Orriak

2025/12/30

Roc Mele (2811m) eta Cap de la Cometa del Forn (2691m)

EGUNA: 2025/12/30

ABIAPUNTUA: Pas de la Casarako errepidea - N320 (1583m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les-Thermes herrira. Hemendik Andorrarako bidea segituko dugu eta Hospitalet-pres-l'Andorre herria pasatuta ezkerretara hartzen den bigarren bihurgune hetsian utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Oporraldiaren hirugarren egunean ipar aurpegiak hegokoengatik aldatu genituen. Aitzineko egunetan Roc Mele mendiaren hego aurpegiak atentzioa deitu zigun. Malda zabal eta zuzena da, eguzkiak parez pare ematen diona. Ipar isurialdeetan kostra agertzen delarik, udaberriko elurra bilatzeko magal aproposa da.

9:44 : Pas de la Casarako errepidea - N320 (1583m)
Berriz ere alimaleko hotzarekin ekin genion egunari. Errepidea zeharkatu eta Ariege errekaren paralelo doan bide horizontaletik hasi ginen ibiltzen.


Lehen zatian altuera zertxobait galtzen du bideak eta eskuinetara genuen Ariege errekaraino jaisten da.


Zubi estu honetatik erreka zeharkatu eta azkenean malda goiti hasiko ginen. 20 minutu inguru pasatu genituen puntu honetara ailegatzeko.


Eguzki goxotara atera eta goiti iparralderantz biratu ginen malda tenteagoetatik goiti egiteko.


Elur guti eta malda tentea zituen zati bat gaindituta, malda zabaletara pasatu ginen.


Bizkar gisako malda zabal bat iganda, 2200 metro inguruan esposizio pixka bat duen zeharkaldi bat egin eta gaineko "solairu" gisako batera pasatu ginen.


Puntu honetatik aitzin elur geruza lodiagoa zen eta kalitate hobea zuen. 


Atsedenik ematen ez duen malda jarraia da beheitiko errekatik kaskoraino. Igateko azkarra eta jaisteko bikaina.


Gure gibelean bezperan igandako Pedrons mendia eta Pas de la Casa ingurua ari ginen uzten.


Transformatzen hasiak ziren maldetan goiti...


Azken zatian...


Bizkat batetik egiten da azken zatia...


Gaineko ertzera atera eta eskiak zangoetan genituela ailegatuko ginen Cap de la Cometa del Forn mendiraino.


12:29 : Cap de la Cometa del Forn (2691m)
Kaskoan bilkuratxo ttipia egin eta parean ikusten genuen Roc Meleraino igatea erabaki genuen.


Bi mendien arteko lepora malda tente eta motz bat jaitsi...


...eta hego-ekialdeko malda errazetatik ailegatuko ginen bigarrenera.


Mendi giro bikaina genuen lagun...


13:13 : Roc Mele (2811m)
Gailur zabalean trantsizioa egin eta jaisteko prestatu ginen.


Baina aitzinetik gailurreko argazkia atera ziguten bertan zeuden bertze bi eskiatzailek.


Jaitsiera igandako bide beretik eginen genuen. Gaineko malda elur hauts goxoarekin harrapatu genuen...


...eta Cometa del Forn menditik beheiti hautsa eta udaberriko elurra tartekatuta.


15:09 : Pas de la Casarako errepidea - N320 (1583m)
Azken zatian elur eskas bazegoen ere, azpian belarra du eta zubiraino eskiatu ahal izan genuen. Bertan berriz ere fokak paratu eta autora itzultzeko zati horizontala zeharkatu genuen. Bertze egun eder bat Andorra eta Ariege artean!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina