EGUNA: 2026/04/17-18
ABIAPUNTUA: Gavarnie (1375m)
ZAILTASUNA:
- Alpinismo zailtasuna : AD
- Eski zailtasuna : S3
IRAUPENA:
- Gavarnie - Couloi Swan hasmenta : Hiru ordu
- Swan korridorea : Lau ordu
- Col Swan - Gran Astazu : 15 minutu
- Col Swan - Cuello del Cilindro : Bi ordu
- Cuello del Cilindro - Refugio de Goriz : 45 minutu
- Refugio de Goriz - Breche de Roland : Bi ordu eta erdi
- Breche de Roland - Gavarnie : Bi ordu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Gavarnietik atera eta Gorizen gaua pasatuta (edo gabe) zirkuko mendiei eskiz itzulia ematea Pirinioetan egiten ahal den eski jarduerarik ederrenetarikoa izanen da. Horri lehen zatia Swan korridorea eskalatuz egitea gehitzen badiozu, zer erranik ez! Bere garaian Astazu mendien artetan dotore irekitzen den korridore hau Pirinioetako hiru ipar-aurpegi klasikoetako bat zen Vignemaleko eta Monte Perdidokoarekin batera. Eski denboraldia akituz joateko bortz izarreko ateraldia!
2026/04/17
5:24 : Gavarnie (1375m)
Tripan buelta zebiltzan pinpilinpausek gaua ebatsi zidaten eta begirik bildu gabe 6 ordu etzanda pasatu ondotik lauretan jaiki nintzen. Ahal bezala bezperako tortilla zintzurretik pasarazi, gauzak prestatu eta nahi baino ordu erdi mantsoago paratu ginen martxan. Gavarnieko karrikak ordu horretan eski eta alpinismoko trasteak bizkarrean genituela zeharkatzea sentsazio berezia da.
Herritik zirku aldera kilometro inguru eginda, ezkerretara seinale honek adierazten duen bidea hartu eta goiti abiatuko ginen. Espuguetteseko aterpera doan bidea altuera hartzen hasten da baso arteko bidexka sigi-sagatsuan. Frontalaren argitan erritmo bizian egin genuen zati hau.
1750 metro inguruan bidexka pinu artetik ateratzen da eta Paillako zelaira ailegatzen da. Inguru honetan argitzen hasi zuen eta lehen aldiz ikusi ahal izan genuen Swan korridorea dotore, bi Astazuen artean.
Zelaian berean Espuguettesera doan bide nagusia utzi eta Pailla etxolaren ondotik pasatuta hegoalderantz egin genuen. 1800 metrotan eskiak zangoetan paratu eta korridorearen zangora eramanen gintuzten maldak igaten hasiko ginen.
Malda tentetu egiten da, baina elurra baldintza arras onean zegoen eta eskien gainean igan ahal izanen genuen guzia.
Altuera irabazi ahala, inguruko parajeetarako ikuspegia hedatzen zihoan. Argazkian Vignemale ingurua eguzkiaren lehen argitan...
Gure ezkerretara Pic Rouge de Pailla mendia utzi genuen.
Eta Gavarnie ordurako arras beheitian gelditzen zen.
Hiru orduz ailegatu ginen Swan korridorearen hasmentara. 2500 metro inguruan ginen. Leku eroso bat bilatu Petit Astazuko paretatik erortzen ziren horma pusketen babespean eta korridorea igateko prestatu ginen.
Genuen material guzia prestatuta, korridorean sartuko ginen. Igan ginen baldintzetan hiru zati zituen Swan korridoreak. Lehena argazkikoa, zatirik bertikalenera hurbiltzeko 50-55º ingurukoa; bigarrena, argazkian bertikalagoa ikusten dena 80º inguru zituena gehienez eta hormatua; eta azkena gaineko zati etzanagoa baina luzea 45-50º ingurukoa. Lehena eta azkena elkarri lotuta, baina luzerik egin gabe gaindituko genituen. Tartekoan, aldiz, 5 luze eginen genituen.
Bortz luzeetatik dudarik gabe gogorrena lehena izan zen. Luze honetan zegoen 80º arteko malda hormatua eta nahiko manten. Kobazulo ttipi batean egiten da lehendabiziko bilkura.
Xuban bigarren luzeari ekiten...
Bigarren luzetik aitzin, hormatutako zatiak motzak eta etzanagoak ziren, beraz errazago iganen ginen. Bigarren eta hirugarren luzeak elkarrekin egiten ahal dira, baina guk bi egin genituen elkarri aditzeko arazoak ekiditeko. Horiez gain, laugarrena ere eskuineko paretan iltze eta paraboltez osatutako bilkuretan akitzen dira.
Laugarren bilkuratik goiti zihoan malda tenteegia iruditu zitzaigun luzerik egin gabe igaten hasteko, eta azken bat egin genuen malda erdian hesola batekin bilkura eginez.
Handik goiti sokarik kendu gabe, baina luzerik egin gabe goiti segitu genuen.
45-50º artean ibiliko den malda luzea aitzineko sokadek irekitako arrasto erosotik igan genuen.
14:10 : Col Swan (2966m)
Egindako bortz luzeen ondorioz eta hiruko sokada izanda, bortz ordu pasatu genituen korridorean. Denetara zortzi ordu eta erdi baziren Gavarnietik atera ginenetik. Nahi baino mantsoago zen, baina kontent ginen korridore mitiko hau igan izanagatik.
Eskiak eta motxilak lepoan utzita, momentu batez Gran Astazu mendira eramanen gintuen ertza igan genuen.
Elur gurituan arrastoa irekitzeaz gain, zailtasun handiegirik ez duen ertza da. Hori bai, iparraldera amiltzen diren kornisekin kasu eman behar da.
14:36 : Gran Astazu / Astazu Oriental (3071m)
Swan korridorearen igoera gailur eder honekin borobildu genuen. Eguraldi bikaina lagun, ikuspegi zabala genuen kaskotik.
Monte Perdido et Cilindro mendien ipar aurpegiak parean genituela mokadu bat jan eta eskietara itzuliko ginen.
Ertz panoramikoan beheiti...
14:56 : Col Swan (2966m)
Berriz lepoan, eskiak paratu eta Cilindroko lepoaren azpiko alderaino eskiatzeko prestatu ginen.
Egindakoaz harro, biharamunean berriz ikusiko genuen Gavarnie eta Petit Astazu mendiko ipar-mendebaldeko ertza agurtuko genituen.
Lepotik kanal bat eskiatu, eta Marbore eta Cilindro mendien ipar aurpegien azpitik zeharkaldia egin genuen ahalik eta altuera gutien galduz.
Cilindro eta Perdidoren artean dagoen Cilindroko lepoaren azpian kokatu arte...
Bertan, 2680 metro inguruan, berriz ere fokak paratu eta ipar-magal hauek babesten dituen harresia zeharkatzeko korridorerantz abiatu ginen.
Argazkian ikusten den korridore motza da, 45-50º gradu artean ibiliko dena eta metro inguru hormatua zuena. Eskiak bizkarrean gainditu beharko genuen zati hau.
Nahiko tentea izan arren, esposiziorik ez du.
Kanaltxoaren ondoko metroak ere nahiko tenteak dira eta eskiak bizkarrean eginen genituen...
Zelaitzen den zati bat harrapatu arte...
Hortik goiti berriz eskiak paratu eta eskuinetara ikusten genuen Cilindroko leporantz igaten hasi ginen.
Gogorrak egin ziren lepora arteko maldak. Ez da luzeegia zati hau, baina ordurako nekea sumatzen genuen eta bizkarrean generaman pisuak ere ez zuen laguntzen.
17:15 : Cuello del Cilindro (3071m)
Ez ginen nahi orduko ailegatu lepora. Ordurako 2100 metro inguruko desnibel positiboa genuen pilatua eta gehiago igateko gogoak akituak ziren.
Arratsaldeko argitan, aterperako azken jaitsiera egitea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.
Lepotik eskiatzen hasteko elurrik ez zegoen, beraz Cilindro mendiaren aldera eginez metro batzuk galdu eta argazkian ikusten den elur mingainetik hasi ginen eskiatzen.
Monte Perdidoren Escupidera ezagunaren azpitik pasatu eta hegoalderantz eginen genuen.
Elurra aski guri harrapatu genuen jaitsiera honetan. Normala arras mantso baitzen. Hala ere, zati batzuetan gozatzeko moduan zegoen.
Jaitsiera ez da beti ebidentea, batzuetan harresiek mozten baitute biderik zuzenena. Azken zatian komeni da ezkerretara egitea (Perdidoren aldera bezala). Behin harresia gaindituta, aterperako azken malda eskiatzen bertzerik ez zen gelditzen.
18:17 : Refugio de Goriz (2200m)
13 orduko egun luzearen ondotik, azkenean aterpean ginen. Gauzak idortzen paratu, erregistratu eta garagardo pitzar banarekin ospatu genuen egun bikaina.
Normalean udan topera egoten den aterpe ezagun honetan, 20 bat lagun bertzerik ez ginen, eta egonaldi goxoa pasatu genuen. Gainera, lanak egin dituztenetik instalazioak ere aise erosoagoak dira: gela ttipiak, komun modernoak dutxarekin... Deus guti du ikusteko 2010ean lehen aldiz bertan egon nintzenekoarekin: komunak kanpoan, gela hezeak ohatze arras estuekin... Hori bai, orduan bertze xarma bat zuen.
8:19 : Refugio de Goriz (2200m)
Aterpea izateko nahiko ongi hartu genuen atseden. Sei bakarrik ginen gelan eta hori beti da eskertzekoa. Aterpeetan ohikoak diren gosari sinpleak, atarian solasaldi luzea zaindariarekin eta presarik gabe paratu ginen martxan.
Aterpetik mendebalderantz malda bat gainditu eta bi harresiren arteko terraza gisakoan sartu ginen.
Aterpe ezaguna agurtuz...
Terrazatik eroso mendebalderantz egin genuen altuera handirik irabazi gabe. Bertatik zelai zabal batera ateratzeko metro pare batean zegoen harkaitz bat gainditzeko eskiak kendu beharko genituen.
Behin zelai zabaletik aitzinera, egunean zeharkatuko genuen lehen lepoa parez pare genuen.
9:27 : Collado del Descargador (2455m)
Monte Perdido inguruak gibelean genituela eguneko lehen lepoa zeharkatu genuen.
Metro guti batzuk galdu bertze aldeko zelai batera eta pareko Millariseko lepora zuzendu ginen. Inguru guzi hau arras leuna eta malda etzanetakoa da.
Momentu batez zalantza egin genuen eskuineko aldean genuen Casco mendia iganen ote genuen. Baina azkenean zuzenean Breche de Roland-era joatea erabaki genuen.
Bertze malda etzan bat gainditu eta Millarisen ginen.
Monte Perdido gero eta urrunago...
9:53 : Collado de Millaris (2494m)
Bigarren lepo honetatik pixka bat geroago zeharkatu beharko genuen arrakala ezaguna ikusten hasi ginen. Haren ezkerretara Taillon mendiaren hegoaldeko maldak ere zuri-zuri ageri ziren.
Millariseko lepotik eskuinetara harkaitz batzuen gainetik zeharkaldi bat eginez Breche-ra igaten den bailaratxora sartzeko aukera dago. Hala ere, erosoagoa iruditu zitzaigun metro batzuk galdu eta bailaratxora azpitik sartzea.
Zailtasunik gabe malda goxoetatik egin genuen goiti...
Bailaratxoan sartu eta arrakalara zuzentzeko...
Niretako zazpigarren aldia izanen zen Breche de Roland-en; baina aunitzetan ikusita ere, aspertzen ez duten parajeak dira honakoak.
Ailegatzean lepoan bakarrik ginen eta eguraldi ona lagun egonaldi luzea egin genuen bertan. Azken finean, Gavarnierako jaitsiera bertzerik ez zitzaigun gelditzen ibilbidea akitzeko.
Eskiatzaile uholdea agertzen hasi zelarik, iparraldera jaisteko momentua ailegatu zen. Breche de Roland utzi eta antzinako izen bereko glaziarretik beheiti eskiatzen hasi ginen.
Aterpera jaitsi ordez, Sarradets-eko lepora igan beharreko metroak saihesteko, goitiagotik zeharkaldia egin genuen.
Azken begiratu Breche de Roland eta Casco mendiari...
Eta Tailloneko glaziarrera sartu ginen...
Handik beheiti zuzenean iparralderantz joko genuen Taillonera igaten den bide arrunta gure ezkerretara utzita.
Eskiatzeko malda bikainak dira isurialde honetakoak, baina elurraren kalitatea ez zen sobera ona eta ez genuen nahi bezain bertze gozatu.
1000 metroko jaitsiera ederra dago Breche de Roland-etik Pouey Aspe bailararen sakoneraino. 1800 metro inguruan kendu genituen eskiak eta handik errekari segituz Bellevue zelaira jo genuen.
Taillon eta Gabietous mendien ipar ikusgarriak gibelean utzita...
Bi egunez inguratu genituen Gavarnieko zirkuko menditzarrak ikusten hasi ginen berriz, tarteam igan genuen Gran Astazu.
Bellevueko zelaitik zirkurako ikuspegia hatsik gabe uzten duten horietakoa da. Bikaina! Eskiek eta traste guziek bizkarrean ematen ziguten pisuaz ez ginen oroitu ere egiten.
Inguru horretan bidegurutze batean Gavarniera jaisten den biderik laburrena hartu eta sigi-sagan bailaran beheit egin genuen lehendabiziko etxeak ikusi arte. Bezperan igandako Swan korridorea ere ikusten hasiak ginen...
13:48 : Gavarnie (1375m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina