EGUNA: 2023/10/12
ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)
ZAILTASUNA: 5b , 210m
Bidearen krokisa |
DENBORAK:
- Hurbiltzea: Ordubete
- Bidea: Bi ordu
- Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.
KRONIKA:
Pene Sarriere ez da mendi altua, ezta izen handikoa ere. Gouretteko eski estazioko pisten ondoan altxatzen den harri puska bat bertzerik ez dela ere erraten ahal da. Hala ere, bere paretetan irekitako bideek eskalatzaileendako atrakzio parke modukoa izatera eraman dute. Niretako hirugarren aldia izan da gailur honetan, bi aldiz hegoaldeko ertz zorrotza eskalatu eta gero. Kasu honetan, ekialdeko aurpegiko eskalada klasikoa egiteko aukera izan dugu.
9:25 : Gourette (1359m)
Larunsen gaua pasatu, kafe bat hartu eta Gourettera hurbildu ginen. Presa handirik gabe abiatu ginen eski estazioan goiti.
- 1. luzea (5a,35m): Lehen metroak diedro batetik egiten dira eta gero ezkerretara jo behar da diagonal bat eginez. Plaka bat zertxobait jaitsiz zeharkatu eta azken metroak belar eta lurrezko zati batetik dira. Luze honetan harkaitza nahiko leundua dago tarte aunitzetan.
Lehen luzearen bidea sokak marraztuta |
- 2. luzea (3c,30m): Harmaila errazetatik egiten den transizio luzea da. Luze honen ondotik plaka erraldoian sartuko ginen.
- 3. luzea (5a,55m): Plaka bikainean egindako luzea tartean bi bilgune utziz. Erregletatxoz osatutako plaka da, gozatzekoa. Hori bai, bide osoaren gisara parabolten artean distantzia pixka bat dago. Kobazulo iduriko batean muntatu genuen bilkura.
Bilkuratik goiti plaka leuna gaindituta |
Altuera hartzen |
- 4. luzea (5b,35m): Bilgunetik eskuinetara ateratzen da itsaskortasun pausu bat eginez eta gero tripatxo bat eskalatu behar da (bideko pausurik estuena). Tripatxoa gaindituta, eskuinetara jo behar da bilkura harrapatu arte.
Bilkuratik eskuinetara itsaskortasun plakan |
Pausurik zailena gaindituta |
- 5. luzea (4b,20m): Plakaren azken zatia eskalatu eta tximinia erraz batetik ertzeko lepora ateratzen da.
Bosgarren bilkura tximiniatik ikusita |
- 6. luzea (5b,35m): Hegoaldeko ertzarekin (La Taillante) konpartitzen den luzea da, pare bat aldiz egina nuena. Ezproitxo batetik sabai baten azpian kokatuko gara eta sabai hori gainditzea da pausurik zailena. Azken metroak tximinia erraz batetik egiten dira.
Lepoko bilgunean |
Bidearen gainetik azken bilgunea eta Taillante ertza |
Bide ikusgarri eta bertikala eskalatuta arras kontent ailegatu ginen kaskora. Hirugarren aldia nuen bertan eta hiruretan aktibitate bikaina egin izanaren sentsazio gozoarekin. Kaskotik iparraldera metro batzuk jaitsita dagoen balkoitxo batetik eskalatu berri genuen paretarako ikuspegi bikaina genuen.
Argazki honetan Etxarriko bikotea lepotik goiti eskalatzen ikusten ahal da. Gu baino polikiago ari zirenez, aitzinera pasatzen utzi gintuzten. Esker mila, irakurtzen baduzue!
Bidea argazkian ikusten den fisuraren ondotik doa une oro.
Kaskoan egonalditxoa eginda, iparraldera bizkarretik jaisten hasi ginen. Galbiderik ez duen bidexka bat da...
Zailtasun handiirik ez du, baina harkaitz-plaka batzuk jaitsi behar dira han eta hemen, eta aunitzetan bustita egoten dira. Gure kasuan, idor harrapatu genituen.
Ipar magala jaitsi, basotxo ttipi bat zeharkatu eta Gouretteko pistetaik beheiti eginen genuen azken zatia.
14:16 : Gourette (1359m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina