EGUNA: 2024/10/20
ABIAPUNTUA: Pont Lamary (1175m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Igoera (Pedain eta Ansaberetik): 4 ordu
- Jaitsiera (Lazerquetik): 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lamaryko aparkalekua Lescun herritik goiti dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasatuta, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere ailega daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segituko diegu. Aparkaleku honetatik bi kilometro inguruko pistak Lamaryko zubiaren ondoko aparkalekuan utziko gaitu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Lescungo zirkua segur aski Pirinioetako nire txoko kuttuna izanen da. Urteko sasoi guzietan ibili izan naiz bertan duela 11 urte ingurua ezagutu nuenetik. Beti egoten da eder, baina udazkenean pagadiek kolore gorrixkak hartzen dituztelarik edertasun horrek goia jotzen du. Duela hiru urte, urri erdian ikuskizun bikainaz gozatu ahal izan genuen eta honetakoan ere inguru honetara hurbildu naiz udazkenean murgiltzera. Horretarako, pare bat aldiz egina dudan Laraille mendiaren itzulia egin nuen.
8:35 : Pont Lamary (1175m)
Aparkalekura igan nintzelarik mugimendu guti zegoen. Hobe niretako. Zubia zeharkatu eta bide zabaletik abiatu nintzen.
Eta zirkutxoaren erdian etxola hau dago. Duela zazpi urte Hiru Erregeen Mahaira eskiz igan ginelarik bertan pasatu genuen gaua. Egoera onean dago, estufa, mahaia, aulkiak eta ohe pare bat ditu koltxoi eta guzi.
Etxola bisitatu eta gero, metro batzuk gibelera egin eta eskuinetara ateratzen den bide zabal hau hartuko nuen.
Ansabere orratzak behin eta berriz...
Eta Hiru Erregeen Mahaia...
Pedain eta Ansabereko etxolak lotzen dituen bidetik minutu batzuk lehenago zeharkatu nuen zelaira ikuspegi ona nuen.
Eta mendi hauetara ere bai...
Lasterka egin nuen pista zatia eta 10 bat minututan Ansabereko etxoletan nintzen.
Hemendik Ansabereko orratzetara eta Sobarcal mendira ikuspegi desberdina dago...
9:45 : Cabanes d'Ansabere (1569m)
Etxoletatik metro batzuetara seinale batek segitu beharreko norabidea markatzen zidan. Ezkerretara hartuko nuen Ansabereko laku aldera.
Segitu baino lehen, etxola bisitatu eta ura hartzeko geldialdi motza egin nuen. Etxola hau ere egoera bikainean dago. Duela 10 urte pasatu genuen gaua bertan. Zer oroitzapenak!
Erran bezala, Ansabereko lakura igaten den bidexka segituko nuen hemendik goiti.
10:17 : Lac d'Ansabere (1859m)
Etxolatik 45 minutu pasatu nituen lakura ailegatzeko. Berez bidexkak lakua ezkerretara utzi eta goiti segitzen du, baina nik inguratu eginen nuen argazki batzuk ateratzeko.
Ansabere, Petretxema eta Hiru Erregeen Mahaiarekin...
Eta ni han nengoela frogatzen duen argazki bat...
Lakua agurtu eta goiti segitzen duen bidexka hartuko nuen berriz...
Mugarriz markatutako bidexka nabarmena da lakutik goiti ere...
Hala, izenik gabeko bizkar honetara atera nintzen.
Izenik gabeko tontortxotik ezkerretara bizkarrez bizkar doan bidea hartuko nuen IGNren mapan 2054 metrora ageri dagoen puntaraino.
Horko bizkar borobildutik nentorren...
2050 metro inguruan nengoen eta 200 bat metroko jatsiera nuen zain Acheritoko lakuraino. Haren hegoaldeko muturretik pasatu eta 250 bat metroko igoera eginen nuen jarraian, argazkian ezkerretara ikusten den lepo itxurakoraino.
10:49 : Ibon d'Acherito (1869m)
Lasterka 10 minutu baino gutiago eman nituen laku bazterrera jaisteko. Isurbidetik pasatu eta arestian aipatutako igoerari ekinen nion.
Lakua gibelean utzi...
...eta mugarriei segituz argazkiaren eskuineko aldean ikusten den lepotxora iganen nintzen.
Azken zatia arras harritsua da, baina zailtasunik ez du. Behin lepora aterata, ezkerretara iganen nuen Laraille mendia ikusten da. Bide markaturik gabeko ertzari segituz ailegatuko nintzen bertara.
11:29 : Laraille (2147m)
Autotik atera nintzenetik hiru orduz kaskoan nintzen. Ez da gailur ezagunegia Laraille eta bakarrik egon nintzen tontorrean. Zer plazera!
Zerbait jan eta argazki batzuk atera nituen. Honetan Guarrinza ingurua ageri da.
Erdialdeko Pirinioetan elur dezente ikusten zen...
Acheritoko lakua, eta Linza eta Lescun arteko mendiak...
Jaitsiera Lazerqueko bailaratik eginen nuen. Hasteko, mendiaren ekialdeko ertza jaitsi nuen. Zatiren bat estua da, baina zailtasun handirik gabea elurrik ez badu behintzat.
Aitzinean Lazerquera sartzeko lepoa nuen eta bere gibelean Pourtet Barrat mendia.
12:02 : Col de Laraille (2011m)
Lepotik ezkerretara biratuko nintzen Lazerquera sartzeko.
Laraille mendia agurtu...
...eta ziztu bizian abiatu nintzen malda iparralderantz...
Goitiko zati harritsua jaitsi eta udazken koloreko baso zatiak agertzen hasi ziren.
Ansabereko orratzak ederrak dira, baina Lazerqueko bailaratxoa ez da gibelera gelditzen. Ezagutu nuenetik liluratuta utzi nauen bertze txoko bat da, Lescungo altxor anitzetako bat.
Bacque mendia da zirkutxo hau inguratzen duten mendietako bat.
Bertan denbora gelditu dela ematen du. Zelaitxoak, baso zatiak, gailur ikusgarriak inguruan...
...eta dena udazken kolorez apaindua...
Gaineko zatia lasterka egin nuen, baina tarte honetan denbora hartu nuen inguruaz gozatzeko.
Bidexka harri-mukuruz markatua dago eta belardi leunetan beharrezkoak dira marka hauek bidea desagertu egiten baita.
Iparralderantz egiten du gehienean...
Hiru Erregeen Mahaia...
Paraje eder hau agurtu...
...eta azken jaitsiera zatian bidexka basoan barneratzen da.
Pourtet Ouvert mendia pagoen artetik...
13:02 : Pont Lamary (1175m)
¡Qué vuelta más bonita! Envidia , este año hasta que no arreglen la carretera del Somport no lo tenemos fácil para ir hasta allí...
ErantzunEzabatuHola David! La verdad es que es una vuelta TOP! Tiene de todo: Lagos, bosques, pastos, agujas... Ansabere quizás es un poco más conocido, pero Lazerque me parece un tesoro escondido de multitud es, con bosques y claros de cuento, y al fondo las espectaculares Pourtet Ouvert y Pourtet Barrat. Menudo paraíso.
Ezabatu