Orriak

2025/12/28

Puig de Coma d'Or (2826m)

EGUNA: 2025/12/28

ABIAPUNTUA: Coll de Pimorent / Puymorens (1915m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA: 
  • Coll de Pimorent - Serra de les Lloses : Ordu eta hiru laurden
  • Serra de les Lloses - Pla de Cortal Rasso : 20 minutu
  • Pla de Cortal Rasso - Puig de Coma d'Or : Bi ordu
  • Puig de Com d'Or - Coll de Pimorent : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les Thermes herrira. Hemendik Puigcerdarako bidea hartuko dugu eta tuneletik pasatu ordez, Pimorent leporaino iganen gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Neguko oporraldia baliatuz, hainbertze ezagutzen ez dugun Ariege ingurura hurbildu gara. Bertako egonaldiko lehen ateraldia Pimorent lepotik hasi dugu. Hain zuzen ere, Puig de Coma d'Or mendia bisitatu asmoz, ibilbide zirkularra burutu dugu. Inguruko eski malda ezagun eta aproposak lotuta itzuli ederra gelditu zaigu.

9:15 : Coll de Pimorent (1915m)
Lepoko aparkalekuan utzi genuen autoa eta errepidea gurutzatuta ekialderantz zuzendu ginen. Argazkian erdian ikusten den mendira eginen genuen lehendabiziko igoera.


Aitzineko egunetan elurra egina zuen, baina haizeak ere bere lanak eginak zituen, eta aldakor zegoen elurra bai kantitate, bai kalitate aldetik.


Pinuen artetik pasatu eta bizkar zabalagotik goiti egin genuen.


Igan ahala hegoaldetik lainoa sartu eta inguratu egin gintuen. Berez eguraldi ona iragarria zegoen, baina lainopean eginen genuen egunaren zati eder bat. Coma d'en Garcia eta Cortal Rosso bailararen arteko bizkar luzea den Serra de les Lloses gainez gain igan genuen punturik altueneraino.


10:58 : Serra de les Lloses (2618m)
Kaskoan lainopean eguneko lehen trantsizioa burutu eta jaisteko prestatu ginen. Lehen jaitsiera gailurtxo honen ipar-ekialdeko malda ederrak bilatuz eginen genuen Cortal Rossoko bailararaino.


Elurra ez genuen uste bezain ona izan jaitsiera honetan. Hasmentan erran bezala, haizeak lana egina zuen eta elurra nahiko aldakor zegoen.


11:39 : Pla de Cortal Rosso (2150m)
Kasik 500 metroko jaitsiera polita dago Serra de les Lloseseko gailur altuenetik Cortal Rosso bailarako zelaitxoraino.


Berriz ere fokak paratu eta bigarren igoerari ekin genion. Cortal Rosso errekaren eskuineko aldetik iganen ginen Coma d'Or mendiaren hego magalak bilatu arte. 


Bailara eztia da Cortal Rossokoa, baina elur geruza sakona zegoen eta lanak eman zizkigun arrastoa irekitzeak.


2400 metro inguruan ekialdeko norabidea utzi eta iparraldera biratuko ginen errekari segituz.


Malda pixka bat tenteagoak gainditu beharko genituen Coma d'Or mendira hurbiltzeko.


Altuera irabazi ahala, lainoa saretzen hasi zen.


Eta mendiaren gaineko zatian eguzkitara atera ahal izan ginen. Puntu honetan Pimorent lepotik kaskora igaten den bide arruntarekin elkartu eta bertatik eginen genituen azken metroak.


Gailurreko bi punta nagusien arteko lepotxora atera ginen eta Carlit mendia bistaratu genuen handik.


13:56 : Puig de Coma d'Or (2826m)
Ezkerretara malda tenteago bat igan eta sasigailurrean izanen ginen. Handik gandor zabala oinez zeharkatu eta kaskora ailegatu ginen.


Sasigailurrera bueltan taldeko argazkia egin eta jaisteko prestatu ginen.


Joan den urtean igandako Carlit ederra parean ikusten genuen.


Jaitsiera mendiaren bide arrunta denetik eginen genuen. Oro har, mendebaldeko isurialdea duten maldak dira, etzanak eta zabalak.


Lehen maldak eskiatuta gailurrera ikuspegi hau genuen. Ikusten den bezala maldak errazak dira eskiatzeko. Eta elurrak ere ona genuen.


Elur baldintzak ikusita Cap de Llosadaren mendebaldeko malda ederra Coma d'Or lakuraino jaitsi genuen. Gozatu ederra hartu genuen zati honetan!


14:32 : Estany de Coma d'Or (2484m)
Laku elurtuaren gainean berriz ere fokak paratu eta eguneko azken igoerarako prestatu ginen.


50 bat metroko igoera laburra genuen aitzinetik Coma d'en Garcia leporaino.


14:52 : Portella de Coma d'en Garcia (2514m)
Coma d'Or ingurua agurtu eta Coma d'en Garciako bailaratxoa eskiatzeko prestatu ginen.


Bailara luze eta etzana da oro har Coma d'en Garciakoa. Hasiberri batek mendi eskiak lehen aldiz paratzeko aproposa. Baditu malda politak tarteka, eta horietan elur goxoa harrapatu genuen. Gainerakoan ziztu bizian zeharkatu genituen tarte zelaiagoak.


15:22 : Coll de Pimorent / Puymorens (1915m)
Horraino eman zuen Ariege eta Katalunia arteko mendietan egindako lehen ateraldiak. Biharamunean gehiago...

 

2025/12/21

Refuge de Bastanera joan-etorria

EGUNA: 2025/12/05

ABIAPUNTUA: Granges de Lurgues-erako errepidea (1310m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joan behar da Saint-Lary-Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata, Guchen herrira ailegatu beharko dugu. Herri honetatik goiti Aulon herrira iganen gara. Bidean elurrik ez dagoelarik, Aulondik goitiago autoz igatea ere posible da; Granges Lurgues izeneko bordetaraino, hain zuzen ere. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Batzuetan planak ez dira nahi dugun bezala ateratzen. Halako zerbait gertatu zitzaigun joan den abenduaren 6an. Bastan aterpean gaua pasatzeko asmoz abiatu ginen Granges de Lurgues ingurutik, biharamunean zirkularra eginez bertara itzultzeko. Aterpera ailegatzean, ordea, sorpresa ederra hartu eta bide beretik itzuli behar izan genuen.

9:40 : Granges de Lurgues-erako errepidea (1310m)
Etxoletara igaten den errepidea garbitua zegoen, baina zati batean elurra eta horma pixka bat zituen eta ezin izan ginen akabailaraino ailegatu. Hortaz motxila pisuak bizkarrean paratu eta errepidetik oinez ekin genion egunari.


Bastan aterperainokoa Rabat bailaran goiti egitea erabakia genuen, iparraldeko orientazioa izanik eskiak fiteago paratuko genituelako. Errepidearen azken bihurgunetik ezkerretara pista bat ateratzen da eta hari segituko genion.


Baso zati batean tente igan ondotik, Rabat erreka zeharkatuko eta fite utziko genuen pista zuzen segitzeko. Baso zati bat gehiago zeharkatuko genuen Coussitirouko etxolara ailegatzeko.


Gure gibelean Arbizon ingurua utziko genuen.


Coussitirou etxolatik goiti bailara zabaldu egiten da eta eskiatzeko aproposagoa bilakatzen da. Argazkian bi mendien artean gelditzen lepora zuzenduko ginen eta bertatik Saint-Lary-Soulango eski pistetara pasatuko ginen.


Errekaren ezkerreko aldetik altuera irabazten hasi ginen bigarren etxola baten bila.


Bigarren etxolatik hegoaldera biratu eta malda tenteago bat iganen genuen. Eskuineko aldean Montarrouyes mendiaren hego malda ederrak utzi genituen, bertze baterako fitxatuta.


Etxolaren gaineko malda iganda, zati lauago bat zeharkatu eta pistetara pasatzeko kanal estuago bat iganen genuen.


2000 metro inguruan estazioaren Aulon sektorera ailegatu ginen. Zati hau aunitzetan hetsia egoten da, eta elur dezente izanda ere halaxe zegoen orduan ere. Pista batetik tarteka eta haren bazterretik bertzeetan Aulongo teleaulkiaren goitiko parteraino zuzenduko ginen.


Malda ederrak daude isurialde honetan ere...


12:28 : Crete de la Soumaye (2334m)
Kasik hiru orduko igoeraren ondotik eguneko lehen lepoa ginen. Ertza zeharkatu eta Montarrouyes izeneko paraje zabalean barneratuko ginen.


Foka-larruak kendu gabe altuera pixka bat galduko genuen eta paraje honetan dauden eski pistak zeharkatuko genituen. Pichaley mendira igatea zen gure hasmentako plana, baina berandutuko zitzaigula pentsatu eta bide laburrago batetik joan ginen aterpera.


Han gibeleko lepotxotik heldu ginen, altuena denetik.


Eta pareko hartara gindoazen, pinuak dituenera. Bertatik zeharkatuko genuen parean genuen Graoules Blanques ertza.


13:31 : Crete des Graoules Blanques (2411m)
Pinuen arteko lepo honetatik Bastengo aterpera kokatua dagoen parajerako pasabidea dago.


Foka-larruak kendu eta 170 bat metroko jaitsiera eginen genuen malda politetik.


Paraje zoragarri honetan berriz ere fokak paratu eta aterperako metro apurrak eginen genituen.


Parean Bastan eta Portarras mendiak genituen...


Ezkerretara Bastango erdiko lakuak utzi eta fite izanen ginen aterpean.


14:19 : Refuge de Bastan (2255m)
Aterpe xarmangarri honetara goiz ailegatu ginen, arratsaldea bertan gustora pasatzeko asmoz. Sorpresa bat genuen esperoan ordea. Atea irekitzen hasi eta hetsia, eskaileretatik goiti igan eta bertze horrenbertze... Atean aterpera hetsia zegoela paratzen zuen oharra ageri zen. Sartzeko aukera bakarra kristal bat haustea zen, eta hori ere pentsatu genuen; baina azkenean oraindik astia genuela ikusita egindako bidetik itzultzea erabaki genuen. Txarrenera ere iluntzen bazuen Saint-Laryko pistetatik jaistiko ginen herrira eta han taxi bat hartu.


Hala berriz Graoules Blanqueseko malda igan, pistak zeharkatu eta Soumayeko ertzera atera ginen.


Abenturatxoari arratsaldeko argi politek beren kolorea eman zioten.


Soumayeko ertzean oraindik asti genuela ikusi eta autorantz jaitsiko ginela erabaki genuen.


Coussitirouko etxolaraino eskiatu ahal izan genuen, 1600 metro ingururaino.


Handik beheiti eskiak bizkarrera eta egunaren azken argiekin batera autora ailegatu ginen.

 
17:14 : Granges de Lurgues-erako errepidea (1320)

Sentsazio gozoarekin akitu genuen eguna hasmentako plana gainbehera erorita ere. Mendi egun ederra pasatu genuen, kasik inor ikusi gabe eta paraje berriak ezagutuz. Ea Bastango aterpea berriz ere irekitzen duten.