Orriak

2025/09/30

Peña Rueba / Mallo Varella - La Reina de los Mallos (6a, 260m)

EGUNA: 2025/09/28
 
ABIAPUNTUA: Murillo de Gallego - Ur-putzu ondoko aparkalekua (625m)
 
ZAILTASUNA: 6a, 260m

IRAUPENA:
  • Hurbiltzea: 45 minutu
  • Eskalada: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU: 
Iruñetik Pirinioetako Autobidea deitzen denetik barrena Jaka aldera abiatuko gara. Puente La Reina De Jaca herrian utziko dugu autobidea eta bertatik Huesca aldera doan errepidea hartuko dugu Murillo de Gallego herriraino. Herri sarreran errepide nagusia utzi eta eskuinetara igaten den errepide bat hartu behar da, herriaren gaineko aldera eramanen gaituena; baina bertara sartu gabe eskuinetara bertze errepidetxo batetik eraikin baten ondoraino iganen gara. Eraikin honen kontratik abiatzen den pista hartuko dugu, 2 kilometro inguru eginda ur-putzu baten ondoko aparkalekuan utziko gaituena.
 
KRONIKA:
Peña Rueba Riglosen ahizpa ttipia dela erraten ahal dugu. Ez du azken honen bertikaltasunik, ezta halako famarik ere, baina inguratzen duten paretetan askotariko eskalada bideak harrapatzen ahal ditugu. Horietako batzuk fama hartzen ari dira eta zaila izaten da bakardadea harrapatzea: Sendero Limite, Los Terceros Tambien Existen... Mendigunearen ekialdean dagoen Mallo Varella punta, aldiz, aise lasaiagoa da eta bertze mota bateko eskalada eskaintzen du. Gu bertako La Reina de los Mallos bide berrian izan gara oraingoan.
 
 Hurbiltzea:
Aparkalekutik beretik Peña Rueba parean ikusten dugu. Autoarekin aparkalekura igan garen pistatik goiti hasiko gara ibiltzen harik eta seinale gorri batek Peña Ruebarako norabidea erakusten digun arte. Bide horri segituz mendiaren hegoaldeko paretaren azpira ailegatuko gara. Mallo Varellara joateko paretaren azpitik segituko dugu sokaz ekipatutako zati bat pasatuta amildegi baten sakonera ailegatu arte. Bertan hasten da La Reina De Los Mallos bidea.
 
Hasmentako pistatik
 
Bidexkak pareten azpira garamatza    

 
Bideen azpiko zeharkaldia ekialderantz
 
Eskalada:   
Behin bidearen azpian eskalatzeari ekin genion. Bide berria izan arren, krokis batzuk aurkitu genituen interneten eta haietako bat erabili genuen gidatzeko. Honela joan zen eskalada luzez luze:
  • 1. luzea (5b, 25m): Paretan irekitzen den amildegiaren sakonetik beretik hasten da eskalatzen eta bertatik segitu behar da zuhaitz baten azpian dagoen bilgune erosoraino. Erraza.
 
  • 2. luzea (6a, 35m): Bide osoari gradua ematen luzea da. Bilgunetik atera eta pareta bertikal bat eskalatu behar da, Riglos eta Peña Rueban hain ezagunak diren "sabelak" dituena. Sabel hauetako batek ematen dio luzeari zailtasuna. Zati hau gaindituta pareta etzan egiten da bilgunera ailegatu aitzin berriz ere pixka bat tentetzeko.

 
  • 3. luzea (4b, 35m): Trantsizio luzea da parean ikusten dugun paretako tximinian sartzeko. Bilgunea zuhaitz batzuetan dago.

 

  •  4. luzea (5b, 35m): Laugarren luzean azpitik parean ikusten genuen tximinian sartzen da bidea. Zuhaitz eta lur zatien artean zati eskasen bat badu luze honek. Gainera, azken zatia putre kakaz zikindua harrapatu genuen. Bilgunea kobazulo polit batean dago, putreen kabiaren ondoan. Erne beraz!

  • 5. luzea (5c, 25m): Tximinia mantendua da, pausu politak dituena. Segur aski bideko luzerik politena izanen da, baina guk putre kakaz zikindua harrapatu genuen eta edertasuna kentzen zion horrek.

  • 6. luzea (6a, 25m): Tximinia utzi eta haren ezkerreko ezproia eskalatzen du luzeak. Bertako sabel batean dago zailtasunik handiena. Azken zatian ezkerretara eginda harrapatuko dugu bilgunea.

  • 7. luzea (5c, 35m): Bilgunetik goit metro batzuk eskalatu eta eskuinetara belarrezko kanal bat zeharkatzen da pareta bertikal teknikoago bat eskalatzeko. Bertatik aterata metro erraza bilguneraino.

  • 8. luzea (4c, 25m): Harkaitz eskasagoa duen luzea da, zailtasun apalekoa eta ez sobera polita. Metro batzuk zuzen eskalatu eta ezkerretara zeharkaldia egiten du Mallo Varella puntatik hurbil dagoen bilkuraraino.


Jaitsiera:
Mallo Varella puntatik mendebalderantz metro batzuk egin eta kablez ekipatutako ertz bat jaitsi behar da lepo bateraino. Lepo inguruan Peña Ruebako gailur nagusitik hegoalderantz jaisten den bidea harrapatuko dugu. Bide honetatik jaitsiko gara, tarteka oinez eta tarteka ekipatutako ferrata bidetik. Paretaren azpian goizean ibilitako bidexka desegitea bertzerik ez zaigu geldituko.

Mallo Varellatik mendebalderantz kablez ekipatutako ertz motza
 
Puntatto hori da Mallo Varella




 

2025/09/27

Bisaurini itzulia

EGUNA: 2025/09/27

ABIAPUNTUA: Refugio de Lizara (1540m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA (oinez): 8:30
  • Refugio de Lizara - Collado de Foraton : Ordu eta laurden
  • Collado de Foraton - Barranco de Agüerri : Ordu eta laurden
  • Barranco de Agüerri - Puerto de Taxera : Bi ordu
  • Puerto de Taxera - Aguas Tuertas : Ordu eta laurden
  • Aguas Tuertas - Puerto de Bernera : Ordu eta erdi
  • Puerto de Bernera - Refugio de Lizara : Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Esako urtegia inguratuz Jacako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Hecho aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azken urteetan kaskoetara igatea adina gustatzen zait haiek inguratuz itzuliak ematea. Zapatilekin trostan ibilbide luzeak egiteko aukera ematen du, eta beraz paraje gehiago ezagutzekoa ere bai. Vignemaleri eman genion itzulia 2021eko udan, eta geroztik Ger eta Balaitus mendiak ere inguratu ditut. Oraingoan Bisaurin mendi ezagunaren itzuliarekin natorkizue. Lehendik ere ezagunak nituen leku ederrak eta oraindik sekula ibili gabea nintzen bakartiagoak bisitatzeko aukera eman dit. Goazen bada!

8:15 : Refugio de Lizara (1540m)
Aterpean kafe bat hartu eta egun luzeari ekin nion gogotsu.


Lehen zatian Bisaurinera igaten den bide normala hartuko nuen. Pista batetik hasten da igaten...


...eta fite eskuinetara Bernera aldera doan bidea utziko nuen. Bertan hetsiko nuen zirkularra ordu batzuk mantsoago.


Lehen malda iganda, aska honen inguruan bidea etzanago bilakatzen da. Parean Foratongo lepoa ikusten hasi nintzen.


Lepo horretan akituko zen eguneko lehen igoera. Bertara ailegatzeko Z zabala marratzen du bidexkak.


9:00 : Collado de lo Foraton (2016m)
45 minututan ailegatu nintzen lepora. Bisaurin mendiaren hego-mendebaldeko malda ezaguna alde batera utzi eta mendebalderantz jaisten hasiko nintzen.


Belardi zabalak eta lasterka egiteko bidexka erosoa nituen aitzinetik. Parean Agüerri mendia bertze guzien gainetik...


Ezagutzen ez nuen inguruan barneratu nintzen horrela. Gabarditoko aterpe aldera jaitsiko nintzen Agüerriko amildegian sartu arte.


Plan d'Aniz zelaitxoan Dios Te Salveko aterpea eskuinetara utziko nuen.


Inguru honetatik parez pare ikusten nuen Agüerri mendiaren hegoaldeko aurpegia. Eskiatzeko malda ikusgarriak ditu! Ea egunen batean...


9:37 : Barranco de Agüerri (1505m)
Larre zabal eta leunetatik pinu arteko malda batera pasatu, hura jaitsi eta Gabarditora doan bidea utzita eskuinetara jaisten segitzen duen bertze bat hartu nuen. Agüerriko amildegiaren sakonean nintzen. Erreka agortua zeharkatu eta amildegi hau oso-osorik igateari ekinen nion.


Hasmentan ekialderantz igaten da bidea. Etzana da eta trostan igaten aukera ematen du.


Ondotik iparralderantz biratu eta malda handiagoak gainditu behar dira. Parean Secus mendia ikusten hasiko nintzen.


Ezkerretara Secus aterpe librea utzi nuen...


...eta amildegitik zelai polit honetara atera nintzen.


Zelaitxoan bidexka galdu egiten da. Ezkerretara egin behar da, Agüerri mendiaren iparraldeko lepoa erreferentzia gisa hartuta. Tarteka mugarriren bat edo bertze ikusi arren.bide argirik ez dago zati honetan. Hala ere, belardu leunak dira eta edozein lekutatik ibiltzeko aukera ematen dute.


Gibelean Bisaurin mendia utziko nuen eta ezkerrerago Puntal de Secus ere bai.


Agüerriren iparraldeko lepora ailegatu gabe, eskuinetara biratuko nintzen bidexka bati segituz. Iparraldeko norantza hartuko nuen berriz ere.


Eta argazkian ikusten den lepo horretaraino ailegatuko nintzen. Argazkiko eskuineko lepotik ere pasatzen ahal da bertze aldera.


Agüerri agurtu...


10:52 : Puerto de Taxera (2206m)
Eta paraje eta kolore aldaketa eginen nuen lepoa gurutzatuta. Harkaitz grisetik lur gorrira pasatuko nintzen. Lepotik bertze aldera jaisteko aukerarik ez dagoenez eskuinera metro batzuk irabazi beharko nituen izenik gabeko bizkar bat gainditzeko.


Justu Agüerri mendiaren azpian ikusten den bizkarra gainditu nuen, gero zelaitxo bat zeharkatu eta Achert lepo aldera jaisten hasteko.


Parean nuen jaitsiera motz bat eginda harrapatuko nuen Acherteko lepoa.


11:05 : Puerto d'Achert (2157m)
Leku ikusgarria da lepo ingurua. Alde batean, Castillo d'Acher ezaguna ikusten da.


Ezkerrerago Costatiza ikusgarria eta urrunean Alano mendiak.


Ni eskuinetara jaitsiko nintzen belardi berdeetatik.


Secus mendia eta Achert lepoa gibelean utzi...


...eta Barranco de la Royako errekaren eskuineko aldetik jaisten den bidexka hartuko nuen. Inguru honetan bidexka dezente daude eta ez da erraza Aguas Tuertasera jaisten dena zuzen hartzea. Dena dela, zelai handia erreferentzia hartuta edozein lekutatik jaisten ahal da.


Secus eta Ñetera mendiak utzi nituen...


11:43 : Aguas Tuertas (1625m)
Jaitsiera azkarraren ondotik Aguas Tuertaseko zelai handi eta ezagunean nintzen. Paraje zinez ederra! Ordura arteko bidean kasik inor ikusi ez banuen ere, hortik aitzin jende gehiago harrapatuko nuen.


Zubitto hau zeharkatu eta ekialdera pixka bat igaten hasiko nintzen Escaleko lepora arte.


11:51 : Puerto de Escale (1665m)
Sobera definitu gabeko lepoa da Escalekoa. Puntu honetatik Lizarara ailegatu arte GR11aren bideari segitzea bertzerik ez zen gelditzen.


Lehen igoera zati batek Estanes lakuaren gaineko aldera eramanen ninduen.


Haren gaineko aldetik zati zelaiagoa izanen nuen geroago...


Lakurako ikuspegi ederrerarekin!


Ondotik bertze malda tenteago bat eta Sarrios bailaran sartuko nintzen.


Sarrios bailara zirku batek hesten duen bailara zelaia da. Egia erran, hetsia dagoela ematen du, baina osorik zeharkatuta eskuinetara Bernerako lepoa irekitzen da.


Leku liluragarria da, berezia!


Bailaratxoa zeharkatu eta zirkua gibelean utzi nuen Bernerako lepora ateratzeko.


12:59 : Puerto de Bernera (2115m)
Honenbertzez eguneko azken lepoan nintzen eta Lizarara jaistea bertzerik ez zitzaidan gelditzen.


Plana Mistresako zelaira jaitsi eta ezkerretara biratzen da bidea Bernerako amildegian sartzeko.


Forestales aterpearen ondotik pasatu...


...eta Lizararaino jaisten da.


13:43 : Refugio de Lizara (1540m)
Bortz ordu eta erdi pasatu nituen 30 kilometroak egiten. Bisaurinen inguruan egindako bidaia magiko honek nekatuta, baina kontent utzi ninduen.