EGUNA: 2022/04/17
ABIAPUNTUA: Estany de Sant Maurici (1930m)
ZAILTASUNA: S4, Valleta Secara sartzeko lehendabiziko kanalak ematen dio zailtasuna bideari.
DENBORAK:
- Igoera (Monesterotik) : 3 ordu eta erdi
- Jaitsiera (Valleta Secatik) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta Baqueira-Beret eski estaziora igotzen den errepidea hartuko dugu. Port de la Bonaigua mendatean zehar ondoko bailarara pasatuko gara.. Esterri d'Aneu herria gibelean utzi eta gero, eskuinetara Sorteko norabidean Espot herrira igaten den errepideaa hartuko dugu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Tavascan inguruan eski saio bikaina egin ondotik, Espot aldera mugitu ginen. Berriz ere Aigües Tortes parke nazionalean zerbait egitea zen intentzioa eta kasu honetan Monestero mendia hautatu genuen. Estany de Sant Maurici laku ezagunaren hegoaldean, Peguera eta Encants ikusgarrien itzalean nahiko ustekabean pasatzen da piramide formako gailur hau. Aipatutako bi mendi ederren oineko bailarak konbinatuz, ordea, eski saio ederra eskaintzen du, paisaia ikusgarriekin eta jaitsiera arras onarekin.
8:26 : Estany de Sant Maurici (1930m)
Taxiak laku eder eta ezagunaren ondoan utzi gintuen. Goizeko ordu horretan, turista uholdeak ailegatu aitzin, lasaitasuna usaintzen zen inguru liluragarri honetan. Lakuak, mendi harritsu eta tenteek, pinuek eta elur malda zabalek koadro ezin politagoa marrazten zuten.
8:37 : Refugi Ernest Mallafre (1893m)
Lakutik Prat de Pierroko aparkalekura jaisten den pista zabala hartu eta metro batzuk galduta eskuinetara biratuko ginen bertze pista batetik paso artean altxatua dagoen aterpetxo honetara ailegatzeko. Momentuz eskiak bizkarrean, doike!
Aterpetik goiti segidan hasiko ginen elurra ukitzen, baina oinez segitu genuen zati batean, baso arteko bide sigi-sagatsua izoztua edo elur gogorrarekin baitzegoen oraindik ordu horretan. Ibilbidea eztitu zelarik paratu genituen eskiak oinetan.
Bideak galbide handirik ez du. Monesteroko bailara politean barneratu ginen mantso-mantso eta errekaren bazterretik metroak poliki irabazi genituen.
Paisaia ikusgarriak inguratzen gintuen arimarik ere ez zebilen harantxoan. Aste Sainduan den jendez blai egoten omen da, baina...
Aitzineko egunetan hemendik apsatutako eskiatzaileek arrasto nabarmena segitzea bertzerik ez genuen bide harrapatzeko. Arrastoa gogor zegoen zatika ordea eta ipurdia ederki estutu beharreko pasabideak zeuden.
Altuera handirik irabazi gabe bailarak Peguerako lakutxoan utzi gintuen. Inguruko bertze bailara batzuek baino elur gutiago zuen Monesterokoak argazkian ikusten den bezala. Elurraren apetak, arras distantzia gutian baldintza arras ezberdinak harrapatzen dira aunitzetan. Egun horretan eskiatzeko aukera ematen zuen inguruak, baina guti gelditzen zaio denboraldi honetan...
Lakua gibelean utzita ezkerretara altuera irabazten hasi ginen... Bailararen sakonean Peguera ikusgarria izan genuen goiz osoan parez pare.
Amildegitik ateratzeko ezkerretara igaten den bideak momentu batean kutxilak paratzera behartu gintuen. Malda dezente tentetzen zen eta mendebaldeko orientaziodun malda horietara eguzkia ez zen ailegatzen ordu horretan.
Zatirik tente eta teknikoena gaindituta, eguzkitara atera ginen eta malda etzanago eta zabalagoetatik ezkerretara biratu ginen Monesteroko lepoaren bila.
Gibelean genuen Amitgeseko sektorea, hiru egun lehenago igandako gailurrarekin...
...eta aitzinean Monestero mendi ikusgarria. Bere eskuinetara gelditzen den lepora atera beharko ginen lehendabizi.
Leporako azken metroak berriz ere dezente tentetzen dira eta elur gogorrak kutxilak paratzea eskatu zigun bertze behin.
11:44 : Collada de Monestero (2726m)
Lepora ailegatuta Peguera ikusgarria gibelean utzi eta ezkerretara biratu ginen.
Eguneko tontorra ez genuen urrun jadanik. Azken metroak eskiak bizkarrean egin beharko genituen ikusten den bezala...
Tarteka harri-bloke erraldoien artean eskaladatxo errazak eginez eta tarteka bidexenda nabarmenari segituz egin genuen kaskorainoko azken zatia, mendiaren hegoaldeko isurialdetik egin ere.
Azken metroetan aurpegiz aldatzen da bidea ekialdekora pasatuz.
12:37 : Pic de Monetsero (2877m)
Gauza bat eta bertze, lau ordu inguru behar izan genituen tontorrera ailegatzeko. Bide guzian bezala, kaskoan ere bakar-bakarrik izan ginen, mendi giro bikainaz gozatuz.
Ezkerrean Gran Tuc de Colomers eta eskuinean bi egun lehenago eskiatutako Raterako malda ederra.
13:04 : Coll de la Valleta Seca (2728m)
Gailurrean egonladi motza eginda, oinez metro batzuk jaitsi eta fite paratu genituen eskiak zangoetan. Ipar aurpegira pasatu, bertatik zati bat jaitsi eta zeharkaldi bat egin genuen Valleta Secara sartzeko lepo estuaren bila.
Lepotik beheiti argazkian ezkerretik hasita ikusten den bigarren kanaletik sartu ginen Valleta Seca bakartian. Lehen zatian 40 gradu inguruko malda izanen du kanalak, baina segidan akitzen da eta haranaren sakoneraino malda zabalagoetatik jaitsiera ederra dago.
Bailararen sakonean zati zelaiago bat pasatuta poliki-poliki Encantats mendiak inguratuz joan ginen haien ipar aurpegiaren azpiko aldera pasatu arte. Jaitsiera bikaina izan zen, elurra akituko zela iduri zuen momentu guzietan bertze malda politak deskubritzen genituen aitzinean. Itzuli hau zentzu honetan egitea gomendatzen dut, Valleta Secako jaitsiera Monesterokoa baino aise hobea baita.
Aterperaino ailegatu ginen eskiatuz, uste baino beheitiago beraz. Bertan geldialdia zerbait jan eta edateko...
14:55 : Estany de Sant Maurici (1930m)
Geldialdiaren ondotik, presaka egin genuen lakurainokoa, 15:00etako taxia ez baikenuen galdu nahi. Interneten itzuli honen mendi eski erreferentzia guti harrapatu genituen, baina benetan merezi duela erraten ahal dugu, paisaia ikusgarria eta jaitsiera ona ditu!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina