2022/09/14

Midi d'Ossau (2884m)

EGUNA: 202/09/04

ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1733m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Zailtasunak 2345 eta 2657 metro artean daude kokatuta, gehienbat gainditu behar diren hiru tximinietan. Tximiniez aparte hainbat trepada ere egin behar dira zati horretan.
  • Lehen tximinia: 15 bat metro izanen ditu eta III+ gradukoa da. 
  • Bigarren tximinia: 20 bat metro izanen ditu eta III gradukoa da.
  • Hirugarren tximinia: 30 bat metro izanen ditu eta II gradukoa da.
DENBORAK:
  • Cabane de l'Araille - Refuge de Pombie : Ordu bat eta laurden
  • Refuge de Pombie - Midi d'Ossau : Bi ordu eta erdi
  • Midi d'Ossau - Cabane de l'Araille : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako autobidean barrena, JaKara ailegatu behar da eta hemendik Formigal eski estaziora segitu behar da. Eski estazioa atzean utzi eta gero Pourtaleteko mendatera ailegatuko gara. Mendatetik kilometro bat iparralderago dago irteerako aparkalekua.
 
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
 

KRONIKA:
Pirinioetako itsasargia da Midi d'Ossau, leku aunitzetatik ikusten dena eta identifikatzeko errazenetarikoa dena. Edozein mendizaleren arreta deitzen du sumendi itxurako menditzar honek. Inguratzen duten paretek argi erakusten dute bertara igateko bideak ez direla errazak; eta bide arruntenak zailtasun handiegirik ez badu ere, eskalada pauso erraz batzuk gainditu behar dira. Duen edertasun eta izenagatik, zaila da mendi honetan bakardadea aurkitzea, bide arruntenean bai behintzat. Hala ere, komeni da erratea kasu eman beharreko mendia dela, tximinia nagusietan eta tarteko zatietan ere zati bertikalak baititu.

6:05 : Cabane de l'Araille (1733m)
Bortzak pasatuxean ernatu eta ilunpetan ekin genion bideari. Uda akabailako eguraldi oneko igandea izaki, bagenekien jendea ibiliko zela eta tximinietan izaten diren ilarak saihestu nahi genituen. Aparkaleku ondoko pistatik egin genituen lehen metroak, laburbidea hartu gabe, Pombieko aterperako bidea erakusten ziguten seinaleei kasu eginez.


6:55 : Col de Soum de Pombie (2107m)

Senescauko artzai-etxolan pistak bidexenda zabalari uzten dio lekua eta bertatik iganen ginen Soum de Pombieko leporaino. Ordu horretan gurekin batera zihoazen gainerako mendizaleak eskalada bideetara zuzenduko ziren.

 
 
Egunaren lehen argiek lepotik aterpe aldera egin behar den zeharkaldian harraoatu gintuzten.


Beheranzko zeharkaldia bide erosotik egiten da eta laster ailegatuko ginen aterpera.


7:10 : Refuge de Pombie (2034m)

Ailegatuko ginelarik jende gehiena gosaltzen ari zen oraindik. Seinale ona, bide arruntean jende guti harrapatuko genuela erran nahi baitzuen.


Aterpea utzi eta Suzongo lepora zuzentzen den bide zabala hartu genuen aitzinetik genituen talde pare bat aurreratuz.


Eguzkia Saoubiste eta Pombieko mendien artetik ateratzen...


7:47 : Col de Suzon (2131m)

Suzongo lepotik ezkerretara biratu eta paretaren azpiko aldera eramanen gintuen bidexka hartu genuen.


Bidexka bizkar batetik igaten da mendiaren oinera eta bi aldeetara ikuspegi ederra eskaintzen du. Argazkian, Pombieko aterpe ingurua jadanik eguzkitan.



8:05 : Paretaren hasmenta (2345m)
Lehen tximiniaren azpiko aldera ailegatuta kaskoak jantzi eta sobera pentsatu gabe goiti abiatu ginen. Tximiniaren azpiko aldean materiala prestatzen ari zen talde pare bat aitzinatu genuen horrela. 
 
Lehen tximinia teknikoki zailena dela erraten ahal da, nahiz eta ez duen esposizio handiegirik. Zuzen igaten da bi aldeetako heldulekuei esker eta goitiko aldean akitzen delarik ezker biratu behar da kasik heldulekurik ez duen plaka bat gainditzeko. Burdinazko iltze bat dago zati hau pasatzen laguntzeko.


Bi tximinien arteko zatian oinez ibiltzeko zatiak eskaladatxo errazekin tartekatzen dira.


Minutu gutitan ailegatu ginen bigarrenera. Kasu honetan, tximinia nabarmenena ezkerretara utzi eta eskuinerago dagoen helduleku oneko bertze batetik igaten da.


Lehen baino bertikalagoa da, baina helduleku hobeak ditu.


Hortik hirugarren tximiniara nahiko bertikal mantentzen da bidea eta altuera aunitz irabazten da.


Hirugarrena begien bistan...


Hiru tximinietatik errazena dena gainditzeko II. graduko eskaladatxo errazak egin behar dira. Argazkiaren goitiko aldean ikusten den gurutzean akitzen dira zailtasunak.



Hortik goiti 200 metro inguru desnibela gainditu behar da malda harritsu batetik. Rein de Pombie izenez ezagutzen den zati hau pisu samar suertatzen da.


9:13 : Pic du Midi d'Ossau (2884m)

Guzira hiru ordu inguru behar izan genituen gailurrera ailegatzeko. Bertaratu orduko laino hondar batzuek inguratu gintuzten eta ez ziguten ingurua aunitzik ikusten utzi.


Midiren itzal ederra eta Ayouseko lakuak kaskotik...


Bista aunitzik ez izanda ere, tarte batez egon ginen tontorrean eta jarraian beheitirakoari ekin genion. Hasteko, Rein de Pombieko malda jaitsi...


Gurutzea baliagarria da tximinien sarrera aurkitzeko...



Motxilan soka bageneraman arren, tximinia guziak hura erabili gabe jaitsi genituen. Kasu emanez hori bai...


Goitikoan ez bezala, beheitirakoan jende andana harrapatu genuen tximinietan eta lehendabiziko erabat blokeatuta zegoen. Hori dela eta, paraleloa den bertze tximinia batetik jaitsiko ginen.



Behin eskaladatxoak akituta kaskoa motxilara eta bidexenda erosotik beheiti segitu genuen.


Suzongo lepotik pasatuz...



11:33 : Refuge de Pombie (2034m)
Aterpearen ondoko laku bazterrean geldialdia egin genuen hamaiketakoa egiteko azken bide zatiari ekin aitzinetik.


Eta Soum de Pombieko leporan barrena Aneou zirkuan barneratu ginen...


12:47 : Cabane de l'Araille (1733m)
Kasik sei orduko bidearen ondotik berriz ere autoan ginen, Pirinioetako gain ezagun honi bisitatxo polita eginda. Ondokoan bertze bideren batetik...

 

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina