EGUNA: 2025/08/03-04
ABIAPUNTUA: Cochapampa (3665m)
ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD-)
IRAUPENA:
- Cochapampa - Refugio Ishinca : Lau ordu
- Refugio Ishinca - Ishinca : Lau ordu
- Ishinca - Cochapampa : Sei ordu
NOLA AILEGATU:
Cochapampara ailegatzeko Huarazen garraio pribatua kontratatzea da aproposena. Huarazetik iparralderantz jo eta Ishinca mendigunera igaten den pista hartzen da, Collon eta Pashpa herriak zeharkatuta abiapuntura ailegatzeko. 25 bat kilometro bakarrik daude Huarazetik Cochapampara, baina pista zatiagatik ordu eta erdi pasa behar da ailegatzeko.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Huayhuash zeharkaldian aunitz gozatuta, Huarazera itzuli eta ondoko ateraldiak prestatzen hasi ginen. Gure asmoa etxera itzuli arte gelditzen zitzaizkigun egunetan Cordillera Blanca ezagutzea zen, eta bidenabar kaskoren bat edo bertze igatea. Lehen igoera Ishinca mendiguneko Ishinca mendira egitea erabaki genuen. Zailtasun gutiko mendia da eta azken zatian zeharkatzen den glaziar zati politak aho zapore onarekin uzten bertara hurbiltzen dena.
2025/08/03
10:07 : Cochapampa (3665m)
Huayhuashera bezala Antoniorekin egin genuen bidea. Zelai zabalean gauzak prestatu eta bertaraino ailegatu ginen pista beretik hasi ginen ibiltzen.
Urus, Tocllaraju, Palcaraju, Ishinca eta Ranracalpa mendien artean sortzen den zirkuaren sakonean kokatua dago Ishinca aterpea, zelai zabal eta eder baten izkina batean. Hori izanen zen eguneko ibilaldiaren bukaeran puntua eta biharamuneko mendia igateko erabaliko genuen oinarrizko kanpalekua.
Azpiegiturak txukuna izateaz gain, otordu goxoak eskaini zizkiguten afari eta gosarian. Gainera, jende arras guti zegoen aterpean eta egonaldi lasaiaz gozatu ahal izan genuen.
2025/08/04
3:50 : Refugio Ishinca (4380m)
Goizeko hiruretan paratu genuen gosarirako hitzordua eta gauzak prestatuta ilunpean jarri ginen martxan. Hegoalderantz aterpea kokatua dagoen zelaia zeharkatu eta bidexka batetik goiti altuera irabazten hasi ginen. Ishincako lakutik beheiti heldu den errekak sortutako bailaran sartu eta laku inguruan eskuinetara eginez malda tenteagoak igaten hasi ginen. Ishinca bere hegoaldeko ertzetik iganen genuen, bide nagusitik, alegia.
Lehen eguzki izpiak Ranracalpa mendia gorritzen hasi orduko, glaziarraren hondakinen harritsuen artean murgilduak ginen. Glaziarrera ailegatu aitzineko azken zati honetan bidexka pixka bat galdu egiten da, baina mugarriei esker nahiko aise segitzen da bide zuzena.
Tocllaraju Ishincako morrenatik...
Goizeko seiak ingururako glaziarraren sarreran ginen, 5100 metro baino goitiagoko altueran. Eginbeharrak egin, arnesak jantzi, soka paratu eta glaziarra zeharkatzeko prestatu ginen.
Egunsenti hotzean malda etzanak dituen glaziar leunean barneratu ginen. Momentu guzietan Ishinca mendiaren gailurra begien aitzinean genuen eta glaziarreko arrastoak galbiderik gabe hara eramanen gintuen. Bideak zeharkaldi luzea marrazten du argazkian ikusten den lepora, eta handik mendiaren hegoaldeko bizkarretik kaskoraino.
Gibelean Ranracalpa mendiaren (6162m) pareta bertikalak utzi genituen...
Igan ahala eguzkiaren izpiek gure gorputz hoztuak goxatu eta animoa igan ziguten.
Lepotik goiti malda pixka bat tentetu egiten da, baina zailtasun handirik ez du azken zatiraino.
Azken zati horretan 45 bat graduko malda tentea gainditu behar izaten da normalean, baina gu igan ginen egunean ez zen inklinazio horretara ailegatzen. Hortaz, luzerik egin gabe martxan gindoazen bezala gainditu genuen kaskorako azken "oztopoa".
8:02 : Ishinca (5530m)
Kontent ailegatu ginen Cordillera Blancako gure lehen kaskora. Eguzki goxoa lagun eta inguruan bertze inor gabe, tartetxo bat hartu genuen kaskoan egoteko. Nahiko mendi ezaguna da Ishinca, baina gu egon ginen egunean lau sokada bertzerik ez ginen ailegatu tontorrera.
Glaziarrak arrakala handirik ez zuen arren, ez ginen sobera luzatu kaskoan eta igoerako bide beretik ekin genion jaitsierari.
Arrasto erosotik ziztu bizian galdu genituen metroak eta gailur polita agurtu genuen.
Glaziarretik atera, material teknikoa bildu eta gauez ibilitako bidexkan beheiti segitu genuen. Argazkian Ishincako lakua eta kaskoa.
Gure parean Urus Este (5423m) mendia ikusten genuen, inguru honetako bertze mendi ezagun bat, eta Tocllaraju eta Ishincarekin batera gehien igaten dena.
Tocllaraju ikusgarria alde guzietatik ikusita.
Aterpea begien bistan...
10:57 : Refugio Ishinca (5530m)
Goizeko hamaiketarako berriz aterpean ginen. Gure asmoa egunean berean autoraino jaistea zen, eta beraz aterpean bazkaltzeko ideia genuen. 12ak arte egon behar izan ginen esperoan, bazkariak ematen ordu horretan hasten baitira. Oilo zopa bikaina irentsi eta...
...ordu bata hogei gutitan beheiti abiatu ginen.
Paraje eder hau utzi eta bezperan igandako bide beretik 12 kilometroko jaitsiera luzea genuen aitzinetik.
15:06 : Cochapampa (3665m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina