EGUNA: 2022/04/14-15
ABIAPUNTUA: Bonaigua 1900 - Baqueira Beret eski estazioa (1912m)
ZAILTASUNA: S4 , Rateraren hego-ekialdeko maldak ematen dio zailtasun hau, bertzela S3
DENBORAK:
- Bonaigua 1900 - Pic d'Amitges : 3 ordu
- Pic d'Amitges - Refugi d'Amitges : 30 minutu
- Refugi d'Amitges - Tuc de Ratera : 2 ordu
- Tuc de Ratera - Refugi Saboredo : 30 minutu
- Refugi Saboredo - Bonaigua 1900 : 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta Bonaiguako lepora igotzen den errepidea hartuko dugu. Lepoa pasatu eta beheiti abiatuta, eski estazioko azken aparkalekura ailegatuko gara.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Apirila aitzinera doa, baina oraindik bada elurra goietan. Udaberriko oporrak baliatuta, urrunago gelditzen zaigun Pirinioetara bisitatxoa egitea erabaki dugu. Aigües Tortes inguratzen duena Carros de Foc bide ezaguna egin nuela hamar urte betetzen diren honetan, berriz ere inguru hartan ibili gara, baina oraingoan elementu zuriaren gainean irristatuz.
2022/04/14
9:00 : Bonaigua 1900 (1912m)
Mugimendu guti zegoen Baqueira-Beret eski estazioaren ekialderen dagoen aparkaleku honetan bertaratu ginelarik. Jende gehienak eskiak atzendu eta bertze planak egiteari ekin dio. Mendi eskirako baldintzak onak dira oraindik ordea eta ahal den bitartean hortxe segituko dugu.
11:45 : Coth der Lac Glaçat (2585m)
Azken malda tenteago batetik Gerber eta Saboredoko bailarak bereizten dituen lepo honetara atera ginen.Bizkar guzia iganda, Amitgeseko lepora ailegatu ginen. Bertatik jaitsiko ginen beranduago gaua pasatuko genuen izen bereko aterpera. Aitzinetik, ordea, eskiak utzi eta ezkerretara biratuta gailurrerako joan-etorria eginen genuen.
Harrizko bloke eta elur zatiak tartekatuz plantatuko ginen kaskoan...
12:54 : Pic d'Amitges (2851m)
Autotik atera eta lau ordura gailurrean ginen. Elur hezeak dezente zaildu zigun igoera, gehienbat lepotik kaskora ailegatzeko.
Garagardoak zain genituen gure zangoetan genuen aterpean...
Elur pisu samarra harrpatu genuen jaitsieran, baina nahiko eskiagarri zegoen. Uste baino hobeki...
14:04 : Refugi d'Amitges (2365m)
Eskietara bueltatu eta mendiaren hegoaldeko bailaratxotik jaitsiera motz batek aterpean utziko gintuen.
Gure bi eguneko itzuliaren lehendabiziko etapa aterpe eder honetan akitu genuen. Lehenagotik pare bat aldiz pasatua nintzen hemendik, baina lehen aldia izanen zen lo egiten. Gela erosoak ditu eta janaria arras ona. Hori bai, Carros de Foc ibilbidean kokatuak dauden bertzeak bezala, garestia da.
Terraza panoramikoan eman genuen arratsaldea, ikuspegi zoragarriaz gozatzen...
Afalondoan azken izpi gorrixkek apaindu zituzten Encantats eta Peguera mendi inguruak. Bi egun beranduago inguru hartan ibiliko ginen...
2022/04/15
7:56 : Refugi d'Amitges (2365m)
Ederki deskantsatu ondotik, zazpietan gosaldu eta martxan paratu ginen.
Amitgeseko orratzen azpitik hasi genuen eguna, Carros de Foc zeharkaldiko bidea segituz Raterako lepo aldera.
Estany dels Barbs eta Estamy de la Munyidera lakuen artetik pasatu ginen eta parean ikusten den maldatxoa igan genuen. Elurra nahiko gogor zegoen ordu horretan oraindik eta hortzak estutu behar izan genituen maldan.
Malda gaindituta bizkar honetara atera ginen. Bideak Raterako lepo aldera altuera sobera galdu gabe zeharkaldi luzea egiten du. Elur gogorrak ordea zeharkaldi hori deseroso eta arriskutsu egiten zuen eta beraz foka-larruak kenduta eginen genuen guk.
Zeharkaldia lautadatxo honetan akitu genuen. Berriz ere larruak paratu eta goiti. Parean genuen Ratera, bere hego-ekialdeko malda ederrarekin...
9:20 : Port de Ratera (2594m)
Lepo zabal honetrara ailegatuta, ezkerretara biratu eta Ratera mendiaren magaletatik goiti abiatu ginen.
Lehendabiziko maldak ez dira sobera tenteak, baina goitiago 40 gradu ere hartzen ditu eta zati hau eskiak bizkarrean genituela eginen genuen. Zerua nahiko hodeitsu zegoen eta elurrari transformatzea kostatzen ari zitzaion...
Zatirik tenteena gainditzen... Zorionez ordurakpo eguzkia malda goxatzen hasia zen eta jaitsierarako bere puntuan izanen genuen elurra.
Besiberri eta Anetoko mendiguneak tontorretik...
11:34 : Refugi de Saboredo (2310m)
10:30 : Tuc de Ratera (2862m)
Errtimo lasaian igan ginen kaskora eta han ere ez genuen presa handirik izan. Haizerik gabe, bakar-bakarrik... Elurrari transformatzen utzi nahi genion.
Egonaldi luzearen ondotik, eskiak paratu eta malda dotorean beheiti abiatu ginen. Elurra baldintza bikainean harrapatu genuen Saboredoko aterperaino eta ziztu bizian ailegatu ginen hara.
Carros de Foc egin nuelarik, xarma gehien zuen aterpea iruditu zitzaidan Saboredokoa. Ttipia eta nahiko zaharra zen. Ordutik berritu egin dute eta itxura desberdina du orain. Kanpoko aldean kafe bat hartuko genuen lasai ederrean aitzinera segitu baino lehen.
Gure hasmentako ideia bailaran beheiti jaitsi eta gero Bonaiguara igatea zen, baina aterpeko zaindariak elur gehiago zuen bide bat proposatu zigun.
Aterpea gibelean utzi eta metro batzuk galdu genituen 2200 metro inguruan dagoen lautadatxo bateraino.
Hor berriz ere fokak paratu eta zeharkaldi motz bat eginda Saboredo orratzen eta Locampo mendiaren arteko zirkutxotik altuera irabazi genuen.
Paraje ikusgarria hau ere, eta bakartia... Harrituta gelditu ginen inguru hauetan egindako bi eguneko zeharkaldu honetan zer jende guti ikusi genuen.
Zirkutik Locampo mendiaren ipar-mendebaldeko ertzaren azpiko bizkar batera igaten segitu genuen, 2400 metrora guti gorabehera. Hemen eginen genuen ondoko transizioa...
Fokak kendu eta beheranzko zeharkaldi luzea eginen genuen, ordurako arras guritua zegoen elur moteletik...
Han goititik heldu ginen, justu harkaitzezko ertza akitzen den puntutik...
2150 metro inguruan akitu genuen zeharkaldia, Baqueira-Bereteko pisten barrutian gelditzen den Peülha menditxotik ez urrun.
Azken igoera bat gelditzen zitzaigun, eguneko laugarrena, eguzki berotan.
Igoera motza izan zen, dena den. Irudian ikusten den antenaren inguruan daude eski pistak...
14:30 : Cap dera Peülha (2320m)
Behin estazioaren eremuan, Bosc de la Peulla pista gorritik eginen genuen azken jaitsiera bat bertzerik ez zitzaigun gelditzen bidea akitzeko.
14:39 : Bonaigua 1900 (1912m)
14:39 : Bonaigua 1900 (1912m)
Hala akitu genuen udaberriko oporren lehen eski ateraldi ederra. Aigües Torteseko mendigune ezagun eta politean, baina kasik inor ikusi gabe.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina