2023/09/30

Midi d'Ossau (2884m), Petit Midi d'Ossau (2807m)

EGUNA: 2023/09/29-30

ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: 
Ertaina (PD+). Honako puntuetan du zailtasun handiena bideak:
  • Petit Pic-era ailegatzeko tximinia: 40 metro inguruko tximinia da eta III+ zailtasuna duen
  • Petit Pic-etik jaisteko tximinia: 50 bat metroko rapela eginez jaisten da tximinia hau.
  • Dalles Blanques plaka: Petit Pic eta Grand Pic-en artean dauden plaka zurixka hauen zeharkaldia (II+) ez da zaila, baina esposizioa du. Honen ondotik eskuinetara biratu eta tximinia bertikal bat eskalatu behar da (III)
  • Midiren jaitsiera arrunta: Hiru tximinia jaitsi behar dira, azpiko biak III eta III+ zailtasuna dutenak. Rapela muntatzeko bilkurak daude haietan, baina deseskalatzea ere posible da. Guk azpiko tximinia ezkerrerago dagoen bertze batetik jaitsiko genuen (III+).
DENBORAK:
  • Cabane de l'Araille - Refuge de Pombie : Ordu eta laurden
  • Refuge de Pombie - Petit Pic du Midi d'Ossau : Hiru ordu
  • Petit Pic du Midi d'Ossau - Midi d'Ossau : Bi ordu
  • Midi d'Ossau - Cabane de l'Araille : Hiru ordu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Midi handia. Zer erran mendi honi buruz... Pirinioetako ezagunenetako eta ederrenetakoa da mendi hau 3000 metroen maila gainditzen ez duen arren, eta mendi hauetara joaten garen mendizale guziek igan edo igan nahi izan dugu noizbait. Ateraldi hau egin dugun guziok egona gehien behin edo gehiagotan gailur honetan, baina oraingoan bertze bide batetik zapaldu dugu kaskoa. Peti Pic eta Grand Pic lotzen dituen Peyreget ertza izan da hautatu dugun bidea, zailegia izan gabe modu ikusgarrian bi tontorretatik zeharkaldia egitera eramanen gaituena.

2023/09/29
17:22 : Cabane de l'Araille (1725m)
Udazkenean sartuta egonagatik ere, arratsaldea bero zegoen Aneouko zirkuaren zangoan autoa utzi eta goiti abiatu ginelarik. Aparkalekutik beretik hainbatean egindako bideari ekin genion. Argazkian eskuinetara ikusten den malda igan behar da Soum de Pombieko lepora.


Senescauko etxolara igaten den pista laburbideetatik moztuko genuen lehen zatian.


Senescauko etxola eta Portalet ingurua irail hondarreko arratsaldeko argi politekin...


Etxolatik goiti Z zabal bat marrazten du bidexka zabal eta erosoak. Gure gibelean Aneouko zirkuko mendiez gain, hiru aste lehenago eskalatutako Anayet tentea ere ageri zen.


Laster irabazten da altuera...


18:07 : Col de Soum de Pombie (2107m)
Bizkarrean pisua eraman arren, erritmo onean egin genuen Soum de Pombieko leporainokoa. Bertatik hainbatean ikusitako Midi irudi ikusgarriak emanen zigun ongi etorria. Biharamunean eginen genuen bidea identifikatzen saiatu ginen aterperako azken bide zatia egin baino lehen.


18:20 : Refuge de Pombie (2032m)
Jaitsiera eztia eginda ailegatuko ginen aterpera. Asteburu ona genuen aitzinetik eta jendez beteta zegoen aterpe ttipi eta polita.


Luze gabe sartuko ginen afaltzera, eta leihotik Palas eta Balaitous aldera ilunabar politaz diskfrutatzeko aukera izanen genuen.


Ilargi beteko gau zoragarria kanpoan utzi eta lo egitera...


2023/09/30
7:16 : Refuge de Pombie (2032m)
Goiz hasi genuen iraileko azken eguna. Seiak eta laurdenetan ernatu, gosari eskas samarra hartu, gauzak prestatu eta goiti abiatuko ginen.


Aterpearen ondoko lakua ezkerretik inguratu eta Peyregeteko lepora igaten den bidea hartu genuen.


Galbidetik ez duen bidea da Peyregeteko leporainokoa. Mendebalderako norantzan HRP bidea segitzen du.


Peyregeteko lepotik hurbil izenik ez duten lakutxo batzuen artetik pasatuko ginen.


Argazkiko puntatxoaren eskuinetara dago lepoa.


Gure gibelean aterpea egunaren lehen argitan...


7:48 : Col de Peyreget (2304m)
Ordu erdi eskasean Peyregeteko lepoan ginen, bizi samar iganda egia erran.


Komeriak hortik goiti hasten ziren, ordea. Irakurria nuenaren arabera, Petit Pic-era bitarteko bidea ez galtzeko erne ibili beharra zegoen. Badaezpada, txukun-txukun Smithyren blogeko erreportajearen argazki batzuk neramatzan deskargatuta eta baita bidea ongi ikasia ere. Lehen lana argazkian ikasten den belarditik ezkerretara igan eta lehen harresitxoaren gaineko belarditik eskuinetara joz lepo batera ateratzea zen.


Belardi tentetik ezkerretara igan ginen, ikusten den bezala mugarri batzuk lagun genituela. Puntu honetan gibeletik heldu ziren bi ondarrutarrek harrapatu gintuzten eta haiekin eginen genuen igoera guzia.


Belardia ezkerretara iganda argazkiko bizkarrera aterako ginen.


Bizkar horretatik bigarren belardi bat zeharkatuko genuen, kasu honetan eskuinetara.


Irudian ageri den lepotxoraino...


Puntu honetan akabo belardiak! Harkaitzezko erreinua ireki zen gure begien aitzinean. Blokez osatutako malda kaotiko horretan Midi iparrorratz gisa hartu behar da norbaide hori mantenduz eta beti pasabiderik errazenak bilatuz.


Ibiltzeko tarteak eskaladatxo errazekin tartekatzen dira...


Altuera irabaziz...


Honako diedro-tximinia hau izan zen zati honetan harrapatu genuen eskaladarik zailena. III+ edo izanen zuen, baina esposiziorik gabe.


Harkaitz blokezko magala diagonalean zeharkatuta, lepo honetara atera ginen. Peyregeteko Eskua (Main de Peyreget)  ikusten da bertze aldean, ongi gindoazen seinale.


Ayouseko isurialdera pasatuko ginen lepo horretatik ertzaren irtengune bat inguratzeko. Goitian ikusten den lepotxotik harrapatuko genuen berriz ertza. 


...eta bertze lepotxo horretatik berriz ere Pombieko isurialdera pasatuta esposizio pixka bat duen eskaladatxo erraza egin genuen.


Eskaldatxo horretatik berriz ere Ayous aldera ematen duen kanal itxurako honetara pasatu ginen. Hau osorik igan behar da eskuinetaranzko norabidean.


Kanala akituta berriz ere ertzean ginen.


5 bat metro Pombie aldera jaitsi eta zailtasunik handienaren zangoan ginen. 40 metro inguruko tximinia bat genuen gure ezkerretara. Soka ateratzea erabaki genuen puntu honetan.


Tximiniari III+ gradua ematen diote. Zailtasunik handiena azken zatiko pausu batean du nire ustez, argazkikoan hain justu ere.


Tximinia akituta, Petit Pic-erainoko zailtasunik handienak gaindituta genituen. Oinez segitu genuen irudiko kanaletik kaskoraino.


9:54 : Petit Pic du Midi d'Ossau (2807m)
Hala harrapatu genuen gailur ikusgarri honen gaina. Mendebaldera proiektatzen den itzalak erakusten duen bezala, gailur handiaren inbidia guti du ttipiak. A zer piramide perfektua!


Kaskoan ez ginen luze egonen...


Gailurretik beretik geroxeago iganen genuen Midiren ipar aurpegiari erreparatu genion. Fourcheko lepora jaitsiko ginen lehendabizi eta ezkerretara plaka batetik ipar aurpegian sartuko handik goiti kaskoraino eskalatzeko.


Sesques aldea eta Bious Artigues Petit Pic-etik...


Lehen tontorra utzi eta ipar-ekialdera jaisten den tximinia nabarmenetik beheiti abiatu ginen. Harri soltezko zati erraza jaitsi eta tximinia amiltzen hasten den puntuan rapela muntatuko genuen.


Irudian muntatu genuen rapela, zatirik bertikalena jaisteko... 50 inguruko rapela izanen da lehen bilkuratik hasiz gero. Beheitixeago bertze bi instalazio ere badaude, eta nik uste 30 metroko eginda (60 metrok sokarekin) nahikoa izaten ahal dela.


11:05 : Col de Fourche (2705m)
Midiren bi gailur nagusiak bereizten dituen arrakala sakonean ginen. Hemendik metro batzuk igan eta Dalles Blanques izeneko plakara zuzenduko ginen.


Plaka hauek zeharkatu eta ondoko tximinia eskalatzeko bertze luze bat egitea erabaki genuen. L itxurako luzea da eta III. graduko zailtasuna ematen diote.

Behin tximinia eskalatuta terraza zabal batera atera ginen. Bertatik igan berria genuen Petit Pic ikusgarri ageri zen.


Soka altxatu eta Midiren ipar paretaren ahulguneak bilatzeari ekin genion gailurrera bidean.


Terrazatxoz moztutako hainbat tximinia (II eta III artean) eskalatuko genituen zati honetan.


Eguzkia gero eta hurbilago...


Hala poliki-poliki ipar pareta erraldoi honen itzal freskotik ateratzen hasi ginen. Azken zatian harkaitz-blokeen artean ibili eta gailurrean izanen ginen.


12:12 : Pic du Midi d'Ossau (2884m)
Jendez betetako gailurrera ailegatzeko bortz ordu inguru pasatu genituen. Bazkaldu eta atseden hartzeko egonaldi luzea egin genuen kaskoan.


Egonaldiaren ondotik beheiti abiatzeko tenorea ailegatu zen. Jaitsiera mendiaren bide arruntetik eginen genuen, hiru tximinia famatuetatik pasatuz.


Gailur jendetsua gibelean uzten...


Rein de Pombie deitzen den malda harritsua jaitsi genuen hasteko.


13:04 : Croix de Portillon (2657m)
Maldaren azpiko aldean, zatirik bertikalenean sartu baino lehen, tximinien sarrera markatzen duen gurutzea bilatu behar da.


Gurutzetik beheiti gaineko tximinian sartu ginen, hiruretan luze eta errazenean.


Tarteko tximinia kristoren jende ilara zegoen rapel instalazioan. Hori ikusita eskuineko tximiniatik jaistea erabaki genuen, kasu emanez deseskalatuz.


Azpikoan ere jendea zebilela ikusita, ezkerrerago gelditzen den tximinia batetik jaitsi ginen (III+).


Behin paretaren azpian eskaladarako trasteak bildu eta beheiti segitu genuen.


Pombieko aterpearen inguruak Suzongo lepora jaisten den bizkarretik...


Midi gibelean utzi genuen...
...

14:03 : Col de Suzon (2131m)
Suzongo lepora ailegatuta, eskuinetara biratu ginen aterpe aldera itzultzeko.


14:28 : Refuge de Pombie (2032m)
Aterpera bueltan garagardo banarekin ospatu genuen ateraldi ederra. Bezperan egindako bidetik kotxera itzultzea bertzerik ez zitzaigun falta egun bikainari amaiera emateko.


Bazter eder hauek utzi...


15:25 : Col de Soum de Pombie (2107m)
Azken lepoa zeharkatu...


15:54 : Cabane de l'Araille (1725m)
...eta Aneouko zirkuaren sakonean genuen autora jaitsi ginen. Berriz ere Midiri bisita egina genion, bide ikusgarri eta ez hain zail batetik.

BIDEOA:
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina