EGUNA: 2021/01/06
ABIAPUNTUA: Kuarteleko Kaskoa (627m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S3
DENBORA:
- Igoera (Harrigorritik): 2 ordu
- Jaitsiera (Ipar aurpegitik): Ordu erdi bat
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik Izpegi aldera doan errepidea hartu behar da, baina kilometro bat inguru ibili ondoren eskuinetara ateratzen den zementuzko bide bat hartuko dugu. Bide hau zementuzkoa izatetik asfaltatua izatera pasatzen da segidan. Asfaltoa azken baserrian bukatzen da, beheitiko bidegurutzetik 2 kilometro ingurura. Bertan utzi behar da autoa (Arginen Borda, 495m.). 4x4 ibilgailua izanez gero eta elurrak utziz gero, Arginen Bordatik goiti segitzen duen pistatik segitu ahal dugu Kuarteleko Kaskoraino (627m.)
KRONIKA:
Ametsak bete artean direla ederren erraten da, baina aunitzetan errealitateak fikzioa gainditzen du. 2015eko otsailaren 7an nire bizitzan lehen aldiz eskiatu ahal izan nuen Auza mendiaren iparraldeko aurpegia. Txikitan etxetik parez pare ikusten den malda eder horretan eskiatzaile batzuk jaisten ikusi nituenetik amets bat zen hura. Ordukoan gainera elur ona harrapatu genuen. Bada 2021eko urtarril hasiera honek marka guziak hautsi behar dituela ematen. Behin ez ezik, bitan ere eskiatu ahal izan dugu Auza iparraldeko aldera eta oraindik ere egun gehigotan aukera egonen dela ematen du. Gaur izan dugu egun eta elurra betiko gordeko dugu gogoan.
8:46 : Kuarteleko Kaskoa (627m)
Aitzineko egunetan baino goizago gelditu gara eta 4x4 ibilgailuan Kuarteleko Kaskora igo ondoren egunsenti zoragarriak eman digu ongi etorria. Alkurruntz elurrez lepo...
Lehen eguzki izpiak tenperatura hotza zerbait epeldu nahian zebiltzala ailegatu gara Elorrietara. Hermendik goiti GRaren bideari segituko genion basoan goiti.
Lehen baso zatia pasatuta esnegainez bainatutako Harrigorriko harkaitz ikusgarria bistaratu dugu. Begiratzen genuen lekura begiratuta dena ikusgarria zegoen.
Malda tenteenak elur sakonetik gaindituta, bidea pixka bat lasaitu eta bertze baso zati batean barneratzen da.
Gutxitan ikusten dira gure bazterrak horrelako elur zamarekin. Basoek ipuinetakoak iduri zuten.
Zuhaitz artetik atera eta Harrigorriko lepotik Auzaren ekialdeko malda igotzeari ekin diogu.
Malda poliki-poliki tentetzen joaten da, baina elur hautsean arazorik gabe gainditu ahal izan dugu.
Hegoaldeko bizkarrera atera gara azken metroak egiteko.
Guk, ordea, gure ipar kuttuna hautatu dugu gaurkoan ere. Eta elur hauts zoragarria izan dugu 400 metroko malda bikainean.
11:57 : Kuarteleko Kaskoa (627m)
10:57 : Auza (1306m)
Hala ailegatu gara gailurrera, aurten bigarren aldiz eskiekin bertan ginela. Gutaz gain bertze eskiatzaile batzuk ere ibilki ziren Auzan, baina bertze inguruekin konparatuz gero aski lasai ibili gara.
Gailurreko argazkia, momentu eder honen oroitzapena izateko.
Elizondo gailurretik eta eskiatzaile batzuk hego-aurpegitik jaisteko prest.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina