Orriak

2026/07/13

Agullas d'Alano - Mengual-Picazo (V+/A0, 250m)

EGUNA: 2026/07/11

ABIAPUNTUA: Llano de Taxeras (1282m)

ZAILTASUNA: 250m, V+/A0

IRAUPENA:
  • Hurbiltzea: Ordu eta erdi
  • Eskalada: Lau ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian berean, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzen Izabara jarraituko dugu eta herri hau zeharkatu ondotik, Areta aldera segituko dugu. Hiru kilometroren buruan eskuinetara aurkituko dugu Zurizaraino eramanen gaituen errepidea. Zurizako kanpinaren ondotik beretik hiru kilometroko pista batek Taxerako aparkalekuan utziko gaitu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Uda bero doa eta altuera handian ere eguzkitan eskalatzean beroa pasatzen da. Asteburuko planak begiratzen hasita, baldintza hauetan eskalatzeko egokia den Mengual-Picazo bidea bururatu zitzaigun. Mendebaldeko aurpegia izaki, itzaletan eskalatzeko aukera ematen du, eta Taxerako arrakalatik pasatzen den haizeak freskura ederra ematen du. Eskaladari dagokionez, derrigorrez V+ gradua du, baina nahiko behartua da eta tarteka pauso deserosoak egitea eskatzen du.

Hurbiltzea:
Taxeraseko aparkalekutik zubia gurutzatu eta GR11aren bideari segitu behar zaio.


Baso artetik igaten da bidea hasmentan, inguru berera igaten den pista bat laburtuz.


Basoa ikuilu batzuen inguruan akitzen da, Mazandu deitzen den parajean. 

GRak goitixeago ezkerretara jotzen du, eta momentu horretan Alano mendigunera hegoalderantz doan bidea hartuko dugu. Bide horretatik harresiaren erdian irekitzen den Taxeraseko pasabidera ailegatuko gara. Pasabidera atera baino metro batzuk beheitiago ezkerretara bidearen hasmenta den tximinia aurkituko dugu, lau parabolt dituena.


Eskalada:
Bidearen hasmentan eskaladari ekitear zegoen Huescako bikote bat harrapatu genuen. Haien gibeletik sartuko ginen gu ere.

  • 1. luzea (35m, V+): Bidearen lehen luzeak tximinia deserosoa eskalatzen du. Lau parabolt daude eta beraz komenigarria da zerbait gehiago sartzea.
  • 2. luzea (25m, IV): Bilgunetik ezkerretara ateratzen da eta tximinia bat igatean datza hau ere. Lehen pausoa da zailtasuna ematen diona. Gero zailtasuna jaitsi egiten da bilgunera ailegatzean bertze irtengune bat eskalatzeko. Bi parabolt ditu luzeak eta guk ez genuen deus gehiago sartzeko beharrik izan.

  • 3. luzea (30m, IV): Kasu honetan ere bilgunetik aterata dago pasabiderik zailena. Ondotik erdi oinez egiteko zatiak daude, ezkerretarako joerarekin. Bi parabolt ditu luze honek ere.
  • 4. luzea (30m, V+/A0 edo 6c): Bilgunetik aterata lehen irtengune bat dago esku txarrak dituena. babestu gabe dago pauso hau eta komeni da zerbait sartzea. Ondotik zati errazagoak eskalatuz bidearen pasabiderik zailenera ailegatuko gara. Plaka leun bat da, kasik eskurik eta zangorik ez duena. Lau paraboltez babestua dago eta A0 moduan eskalatzeko aukera ematen du. Guzira luzean sei parabolt eta iltze bat daude, eta guk bi friend gehiago sartu genituen. Laugarren bilgunea bideko estuena da, baina nahiko erosoa da.

  • 5. luzea (35m, V+): Bilkuraren gaineko tximinia eskalatzean datza. Hiru zati ditu, lehen biak estuak eta motzak, eta hirugarrena zabalagoa eta luzeagoa. Hirurek eskalatzea eskatzen dute eta niri pertsonalki bigarrena egin zitzaidan zailena eskuinean zangorik ez duelako. Luzeak lau parabolt eta iltze bat bakarrik ditu, beraz friendak erabiltzea eskatzen du.
Tximiniatik ateratzen

5. bilkura erosoan
  • 6. luzea (30m, V+): Hau izan zen luzeka eskalatu genuen azkena. Bilgunetik eskuinetara zeharkaldi bat egiten da. Bigarren paraboltera ailegatzean zuzen goiti eskalatzen da helduleku onak dituen pareta bertikaletik. Sei parabolt eta iltze bat ditu luzeak. Kasu eman behar da bigarren paraboltera ailegatu aitzin erorketa bat izan gabe. Horrez gain, zati bertikaletik aterata eskuinetara egin behar da ezproitxo baten gibelean ikusten ez den bilgunearen bila.
Luzearen hasmentako zeharkaldian

Zati bertikaletik ateratzen

Hortik aitzin guk ensanblean segitzea erabaki genuen azken bi luzeak errazak baitira. Lehenak argazkian ikusten den IV. graduko pareta bat du hasmentan eta gero erraza da. Bi parabolt ditu.


Bigarrena diedro zabal baten ezkerreko paretako plakatik igaten da. Etzana da eta III. gradua ematen diote.


Eskalada akituta trasteak bildu eta goitixeago gelditzen den orratzaren gainera iganen ginen.


Bortz minututan goitian ginen. Ikuspegi ederra du mendigune berezi honetara.


Jaitsiera:
Orratzaren gailurretik (edo eskalada akitzen den lekutik) hegoaldera eginda belardi leunetara aterako gara. Bertatik zati bat beheiti egin eta eskuinetara biratuko gara Taxeraseko pasabidearen bila.


Taxeraseko pasabidea gurutzatu eta eskalada hasi dugun puntura ailegatuko gara segidan.


Puntu honetatik igan berri genuen paretaren xehetasunak ongi ikusten ziren.


Handik beheitirakoa igandako bide beretik egiten da.


Ederrak Alano mendiak!

 

2026/07/10

Pene Taillade (2586m)

EGUNA: 2026/07/04

ABIAPUNTUA: Col de Moulata (1671m)

ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD-)

IRAUPENA:
  • Igoera (Ourrec aldetik) : Bortz ordu
  • Jaitsiera (Isaby aldetik) : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetan Tarbesn sartu gabe Lourdeseko norabidea hartu behar da. Lourdes hiria inguratuko dugu Argeles-Gazost herrirantz eta hemen sartu gabe Luz-Saint-Sauveur aldera doan errepidea hartuta, segidan ezkerretara Hautacam eski estaziora igaten den errepidea hartuko dugu. Eski estazioaren goitiko aldera iganen gara, Tramasselgo leporaino. Lepo honetatik pista bat abiatzen da hegoalderantz eta bertatik Moulatako leporaino ailegatzen da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Pirinioetako mendi batzuetan jende ilarak gero eta ohikoagoak diren honetan, badira bertze gailur batzuk ahantziak direnak. Horietako bat da Pene Taillade. Eta ez preseski ikusgarria ez delako. Ourrec-eko bailara hesten duen mendi honek atentzioa deitzen du bai iparraldetik, bai hegoaldetik ikusita. Ibilaldi honetan hasmentako helburua ez bazen ere, gailur eder hau zapaltzeko aukera izan nuen.

7:23 : Col de Moulata (1671m)
Eguneko lehen eguzki izpiekin ekin nion ibilaldiari.


Moulatako lepotik bidexenda zabal bat abiatzen da hurbil gelditzen den Isabyko lakura.


Metro gutira bide hau bitan (edo gehiagotan) zatitzen. Guk ezkerrekoa hartuko dugu zeharkaldi luze bat eginez Ouscouaouko lepora eramaten duena.


Isabyko lakua eta bere gaineko gailurrak eskuinetara utzi eta Barran mendiaren hego-mendebaldeko magala inguratzen du bide honek.


7:56 : Hourquette d'Ouascouaou (1870m)
Lepoan berean etxolatxo bat dago kokatua. Haren ondotik pasatu eta kontrako isurialdera jaisten hasiko nintzen.


Isurialde hau Lesponne bailara aldera jaisten da.


Ni, ordea, Ourrec-eko lakuraino bakarrik jaitsiko nintzen.


Jaitsierako bidetik laku eder honen ikuspegi zoragarria nuen une oro...


Ezin argazkiak egiteari utzi...


8:19 : Lac d'Ourrec (1664m)
Leku arras berezia da niretako honakoa. Izan ere, 1993an Pirinioetan familiarekin egin nuen bizitzako lehen ibilaldia laku honetarakoa izan zen.


Lakuaren ondoko etxola ttipia bisitatu...


Eta inguru eder hau utzita hegoalderantz bailaran goiti abiatu nintzen.


Ohikoa da kanpin-dendak ikustea laku honen inguruko zelai leunetan. Ez da leku txarra gaua pasatzeko egia erran.


Bideak konba batean goiti egiten du.


Baina segidan etzaten da berriz. Ni bailaran goiti Ourreceko etxoletara joanen nintzen.


Hortxe parean etxoletako bat...


Honako etxola hau irekia egoten da. Sinplea da barnetik, baina polita kanpotik.


Etxolak utzi eta errekaren bazterretik bailaran goiti segituko nuen. Bidexka marka horiz seinaleztatua dago.


Inguru honetatik Pene Taillade mendia ikusten hasi nintzen bailara eder hau hetsi. Bere izena gailurra bat-batean mozten duen arrakala sakonetik datorkio.


Erreka nagusia zubi batetik zeharkatu eta metro gutira markak horiak dituen bidea utziko nuen.


Aipatu bidea Bareilleseko lepora doa. Nik ordea bidexkaestuago batetik bailaran goiti egiten segituko nuen.


Malda tente bat iganen nuen segidan eta azpian utziko nituen Ourreceko etxolen inguruko meandro ederrak.


Maldaren gaineko partetik ondoko "mugarria" ikusteko aukera nuen. Bi harkaitzen artean ikusten den lepo gisakotik pasatuko nintzen bailara nagusia utzita.


Malda tentea bertze zati zelai batean akitzen da. Parean hurbilago nuen Taillade mendia. Ni eskuineko puntara iganen nintzen, baina oraindik momentu horretan ez nekien hori eginen nuela.


Zelai zabalean bailara utzu eta eskuinetara gelditzen den etxola batera zuzenduko nintzen.


Erreka zeharkatu eta bailaratxo polita agurtuko nuen...


Mourede deitzen den etxolaren ondotik pasatu...


...eta arestian aipatu dudan bi harkaitzen arteko lepo nabarmenera igaten hasi nintzen.


Malda tentea gainditu nuen lepora ateratzeko. Bertatik zelai zabal batera pasatu nintzen. Hemen berriz ere hegoalderantz egin behar da, bidexenda nabarmenik gabe aunitzetan eta Taillade mendiaren erreferentzia baliagarri dela.


Nire gibelean Montaigu mendia ageri zen...


Hegoalderantz zelai gehiena zeharkatuta argazkiko puntatxo hori erreferntzia gisa hartu eta haren eskuinetik pasatuko nintzen.


Eta bertatik argazkian ikusten den lepora iganen nintzen. Zati honetan guzian ez dago bidexka nabarmenik, baina badaude ardi bideak eta edozein lekutatik pasatzeko aukera dago.


Hala IGN mapetan 2429 metrora dagoen izenik gabeko lepora atera nintzen. Hasmentako plana hemendik Soum des Lascours mendia igan eta Isaby aldera jaisten hastea zen. Hala ere, ezkerretara Pene Taillade mendira igaten den ertza egingarri ikusten nuen eta probatzea erabaki nuen.


Lepotik ezkerretara bizkartxo bater igan eta ertzaren lehen partea ikusten nuen. Ikusten den bezala bi puntatxo ditu lehen zati honek. Lehenera igaten III. graduko pausu bat egin beharko nuen belardiaren azpiko harkaitzetan.


Lehen tontortxora ailegatuta bigarrena nuen ikusgai. Ertzetik beretik segituz metro batzuk galduko nituen lepotxo bateraino. Bertatik parean ikusten den harkaitz zatian ezkerretik eskuinerako eskalada pausu errazak egin (I+) eta gero belardi tentean goiti tontortxora segituko nuen.


Nire eskuinetara urrunean Gavarnieko mendiak ikusten nituen.


Bigarren tontortxotik oraindik urrun ikusten da Pene Taillade ikusgarria. Puntu honetatik metro dezente galdu beharko nituen ertzetik beretik edo hegoaldeko isurialdetik ibilita. Ondoren lepo zabal batetik eskuinetara harkaitz zati bat gainditu eta berriz ertzera aterako nintzen; gailurraren aitzineko tontortxo ttipira, hain zuzen ere.


Argazki honetan jaisten ari nintzela ailegatu behar nuen lepo zabala ikusten da, baita ondoren gainditu beharreko eskaldatxo erraza ere.


Sasigailurrera aterata, azken zatia bertzerik ez zitzaidan gelditzen. Ertzaren hegoaldeko isurialdetik eginen nuen gehiena. Ez da teknikoki zaila, baina malda handia du eta belarretan igan eta jaistea irristakorra da tarte batzuetan.


10:29 : Pene Taillade (2586m)
Goitibeheiti handiko ertz zati luzea gaindituta gailur eder hau zapaldu nuen. Ertzari segituta mendi honen beraren ekialdeko puntura ailegatzeko aukera nuen, baina nahikoa nuen eta bertan gelditzen erabaki nuen.


Kaskoko argazkia atera, zerbait jan eta beheitirakoari ekinen nion...


Nire zangopean pasatu berri nuen Ourrec-eko bailara nuen, urrunago Montaigu mendiarekin.


Hegoaldean, berriz, Neouvielleko mendigunea oraindik elur dezenterekin...


Monte Perdido, Cilindro, Casco, Taillon eta enparauak...


Vignemale ingurua...


Mendebalderago Balaitus, Picos del Infierno eta Gran Facha, bertzeak bertze.


Kaskoa utzi eta ertza berriz jaisteari ekin nion.


Berriz izenik gabeko lepora itzuli nintzen ertza kasu emanez jaitsiz. Harkaitza nahiko hauskorra da eta bakarrik egonda erne ibili behar nuen. Izenik gabeko lepotik Isaby aldera jaisteko parean ikusten den elur-lausodun lepora joanen nintzen. Tarte honetan Soum des Lascours mendia eskuinetara uzten da.


Bigarren lepotik itzuli eta ikuspegi hau nuen aitzineko lepora eta igan berri nuen ertzera.


Aitzinean, berriz, jaitsiera zuta nuen Isabyko lau aldera. Tokitan ikusten zen aparkalekua!


Bidexkatik beheiti Grande Estibere deitzen den zirkuan barneratu nintzen.


Eta bertatik beheiti Plagnous laku ttipiaren ondotik pasatu eta Isabyko lakuraino ailegatu gabe Moulatako lepora igaten hasten den bidea hartuko nuen.


Isabyko lakura ez nintzen ailegatuko beraz...


Etxola honen ondotik pasatu...


...eta goranzko joera duen zeharkaldi luzetik Moulatara itzuliko nintzen.


12:22 : Col de Moulata (1671m)
Bortz orduko ibilaldi-lasterkaldiaren ondotik itzuli eder hau akitu nuen. Gailur berri eta polit bat nire zerrendara, eta oroitzapen aunitz ekartzen dizkidan inguruari bisita! Egun bikaina!