EGUNA: 2023/10/08
ABIAPUNTUA: Fond d'Iseye (856m)
ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD)
DENBORAK:
- Igoera: Hiru ordu eta erdi
- Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Bedous herriraino. Bedousetik Accousera joanen gara, eta ezken herri hau zeharkatu eta zirkuaren sakonera eramanen gaituen errepidetxoa hartuko dugu. Errepidea azken zatian pista bilakatzen da eta zubi baten ondoraino ailegatzen ahalko gara bertatik.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Aspe bailara nire kuttuna izanik, bertako xoko gehienak ezagutzen ditut jadanik. Hala ere, bazen inguru bat autoan pasan aunitzetan atentzioa deitua zidana eta oraindik ezagutzen ez nuena. Udan zein neguan Accous herrixkaren gibelean gelditzen den zirkuak nire begirada erakartzen zuen. Bergon, Marere eta Ronglet mendiek osatzen duten hirukotea benetan ikusgarri ikusten da errepidetik. Azken honetan izan gara oraingoan.
8:21 : Fond d'Iseye (856m)
Arimarik ez zebilen inguruan autoa utzi genuelarik. Egia erran egun osoan ez genuen inor ikusiko. Ez da ohikoa Pirinioetan igande eguzkitsu batean ibilaldi bat egin eta inor ez ikustea. Ikusi genuena eta autotik beretik Ronglet ikusgarria iza zen.
Lepoan eguzki goxoak hartu gintuen eta egia erran eskertu genuen itzaletan ez baitzen berorik. Bertze aldean iaz ibilitako Biteteko bailara polita ageri zen.
Biteteko isurialdera ez ginen pasatuko hala ere. Lepoa zeharkatu gabe eskuinetara zeharka ateratzen den bidexka hartuko genuen eta bertatik joanen ginen Liard-eko leporaino.
Bidexka altuera pixka bat galtzen du hasmentan...
...eta geroago inguru karstikoan sartuko ginen.
Metro batetik bertzera orografia aunitz aldatzen da, belardi leunetatik harkaitz gris eta zorrotzezko kaosera.
Harkaitzezko zatia nahiko motza da dena den eta segidan berriz belardietara itzuliko ginen. Argazkiko zelaitxoa zeharkatu eta eskuinetara igaten hasiko ginen lepoaren bila.
Lepoaren azpiko zatian bidexka desagertu egiten da, baina ez dago galbiderik. Rongleten hegoaldeko aurpegiko tximiniak begien bistan genituen jadanik.
10:49 : Col de Liard (2118m)
Tximiniara ailegatu aitzin lepora aterako ginen.
Bertatik Lescungo zirkua parez pare genuen, ikuspegi ederra benetan.
Hegoaldera Bisaurin eta Belonce eta Baraleteko bailaratxoak ikusten ahal ziren.
Beranduxeago itzuliko ginen lepora, baina aitzinetik kaskoari bisitatxo bat egin behar genion.
Bertara ailegatzeko II. graduko pausu bat duen tximinia erraza gainditu beharko genuen.
10:59 : Ronglet (2180m)
Hala ailegatu ginen nahiko ezezaguna den gailur eder honetara. Iparraldeko gailurraren lotzen duen gandor guzia ikusgai genuen.
Denbora aunitz pasatu genuen gailurrean inguruaz gozatzen. Argazki honetan Sesques aldea ageri da.
Iparraldean Bergon eta Marere... Noizbait egin beharko diegu bisita bat hauei ere.
Berriz ere tximinia jaitsi eta lepora itzuli ginen.
Lepotik eskuinetara biratuko ginen (mendebaldera), eta Anchet eta Ronglet mendien artean dagoen lepoaren bila abiatu ginen.
11:53 : Col de Ronglet (1839m)
Bidexka ez arras markatu batetik egin genuen leporainokoa. Bertatik eskuinetara biratu eta iparralderantz jaisten hasiko ginen.
Rongleteko lepotik Lapassako etxolara jaisten den magalean ez dago bidexkarik eta harri-mukuruak ere guti dira. Leku maldatsua da eta gehienean ahal zen bezala jaitsi ginen. Azpiko zati zati harritsuan eskuinetara bide markatuagoa harrapatuko genuen eta beheitiago gurutzatu beharreko basotxoaren hasmentan ere bai.
Jaitsierako bidetik Rongleten ipar-mendebaldeko korridorea ageri zen. Neguan alpinismoa praktikatzeko leku aproposa da.
Lehen aipatutako zati harritsua zeharkatzen...
Basotxoa ahal bezala zeharkatu eta Lapassako etxolara jaitsiko ginen.
12:37 : Cabane du Lapassa (1263m)
Etxola leku politean kokatua dago eta barnean mendizaleendako irekia uzten duen zati bat du arras egoera onean. Fitxatua gelditu zen noizbait gauren bat pasatzeko.
Etxolatik goizean igandako bidera atera ginen. Hortik autorako zatia lasterka pixka bat egiteko aprobetxatu genuen.
13:03 : Fond d'Iseye (856m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina