EGUNA: 2022/09/11
ABIAPUNTUA: Vallon de Belonce (1156m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
DENBORAK:
- Belonce - Refuge d'Arlet (Baraletetik) : 4 ordu
- Refuge d'Arlet - Table de Souperret : Ordu eta erdi
- Table de Souperret - Belonce : Ordu eta hiru laurden
NOLA AILEGATU:Aspe bailarara Behe Nafarroako eta Zuberoako lurrak zeharkatuz
ailegatuko gara, Arette herritik Issor herrian barrena. Behin Aspen
gaudela Borce herrira joan behar da. Herria zeharkatu eta herritik goiti
igotzen den errepidea hartuko dugu eta ondotik ezkerretara bertze pista
bat. Pista honetatik Belonceko bailarako aparkalekura igan gaitezke.
ARRASTOA:
KRONIKA: Trail runing-a modan dagoen garai honetan aunitzetan atzendu egiten zaigu mendian laster egiteaz gain, egon ere egiten jakin behar dela. Gure bizitzaren erritmoaren islada da aisialdia ere azken finean. Aspe bailarako txoko hauek egonean egotera gonbidatzen dute bisitaria: dela pagadi eder baten azpian, dela Arleteko laku politaren ertzean... Orain lanetan dagoen aterpea berritzen dutelarik bi egunetan zatitzen ahal den ibilaldia da hau, bakea transmititzen duen inguru honetan denbora gehiago pasatzeko aitzakia bikaina.
7:54 : Belonce (1156m)
Gaua Udapeteko aparkalekuan pasatu nuen, Udapeteko pareten azpiko aldean. Goiz sargorian martxan paratu nintzen...
Aparkalekutik segitzen duen pistatik metro batzuk galdu eta agortutako erreka gurutzatzen duen zubi honetatik pasatuko nintzen. Zubiaren bertze aldean Arleterako bidea erakusten duen seinaleari segituko nion.
Bidea pista zabal honetatik igaten da hasmentan. Metro batzuetara Arleterako seinaleek eskuinetarako pista batera hartzen dute, baina nik pista nagusitik segituko nuen bihurgune hetsi bateraino.
Bihurgune hetsitik bidexka bat abiatzen da. Hari segitu eta segidan Belonce bailaratik Lagreouko lepora igaten den bidexkarekin bat eginen nuen. Ezkerretara biratu eta lepo aldera segitu pagadi ederraren azpitik.
Bidexka erosoa da leporainoko, egun guzian ibiliko nintzenak bezalakoa.
8:26 : Col de Lagreou (1454m)
Lepotik bide nagusiak Aubiseko aparkalekura segitzen du, ezkerreko aldera eginez pixka bat. Eskuinetara, ordea, bertze bidexka estuago bat ateratzen da eta Baraleteko bailarara jaisten da. Bide hori hartuta distantzia eta desnibela aurreztuko nituen.
Udapeteko paretak lepotik... Eskalada bideak daude han...
Hartu nuen bidea iratze artetik pasatzen da, eta zikin egonen ote zen edo segitzeko zaila izanen ote zen beldur nintzen.
Baina aski ongi garbitua zegoen bidea eta arazorik gabe pasatzen ahal da. Parean Baraleteko bailara ikusten da...
Baraletera jaisten den bideak iratze-lekuak eta pagadiak tartekatzen ditu...
8:51 : Vallon de Baralet (1252m)
Bailarako baso arteko zelaitxo batera ailegatu nintzen eta hau zeharkatzen duen bide zabala hartuko nuen. Hirugarren aldia nuen leku honetan: lehena, 2014an Arletetik bueltan; eta bigarrena, 2017an Cristallere mendian izan ginelarik eskiz.
Bide zabal eta erosoan goiti...
Baso zati bat zeharkatuta bigarren zelai batera ateratzen da bidea. Leku polita da arras: gorrixka kolore gailurrez inguratuta gaineko aldetik, basoa beheitiago eta zelai berdean azpian.
Zelai horretan dago Pacheuko etxola. Elurrez lepo zegoen azken aldiz bertan izan nintzelarik.
Baraleteko zirkua hegoaldeko izkinatik utziko nuen, etxolatik goiti arbola arteko bide tenteari segituz. Bailarako maldek goi-lautada zabal bati uzten diote lekua eta leku horretatik beretik bistan nuen Arleteko lakura joateko zeharkatu beharko nuen lepoa.
Goi-lautada paraje ederra da, oinez ibiltzeko, lasterka eta belar gainean etzanda egoteko...
Azpitik Baraleteko zirkua hesten duten paretek punta bertikalak iduri dute, baina gainetik atalaia gisako batzuk direla ikusten da.
Inguru hau, Aspe bailarako bertze zenbait bezala, artzain etxolaz betea dago, abereendako larre oparoak baititu. Ni Gourgue Sec etxolaren ondotik pasatuko nintzen Espelungueretik Arlet aldera doan bidearekin elkartu baino pixka bat fitexeago.
Lautadaren ekialdeko muturrean Baralet eta Souperet mendiak daude. Azken honetan izan ginen urtarrilean eskiz...
Puntu honetan elkartzen dira Baraleteko eta Espelunguereko bideak. Ni eskuinetara biratuko nintzen Arlet aldera, malda etzanetatik arestian aipatutako lepora igateko.
Eta izenik gabeko lepotik metro gutira Arleteko aterpea eta lakua bistaratu nituen...
10:14 : Lac d'Arlet (1987m)
Orduan arte ez bezala, laku inguruan jende pixka bat zebilen... Aterpea garai honetan hestia dago zaharberritze lanetan baitago, baina laku bazterrak denda plantatu eta gaua pasatzeko leku aproposa dira.
Aterpean ura hartu eta seinale batek Saoubathouko leporako bidea markatzen duela ikusi nuen. Hori zen nire ondoko helburua, beraz luze gabe harantz abiatu nintzen. Tartean Lapassako etxolaren ondotik pasatuko nintzen...
Zelaitxo polit honen bazterrean dago Lapassako etxola. Gainerakoak bezala, neguan mendizaleendako irekia egoten da, baina udan artzainak egoten dira bertan.
Lapassatik malda bat igan eta Table de Souperret eta Labigouer mendiak bistaratu nituen. Eguneko gailurra ez zegoen hain urrun...
11:00 : Col de Saoubathou (1949m)Goitibeheiti batzuk egiten ditu bideak, baina nahiko laua da Saoubathouko leporaino. Hemen zuzen segituta Lescun aldera jaitsiko ginateke. Ni, ordea, eskuinetara biratu nintzen bertze bidexenda batetik...
Bidexenda horrek Cambouet eta Table de Souperreteko mendiak ekialdetik inguratzen ditu Souperreteko leporaino joateko. Ni lehen mendia inguratuta, bien arteko lepora atera nintzen belarrezko malda tente bat gaindituta. Nekea nabaritzen hasia nintzen ordurako...
Hortik gailurrera bizkar pare bat gainditu behar dira eta ertzetik doan bide nabarmena segitu behar da.
Ertzaren ezkerreko aldean Lescungo mendiak ageri ziren, baita Puits d'Ariouseko laku ttikia ere.
Sasigailurretik arrakala batera jaitsi behar da benetako gailurra zapaltzeko...
11:26 : Table de Souperret (2116m)Hiru ordu eta erditan ailegatu nintzen tontorrera, kasik 16 kilometroko itzulia eginda. Eguneko lanik handienak eginak nituen ordurako eta otordutxoa egin nuen goitian presarik gabe.
Chinebral, Acherito eta Petrechema gailurretik...
Aguerri eta Castillo d'Acher... Azken honetan uda hasmentan izan ginen...
Egonaldiaren ondotik, iparraldeko ertzetik ekin nion jaitsierari. Lehen zatian eskuineko aldean ikusten den bizkarrera joanen nintzen, gero handik ipar-ekialdera jaisten den bizkarra hartzeko.
Bizkar horretatik itxura hau du Table de Souperret mendiak...
Gandor errazaren gainetik gibelean utzi nuen kaskoa eta erran bezala ipar-mendebaldeko bizkarretik larre zabaletan beheiti barneratu nintzen Belonce aldera.
Bidexenda arrasto batzuk segituz Saoutelleko etxolaraini jaitsi nintzen. Labigouer mendiaren oinean, jende guti pasatzen da inguru honetatik eta lasai ederrean egoten dira artzainak.
Azken etxola honetatik Belonceraino bide zabalago batetik jaitsiko nintzen ziztu bizian...
Belonceko bailara, goitian Arleteko aterpea duela.
12:24 : Belonce (1156m)21 kilometroko buelta ederra hetsi nuen Belonceko aparkalekuan. Bertze behin ere ibilbide anitza; oinez ibiltzeko, lasterka egiteko edo denbora nola pasatzen den ikusteko paraje zoragarriak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina