2012/08/14

Gourgs Blancs (3129m), Cap Dera Baquo Occ. (3097m), Tusse de Montarque (2883m)

EGUNA: 2012/08/13-2012/08/15

IRTEERA PUNTUA: Granges d'Astau (Oô).

ZAILTASUNA: Ertaina (PD). Gourgs Blancs eta Jean Arlaud mendien arteko arrakalara igotzen den Hegoaldeko Korridorean trepadak (II) daude eta harriak erortzeko arriskua handia da. Gailurrera heltzeko bertze bideak oraindik zailagoak dira: Iparraldeko Korridorea (V+, glaziarraren jaistea dela) eta eta Jean Arlaud mendiaren Ekialdeko Pareta (II+, 150m eta oso aereoa). Guk egindakoaz gain biderik errezena mendebaldeko ertzean zehar doana da Lourde Rocheblave eta Torre Armengaud mendietatik pasatuz.
Bertzalde, Cap Dera Baquora iparraldetik igota, arista erraz bat dago I graduko trepadekin, bloke erraldoietan barrena.

DENBORAK:
- Granges d'Astau - Refuge du Portillon: 4 ordu.
- Refuge du Portillon - Gourgs Blancs: 3 ordu eta 45 minutu.

NOLA IRITSI:
Baionan A64 autopista hartuta Montrejeau eta Luchongo irteera arte jarraituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino iritsiko gara. Behin Luchonen gaudela Col de Peyresourde mendatera igotzen den errepidea hartu behar da Oô herrira doan bidegurutzera iritsi arte. Oô herria atzean utzi eta aurrera segiko dugu errepide beretik Granges d'Astauko aparkaleku zabaleraino.

SARRERA:
Portillongo zirkua Pirinioetako 3000en kontzentraziorik handienetakoa duen zonaldea da. Izen bereko aterpetik 38 menditara igo gaitezke, lehen zein bigarren mailakoak kontuan hartzen baditugu. Horietatik ikusgarrienetakoa eta bigarren altuena (Perdiguero da altuena) da Gourgs Blancs mendia. Ipar ekialdetik mendira hurbiltzean ikusgarri azaltzen zaigu mendia. Bertara igotzen diren bideak ez dira xamurragoak. Gourgs Blancseko glaziarraren urtzea dela eta lehen bide normala zen iparraldeko bidea, eskalada zail batean bilakatu da eta bertze bide guztiek ere beren zailtasuna daukate.

DESKRIBAPENA:
Portillongo aterpera bortz lagunek eginen zuten ateraldira, bertze bi batu ginen zonaldea ezagutzeko eta bereziki Gourgs Blancs mendia igotzeko asmoz. Denbora dexente bazen, zonaldeari buruz irakurrita interesa handia piztu zitzaidala eta banuen mendigune basati eta ikusgarri hau ezagutzeko gogoa. Erran behar bai zonaldea eta baita Gourgs Blancs mendia ere uste baino askoz ere ikusgarriagoak iruditu zaizkidala.

Astelehen goizean goiz eginda genuen hitzordua Erratzun eta hala abiatu ginen. Bortz Portillongo aterpean bizpahiru egun pasa eta gero Benasque aldean mendiren bat egiteko asmoz. Bertze biok, gau bat pasa eta mendiren bat igota (ahal zela Gourgs Blancs) buelta eginen genuen. Goizeko hamaiketarako Granges d'Astauko aparkaleku betean ginen denak, motxilak prestatu eta goiti abiatzeko prest.


2012/08/13
11:48 : Granges d'Astau (1160m).
Aparkalekua utzi eta Oôko laku ezagunera igotzen den pista hartu genuen. Egun atsegina zegoen, bero gehiegirik gabe.


Pistatik goiti, zuhaitzpean erraz egin genituen lehen metroak eta aparkalekua uruun ikusten zen jadanik.


Lehen metro horietan turista pila zihoan Oôko lakua bisitatzera.


Hainbat zigzag eta gero, zuhaitz artetik atera eta Oôko lakuko aterpe zaharra ikusi genuen. Lehen gailurrak ere agertzen hasi ziren.


Oôko aterpea egun pasa doanentzat eginda dago mendizaleentzat baino gehiago. Izan ere, bertatik gailurrak oso urrun gelditzen dira oraindik. Hala ere, lo egiteko nahiz jateko aukera dago bertan.


12:44 : Lac d'Oô (1505m).
Aterpearen ondoko urtegiko paretara iritsi eta laku eta urjauzi eder hauekin egin genuen topo.


Bertze argazki bat aterpeari.


Bidexkak ezkerretik zeharkatzen du lakua eta tarteka bista paregabeak eskaintzen ditu.


Hala ere, aldapa gogortuz zihoan poliki-poliki eta laister batean altuera dezente irabazi genuen. Oôko aterpea behean gelditzen zen jadanik.


Etenik gabeko malda, baina ikuspegi ederrak xamurturik.


Lakuaren ertzetik urrundu eta kanal zabal batetik Espingoko lepora atera ginen.


13:46 : Col d'Espingo (1960m).
Ikuspegi are zoragarriagoak eman zigun ongi etorria Espingoko lepoan. Izen bereko aterpea, lakua eta mendiz inguratutako zirku ederra.


Bertan bazkaltzeko geldialdi luzea egin genuen, ingurunearen edertasunaz gozatuz.


Baina oraindik dexente falta zen eguneko gure helburua zen Portillongo aterpera heltzeko eta aintzina segitu beharra zegoen.


Aterpea eta Espingoko lakua eskuinetan utzi genituen.


Eta Saussat lakua ezkerretan...


Hortik aurrera bidexkak gora eta gora egiten zuen aterperaino.


Tarteka arnasa hartzeko geldialditxo batzuk egin behar...


Espingo eta Saussat lakuak oso behean gelditzen ziren.


Beraz ez zen askorik gelditzen aterpera heltzeko. Bertze malda bat eta...


...begi bistan genituen Portillongo aterpea eta urtegia, hori bai lainopean.


17:00 : Refuge du Potillon (2570m).
Eguneko lanak bukatu genituen! Aterpera iritsi, arropaz aldatu, erreserba baieztatu eta afariko ordua (zazpietan) iritsi arte deskantsatzen eman genuen denbora. Lau orduko igoera egin genuen eta ia 1700 metroko desnibel positiboa.


Portillongo aterpea berria eta ederra da. 80 lagunentzako tokia du eta oro har baldintza onetan dago. Gainera, dagoen lekuan egonda oso hurbil gelditzen dira gailurrak eta abiapuntu egokia da Luchongo 3000koak egiteko, 44 guztira. Argazkian, aterpea izen bereko lakuko paretatik aterata eta atzean Tusse de Montarque mendia.


Iluntzean lainoak saretuz joan ziren eta ilunabar ederra gelditu zen. Bazirudien biharaunean zortea edukiko genuela. Argazkian, Grand Quayrat mendia.


2012/08/14
7:15 : Refuge du Portillon (2570m).
Gau nahiko ona pasata, seietan ernatu eta sei eta erdietan gosaldu genuen. Ondoren gauzak prestatu eta goraka abiatuko ginen. Egunsentia, haizetsua zen oso eta hodei batzuk egon arren nahiko garbi zegoen.


Aterpearen atzetik, hitoei segika goraka abiatu ginen. Petit Portillon eta Seil Dera Baquo mendiak goizeko lehen eguzki izpiekin.


Atzean utzi genuen Portillongo lakua eta bere gainean Lliterola, Royo eta Perdiguero mendiak.


Eguzkia Lezat mendiaren atzetik ateratzen hasi zen.


Aintzineko egunean igotako bailara luzea itzaletan zen oraindik.


Hasierako metro horietan ez genuen bidexka laburrena hartu eta ustekabean Tusse de Montarque mendira atera ginen hau inguratu beharrean.


Mendiaren ondoko lepotxo batetik lehen aldiz gure parean ikusi genuen gure helburua zena. Ikusgarria benetan. Ondoan Jean Arlaud eta Gourdon mendiak eta azpian Lac Glace lakua.


Ikuskizuna primerakoa zen...


8:13 : Tusse de Montarque (2883m).
Horrela, nahigabe eta ustekabean eguneko lehen gailurra zapaldu genuen. Bueno, gailurtxoa erran behar bertzeen ondoan ezer gutti ematen baitzuen. Ez ginen argazkia ateratzera gelditu ere...


Iban, Jean Arlaud eta Gourgs Blancs mendiak atzean dituela.


Tusse de Montarquetik metro batzuk galdu eta Col du Pluviometre lepora abiatu ginen. Haizeak gogor jotzen zuen goizetik eta niri behintzat zalantzak sortu zizkidan gailurra egiteari begira.


8:46 : Col du Pluviometre (2880m).
Lepora iritsita geldialdi laburra egin genuen zerbait jateko asmoz.


Plubiometro zaharra pixkat gorago gelditzen zen...


Lepotik aurrera, metro batzuk galduta Ooko glaziarra izandakoa dagoen sakonunera jaitsi ginen, bertan morrena harritsua zeharkatu eta Ooko lepora igotzeko. Glaziarren urtzea dela eta iparraldeko bidea oso zaila da eta beraz, gure asmoa Ooko lepotik barrena hegoaldera pasa eta Jean Arlaud mendia inguratuz, hegoaldeko korridorean barrena igotzea zen. Hala ere, zalantzak genituen aterpeko zaindariak bide hori harrien erorketa zirela eta arriskutsua zela erran baitzigun.


9:40 : Port d'Oô (2877m).
Morrenatik gora lepora iristeko malda nahiko konplikatua zen bidexka eta hitorik ez baitago eta harri eta areazko zorua pausu bakoitza ematean gure hanken azpian lerratzen baitzen. Horrek azken zati horretan aunitz zaildu zigun igoera eta momentu batzuten arriskutsu bilakatu ere bai. Izan ere, malda tentea da oso eta harri asko botatzen genituen behera nahi gabe. Lepora iristea, hegoalderuntz genuen Posetsen ikuspegiak ahaztarazi zizkigun pasatako nekeak.


Lepoan tarte zabala hartu genuen egingo genuen erabakitzeko. Hegoaldeko korridorean harri jauzi arriskua egoteak zalantzak sortzen zizkigun. Momentu batez, Gourdon mendi aldera joatea pentsatzen egon ginen Gourgs Blancs alde batera utzita. Azkenean ordea, korridorearen hasieraraino joatea erabaki genuen bertatik bertara ikusteko zer zegoen bertan.


Horrela, tita batean Jean Arlaud mendia hegoaldetik inguratu eta korridorearen azpian plantatu ginen bertze harri eta areazko malda konplikatu batetik. Behin korridorean, igotzen hastea erabaki genuen.


Hasierako zatia eskuinaldeko paretari itsatsita egin genuen. Tarteka helduleku onak zituen, baian momenturen batean guttiago. II. gradukoa da tarte hau.


Lehen tartea pasata, balkoitxo batera iritsi ginen eta atseden hartzeko aprobetxatu genuen. Hortik gora zailtasuna pixkat jaisten zen (I). Hala ere, altuera gero eta handiagoa zen zirrara handia sortzen zigun horrek.


Bigarren zati hori pasata, Gourgs Blancs eta Jean Arlaud mendien artean dagoen lepora atera ginen eta zailtasunak hor bukatu ziren. Apuru batzuk pasa genituen harrien erorketak eta altuera zirela eta, baina behin puntu horretan gailurra gurea zen. Ezkerretara biratu eta arista zabalean gora abiatu ginen.


Oztoporen bat hegoaldetik saihestu genuen..


...eta azken metroak egin genituen arista errazetik, Jean Arlaud mendia behean utziz.


11:45 : Gourgs Blancs (3129m).
Ederki kostata baina iritsi ginen gailurrera!!!!


Eguraldi paregabea lagun pasatako tentsioak ahazteko bista ederrak genituen. Hegoaldean Posets mendia.


Ekialdean, ezkerretik eskuinera Grand Quayrat, Lezat, Crabioules, Lliterola, Perdiguero... Beheraxeago ordu batzuk lehenago igo genuen Tusse de Montarque eta ondoan Jean Arlaud.


Mendebalderantz ertzak jarraitzen zuen Torre Armengaud eta Lourde Rocheblave mendietara. Ez omen da ertz zaila baina bai ikusgarria.


Ipar mendebaldean, Isclots eta Milieu lakuak eta Midi de Bigorre urrunean.


Tartetxo bat gailurrean emanda jaisten hasi ginen berriz korridore aldera.


Behin korridoren, goiko zatia (I) destrepatuko genuen eta behekoa jaisteko rapel bat montatuko genuen. Horretarako, hainbat zinta eta kordino daude, gehienak Jean Arlaudeko paretaren azpian. Guk 60 metroko soka erabili genuen eta beheraino irtsi ginen (30 metroko rapela). Hori bai, horretarako erran bezala lehen zatia destrepatu behar izan genuen. Hala ere, badago gorago bertze rapelen bat montatzeko aukera ere.


Rapela egingo genuen balkoitxora jaisten..


Irudiaren erdikaldean rapela egin genuen puntua ikusten da eta hortik behera jaitsi genuen pareta.



Tarte zabala pasa genuen denak jaisteko. Tartean, behean geundela, harri erorketa batekin sustotxoa ere izan genuen. Berriz, Port d'Oô lepoa zeharkatu eta Oôko glaziarreko morrenara jaitsi ginen zerbait jateko asmoz. Komeriak atzean utzita tripa ederki bete genuen Jean Arlaud eta gourgs Blanc mendiak begibistan genituela.


Behin tripa beteta bueltatzeko ordua iritsi zen.


16:00 : Col du Pluviometre (2880).
Gourgs Blancs atzean utzi aurretik taldeko argazkia egindakoaz gozatuz. Oraindik astia genuenez, Iban eta biok lepotik nahiko hurbil ikusten zen gailur batera joatea erabaki genuen, zein zen zehatz jakin gabe.


16:31 : Cap Dera Baquo Occidental (3097m).
Tita batean hegoalderako norabidea hartu eta arista erraz batetik trepatuz (I) kaskora ailegatu ginen.


Gailur hau Seil Dera Baquora doan ertzaren hasiera da. Argazkian ikusten da nola jarraitzen zuen ertzak. Guk berandutuko zitzaigulakoan aurrera ez jarraitzea erabaki genuen. Gainera, pausu zailen bat ere ikusten zen.


Jaitsi aurretik hala ere argazki besta. Ikuspegi ederra eskaintzen zuen gailur honek ere. mendebaldean, ezkerretik eskuinera Gias, Clarabide, Lourde Rocheblave, Torre Armengaud, Gourgs Blancs eta Jean Arlaud.


Iparraldean Espingoko aterpea ere ageri zen behean.


Eta hegoaldean Estoseko aterpean bailararen sakonean.


Eta nola ez, Posets!!


Baita Portillongo aterpea, urtegia, Grand Quayrat, Lezat eta Crabioules ere.


Gailurrean egote ederra zegoen baina jaisten hasi beharra genuen afaltzera iritsi nahi bagenuen. Berriz ere arista destrepatzeari ekin genion. Behean Seil Dera Baquoko glaziarraren hondarrak ikusten dira. Itxura negargarria du benetan.


Berriz Plubiometrora bueltan atzera begiratu genion igotako mendiari.


Eta behera jarraitu genuen menditik urrunduz.


17:50 : Refuge du Portillon (2570m).
Jaitsiera luze xamarra egin bazitzaigun ere pozik iritsi ginen aterpera. Jadanik berandu zen kotxera jaisteko, beraz bertze gau bat emango genuen bertan.


2012/08/15
7:20 : Refuge du Portillon (2570m).
Azken eguna hodeitsuago ernatu zen. Haizeak gogor jotzen zuen berriz, baina oraingoan ez zirudien baretuko zenik. Lagunak agurtu eta behera abiatu ginen.


Portillongo aterpea eta zirkua atzean utzi genituen.


Ziztu bizian Espingoko laku aldera jaitsiz.


Grand Quayrat eta Lezati azken begirada.


Bidexka aldapatsua azkar jaisten da.


Tusse de Montarquek bertze itxura bat dauka behetik.


Lac de Saussat inguratzen, hodeiak ezkutaketan zebiltzala.


Espingoko lepora igotzen aterpearen ondotik.


Eta lepoa pasata behera Oôko lakuraino.


Azkenik pistatik barrena Granges d'Astauko aparkaleku desiratura iritsi ginen!


10:30 : Granges d'Astau (1160m).
Berriz hasierako lekuan geunden, baina helburuak betetzeak ematen duen pozarekin eta gehiago helburua betetze pixkat kostatzen bada.


Gora gu ta gutarrak!!!!!

1 iruzkin:

  1. aupa mutilak!! ederra igoera eta ze argazki onak! ze ondo sartzen den garagardo hori bukaeran ehh?? aiooo!

    ErantzunEzabatu