2022/09/22

Xardekagaina (1893m), Pista (1779m)

EGUNA: 2022/09/18

ABIAPUNTUA: Lojibar (380m)

ZAILTASUNA: Erraza (F). Kaskora ailegatzeko gandorra arriskutsua izaten ahal da bustia badago.

DENBORAK:
  • Igoera (Olhadubitik) : 4 ordu
  • Jaitsiera (Pistatik) : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Gure kasuan Izpegiko lepoa zeharkatu eta Behe Nafarroa eta Zuberoan barrena egiten dugun Lojibarrerainokoa. Garazitik Larzabalerako bidea hartu eta hemendik Atharratze aldera doan bidea hartuko dugu. Atharratze gurutzatu eta eskuinetara Santa Grazi eta Larrainera doan bideari segituko diogu. Bi herrietarako bideak bereizten direlarik Larraineko bidea hartuko dugu eta kilometro gutira bide bazterrean dagoen Lojibarreko aterpe inguruan utziko dugu ibilgailua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Nire agendan zegoen ibilaldi hau aspalditik. Xardekagaina beharbada nahiko ezezaguna izanen da inguruan dituen Otsogorrigaina eta Kartxela bezalako mendien ondoan, baina mendebaldetik gailurrera ailegatzeko gainditu beharreko gandortxoak ikusgarri egiten tontor hau. Horri Zuberoatik abiatuta arroil sakon, baso magiko eta larre berdeek eskaintzen duten kontrastea gehitzen badiogu, ibilbide ederra bihurtzen zaigu.

8:40 : Lojibar (380m)
Furgonetan gosaldu ondotik aterpean kafe bana hartu eta GR10aren bideari segituz abiatu ginen goiti. Aterpetik lehenago autoa uzten zen aparkalekura errepide estu batetik eta geroago bidexka zabaletik egiten da bidea. 


Metroak irabazi ahala arroila sakonetik ateratzen hasiko ginen. Ikusgarriak dira Zuberoako paraje hauek, Pirinioetako bertze lekuekin konparatzen baditugu desberdinak.


Lehen zati bat iganda, bidea etzan egiten da eta laster bistaratzen da Holtzarteko zubi zirraragarria. 


9:08 : Holtzarteko Zubia (582m)
Euskal Herriko zubi ezagunenetarikoa den honek Olhadubiko arroila alde batetik bertzera gurutzatzen du. Besta egunetan eta udan ehundaka lagun hurbiltzen da leku honetara. Guk goizeko ordu horretan guretako bakarrik harrapatu genuen...


Zubia zeharkatu eta GR10aren bideak bpago artetik sigisaga goiti segitzen du...


...bidegurutze honetara ailegatu arte. Guk GRari segituko genion ezkerretara, Olhadubiko zubi aldera. Jaitsieran, aldiz, eskuineko aldetik agertuko ginen.


Bide zabal batetik egiten da Olhadubiko zubirainokoa. Distantzia badu eta altuera guti irabazten da zati honetan.


9:57 : Olhadubiko Zubia (840m)
Zubia zeharkatu gabe, GRaren bide nagusia utzi eta eskuinetara biratuko ginen pagadi artean sartzen den bidexka tentea hartzeko.


Puntu horretatik goiti tarteka ikusiko genituen mugarrien laguntzaz, bidea Izeisabeleko errekaren ezkerreko aldetik altuera irabazten hasten da.


Kasik jenderik ibiltzen ez den baso magikoak gurutzatuko genituen. Udazkeneko koloreek ingurua margotzen dutelarik ibilbide hau benetan ederra izan behar da.


Pagadi zatiak zeharkatu eta Etxesargiko etxola eroriaren inguruan atera ginen larre zabaleratara. Bertatik jadanik Pista eta Xardekagainako gailurrak begien bistan genituen.


Alfonbra berdean ez dago bidexka argirik baina edozein lekutatik igaten ahal da. Gu zuzen joan ordez eskuinetara desbideratu ginen Harpiako etxola bisitatzeko.


10:45 : Harpiako Etxola (1250m)
Baso eta larreen arteko mugan dago Harpiako etxola polita. Irekita dago urte osoan eta 6-7 lagunek gaua pasatzeko lekua du; sua, aulkiak, mahaia eta hainbat erremintarekin batera.


Etxola utzi eta goiti segitu genuen malda pikoago batetik...


Pista eta Xardekagaina mendiak lotzen dituen gandorra osorik ikusten hasi ginen. Lehenik Pista mendira iganen ginen eskuineko aldetik, gero gainez gain Xardekagainaraino joateko.


Pareta bertikalek babesten dituzte mendi hauek iparraldetik.


Urrunago inguruko mendirik ezagunena: Orhi handia.


Pistara igateko Buruxieta etxola inguruan pista gurutzatu eta mendiaren mendebaldeko ertza inguratu genuen.


Ertzaren zatirik malkartsuena inguratzen du bidexkak, gailurretik hurbil ertzera berera ateratzeko.


Gailur ingurutik iparraldera igandako larre leunak bistaratu genituen. Ateraldi hau negurako eski-bide bakartiak fitxatzeko ere baliatuko genuen.


Azken metroak ertz edo bizkar zabaletik zailtasunik gabe iganen genituen. Pistako kaskoa eta Otsogorrigaina parean genituen.


Urrunago berriz Xardekagaina...


11:45 : Pista (1779m)
Eguneko lehen tontorrera ailegatzeko hiru ordu inguru behar izan genituen. Desnibel handia gainditzen da Lojibarreko zokotik kasko hauetaraino ailegatzeko...


Gailurra utzi eta ekialdeko norabidea hartuko genuen. Lehenik argazkiko lepora jaitsiko ginen, segidan ertz errazetik Xardekagainaren sasigailurrera igateko.


Kuku...


11:52 : Borotxubeltzeko Lepoa (1695m)
Minutu gutian lepoan ginen...


Azken maldari ekiteko...


Iparraldera amildegi bertikala izanda ere, ertza zabala da eta bidexka estu batetik aise gainditzen da.


Hori bai, parajea ikusgarria da!


1881 metrora dagoen sasigailurrera ailegatu ginen. Gailur nagusia ez dago urrun bertatik, baina gandor estu bat zeharkatu beharko genuen bertara ailegatzeko...


Leku ederra da arras! Euskal Herriko mendirik ederrenetarikoen zerrendan egoteko modukoa, nahiz eta ezagunegia ez izan!


Sasigailurretik metro batzuk galdu eta gandorra estutu egiten da. Gehienean bidexka bat dago ertzetik edo bi aldeetatik doana, baina harkaitz gaineko pausoren bat ere egin behar da. Zaila ez da, baina bustia edo elurtua badago arrisku puntua izanen du.


Gozatzen...


Putreen eremua... Gandorrean aurkitu genituen "lagun" bakarrak...


12:21 : Xardekagaina (1893m)
Ibilbide luzea burututa gailurra zapaldu genuen. Badirudi azken aldian debekatua dugula ordu gutiko ateraldiak egitea. Goitian atsedenaldi luzea, jan-edanean inguruaz gozatzeko...


Itzuleran sasigailurretik gailurrerako argazkia egiteko baliatu genuen. Arimarik ere ez zebilen inguruan...


Sasigailurrera bueltan, igoerako bidea utzi eta hegoaldera biratuko ginen...


Belarrezko bizkar batetik Otsogorrigaina mendiaren oinean dagoen Uthururdinetako lepo aldera jaisten hasi ginen. Bertatik pasatzen da Pirinioaren bi aldeak lotzen dituen GRT11 bidea, jaitsieran hartuko genuena.


Bizkarraren bertze aldean Kartxela mendia eta bere mendebaldeko aurpegia...


Eskuinekoan pixka bat lehenago zapaldutako Pista mendia...


Lepora joan ordez larre zabaletatik eskuineko aldera joanez bidea laburtuko genuen eta beheitago lotuko ginen GRT11ren bidera.


Otsogorrigaina mendia eta Uthururdinetako lepoa gibelean...


Azienda bideetatik beheiti Pista Gainekoa etxola inguruan bat eginen genuen GRarekin...


Behin bide hori hartuta iparraldera biratzen da Pistako amildegian barneratzeko...


Larre leunak uzteko puntuan...


Malda handiko tarte bat jaitsi eta Pista Pekoa etxolaren ondotik pasatu ginen. Honako hau gainekoa ez bezala mendizaleendako irekia dago, eta sua egiteko eta lo egiteko lekua ditu.


Pistako errekan beheiti eskuineko aldean izen bereko ur-jauzia ere utzi genuen. Leku ikusgarria da Pista inguru hau ere...


Larreetatik poliki-poliki basoan barneratu ginen berriz eta GRT11ren bideak goizeko pista berean utzi gintuen; hori bai, pista horren bertze zati batean. Eskuinetara biratu beharko ginen pista horri tarte batean segituz goizeko bidegurutzera ailegatu eta Holtzarte aldera jaisteko.


14:48 : Holtzarteko Zubia (582m)
Berriz ere GR10aren bidera bueltan zubia gurutzatu eta aparkalekura itzuliko ginen. Ordu horretan aise jende gehiago zebilen inguruan.


Olhadubi eta Holtzarteko arroilak elkartzen diren puntua...


15:21 : Lojibar (380m)
Aterpeko kafearekin hasi zena, aterpeko garagardo freskoekin akitu zen. Ibilaldi gomendagarria Zuberoako Pirinioetan murgiltzeko!
 

2 iruzkin:

  1. Vaya vuelta bonita y desconocida para mí! Sólo he estado en la pasarela de Holzarte. A ver cuando le hago una visita a es zona que se la merece! Veo que habéis cogido buena forma este verano, vaya tute!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hola David!

      Muy bonita vuelta sí! En tres o cuatro semana todavía será más bonita!

      Ahora a esperar las nieves...

      Ezabatu