNA: 2019/02/23

IRTEERA: Cazaux dessus (1289m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera : Bi ordu
  • Jaitsiera : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. Bagneres de Luchongo norabidea segitu behar dugu, Peyresourde mendate ezaguna igotzen hastearekin batera ezkerretara Cazaux-Frechet herrirako norabidea hartuz. Hemendik goiti segituko dugu Cazaux Dessus herrixkaraino.

KRONIKA:
Jaungoikoak mendiak egin zituen egunean, mendi batzuk eskirako espresuki diseinatu zituen. Louron eta Luchongo bailaren artean zutitzen diren gailur borobilak dira horren adibiderik nabarmenenak. Horietan dago kokatua Balencouseko sektorea, eskiatzaileen gozamenerako malda anitz eskaintzen dituena.

8:55 : Cazaux Dessus (1289m)
Hasmentan Bastan inguruan asteburua pasatzeko intentzioa genuen, baina plana aldrebestu eta Lourongo bailara politera zuzendu ginen larunbat goizaldeko ordu ttikietan. Buelta handirik eman gabe Cazaux Dessus herrian gaua pasatu eta goizean goitixeago dauden antenen ondoan utzi genuen autoa. Bertatik haran zoragarri honen ikuspegi zoragarria genuen, elurrak apainduta goititik beheitiraino.



Gauzak prestatu eta Balencouseko sektorean barneratuko gintuen pista elurtua hartu genuen.


9:49 : Cabane de Balencous (1565m)
Pista etxola honen inguruan akitzen da. Hemendik orientazio desberdinetako aukera anitz ditugu eskura.


Guk harantxoaren azpiko segituko genuen, bertan baitzegoen elur gehien.


Bertze etxola honen ondotik pasa eta malda zabal eta ederretan sartu ginen.


10:47 : Col de Louron (2001m)
Erran bezala, malda zabalak eta tontor borobilduak dira sektore honen ezaugarri nagusiak. Ia edozein aldetatik eskiatu daiteke. Guk Lourongo lepo zabala gibelean utzi eta Lion mendia aukeratu genuen bere hegoaldeko maldetan eskiatzeko.


11:01 : Pic du Lion (2102m)
Eski eta erraketazaleendako paradisua izateaz gain, bere kokapenagatik mendi altuenen begiratoki aparta da Liongo tontorra.


Aneto-Maladeta inguruak, Jean Arlaud, Gourgs Blancs eta Crabioules mendiak.


Bachimalako mendigunea.


Soum des Salettes, Campbieil, Pic Long, Turon de Neouvielle, Neouvielle, Pichaley...


Iparraldean Bareilleseko sektorea, esploratu beharreko bertze bat...


Egote ederra gailurrean haize pixka bat ibili arren...


Lehen jaitsiera on baten ondotik, 1870 metro inguruan berriz foka-larruak jarri eta gailurrera itzuli ginen. Hego-mendebaldeko maldak elur arras onarekin zeuden.


Berriz Lionera bidean Pouy Loubyko bertze gailur eskiagarria gibelean utziz.


12:55 : Pic du Lion (2102m)
Bigarrenez tontorrean, urrunago Sommet du Tech mendia ageri dela.


Bigarren jaitsiera ere aski ona izan zen, elur malda zabalak gustura eskiatuz. Ondotik pista hartu eta beheiti segitu genuen.


13:43 : Cazaux Dessus (1289m)
Honaino sektoretxo honi egindako bisita. Ez zen hasmentan genuen plana, baina bigarren platerak ez dira txarragoak izaten batzuetan.


BIDEOA:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina