2010/06/22

Monte Perdido (3355m)

EGUNA: 2010/06/21-2010/06/23

IRTEERA: Pradera de Ordesa (Torla, Aragoi)

ZAILTASUNA: Errexa (F+). Berez ibilbidea errexa da, baina elurrarekin egin genuenez "escupidera" pausu famatuan kontuz ibili behar da. Elurrik gabe ez dauka zailtasun handirik, fisikoa izan ezik.

EGURALDIA: Eguzkitsua

DENBORAK (Geldialdiak barne): 
- Pradera de Ordesa-Goriz: 3 ordu eta 38 minutu.
- Goriz-Monte Perdido: 3 ordu eta 45 minutu.
- Goriz-Pradera de Ordesa (Faja de Flores-etik): 8 ordu.

NOLA IRITSI: Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Formigal eski estazioko bidea hartzen da. Biescasera iritsita Ordesako Parke Nazionaleruntz nondik joaten den erakusten digun seinalea ikusiko dugu. Bide hori hartu behar da Cotefabloko gainean barrena Brotoko haranera helduz. Hemen, Brotora ailegatu baino lehen ezkerretara biratuko dugu Torla herrira. Torlatik aurrera Pradera de Ordesako aparkalekura doan errepidea hartuko dugu. Uztailean eta abuztuan itxita egoten da errepide hau, Torlatik autobusez joan behar delarik.

SARRERA:
Ezer gutxi gehiago erran daiteke Monte Perdidori buruz, jadanik erranda ez dagoenik. Pirinioetako hirugarren gailurra, Ordesako Parke Nazional ederrean kokatuta milaka mendizaleren helburu izaten da. Biderik arruntena Gorizeko aterpetik igotzen den hau da, baina bere Ipar Aurpegiko bideek ere izugarrizko arrakasta dute. Inguru honetan hamaika txoko polit eta ezagun aurki daitezke. Aipatzekoak Monte Perdidoren Ipar Aurpegiko glaziarren edertasuna, Cola de Caballo urjauzia eta Soasoko zirkua, Faja de las Flores eta Faja de Pelayko pasabide zirraragarriak, Rolanden Bretxa, Gavarnieko mendiak, Carriata eta Cotatueroko amildegiak...
Niretzat, ordura arte egindako ibilbiderik ederrena izan zen Monte Perdidon eta Ordesan eginiko hiru eguneko ateraldi bikain hau.

DESKRIBAPENA:
Nahiz eta hasiera batean nire preferentzien artean ez egon, tarteka bertzeek nahi dituzten mendiak ere egin behar izaten dira eta horrela sortu zen Monte Perdido eta Ordesa ezagutzeko balio izan zidan ibilaldi eder hau. Niri jende guztiak masifikazio handia zegoela eta ez zela hain erakargarria erraten zidan. Hala ere, plana egin eta uda hasierako egun haietan bertara joatea erabaki genuen. 
Negua luzea joan zen eta oraindik elur zama handia gelditzen zela bagenekien. Gainera, bi aste lehenago Gavarnien ibilia nintzen Gabietoetarako saiakeran eta 2100 metrotik gora dena elurtuta zegoela ikusi nuen. Hori ordea, arazoa izan ordez erakargarriagoa egiten zuen datua zen, mendiari kutsu alpinoago bat emanez. Entzunda genuen "escupideraren" zailtasuna handiagoa zela elurturik egonda eta horrek pixkat kezkatzen gintuen, baina aldi berean erronkatxo bat ere bazen. Mendi ibilaldi ugari eta ederrez osatutako udaberriari bukaera polita emateko aukera zen.
Horrela ekainaren 20ean Broton erreserbatutako hotel batera hurbildu ginen. Egun ederra eta freskoa zegoen eta aurreko bi egunetan elurra bota zuen 2500 metrotik gora. Hala ere, hurrengo egunetarako iragarpenek eguzkia bertzerik ez zuten iragartzen. Irudian Monte Perdido eta inguruko mendiak Ainsa herritik.


2010/06/21
0h 00min: Pradera de Ordesa (1320m)
Iritsi zen eguna. Goizean nahiko goiz jeiki, gosaldu eta kotxez Pradera de Ordesara joan ginen. Eguna ederra zen oso. Motxilak prestatu eta gora, lasai, egun osoa genuen eta Gorizeko aterperaino iristeko.


Lehen zatian aparkalekutik atera eta Cola de Caballo arte doan pista zabaletik ibili ginen. Hasieran zuhaitz artean...


Baina Ordesako harana ixten duten pareta ikaragarriak agerian zirela.


Bidea polita da, eskuinean urjauzi sakonez osatua.


Eta inguru guztietan pareta tenteak. Irudian, Faja de las Floreseko pasabidea pasatzen den pareta. Gezurra dirudi hortik ibili daitekeenik, baina bai.


Ura da lehen zati honetako protagonista.


Baita pagadi ederrak ere.


Pixkanaka bidean gora, zuhaitzak gutxituz joaten dira. Haranaren goiko partetik hurbil geunden.


Udaberriak udari lekua utziko zion egun hauetan, mendia polita zegoen oso.


Lehen mendi elurtuak agertzen hasu ziren haranaren bukaeran.


Erreka eta harroila ikusgarriak.


1h 40min: Gradas de Soaso (1635m)
Urjauzi txiki eta ezagun hauetara iritsi ginen.


Argazki batzuk egiteko eta zerbait jateko toki ederra.


Pixka bat deskantsatu ondoren aurrera segitu genuen. Bidea pixkat estutzen da hemendik aurrera.


Paisaia politak alde guztietan.


Soasoko urjauziak atzean utzita, pixka bat igo ondoren, harana zabaldu egiten da eta Monte Perdido eta Añisclo mendiak agertu zitzaizkigun aurrez aurre.


Mendi hauek Soasoko zirkua ixten dute eta hemen bukatzen da Ordesako harana, Arazas errekak urteetan zulatua.


Monte Perdido eta Anisclo Soasoko Zirkutik.


Txoko bikaina da benetan zirku hau. Agian izorratzen duena losaz egindako bide zabala, hiriko pasealekua dirudi.


Ezkerretan etxolatxo hau gelditzen da. Gaua pasatzeko toki aproposa izan daiteke.


Bideak zirkuaren bukaeraraino eramaten gintuen...


2h 23min: Cola de Caballo urjauzia (1700m)
Zirkuaren sakonean urjauzi ezagun hau. Urteko ia egun guztietan jende mordoa erakartzen du. Gu egon ginen eguna ez zen gutxiago izango nahiz eta laneguna izan. Jendea bazter guztietan.


Urjauziaren ondotik atzera begirada.


Zubi metaliko honetatik erreka gurutzatu genuen. Hortik gora bidea estutzen da eta seinale batek goi mendiko bidea hasten dela adierazten du. Zorionez jende gehiena urjauziaren ondoraino ailegatzen zen, beraz hortik aurrera lasaiago igoko ginen.


Errekan atseden hartzen eta pixkat freskatzen.


Paisaia bukolikoak utzi eta bideko zati interesgarrian sartzen hasiko ginen. Behintzat ez ginen losa gainetik ibiliko eta ez zen gutxi.


Zubia pasata malda tentean gora paretara hurbiltzen ginen. Hemen bi bide hartu ahal dira: zuzena, katez lagundutako trepada bat eginez eta pausu hau sahiesten duen bertze bidexka bat.


2h 43min: Clavijas de Soaso pausua
Guk trepadan gora jotzea erabaki genuen. Nahiko errexa da kate eta burdin batzuk baitaude paretean sartuta igotzen laguntzeko.



Hala ere, eroriz gero...



 Azken zatian...


Pausua bukatuta haranaren ikuspegi ederra lortu genuen.


Eta bide errexetik aurrera segitu genuen.


Irudian trepada sahiesten duen bidexka nondik doan ikusten da.


Bertze erresalte bat gainditu eta haranaren gainekaldetik bista ikaragarria.


Elurraren muga gero eta hurbilago ikusten genuen, baita mendi ezagunak ere, El Casco bertzeak bertze.


Azken esfortzuan aterpeko bidean.


Paisaia ederrean barrena.


El Casco eta Taillon urrunean


Eta aterpea hurbil...


3h 38min: Gorizeko aterpea
Aterpe ezagun eta mitiko honetara heldu eta erreserba baieztatu genuen. Pirinioetako aterperik bisitatuena da, beraz ezinezkoa da bertan lo egitea erreserbatu gabe. Gainera, uda partean onena bi hilabete lehenago erreserbatzea. Aterpea ongi dago. Hiru gela haundi ditu, bakoitzean 27 pertsonak lo egiteko, jangela nahiko txikia, takila estuak eta komunak eta "dutxa" kanpokaldean. Mendiko aterpe batek behar duen guztia du, erosotasunik gabe, baina noski ez da hotela. Afaria bi edo hiru txandatan ematen dute, jende kopuruaren arabera, eta gosaria seiak eta erdietatik aintzin.
Arratsaldean aterpearen kanpokaldean egon ginen lasai, afaltzeko ordua iritsi bitartean, pixkat sozializatzen. Ondoren afaldu eta goiz ohera. Gaua nahiko gaizki pasa nuen. Ikaragarrizko beroa egiten zuen, hainbeste jende artean eta urduruitasunak ere ez zuen laguntzen. Gainera, afarian ezagutu genituen batzuk aipatu ziguten gailurrean egon zirela eta "escupidera" nahiko arriskutsu zegoela elur gogorrarekin. Aterpean erran ziguten aurreko egunetan elurra egin zuela eta bikote bat erreskatatu ere egin behar izan zutela Añisclo ingurutik hipotermiak jota hilzorian. Eskerrak uda zen!


2010/06/22
0h 00min: Gorizeko aterpea (2160m)
Seietan jo zuen iratzargailuak. Bueno iratzartzeko lan handirik ez zuen izan, zurrunkek, beroak eta nerbioek gau ederra eman baitziguten. Ederki gosaldu ondoren, takila estuetan gauzak hartzeko borrokatu eta lehenengoetarikoak izan ginen aterpetik abiatzen.


Goiza freskoa zen, baina maldek ez zuten etenik eta segidan berotu ginen.


Lehenengo maldak igotzen.


Hasierako zatian erresaltetxo batzuk zeuden, eskuekin lagundu beharrekoak. Ondoren, zenbait vivac zeuden lautadatxo batetik pasa ginen.


Bertze malda batetik, lehenengo elur lausoak ikusten hasi ginen.


Bideak ez du galerarik eta hito askoz lagunduta dago.


Lehen elur lausoak pasatzean, Monte Perdidoren falda utzi eta Cilindro aldera biratzen da bidea.


1h 25min: Ciudad de Piedra (2650m)
Handik gutxira, kranpoiak jantzi eta harri blokez osatutako zati honetara iritsi ginen.


Blokezko zatitik bertze malda hau igo genuen lakuraino.


1h 56min: Lago Helado (2980m)
Honela Cilindro eta Monte Perdidoren artean dagoen laku honetara iritsi ginen. Monte Perdidora joateko eskuinera biratu beharra zegoen "escupidera" pausutik igoz. Irudian, lakuan deskantsatzen atzean Cuello de Perdido eta Cilindro daudelarik.


Arnasa sakon hartu, zerbait jan eta kanalean gora abiatu ginen.


"Escupidera" kanala edo korridorea, tamalez ezaguna da, Pirinioetako puntu beltzetako bat izateagatik. Bere zeharkako inklinazioak eta alde batean amildegia izateak, elurrarekin pausu arriskutsu bihurtzen dute. Berez, ez da pausu zaila, baina honelako mendi ezagunetara jende asko joaten da, horietako batzuk mendian esperientziarik gabeak izanik. Gu egon eta hamar bat egunetara istripu bat izan zen bertan, hildako bat eraginez.


Hasieran kanalaren alde batean zegoen arista politetik igo ginen, ondoren ezkerretara biratu eta paretetik ahal bezain hurbil igoz. Korridorearen zati gehienean arrastoa zegoen baina puntu batean elurra oso gogor zegoen arriskutsua izanik.


"Escupidera" gaindituta sasigailurrera ailegatu ginen eta atseden hartzen eta aterpean ezagututako batzukin hizketan egon ginen. Argazkian, Tucarroyako bretxa eta Astazu mendiak.


3h 44min: Monte Perdido (3355m)
Sasigailurrean denbora dexente egon ostean, tita batean azken metroak igo genituen eta gailur handi hau zapaldu genuen.


Añisclo gailurretik ikusita.


Gure poza ikaragarria zen.


Gailurrean argazki batzuk atera eta gero, beherako bideari ekin genion. "Escupideran" behera gindoazela gure aurretik zihoan neska ingeles bat muturrez aurrera erori zen. Zorionez, elurra biguintzen hasia zen eguzkiak beroturik eta susto hutsean gelditu zen.


Lago Heladora bueltan, zerbait jateko geldialdi bat egin genuen. Ondoren beheraka jarraitu genuen.


"Escupideraren" amildegia azpitik ikusita.


Gailurretik urrundu eta poliki-poliki aterpera hurbildu ginen. Arraultzak urdaiazpikoarekin bazkaldu eta arratsaldea eguzkitan pasa genuen deskantsatzen, afaltzeko ordua iritsi arte.


2010/06/23
0h 00min: Gorizeko aterpea (2160m)
Bigarren gauean lo hobeki egin genuen eta zazpietan altxatu ginen. Gosaldu, gauza guztiak bildu eta kontua pagatu ondoren bideari ekin genion.


Egun honetan, Pradera de Ordesara itzultzeko asmoa genuen, baina egun guztia genuenez bertze bide batetik egitea erabaki genuen Ordesako Parke Nazionaleko toki ikusgarrienetariko batzuk bisitatuz.


Mendebalderantz jo genuen, Gavarnieko zirkuko mendien paralelo, atzean ikusten zen Millariseko lepora.


Bidea, ia aldaparik gabe, leku ederretatik pasatzen da. Izugarria da honelako altueran horrelako lautada handiak egotea. Horrek eta bere inguruak leku hau oso polita izatea egiten dute.


1h 20min: Collado de Millaris (2498m)
Lautada handi eta bakartian barrena aipatu lepora iritsi ginen. Hemendik, Descargador lepora joan ordez, plubiometroan ezker biratu eta Descargador mendia ezkerretik inguratuta jo genuen Faja de las Flores aldera. Horrela egiteko gomendatu zigun aterpeko zaindarietako batek, motzagoa zelako.


El Casco de Marbore eta Taillon mendiak bidetik.


Hartu genuen bidea motzagoa zen, baina bidexkarik ez izateak nahasmena sortzen zigun zenbait momentutan. Gainera, ez zebilen inor. Honela, Faja de las Floreseko pasabidearen aurreko laberinto harritsura heldu ginen. Lurretik altxatzen diren harkaitz plaka bertikalak dira eta beraien artetik pasatzea eromena da, buelta asko eman behar baitira. Zati honen guztiaren argazkirik ez genuen atera, bakarrik egoteak eragiten zigun tentsioak eta beroak bidean kontzentratzera behartu baikintuzten. Damutzen hasi ginen berandu ateratzeagatik.


3h 20min: Faja de las Flores (2300m)
Denbora dezente pasatuta Faja de Las Floreseko sarrera harrapatu genuen. Ez nuke hemen galdu nahi lainoarekin edo eguraldi txarrarekin. Hemendik aurrera mendian ikusi dudan pasabiderik ikusgarrienetariko batean sartu ginen. Irudian, Breche de Roland eta El Casco.


Cotatueroko zirkuaren gainaldea, Marbore, Cilindro, Monte Perdido eta Añisclo mendiak atzean dituela.


Poliki-poliki pasabide ikusgarrian barneratzen hasi ginen.


Eta zenbat eta barrurago sartu orduan eta ikusgarriagoa iruditzen zitzaigun. Aurrera begiratzean gezurra zirudien bidexka egoteak ere!


Pasabideak hiru kilometroko luzera du eta Ordesako harana ixten duten pareta batetik doa.


Hala ere, bidexka uneoro nahikoa zabala da.


Faja de las Floreseko ikuspegia.





Beheraino zegoen erorketa ikaragarria.



4h 55min: Carriatako Zirkua (2300m)
Ordu eta erdiko zeharkatzea eta gero pasabidearen bukaerara iritsi ginen eta behera jaisten hasi ginen Carriatako Zirkuan barrena.


Laister batean, bidegurutze bat aurkitu genuen. Alde batetik, Carriatako klabijak zeuden eta bertzetik hauek ekiditeko bidexka, La Fajeta deiturikoa. Azken hau aukeratu genuen  motxila pisuekin klabijetatik jaisteko arazoak izango genituelakoan. Destrepe batzuk eginda aipatutako pasabidera heldu ginen, irudian ikusten dena.


Bidexka hau ere paretaren erditik doa eta oso aereoa da. Hala ere, kable bat dago pasatzen laguntzeko.


Behin harrizko harresiak atzean utzita bidexkatik behera jaistea besterik ez zen gelditzen. Hala ere, oso luzea egin zitzaigun tarte hau, janaria aterpean ahaztu baitzitzaigun eta nekea ere nabaria baitzen.


8h 00min: Pradera de Ordesa (1320m)
Azkenean, eta ez nahi bezain azkar, errepidera iritsi ginen Casa Olivanetik barrena. Azken metroak errepidetik egin eta bukatutzat eman genuen ibilaldi ahaztezin hau.


Atzera begirada, Tozal de Mallo mendiari.


Gaua Torlan pasa genuen Lucien Briet aterpetxean. Nekatuta baina egindakoarekin oso pozik, afari eder batekin ospatu genuen ibilaldia egin izana. Hurren arte Ordesa!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina