2023/10/10

Tobazo (1986m)

EGUNA: 2023/10/07

ABIAPUNTUA: Rioseta (1399m)

ZAILTASUNA: 6a , 450m

DENBORAK:
  • Hurbiltzea: 40 minutu
  • Eskalada: 4 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara iritsita Candanchu eta Astungo eski estazioetara igaten den bidea hartuko dugu. Canfranc Estacion herrixkatik goiti hiru kilometro igan eta eskuinetara egiten duen bihurgune estu batean utziko dugu ibilgailua, bertan behera utzitako kuartel zahar baten ondoan.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Tobazo ez da mendi ederra, ezta altua ere; baina bere hegoaldeko paretan goiti igaten diren bideengatik ezaguna da eskalatzaileen artean. Bide horietatik ezagunena segur aski Valle de Canfranc izenekoa da. Ongi ekipatutako bide luzeak, pareta eguzkitsu hau ezagutzeko aukera ematen du. Bertan izan gara asteburu honetan.

8:20 : Rioseta (1399m)
Autoa bihurgunearen barneko aldean dagoen aparkaleku ttipian utzi eta goiti abiatu gara goizeko freskura lagun.


Kuartel zaharra ezkerretara utzita inguratu dugu eta belardi leunean goit egiten duen bidexka hartu. Argazkian eskuinetara ikusten diren argi posteen ondotik igaten da bidexka hau, pinuen artean dagoen soilgunetik.


Bidean goiti egin ahala, Tobazoren hegoaldeko pareta eta iganen genuen bidea ikusten dira. Paretan ageri den hodi zabaletik igaten dira lehen bortz luzeak, gero zerbait eskuinetara egin eta ezproi itxurakotik segitzeko.


Bidexka nagusia 8 zenbakia duen elektrizitate postearen ondoan utzi behar da eta biratu pareta aldera.


Hartxingadi bat zeharkatuta ailegatuko gara bidearen hasmentara.


Geldialdiren bat tarteko 50 bat minutu pasatu ditugu ailegatzeko. Bidearen hasmenta argazkiko adarrak eta izena daraman zintak markatzen dute.


Materiala prestatu eta eskalatzeari ekin diogu. Luze hauetan banatzen da eskalada:

  • 1. luzea (3c , 35m): Luze erraza, berotzen hasteko.


  • 2. eta 3. luzeak (4c , 60m): Kasu honetan aitzinetik genuen hirukoteak pasatzen utzi zigun eta horregatik bi luze bakarrean lotu genituen. Itsaskortasuna nagusitzen den plakak dira. Bietatik lehendabizikoaren hasmentan hoditxo batzuetako pausua egin zitzaidan niri finena.
  • 4. luzea (4c , 30m): Aitzineko luzearen estiloko luzea, plakatxo etzanekin eta hoditxoekin.
  • 5. luzea (5a , 25m): Estilo berean segitzen du plaka leun eta etzanetatik, baina zertxobait finagoa den pausuren bat eskatzen du eskuinetara egiten den zeharkalditxoan.
  • 6. luzea (6a, 35m): Bide osoaren luzerik zailena hauxe da. Lehen bortz luzeak kokatuta dauden hodi zabala utzi eta eskuinetara pareta bertikal bat gainditzen da. Pareta hau zuloz osatua dago, baina zulo batetik bertzerako pausuak luzeak dira. Zati bertikalena gaindituta, belarditxo bat zeharkatu eta ondoko paretaren azpian muntatzen da bilkura.

  • 7. luzea (4c , 40m): Bi belardi zatien artean gainditu beharreko zati erraza. Luze hau eginda 40 bat metro gehiago oinez egin behar dira ondoko paretaren oinera.
  • 8. luzea (5b , 30m): Hemendik aitzin paretak bertikaltasun gehiago hartzen du. Luze honetan diedro polit bat eskalatu behar da.
  • 9. luzea (5c , 30m): Seigarrenarekin batera zailtasun handieneko bigarren luzea. "Espejo" izenez bataiatua dagoen plaka leuna gainditu behar da. Hankak ahalik eta gehien igan eta plakaren bigarren paraboltetik zinta pasatzeak aunitz laguntzen du, pausua gainditzeko orduan soka gainetik izanen baitugu.
  • 10. luzea (5b , 25m): "El Hueso" deitzen den bavariar erako pasabidearekin hasten da luzea. Gero ezkerretara egiten du eta azken zatian goiti. Luze honekin hiru luze politetako zatia akitzen da terraza batean.
  • 12. luzea (II , 25m): Transizio luze hau terrazan eskuinetara oinez egiten da ondoko bilkurara ailegatu arte.

  • 12. luzea (4c , 30m): Plaka bat eskalatu eta balizko bilkura batera ailegatzen da. Bilkura hau sabaia baten azpian kokatua dago. Eskuinetatik inguratzen da sabaia ondoko bilkuraraino.
  • 13. luzea (5a , 30m): Biluratik ezkerretara belarretik oinez hasi eta plaka bat ezkerretara eskalatzen da diedro batera ailegatu arte. Diedro hau kasik osorik eskalatu behar da eta bukaeran eskuinetara atera.
  • 14. luzea (5a , 15m): Pixka bat makurtua dagoen pareta bat eskalatuz hasten da, baina lehen pausua gaindituta etzan egiten da bilkurara erdi oinez ailegatzeko.
  • 15. luzea (3a , 35m): Misteriorik gabeko luzea da, oinez egiteko modukoa. Harkaitz pare bat pasatzen dira, bain aise inguratzen ahal dira. Soka bilduta egiten ahal da luze hau.
14:03 : Tobazo (1986m)
Eskalatzen lau ordu eta erdi pasatu eta gero Tobazo gainean ginen. Gauzak bildu eta zerbait janez egonaldi luzea egin dugu.
 


Beheiti abiatu aitzinetik gailurreko argazkia...


Jaitsierarako bizkarrez mendebalderantz egin behar da parean ikusten den eski-pista hartzeko.


Pistatik metro guti batzuk egin eta ezkerretara dagoen bidexka batetik jaitsi behar da.


Bidexkatik Riosetako amildegian barneratu gara bideen azpitik pasatu eta autora itzultzeko.


15:07 : Rioseta (1399m)
Ordubete baino gutiago pasatu dugu kaskotik beheitiraino jaisten. Hitz gutitan erranda, eskalada polita, arras ongi ekipatua eta hurbiltze eta jaitsiera laburrekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina