2023/10/25

Montagnette (2558m) eta Escaleta (2466m)

EGUNA: 2023/10/21-22

ABIAPUNTUA: Hospice de France (1379m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Hospice de France - Pic de la Montagnette : 3 ordu eta erdi
  • Pic de la Montagnette - Refuge de Venasque : Ordu eta erdi
  • Refuge de Venasque - Tuca dera Escaleta : 2 ordu
  • Tuca dera Escaleta - Hospice de France : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu 17. irteeran atera eta Bagneres de Luchongo norabidea hartu arte. Luchonera ailegatuta Hospice de Francera igotzen den errepidea hartu behar da, bukaeraraino segituz.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azkenean udazkena ailegatu da Pirinioetara eta kontrastez betetako garai honetaz disfrutatzeko Luchon aldera mugitu gara. Hospice de Francetik goiti bi eguneko zeharkaldi bat egin dugu, eguraldi hotzagatik hasmentako asmoak pixka bat aldatuz; baina zapore ezin hobea utzi digu. Udazkenarekin batera negua ere ailegatu dela ematen du.

2023/10/21
9:55 : Hospice de France (1379m)
Luchonen gaua pasatu eta kafe bat lasai ederrean hartuta igan ginen Hospice de France xarmangarrira. Fresko zegoen goiza eta mendi altuenetan bezperan botatako elur pizarrak ageri ziren. Aparkalekua utzi eta Venasqueko aterperantz igaten den bidea hartu genuen.


Metro guti eginda utziko genuen aterperako bidea, dena den. Eskuinetara biratu ginen Chemin de l'Imperatrice izeneko bidea hartzeko.


Bidea basoan sartzen da eta kasik altuerarik irabazi gabe mendebalderantz egiten du.


Abiapuntua bidetik...


Basoan pinuak eta pagoak tartekatzen dira. Oraindik ez ziren udazken kolorez margotuak, baina zoragarri zegoen hala ere.


Kasik bortz kilometro egiten dira basoz baso, bidexka zabal eta erosotik...


...eta halako batean basoa akitu eta Glereko zirkua agertu zitzaigun parez pare. Oraindik ezagutzen ez nuen leku hau arras ederra iruditu zitzaidan. Gainera, bezperako prezipitazioengatik erreka eta ur-jauziak gainezka jaisten ziren.


Guk bidexka nagusia utziko genuen inguru honetan eta argazki honetan ikusten den ur-jauzi aldera igaten den ttipiagoatik segituko genuen.


Azken argazkia zirkuari...


...eta goiti!


Zirkutik goiti atsedenik gabe igaten da bidea, orduan arte hartu ez genuen altuera ziztu bizian hartu nahiko balu bezala.


Ez da hasmentako bidea bezain zabala, baina tinta urdinez markatua dago eta ez du galbiderik.


Ur-jauzia eskuinetara utzi eta zirkua hesten duten harresiek aterabiderik ez dutela ematen du.


Baina azken momentuan haien arteko zirrikitu batetik zati lauagora ateratzen da bidea.


Oraindik gehiago genuen igateko hala ere. Kasu honetan goitian ikusten den ur-jauzi ttipiaren ezkerreko aldetik aterako ginen. Arestian erran bezala, ur emari handia zuten errekek eta ikusgarri zegoen ingurua.


Zatirik maldena gibelean utzi eta Mailleko lakuen inguruan atseden pixka bat eman zigun bideak.


Gure eskuinetara utziko genituen lakuak. Posible da lakuen eskuineko aldetik zuzenean goiti igatea ere, baina belarra bustita zegoen eta nahiago izan genuen bidexkatik igaten segitu.


Bertze malda bat gainditu eta Montagnetteko lakua kokatua dagoen goi-lautadara atera ginen. Iganen genuen mendia ere begien bistan genuen jadanik.


Montagnetteko lakua eta mendia...


Lakua gure ezkerretara utziz inguratzeari ekin genion.


Bertze aldean genuen geroxeago zeharkatuko genuen izen bereko lepoa, baita biharamunean igateko asmoa genuen Mina mendi ikusgarria ere.


Malda etzanetatik lakua utzi eta gailurrerantz egin genuen.


Azken metroetan lainoak inguratuko gintuen...


13:15 : Pic de la Montagnette (2558m)
Hiru ordu pasatxoko igoeraren ondotik kaskoan ginen, lainopean hori bai. Lainoaz gain, haize zitala zebilen eta ez ginen luze egonen bertan.


Jaisten hasi bezala, lainoak ireki eta Maladetako mendigunea parez pare agertu zitzaigun. Elurraz apaindurik eder zegoen!


Gehixeago jaitsi eta bazkaltzeko tarte bat hartu genuen Salvaguardiaren begiradapean.


Salvaguardia da hain zuzen ere sektore honetako mendirik altu eta ezagunena.


Mendia gure eskuinetara utzi eta lakutik leporako metro apurrak igateari ekin genion.


Montagnetteko lepoa agurtu...


14:27 : Col de la Montagnette (2421m)
...eta lehen egunean malda goiti egin beharrekoak eginak genituen. Bertze aldeko lakuen bazterrean dagoen aterpera jaistea bertzerik ez zitzaigun falta.


Boums du Port-eko lakuak eta Mina mendia lainopean altxapeka...


Baita Salvaguardia ere...


15:00 : Refuge de Venasque (2248m)
Lepotik 200 metro inguruko desnibela bakarrik jaitsi behar da aterperaino. Bertan akitu genuen lehen eguneko ibilaldia.


2022an eraiki zuten Venasqueko aterpe berria zaharretik 100 bat metrora eta erran behar da kristoren instalazioak dituela. Urriaren lehen asteraino zaindaria egoten da, baina gu egon ginenerako neguko partea era librean zegoen irekita. 


Neguko irekita uzten dutena aterpearen zati handia da: jangela, 12 lagunendako logela, komun bat eta sarrera. Luxua!


Sei lagunek pasatuko genuen gaua bertan. Goiz afaldu eta zerua argitzen ari zela baliatuz argazki batzuk egitera atera nintzen.


Argazki sesioaren ondotik, jangelan egonaldia eta zortzi eta erdietarako lotara.


2023/10/22
8:12 : Refuge de Venasque (2248m)
Hamar ordu baino gehiago pasatu genituen ohean, eta horietako gehienak lotan. Uste dut inoiz aterpe batean egin dudan lorik gehien bertan egin nuela. Gosaldu eta argia hasterako martxan ginen.


Bide zabalatik Venasqueko lepora abiatu ginen.


Aterpe bikaina utziz...


Salvaguardia...


...eta Boums du Port lakuak.


Eguna oskarbi argitu zen, baina haize dezente zebilen eta lainoak ziztu bizian hasi ziren sartzen. Hala bada, gure eguneko helburua zen Mina mendia ez igatea erabaki genuen eta zuzenean leporantz zuzendu ginen.


8:39 : Port de Venasque / Puerto de Benasque (2444m)
Lepoan negua... Haize zitala hezurretaraino sartzen zen eta ez zen giro!


Parean genuen Maladetako mendigunea ikusten uzten ziguten behintzat tarteka lainoek...


Lepoaren hegoaldeko isurialdera 100 bat metro jaitsi eta ezkerretara doan bidexka bat hartuko genuen Picadako lepora joateko.


Ikuspegi bikaina du bide honek eta joan-etorrian zebiltzan lainoen artetik Aneto eta Maladeta elurtuak ikusi ahal izan genituen.


Baita gure gibelean Posets eta Perdiguero ere...


Malda erraz bat igan eta Picadako lepora aterako ginen.


9:19 : Port dera Picada (2475m)
Lepo honetan bereizten dira Aran eta Ribagorza. Arango lurretan barneratuko ginen beraz, tarte batean behintzat.


Benasqueko bailara agurtu...


...eta beheiti abiatu ginen, ekialderantz.


Puntu honetan utziko genuen Aran aldera jaisten segitzen duen bidea. Zuzen segituta Artiga de Lin ingurura jaitsiko ginateke. Gu ezkerretara biratu ginen Hospice de Francera itzultzeko.


9:37 : Pas de l'Escalette (2396m)
Segidan ailegatu ginen Luchongo isurialdera itzularaziko gintuen lepora. Beheiti jaitsi aitzinetik, ordea, Escaletako gaina igatea erabaki genuen. Lepoa utzi eta eskuinetara harkaitzean zizelkatutako bode honetatik igan ginen.


Eta azken metroak belardi eroso batetik egin genituen.


9:48 : Tuca dera Escaleta / Soum de l'Escalette (2466m)
Gailurrean ez zegoen afera luze egoteko, haize finak sentsazio termikoa apala izatea eragiten zuen eta. Pico de la Mina are ikusgarriagoa da ekialdetik ikusita.


Mulleres eta Forcanada...


Besiberri mendiak urrunago...


Egonaldi laburraren ondotik, lepora itzuli ginen.


9:56 : Pas de l'Escalette (2396m)
Eta lepotik iparraldera biratuta Frecheko bailaran barneratu ginen.


Marka urdinez markatua dagoen bidexkatik Frecheko lakuetara jaitsi ginen.


Leku ederra hau ere! Honekin Hospice de Franceko sektoreko laku guzietatik pasatu ginen bi egunetan: Maille, Montagnette, Boums de Port eta Freche.


Lakutxotik beheiti bidea zertxobait zabaltzen da.


Frecheko bailara politean barneratuz...


Harresien artetik...


Beheiti egin ahala haizeak atseden pixka bat eman zigun eta epelago zegoen. Errekaren bazterreraino jaitsiko ginen bidexkatik.


Gure ezkerretara Pique izeneko mendi punta ikusgarria utzi genuen, udazken kolorez apaindua.


Azpiko zuhaitzei oraindik pixka bat falta zitzaien kolore laranja hartzeko.


Beheitirakoan Pessoneko etxola bisitatu genuen. Nork daki egunen batean zertaz behartuko garen!


11:37 : Hospice de France (1379m)
Etxolatik baso zati bat zeharkatu eta abiapuntura ailegatuko ginen.


Hasmentan erran bezala, plana pixka bat aldatu behar izan genuen; baina inguru zoragarri honek bere aurpegirik onena oparitu zigun eta bi egunetan postal artean ibili ginela erraten ahal da.


Erreportajea faxisten altxamenduaren ondoren beren herria utzi eta Benasqueko lepotik ihes egin behar izan zuten haiei eskainia.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina