EGUNA: 2024/11/16
ABIAPUNTUA: Pasaia (4m)
ZAILTASUNA: 6b , 280m
DENBORAK:
- Hurbiltzea: 45 minutu
- Eskalada: 3 ordu
- Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Pasaiako Trintxerpe auzotik edo Pasai San Pedrotik abiatuko gara. Autoa portuko aparkalekuan uztea da aproposena.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Ez da ohikoa izaten kosta bazterrean, kresal usaianarekin eta kaioen zaratapean bide luzeak eskalatzea. Ogoñon badira baldintza hauek betetzen dituzten bide batzuk, eta Pasaian ere badago hain ezaguna ez den bat. Platako itsasargiaren ekialdeko ertzetik igaten den bideak marko zoragarrian eskalada bereziaz gozatzeko aukera ematen du.
Hurbiltzea:
Trintxerperen goitiko partetik ateratzen da Platako itsasargira igaten den errepidea. Azken etxebizitzak gibelean utzi bezala, autoz pasatzea debekatzen duen seinalea dago eta beraz errepidetik oinez egin behar da itsasargirako bidea. Bi kilometro pasatxo eginda, itsasargira bertara ailegatu baino metro batzuk lehenago eskuinetara arbola tartean sartzen den bidexka bat dago. Bidexka horretatik jaitsiko gara bidearen hasmentara.
Itsasargirako errepidetik |
Eskalatuko genuen ertza ikusten da |
Abiapuntura ailegatzen |
Eskalada:
Itsas bazterretik beretik abiatzen da eskalatzeko bidea. 0 bilgunetik bi aukera daude: eskuinetara doan ekipatutako zeharkaldia hartzea edo ekipatutako gabeko ezproitxo batetik (5b, 50m) ertzera ateratzea. Guk ekipatutako bidea hautatu genuen, berez zazpi luzeko eskalada duena, baina lehen zeharkaldia azpiko arroketatik saihestu genuen eta beraz luze bat gutiago eskalatu genuen. Aukera hau marea beheiti dagoelarik bakarrik egiten ahal da, bertzenaz ezinen baitugu luze hau saihestu. Gainera, lehen bi luzeak egiteko komeni da marea goiti dagoelarik ez eskalatzea. Hona hemen guk eskalatu genuenaren luzeen azalpenak:
- 1. luzea (6b, 20m) : Bide osoko luzerik zailena da hau eta hotzean bertatik eskalatzen hasteak ez du laguntzen. Makurtutako pareta bat da, arras ongi ekipatua dagoena eta A0 moduan ateratzeko aukera ematen duena. 2. paraboltetik 4.erako zatia da zailena nire ustez, pareta makurtua izateaz gain arras deserosoa delako eta heldulekuak ez direlako aise harrapatzen. Metro hauek gaindituta ertzera aterako gara eta bilgunea bertan aurkituko dugu.
Zatirik gogorrenean |
Pareta makurtua da, eta deserosoa |
Bilkurara ailegatzen |
- 2. luzea (4b, 50m) : Ertzetik egiten den luze erraza da.
Luze erraza |
- 3. luzea (5b, 50m) : Aitzineko bezala ertzetik hasten da eta ertzaren iparraldetik nahiko zati zikina zeharkatzen du goitiago. Zati hau pasatuta plaka eder bat eskalatzen da, Gruyeres gasna baten gisako zulo borobilez osatua. Bilgunean ertzaren lepotxo eroso batean dago.
Gure 3. luzea akitzen |
- 4. luzea (5c, 45m) : Segur aski hau izanen da bideko luzerik politena. Bilgunetik goiti bertikal igaten da eta iparraldeko aurpegira pasatzean egin beharreko pausu batek ematen dio gradua. Iparraldeko paretatik segitzen du eskaladak ertzera itzuli aitzinetik.
Gure 4. luzean |
- 5. luzea (3a, 45m) : Puntu honetatik aitzin ertza etzan egiten da eta bi luzetan bidearen amaierara ailegatzen da.
5. bilkuran |
- 6. luzea (4a, 55m) : Aitzinekoaren gisako luzea, ertz estutik pausu zailagoren bat eginez.
Azken luzea |
Seigarren bilgunetik beretik ezkerretara egiten den 30 metroko rapel batek "lurrean" uzten gaitu. Hortik sokaz ekipatutako zati bertikal bat jaitsi, eta eskaladaren hasmentako puntura joateko pasatutako bidexkara ailegatzen da. Gure kasuan itzulerako bidea aldatzeko errepide osoa pasatu ordez Pasai San Pedrotik pasatzen den bidexka hartu genuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina